Pagoetako natura parkea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Behonarrobiko hagina, Pagoetako hagin basoetan.
Artikulu hau Gipuzkoako natura parkeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pagoeta».
Pagoetako gaina eta gurutzea, natura parkearen erdigunea.

Pagoetako natura parkea Gipuzkoako Pagoeta mendian dagoen babestutako eremua da. 2.860 hektareako azalera hartzen du. Hektarea horietatik 1.335 dira zehazki natura parkekoak, eta beste 1.075 parkearen inguruko babes-moteltze gunea.

Zati handiena Aiako udalerriaren barnean dago, eta gainontzekoa Zarautz eta Zestoako Aizarna auzoaren artean.

Bere izena 733 metroko altuera duen Pagoeta mendiari zor dio. Parkeko altuerarik handiena Olarteta tontorra da, nahiz eta tontor ezagunena Pagoetako gaina izan.

Iparraldeko magaletan Laurgaingo auzoa dago, urak Oria ibai-arrora bideratuz eta, hegoaldera berriz, Altzola auzoko maldak Altzolarasko (Granada erreka bezala ere ezagututa) arroilaraino amiltzen dira, bere urak Urola ibairaino bideratuz.

Eusko Jaurlaritzak 1998ko irailaren 29an izendatu zuen natura parke[1].

Iturraran Parketxea

Iturraran baserria, Parkeko harrera etxea

Parkeko interpretazio zentroa Iturraran baserri eraberrituan dago, Aiako Laurgain auzoan.

Parkeko Informazio eta Interpretazio Zentroa da. Bertan Parkeari buruzko maketa, ikus entzutekoa eta erakusketa daude ikusgai, foileto, plano eta liburuak eskuragarri. Monitore talde bat dago bertan ere Parkeari buruzko informazioa bisitariari eskaintzeko, ibilaldiak azaltzeko... Kanpoalde ederreko baserria da eta bere birgaiketan agerian utzi zen haritz oholez osatutako egitura ikusgarria.

Parketxeko ordutegia:

Urritik Ekainera: larunbat, igande eta jaiegunak: 10h – 14h Astean zehar eskola eta taldeentzat soilik irekia. Uztail, Abuztu eta Iraila: Asteartetik Ostiralera: 10h – 14h eta 16:30h – 18:30h. Larunbat, igande eta jaiegunak: 10h – 14h

Telefonoa: 943 83 53 89 iturraran@gipuzkoa.net


Erlategi didaktikoa

Iturraran parketik gertu eta helburu didaktikoekin, erletegi bat eraiki da. Bertan parkeko monitoreek gidatutako bisiten bidez erlauntzen egitura eta antolaketa ikusi ahal izaten da, erleen bizimodua zuzen zuzenean jarraitzeko prestatua baitago.

Pagoetako lorategi botanikoa

Pagoetako Lorategi Botanikoa Pagoetako Parke Naturalaren barruan eta Iturrarango parkearen ondoan kokatzen da, GI-2631 errepidearen alboan. 25 hektarea ditu, horietatik 15 bertako zuhaitzak.

Lorategiko lehen landaketak, 1986ko neguan burutu ziren, eta orduan hektarea gutxi estaltzen zuten. Handik aurrera urtero landare berriak gehitzen joan dizkiote egungo azalera handia estali arte. Bai lorategiaren barnean eta baita inguruan ere, bertako basoen basotxo interesgarriak daude, hariztiak, gaztainondoak, haltzadiak... Aipagarriak dira zuhaitz tamainako ereinotzen azpiko basoa duten hariztiak.

Lorategi botanikoari dagokionez, bertan 3500 taxon baino gehiago daude, gehienak zuhaitzak eta zuhaixkak. Bilduma hau gainera urtero hazten doa espezie berriekin.

Badago arriskuan dauden Euskal Herriko landareen bilduma bat ere. Bilduma honen helburua desagertzeko zorian dauden landareak babesteko da, erreserba genetiko gisa eta berreskuraketa eta landare hauen bersarketak ahalbideratzeko.

Iturrarango Lorategi Botanikoko klima onari esker, mundu guztiko landareak alda daitezke bertan, leku hotzetakoak zein epeletakoak. Helburu nagusia ahalik eta bildumarik handiena osatzea da, horrela jendeari orokorrean, eta baita ere lorazainei, ikasleei edo mintegietako adituei, ezagutzera emateko landareen munduko barietate aparta. Bestalde, espezie asko girora ezin hobeto moldatzen direnez, badago aukerarik espezie horiek erreproduzitu eta bilduma bereko materialak lortzeko

Iturrarango lorategi botaniko honetan, urtero apirilaren azken astebukaeran ospatzen da "Landare berezien" azoka bat, milaka eta milaka bisitari erakartzen dituena.

Sakontzeko, irakurri: «Iturraran»

Parkeko fauna

Pottokak Pagoeta mendiko gainetan

Ehiza debekatuta dago parke naturalaren barruan, ez ordea zonalde periferikoan, non zenbait ehiz lerro kokatzen diren. Saberri baserriaren inguruan, San Engratzia Baselizaren alboko gainetan eta Altzuruzelai (Altzuzelai) parajean.

Parke barnean soilik kontrolpeko basurde zenbait ehizaldi baimentzen dira noizean behinka parkean oso ugari den espezie hau kontrolpean mantentzeko.

Parke naturalaren fauna aberatsa da.

Azpimarragarriak desagertzeko zorian dauden zenbait animalia, hala nola, europar bisoia eta ipurtatsa. Alpetar kakalardo adarluzea, Cerambyx cerdo eta arkanbelea intsektu zurjaleak. Arrano txikia, sai zuria, okil txikia... hegaztiak

Basurde, katagorria, orkatza, azkonarra eta erbia oso ugari dira Pagoetan.

Bertako arrazaen taldeak

Azpimarratu behar da Pagoetan behi betizuen eta pottoken taldeak daudela. Alde batetik bertako larre eta txilardegi naturalak kudeatzeko, eta bestetik bertako arraza hauek kontserbatzeko helburuarekin.

Pagoetako landaretza

Hagin baso gaztea Pagoeta natura parkean. Europa osoan eremu urrikoa den habitat honek azalera nabarmena hartzen du bertan

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pagoetako natura parkea Aldatu lotura Wikidatan

Bideoak