Paduretako Ermandadea
Paduretako Ermandadea (gaztelaniaz: Hermandad de las Marismas) Erdi Aroan Gaztelako Erresumaren alde zeuden Bizkaiko Golkoaren ekialdeko portu nagusien federazioa izan zen, nazioarteko harremanak mantendu zituena eta, batzuetan, Frantzia eta Ingalaterra borrokatu zuena[1].
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1296ko maiatzaren 4an Hego Euskal Herriko eta Kantabriako kostaldeetako hiribildu nagusiek, bere interes amankomunak defenditzeko asmotan, Hermandad de la Marina de Castilla con Vitoria edo Gaztelako Itsas-Armada Gasteizekiko Ermandadea izeneko elkartea sortu zuten[2], Paduretako Ermandadea ezizenaz ezagunagoa izango zena. Hiribildu hauek Santander, Laredo, Castro Urdiales, Bermeo, Getaria, Donostia, Hondarribia eta Gasteiz izan ziren[3]. San Vicente de la Barquera 1297. urtean sartu zen. Egoitza Castro Urdialesen kokatu zuten. 1302an Fernando IV.a Gaztelakoak sorrera-agiria sinatu eta elkartea sendotu zuen[4].
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ermandadearen helburu nagusia erregearen kontra bere interes eta eskubideak defendatzeko antolatzea izan zen, Andaluzian errekonkistan parte hartzen loturiko eskubide eta salbuespenak mantenduz.
Gainera guztiok Frantzia, Ingalaterra eta Flandriarekin zituzten harreman komertzialek sortutako tirabirak konpontzeko bidea ezarri zuten. Hona hemen hitzarmenaren erabaki nagusiak:
- Hiribildu bakoitzaren eskubideak mantentzea.
- Gaztelako nazioarteko itunak errespetatzea.
- Ermandadearen arteko gatazketan leku neutral batean irtenbideak bilatzea.
- Elkar defenditzea, hau da, kideren bat erasotzen duenaren aurka errepresaliak hartu eta guztion artean eskubideak defendatzeagatik sortutako kalte bidegabeak ordaintzea.
Hansa ospetsuaren moduko antolakuntza prestatu zuten.
Gatazkak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baionan ingelesek zituzten itsasontzi eta Ermandadearen itsasontzien arteko gatazkak etengabekoak izateaz gain[5], historian badaude beste une gorenak:
- 1338 eta 1339an ermandadeak Filipe VI.a Frantziakoari itsasontziak utzi zizkion Ehun Urteko Gerran ingelesak borrokatzeko.
- 1351ko abuztuaren 1ean Londresen, Ermandadea eta Eduardo III.a Ingalaterrakoaren arteko bake ituna sinatu zuten, urte bi geroago Hondarribian berretsi zutena[4].
- 1353ko urriaren 29an Baiona eta Miarritzeren eta Paduretako Ermandadearen arteko akordioa sinatu zuten, merkataritza eta nabigazioa antolatzeko asmotan[6], hurrengo urteko irailaren 9an Ingalaterrako erregeak berretsia[4].
- 1372an Arroxelan Bocanegra almiranteak zuzendutako Ermandadearen itsas-armadak ingeles armada menderatu zuen, lehendabizikoz artilleria erabiliz[7].
- 1450ean ermandadeak Pedro Fernández de Velasco kondestablearen aurka egin zuen, honek errege-hamarrenak kostaldeetako portuetan kobratu nahi zituelako.
- 1473an Ermandadeak eta Eduardo IV.a Ingalaterrakoako sinatutako hitzarmenaren ondorioz, bere itsasontziek Ingalaterran Arrosa Bien Gerran borrokatu zuten.
Desagerpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mende bi pasa eta gero, Errege-erregina katolikoek 1494an Burgosko kontsulatua sortu eta Castro Urdialesen egindako biltzar batean ermandadeak bere botereak erakunde berriari eman zizkion[8].
Bere azken ekintza 1481ean burutu zuen, turkiarren aurka borrokatzeko Alonso de Quintanillari itsasontziak utziz.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Romeu de Armas, Antonio. (1944). «Historia de la Previsión social en España» Revista de Derecho Privado in: La Previsión social en el mar (Edad Media)..
- ↑ Rivera Medina, Ana María. «Estado, negocio y corsarismo: Vizcaya desde el Medievo a la Modernidad» Itsas Memoria (Donostia: Untzi Museoa) (5): 117-133..
- ↑ Lekanda, José Ángel. Bizkaiko Foruari mendekotutako lurraldez kanpoko inguruetan barnako ibilbidea. Eusko Ikaskuntza.
- ↑ a b c Zestoako Udala. (2007). Behe Erdi Aroa. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Laburu, Miguel. (2010). Ontzi arkitekturaren historiako mugarriak. Testuinguru ekonomiko eta soziala XIII. eta XIV. mendeetan. in: Itsasoko Historia: euskal ontzi arkitektura. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 19 or. ISBN 9788496288850..
- ↑ Borja, Antonio. (2009). Euskal Herriko historia ekonomikoa: Erdi Aroko ekonomia eta gizartea. XI-XV mendeak. in: Auñamendi Entziklopedia..
- ↑ Higuera Soldevilla, Luis. (2004-10-28). «Cantabria y la Armada» Revista Naval.
- ↑ Ballesteros-Beretta, Antonio. (1968). La Marina Cántabra. Santander: Aldus Velarde SA ISBN SA 75 - 1968..