Edukira joan

Pake Leku Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pake Leku, eskuineko eraikina.

Pake Leku Oñatiko jubilatuen elkarte bat da, eta Foruen enparantza ondoan dagoen San Juan kaleko 2. zenbakian kokatuta dago. Bere helburua bazkide diren 1200 jubilatuen bizitza aktiboa eta partehartzailea bultzatzea da, harremanak sendotzeko jarduerak antolatuz, hala nola, tailerrak, hitzaldiak, bidaiak, irteerak, emanaldiak eta ospakizunak.[1]

2025eko Zuzendaritza Batzordea

Hamabi bazkidez osatutako Zuzendaritza Batzorde batek kudeatzen du elkarteko jarduerak, ardurak taldeka banatuta: Altxortegia, Bidaiak, Idazkaritza, Kultura eta Mantentze-lanak. Batzordekideak hilero elkartzen dira, ondoren akta ofiziala jasoz. Eta urtero egiten den Batzar Orokorrak, bozketa baten bidez, Batzordearen erdia aukeratzen du bi urterako. Batzordekide guztiak erabateko boluntario lana egiten dute.[2] Oñatiko Udalarekin harreman hurbila du edozein gaietarako, bertako Gizarte Zerbitzuaren bitartez.[3]

Oñatiko edozein jubilatu izan daiteke bazkide, eta 86 urte bete arte 12 Euroko kuota ordainduko du urtero. Bere eskubideen artean egoitzaren erabilera dago, edozein jardueretan parte hartzeko, bidaietarako prezio apalagoa, eta tabernan zein ileapaindegian prezio bereziak izatea, normalean kalekoak baino %25 merkeago.[4] Jubilatuentzat abantaila ekonomiko eta sozial hori lortzeko Udalak bere gain hartzen ditu elkartearen hainbat gastu orokor, hala nola elektrizitatea, ura, instalazioen konponketak, etab. Beti ere Udalaren zerbitzuen eta baliabideen dimentsio komunitarioa zabalduz eta sakonduz, eta lankidetza publiko-soziala sustatuz.[5] Era berean, bazkideak batzordekide izateko bere burua aurkeztu dezake.[2]

Jubilatuei egindako lehen omenaldia 1968ko urriaren 20an egin zen, Udalak antolatuta eta soilik gizonak parte hartuz. Arrakasta ikusita, urtero egiteko ohitura finkatu zen, eta 1970ko hamarkadaren hasieran batzorde bat osatu zen urte osoko jarduerak antolatzeko asmoz. Horretarako, Kale Zaharreko 29 zenbakiko eta Lizaur kaleko 6ko zenbakiko bidegurutzean eraiki zen etxe berrian baxua alokatu zen, eta bertan gizakumeak zein emakumeak egin ziren bazkide, baldintza bakarra jubilatuta egotea izanik. Harrez gero, omenaldietan adineko gizonari txapela jartzen zaio eta emakumeari lepo-zapia, eta lore sorta bana. Kale Zaharreko egoitzaren inaugurazioaren ospakizunetan, 1973an Realeko (Dioni Urreisti, Karmelo Amas, etab) eta Athleticeko (Carlos Ruiz, Jose Ramon Betzuen, etab) jokalarien arteko partidu bat jokatu zen Azkoagain futbol zelaian, epailea Emilio Guruzeta Muro ezaguna izan zela.[6]

Jubilatuen omenaldiak 1973tik aurrera egoitzan bertan egiten ziren eta xumeak izaten hasi ziren. Baina udal-hauteskundeak egin ondoren 1979an, udalbatzak bere gain hartu zuen antolakuntza, eta lehen omenaldia Sancti Spiritus Oñatiko Unibertsitateko klaustroan egin zen. Omenduei opariak eta dantzak eskaini eta gero, beheko arkupetan jarrita zeuden mahaietan jubilatu guztiak luntxa izan zuten, herriko elkarte gastronomiko guztiak prestatutako pintxoak janaz. Hurrengo aldaketa nagusi bat 1983an Zubikoa Kiroldegia zabaldu zenean etorri zen, musika bandaren kontzertuaren ondoren kantxako oholtza gainean omenduak opariak jasoz, eta jubilatuak cateringa bazkalduta dantzaldiarekin jarraituz. Apurka parte-hartzea apalduz joan zenez urteetan zehar, bi mila eta hogeita bian San Migel Parrokiako meza ondoren luntxa klaustroan egiten zen, horrela jarraitzeko.[7]

Maitasun istorio bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Pake Lekuren egoitza den San Juan kale 2ko eraikinean Iñazia Garaikoetxea Egaña eta Oñatiko alkate izan zen (1952.04/1953.05)[8] Tomas Ugarte Intxausti "Mallu" senar-emazteak bizi ziren, ondorengo barik. 1981eko ekainaren zazpian, bihotzekoak jota Iñazia iluntzeko zortzietan hil zen, 80 urte zituela eta azken oliadura hartu ondoren. Handik bi ordura berriz, gaueko hamarretan Tomas zendu zen, 85 urte zituela eta azken oliadura hartu ondoren.[9] Hurrengo egunean izan ziren hileta elizkizunak, bionak batera.[10]

Tomas arkitektoa zen lanbidez, eta denbora librean besteak beste sometent edo somantena. Testamentua egin gabe zendu ziren, eta horrelako kasuetan Oñatin ohikoa zen bezala Don Benigno Iñarra San Migel parrokiako apaizaren esku utzi zuten etxearen eta ondasunen ardura. Iñazia eta Tomas bizi ziren etxearen parean zegoen garai hartan Santa Ana komentua, eta Martin Astaburuaga Arantzazuko fraidea zen bertako kapilaua eta Iñazia zein Tomasen konfesorea. Martinek jasota zuen bere oharretan inoiz esan ziotela beraiek hildakoan dena “herriarentzat” uzten zutela. Zehaztasun gehiagorik ez zegoenez, batzuk ulertu zuten ondasunok elizarentzat izan zitezkeela, eta beste batzuk berriz, garai batean behartsuen ospitalea zen eta gerora San Martin Egoitza bilakatu zenarentzat ere izan zitezkeela. Eztabaidetan ez hasteko, Jose Maria Setien Gipuzkoako apezpikuari galdetu zioten, eta bikotearen nahia garbia zela erantzun zien, hots, Egoitzak ordezkatzen zuela herria.[6] 

Udalaren erabakia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oñatiko udaletxea

Egoitzaren fundazioan Oñatiko Udala partaide zen, eta 1982ko otsailaren 11n egindako Osoko Bilkuran honakoa onartu zen aho batez: "Erabakia: Oñatiko herri honetan hildako Tomas Ugarte Intxausti eta Iñazia Garaikoetxea Egañaren herentzia onartzea. Indarrean dagoen aurrekontu arruntaren % 25etik beherako balioa du, eta onarpen horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzari. Erabaki da, halaber, Eli Galdos alkate jaunari baimena ematea notarioaren aurrean ager dadin, eta aipatutako Tomas Ugarte eta Iñazia Garaikoetxearen herentzia onartzeko notario-eskriturak sinatzea.[11]

1982ko otsailaren 23an egin zen herentzia adierazteko eskritura, Antonio Ledesma notarioaren bulegoan, honako idatziarekin:

"ERAGILEAK: Iñazia Garaikoetxea Egaña andrea, eta Tomas Ugarte Intxausti jauna,

AGERTU DIRA: Martin Astaburuga Ugarte jauna, adinez nagusia, Oñatiko bizilaguna den erlijioso-frantziskotarra, eta Elias Galdos Zubia jauna, bere datu pertsonalak ez dira aipatzen esku hartzen duen kargu ofizialagatik.

PARTE HARTZEN DUTENAK: Lehena Santa Ana komentuko kapilau bezala. Elías Galdos Zubia jauna Oñatiko Udaleko alkate-lehendakaria da, eta badakit kargu hori nabaritasunez betetzen duela. Erakunde horrek Oñatiko San Martin Zaharren Egoitzaren titular eta ordezkari juridiko gisa jarduten du. Egintza honetarako ahalmena du, Udalbatzak 1982ko otsailaren 11n hartutako erabakiaren arabera. Nire ustez, agertutako jaunek lege-gaitasun nahikoa dute herentzia-adierazpenaren eskritura hau egiteko.

ADIERAZTEN DUTE:

Notariotza.

I. Iñazia Garaikoechea Egaña andrea, berez oñatiarra, herri horretan hil zela laurogei urte zituela, mila bederatziehun eta laurogeita bateko ekainaren zazpian, Tomas Ugarte Intxaustirekin ezkonduta, ondorengorik utzi gabe. Bere azken nahia Oñatiko notario Agustín Ruiz Salas jaunak 1959ko urriaren 30ean baimendutako testamentuan jasotzea da. Testamentu horretan bere ondasun, eskubide eta akzioen unibertsaltasunean herentziaren oinordeko izendatu zuen bere senar Tomas jauna, eta bere heriotzarako, ondasunak testamentugilearen arimaren mesederako boto eta obra jainkozkoetarako erabiliko zirela ezartzen zuen, eta Santa Ana komentuko kapilaua edo Oñatiko notario titularra Albazea-Kontulari Banatzaile izendatzen zituen, ahalmen horiek gauzatzen ziren unean, eta hori solidarioki. Eragilearen heriotza-ziurtagiria, Azken Nahien Erregistro Orokorrekoa, eta testamentu horren kopia baimendua dagokion lekuan aurkeztuko da.

II. Tomas Ugarte Intxausti jauna, jaiotzez oñatiarra, laurogeita bost urte zituela hil zen herri horretan, mila bederatziehun eta laurogeita bateko ekainaren zazpian bertan, Iñazia Garaikoetxea Egaña andrearen alargun-egoeran, ondorengorik utzi gabe. Azken nahia Oñatiko notario Agustín Ruiz Salas jaunak 1959ko urriaren 30ean baimendutako testamentuan jasotzea da. Bertan, emaztearen testamentuan aurretik adierazitako xedapen berberak ezartzeaz gain, testamentugileari gailentzen bazaio, testamentuko ondasun guztiak testamentugilearen arimaren onurarako obra errukitsuak egiteko erabiltzea ezartzen da. Eragilearen heriotza-ziurtagiria, Azken Nahien Erregistro Orokorrekoa, eta testamentu horren kopia baimendua dagokion lekuan aurkeztuko da.

III. Martin Astaburuaga Ugarte jaunak, Albazea-Kontulari Banatzaile den aldetik, adierazi du legezko xedapenekin bat etorriz, ondasunak erdibitzen saiatu zela Ongintzako Erakundeen eta Eliza Katolikoaren artean, baina azken horrek adierazi diola herentzia horri uko egiteko asmoa duela, besterik gabe, ongintzako erakundeen mesedetan, eta era berean, Gipuzkoako Probintziako Gobernadore Zibilak adierazi du herriko Ongintzako Erakundeei eskaintzea egokia izango zela; horregatik, testamentuan bere alde emandako ahalmen zabalak eta testamentugileek pertsona askori adierazitako asmoa kontutan hartuta, beren ondasunak Oñatiko San Martin Zaharren Egoitzara eramatea nahi luketelako, Ongintzazko Erakundeari esleitzen dizkio gero aipatuko diren ondasun guztiak, beste edozein oinordeko baztertu edo alde batera utzita.

IV. Oñatiko San Juan kaleko zortzigarren zenbakiko etxea, ondoan patioa eta baratzea dituena; orubeak ehun eta hogei metro eta hogeita hamar dezimetro koadroko azalera du. Beheko solairua, hiru solairu eta ganbara ditu".[12]

Behin eskriturak sinatuta, Pake Leku Elkarteak Kale Zaharreko baxua utzi eta San Juan kale 2ko "Mallu" etxean jarri zuen egoitza, egokitzapeneko obrak Udalak bere gain hartuz. Bestalde, 2001ean San Juan kale 2ko etxera itsatsita zeuden 4 eta 6 zenbakidun etxeak bota ziren, berri bat eraikitzeko bebarru bakarrarekin, 4 zenbakia emanaz. 2002an Udalak etxe berriaren baxua erosi zuen, eta garajeen zati baten gainean terraza berri bat egin zen, tabernatik irteera emanaz. Harrez gero, Udalak elkarte osoaren mantentze-lanen kostuak hartu ditu.[6] 

1- Tailerrak eta ikastaroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira 200 bazkidetik gora hartzen dute parte talde ezberdinetan, urte osoan egiten diren ekintzetan.[13]

  • Solfeo: asteartetan, 9:30-10:30, Jose de Azpiazu Musika Eskolako Ainhoa Galdos irakaslearekin,
  • Aloña Abesbatza: asteartetan, 10:30-11:45, Ainhoa Galdos zuzendari dela.
  • Ikusi Makusi Antzerki taldea: astelehenetan 18:00-20:00, Asun Arzuaga zuzendari dela.
  • Euskarazko mintzapraktika: astelehen eta asteazkenetan, 16:30-17:30, irakasle ohi talde batek dinamizatuta.
  • Euskarazko irakurketa: hilean behin, azken astelehenean, 18:00-19:30, Pili Irazabal dinamizatzailea dela.
  • Ingelesa: asteartetan eta ostegunetan 17:00-19:00, Jose Valls dinamizatzailea dela.
  • Yoga hiru talde: A) asteazkenetan 9:15-10:45, B) asteazkenetan 15:30-16:30, C) ostiraletan 9:15-10:45, Lourdes Igartua monitorea dela
  • Memoria: asteazkenetan 17:45-19:15, epe motzeko oroimena lantzen da fitxa ezberdinekin: zenbakiak, koloreak, pertsonaiak, ikurrak, parrafoak, animaliak, etab, Saroan.com- eko Sara Alava dinamizatzailea dela.
  • Puntu: ostegunetan, 17:00-19:00, jertseak, bufandak eta txanoak landuz, dinamizatzailea Asun Arzuaga dela,
  • Orratz lanak: asteartetan, 10:00-12:00 eta 15:00-17:00, bordatu bainika teknikarekin eta joskintza patchwork teknika landuz, Maribi Korkostegi dinamizatzailea dela.
  • Bitxigintza: 17:30-19:30, Tere dinamizatzailea dela,
  • Panpinak: astelehenetan 17:00-19:00, Marian dinamizatzailea dela.
  • Dantza hiru talde: A) astelehenetan eta ostegunetan, 9:30-10-30, Iñazio Palacios monitorea dela. B) astelehenetan eta ostegunetan, 10:45-11-45, Kontxi Puertas monitorea dela. C) astelehenetan, 12:00-13:00 eta asteazkenetan 11:00-12:00, Xabier Arregi monitorea dela.
  • Alargunak: hilean behin lehen ostegunetan.
  • Dolu taldea: hileko lehen astelehenetan 18:00-20:00, Arantza K. dinamizatzailea dela.
  • Zumba bi talde: astelehenetan 16:15-17:00 eta 17:00-17:45, Ana Milena Ladino monitorea dela.
  • Internet: ostegunetan 10:30-11-30, Euskarazko wikipedia,[14] "Araozko natura eta kontuak" web orria, blogak eta X, Iñazio Irizar dinamizatzailea dela.
  • Argazki lehiaketa: udako oporretan ateratako argazkiekin. Irailean izendatzen dira irabazleak.
  • Gizarte Zerbitzu taldea: asteartetan 10:00-12:00 eta ostegunetan 10:00-12:00.
  • Informatika: aste osoan liburutegian ordenagailu bat bazkideen eskura dago, eta ikastaroak Kultur Etxeko KZ gunera bideratzen dira.
  • Marrazketa: tarteka sortzen da taldea, astean behin elkartuz.
  • Zine: tarteka emanaldiak egoten dira Areto Nagusian, arratsaldetan.
  • Gaztelania: tarteka atzerritarrei eskaintzen zaie, premiazko jendea dagoenean.

Abesbatzak eta Antzerki taldeak hainbat emanaldi eskaintzen dituzte herrian zein kanpoan. Eta urtean behin Orratz, Puntu, Bitxigintza eta Panpinen tailerretako taldeak erakusketa bat antolatzen dute egindako esku lanekin.[13]

2- Hitzaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilean behin antolatzen dira Areto Nagusian emateko, gaurkotasuneko gaiei buruz edo ezagutza zabaltzeko, eta bertako bazkideak eskatuta zein Kultura Taldeak proposatuta. Euskaraz edo gaztelaniaz izaten dira, eta gaiak jorratzen Oñatiko zein Euskal Herriko adituak hartzen dute parte. Gaien adibideen artean hainbat sail aipatu ditzakegu:

Urtero hiruzpalau bidaia egiten dira, estatu mailan zein irletara edo probintzia ia guztietara joanda. Horrez gain, bidaia nagusi bat atzerrira aterata egiten da. Urteetan zehar New Yorkera, San Petersburgora, Nilo ibaira, Alemaniara, Marokora, Kroaziara, Siziliara, Zamorara, Kanarietara, etab. antolatu izan dira, betidanik onarpen bikainarekin.[16]

"Kultura eta natura" egitasmoearen barnean, bi motatako bisitaldi gidatuak izaten dira, eta hilero bat edo bi antolatzen dira.

"Oñati ezagutzen" erakoak, egun erdikoak eta herriko eraikinen bat edo leku bat ezagutzeko, ondoren txistorra edo txorizo pintxo bat janaz lagun artean. Kaleko irteeren artean hogeiren bat aukera daude, hala nola Sancti Spiritus Oñatiko Unibertsitatea, San Migel parrokiako kripta eta dorrea, Zumeltzegi dorrea, Santa Anako komentu berria, Araozko Sandaili leizea eta parrokia, Olabarrietako eliza, Turismo bulegoko errota, Natur Eskola, Udaletxea, Aizkirriko haitzuloa, Murgialdaiko txakolindegia, Txokolateixia, Oñati Erdi Aroan, etab.

Euskal Herria ezagutzen" izeneko irteerak berriz egun osokoak dira, goizean museoren bat bisitatuz eta bazkaldu ondoren naturaren tokiren bat. Programan hogeita hamar irteera inguru daude lurraldeak tartekatuz eta autobusean doazen partaideak aukeratuz bozketaren bidez hurrengo irteera. Horrela daude adibidez Araban Artium museoa eta Añanako Gesaltza, Bizkaian Bermeoko arrantzaleen museoa eta Gaztelugatxe, Gipuzkoan San Telmo museoa eta Txillida Leku, Iparraldean Baionako katedrala eta Sarako leizeak, eta Nafarroan Jorge Oteizaren Altzuzako museoa eta Peru Harri museoa.

5- Emanaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
5.1- Ikusi Makusi antzerki taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean sortu zen, zazpi emkumez osatua eta zuzendari, gidoilari eta aktoresa Asun Arzuaga zela, 2025. arte zeregin horretan jarraituz. 2006an sartu zen lehen gizakumea eta hurrengo urtean beste bat. Oñatin eta Debagoienan eskaintzen dituzte emanaldiak, eta baita Euskal Herriko jubilatuen antzerki topaketetan. Oñatin ere antolatu zen 2010ean, bost talde aritu zirela[17] Arzuagak zuzendari izaten jarraitzen du.

5.2- Aloña abesbatza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005an sortu zen, 18 kidez osatua, eta Loli Ordoki zuzendari zela. Oso harrera ona izan zuen elkartean, eta 2006ko amaieran 45 pertsona ziren taldean. Herrian eta Debagoienan ematen dituzte emanaldiak, eta 2011an Gipuzkoako Jubilatuen XII. Abesbatzen topaketak antolatu ziren. “Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidentea" zen Jose Rivierek plaka bat eskaini zion Mikel Biain alkateari, esker onez. 2015. urtetik aurrera zuzendaria Ainhoa Galdos da.[18] Bestalde, urtero hainbat emanaldi herrikoi eskaintzen dute kalean, hala nola otsailean Santa Ageda egunean San Martin egoitzan hasi eta Foruen Enparantzan amaituz, abenduan Gabonetan San Martin egoitzan, etab.[19]

6- Ospakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtean zehar hainbat ospakizun desberdin antolatzen dira Pake Lekuko egoitzan bertan, bazkideen parte-hartze handiarekin:

6.1- Bingoa astero, horietatik lau sari bereziekin, eta gabonetan saskiekin,

6.2- "Ongi Etorri udaberria" astea apirilean, txistorra jana eta dantza ekitaldiarekin. Aloña abesbatzak emanaldi bat eskaintzen du.

6.3- "Jubilatuen astea" ekainean, txokolatadarekin. Bi bazkide nagusiei omenaldia eskaintzen zaie, eta ondoren denentzat luntxa,[20]

6.4- "Oñatiko San Migel jaien barnean", urrrian, "Herri eguneko" txistorra jana, eta "Errosario bixamoneko" salda,

6.5- Gaztaina jana" azaroan,

6.6- "Txistorra jana eta dantza ekitaldia", otsailean Ostegun gizena egunean eta abenduan, Santo Tomas jaoaren bueltan.

7- Bestelakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karta jokoak, Xake txapelketa, tailerren Erakusketa, Aste kulturala, Argazki Lehiaketa,[21] Agijupens - Gipuzkoako Pentsiodunen eta Debagoienako elkarteen ekintzetan parte-hartzea[22], beste erakunde batzuen eskakizunak, etab.[23]

"Boluntariotzaren Pake Leku Saria" ezarri zen 2022. urtean, lehena Jose Antonio Urteagak jasoz,[24] 2023an Asun Arzuagak,[25] eta 2024an Migel Mari Guridi "Txome"k[26]

Pake Lekuko martxa, I. Ibarrondo

2007. urtean Oñatiko musika bandako zuzendaria zen Iñaxio Ibarrondok "PAKE LEKU Martxa" konposatu zuen, bandarako eta Aloña abesbatzarako. Urte hartako Jubilatuen egunean Zubikoa kiroldegian estreinatu zuten. Testua honakoa da:

"PAKE LEKU, PAKE LEKU, gure toki alaia… Denok dugu leku polit bat Oñatiko herrian, PAKE LEKU izeneko gure egon lekua, egunero elkartzen gara hainbat lagun bertan, elkar hizketan, jokoan, jan, edan, gozo hartuaz. Urtean zehar baita ere mila leku ikusteko, aukera izaten dugu, elkar ezagutu alde, gozo gozo ibiltzen gara gu etxetik kanpora, baina ze poz ze atsegin PAKE LEKU ikustean. Denok dugu leku polit bat Oñatiko herrian, PAKE LEKU izeneko gure egon lekua, egunero elkartzen gara hainbat lagun bertan, elkar hizketan, jokoan, jan-edanez PAKE LEKUn, leku ona… Entzun gizon eta andreok, lasaitasuna behar baduzu, etorri gure elkartera, pozik eta alai, han egotera. Alai biziko gara, zorionez Oñatiko herrian, PAKE LEKUra etorrita eta lasai egunero gurekin batera."[27]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ekintza komunitarioak. Oñatiko Udala.
  2. a b Batzordea. (2024). Batzar Orokorreko laburpena. Pake Leku elkartea.
  3. Gizarte Zerbitzuak. Oñatiko Udala.
  4. Elorza Gorostiza, Oihana. (2024). Virginia Flores eta Singry Altamirano dira Pake Leku tabernako arduradun berriak. Goiena.
  5. Partaidetza eta garapen komunitarioa. Oñatiko Udala.
  6. a b c (Gaztelaniaz) Arriaran, Jabier. (2012). Memoria de actividades. Pake Leku Elkartea.
  7. Batzordea. (2022). Batzar Orokorreko laburpena. Pake Leku Elkartea.
  8. Salaberri Iñarra, Izar. (2023). Oñatiko alkateen zerrenda: 1447- 2025 (PDF). Oñatiko Udal Artxibo Zerbitzua.
  9. (Gaztelaniaz) Agencia EFE. (1981). Fallece cuando velaba el cadáver de su esposa. El Pais. San Sebastián.
  10. Iturbe, Anjel. (1981). Parrokiako artxiboko 1981eko heriotzen liburua. San Migel Parrokia. Oñati, 102, 103 or..
  11. (Gaztelaniaz) Idazkaria. (1982). Aceptación de herencia. Libro de Actas de los Plenos del Ayuntamiento. 1976-1982. OINUDA- Oñatiko Udal Artxiboa, 192 or..
  12. (Gaztelaniaz) Ledesma, Antonio. (1982). Escritura de manifestación de herencia. Causantes: Doña Ignacia Garaicoechea Egaña y Don Tomás Ugarte Inchausti.. Notaría de Oñate.
  13. a b Erredakzioa. (2021). Ikastaroak berriro martxan jarri nahi ditu Pake leku elkarteak, urte eta erdi ondoren. Berbia. Oñati Irratia.
  14. Erredakzioa. (2025). Pake lekuko internet taldeak euskarazko wikipedia aberasten jarraitzen du. Berbia. Oñati Irratia.
  15. (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2021). José Antonio Azpiazu abrirá la semana cultural de Pake Leku. Noticias de Gipuzkoa.
  16. (Gaztelaniaz) Gonzalez, Marian. (2006). Jubilados con ganas de viajar. Diario Vasco.
  17. (Gaztelaniaz) Gozalez, Marian. (2010). Los reyes locales de la comedia,. El Diario Vasco.
  18. (Gaztelaniaz) Gonzalez, Marian. (2006). Concierto del Aloña y baile en Pake Leku. Diario Vasco.
  19. Elorza Gorostiza, Oihana. (2025). Eztarriz sano oles egitera. Goiena.
  20. Erredakzioa. (2017). Txaro Basurto eta Pedro Altuna senar-emazteak omenduko dira igandean. Berbia. Oñati Irratia.
  21. Erredakzioa. (2024). Juanje Anduaga eta Gurutze Azkarate saritu dira Pake Leku elkarteko argazki lehiaketan. Berbia. Oñati Irratia.
  22. Erredakzioa. (2014). Zapatu goizean gurean egingo den Gipuzkoako jubilatuen ibilaldirako guztia gertu dago.. Berbia. Oñatiko Irratia.
  23. Kultura taldea. (2022). Jarduerak eta ekintzak. Pake Leku.
  24. Barrena Kortabarria, Iñigo. (2022). Jose Antonio Urteagak jaso du 2022ko Pake Leku Saria. Goiena.
  25. (Gaztelaniaz) Dominguez, Anabel. (2023). Asun Arzuaga recibirá el premio Pake Leku al voluntariado. Norticias de Gipuzkoa.
  26. Murua Mesonero, Julen. (2025). Migel Mari Guridi: "Hunkigarria izan zen Pake Lekuko aitortza jasotzea". Goiena.
  27. Ibarrondo, Iñaxio. (2000). PAKE LEKU Martxa. Oñatiko musika banda.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Oñati hiribildua