Palestinako Independentzia Deklarazioa
Palestinako Independentzia Deklarazioa | |
---|---|
Mota | Independentzia aldarrikapen |
Data | 1988ko azaroaren 15a |
Kokaleku | Aljer |
Herrialdea | Palestina |
Sinatzailea | Jassir Arafat Salim Zanoun (en) Mahmud Darwix Ziyad Abd al-Fattah (en) Mohamed Sobeih (en) Mahmoud Abbas Hakam Balawi (en) |
Lan osoa eskuragarri | ar.wikisource.org… |
Palestinako Independentzia Deklarazioak 1988an ofizialki ezarri zuen Palestinako Estatua. Mahmoud Darwish poeta palestinarrak idatzi eta Yasser Arafatek aldarrikatu zuen 1988ko azaroaren 15ean (5 Rabi' al-thani 1409) Aljerren (Aljeria). Aurretik, Palestinako Kontseilu Nazionalak (PKN, Palestinako Askapenerako Erakundearen organo legegilea) onartu zuen, aldeko 253 botorekin, aurkako 46rekin eta 10 abstentziorekin.[1] PKNren 19. biltzarreko itxiera-saioan irakurri zuten, txalo-zaparrada jaso zuela.[2] Deklarazioa irakurri ondoren, Arafatek, PAEko lehendakari gisa, Palestinako lehendakari titulua hartu zuen.[3] 1989ko apirilean, PAEko Kontseilu Nagusiak Arafat aukeratu zuen Palestinako Estatuko lehen lehendakari gisa.[4]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974ko urriaren 28an, Rabaten egindako Liga Arabiarraren gailurrak PAE (Palestinako Askapenerako Erakundea) izendatu zuen "Palestinako herriaren legezko ordezkari bakarra", eta larrialdiko estatu independente bat ezartzeko eskubidea berretsi zuen.
Deklarazioaren justifikazio juridikoa Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1947ko azaroaren 29an emandako 181 (II) Ebazpenean oinarritu zen, ebazpen horrek Palestinako Britainiar Mandatuari bukaera ematea eta bi estatutan zatitzea aurreikusten baitzuen (Estatu bien konponbidea). 1948ko maiatzaren 14an amaitu zen britainiar agintaldia, Israelgo Estatua deklaratu zen, eta Transjordaniako (geroago Jordania) Legio Arabiarrak Mendebaldeko Erribera inbaditu zuen (1950ean erantsiko zuen). 1948ko irailean, Egiptoko indarrek Gazako zerrenda bereganatu eta kontrol militarraren pean mantendu zuten. 1967ko ekainaren sei eguneko gerrara arte, bi lurralde horiek Jordaniako eta Egiptoko agintepean iraun zuten.[5][6]
1988an Palestinako Estatua aldarrikatu arren, une hartan Palestinako Askapenerako Erakundeak ez zuen inongo lurralderen gaineko kontrolik bere gain, eta Jerusalem izendatu zuen Palestinako hiriburu, nahiz eta orduan Israelen kontrolpean zegoen.[7][i][8] PAE, beraz, erbestean aritu zen gobernua izan zen 1988 eta 1994 artean.
Palestinar enklabeetako eremuetan eta Gazako zerrendaren zati batean gobernu mugatu bat gauzatzen hasi zen PAE, 1994ko Gaza-Jeriko Akordioaren ondorio gisa, Palestinako Aginte Nazionalaren babespean. 2012an, Nazio Batuetako estatu behatzaile ez-kide bihurtu zen Palestina.
Garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deklarazioa Palestinako eskualdeari buruzkoa zen, Palestinako Britaniar Mandatuko mugek definitzen zuten lurraldeari buruzkoa. Hor barruan sartzen ziren Israelgo estatu osoa, Zisjordania eta Gazako zerrenda (unean Israelgo Administrazio Zibilpean).
Palestinako estatu-izaerari zilegitasuna emateko, deklarazioak Nazio Batuen erabakiak aipatzen ditu, hala nola, 1947ko Palestinarako Nazio Batuen Zatiketa Plana eta, oro har, "1947tik aurrerako Nazio Batuen ebazpen guztiak".
Zatiketa-plana Israelen independentzia-deklarazioaren oinarria izan zen, baina une hartan buruzagi arabiar palestinarrek ez zuten onartu. Hala ere, 1948ko irailean, Gazako zerrendan Palestina osoko Gobernua deklaratu zuten Egiptoko protektoratu gisa, eta Arabiar Ligako kide gehienek onartu zuten. Palestinako estatu independente bat ezartzeko lehen saiakera gisa hartu izan da deklarazio hori; baina Palestina osoko Gobernua desegin zuen Egiptok urte batzuk geroago. 1988ko deklarazioak ez du esplizituki onartzen Israelgo Estatua. Hala ere, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 242 Ebazpena esplizituki aipatzen dituen dokumentu laguntzaile bat eta Yasser Arafatek hilabete bat geroago Genevan egindako adierazpenak nahikotzat hartu zituzten Estatu Batuek 1967 baino lehenagoko mugen barruko Israelen errekonozimendu gisa interpretatzeko.[9][10]
Palestina "hiru erlijio monoteisten lurraldea" deklaratzea juduen eta lurraldearen arteko lotura historikoaren aitorpentzat jo izan da. "Herri arabiar palestinarrari sakabanatzea ekarri eta autodeterminaziorako eskubidea kendu zion bidegabekeria historikoari" dagokionez, deklarazioak Lausanako Ituna (1923) eta Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 181 Ebazpena gogoratu zituen, palestinarrek estatu-izaera izateko dituzten eskubideak babesteko. Deklarazioak, orduan, "Palestinako Estatu bat" aldarrikatzen du "gure lurralde palestinarrean, Jerusalem hiriburuarekin".[11][12] Ez dira Estatuaren mugak zehazten, baina estatuko biztanleria aipatu zuen deklarazioak adierazpen honekin:"Palestinako Estatua palestinarren estatua da nonahi daudela ere". Eta estatua herrialde arabiar gisa definitu zen beste adierazpen honetan: "Palestinako Estatua estatu arabiarra da, nazio arabiarraren zati integral eta zatiezina".
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deklarazioarekin batera, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 242 Ebazpena oinarri hartuta, Palestinako Kontseilu Nazionalaren (PKN) deia jaso zen, alde anitzeko negoziazioak egiteko. Dei horri "konpromiso historikoa" deitu zitzaion gero, "Estatu bien konponbidea" onartzea eskatzen baitzuen, hau da, ez zuen zalantzan jartzen Israelgo Estatuaren zilegitasuna.[13][12] Deklarazioarekin batera aurkeztu zen PKNren jakinarazpen politikoak batetik "Jerusalem arabiarra" ,eta bestetik "lurralde arabiar okupatuak" berreskuratzea besterik ez zuen eskatzen. Yasser Arafatek Genevan hilabete bat geroago egindako adierazpenak nahikotzat jo zituzten Estatu Batuek deklarazioan ikusten zituzten anbiguotasunak ezabatzeko, eta Estatu Batuekin elkarrizketa irekia izateko epe luzeagoko baldintzak betetzeko.[10][14][15]
Deklarazioaren ondorioz, Nazio Batuen Batzar Nagusia (NBBN) bildu egin zen, eta Yasser Arafat PAEko lehendakaria gonbidatu zuen iritzia ematera. Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 43/177 Ebazpena onartu zen, "1988ko azaroaren 15ean Palestinako Kontseilu Nazionalak Palestinako Estatuaren deklarazioa" egiten zuena; eta, gainera, "Palestina" izendapena Nazio Batuen sisteman "Palestina Askapenerako Erakundea" izendapenaren ordez erabili beharko zela erabaki zen. Ehun eta lau estatuk bozkatu zuten ebazpenaren alde, lauk abstenitu egin ziren eta bik, Estatu Batuek eta Israelek, aurka bozkatu zuten.[16] Abenduaren erdialdean, 75 estatuk aitortu zuten Palestina, eta bi hilabete geroago baziren 93 estatu 1989ko otsailean.[17]
2012ko azaroaren 29an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 67/19 Ebazpena onartu zuen, Nazio Batuetan Palestinaren kidetza estatu ez-behatzaile izaerara igotzen zuela. Nazio Batuen Batzar Nagusiaren hirurogeita zazpigarren bilkura-aldian onartu zen, Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Egunean, eta Batzar Nagusiak Palestinaren Etorkizuneko Gobernuari buruzko 181(II) ebazpena onartu zueneko 65. urteurrenean. Palestinako ordezkariak proposatu zuen ebazpenaren zirriborroa.[18] Hala ere, Palestinako Askapenerako Erakundearen rolari eusten zaio, Nazio Batuen sisteman palestinarren ordezkari gisa.
2014ko abenduaren 31n, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak gaitzetsi egin zuen Israelgo okupazioaren amaiera eta Palestinako estatu-izaera 2017rako eskatzen zituen ebazpena. Zortzi kidek bozkatu zuten Ebazpenaren alde (Errusia, Txina, Frantzia, Argentina, Txile, Jordania, Luxenburgo). Baina ebazpenak ez zituen lortu ebazpena onesteko behar ziren gutxienezko bederatzi botoak. Australiak eta Estatu Batuek ebazpenaren aurka bozkatu zuten, Erresuma Batua, Lituania, Nigeria, Hego Korea eta Ruanda abstenitu zirelarik.[19][20][21]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]i. | PLCk (Palestinian Legislative Council) 2002ko maiatzean onartutako Palestinako Oinarrizko Legeak argi eta garbi ezartzen du "Jerusalem Palestinako hiriburua da" (iturria: : [1]). Ramallah da Australiako, Brasilgo, Kanadako, Kolonbiako, Danimarkako, Finlandiako, Alemaniako, Maltako, Herbehereetako, Hego Afrikako eta Suitzako gobernu-erakundeak eta atzerriko ordezkaritza-bulegoak dituen hiriburu administratiboa. Jerusalemgo azken estatutua Israelen eta Palestinako Agintaritzaren arteko negoziazioen zain dago (ikus "Negotiating Jerusalem", University of Maryland). Nazio Batuek eta herrialde gehienek ez dute onartzen Israelek Jerusalem osoari buruz egindako erreklamazioa (ikus Kellerman, 1993, or. 140) eta Israeleko enbaxadak beste hiri batzuetan dituzte (ikus CIA Factbook). |
Erreferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Palestinian Declaration of Independence» artikulutik itzulia izan da, 2024-01-16 data duen 1189268627 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-01-16 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ Dan Cohn-Sherbok,The Palestinian State: A Jewish Justification, Impress Books, 2012 p.105.
- ↑ Sayigh, 1999, p. 624.
- ↑ Silverburg, 2002, p. 198.
- ↑ Tom Lansford, Political Handbook of the World 2014, p. 1628. CQ Press, March 2014.
"On April 2, 1989, the PLO's Central Council unanimously elected Arafat president of the self-proclaimed Palestinian state and designated Faruk Qaddumi as foreign minister ..." - ↑ «HIRU MENDE LAURDENEKO NAKBA» Berria 2023-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
- ↑ Berria ikasgela. (2023-05-14). «75 urte Israel eratu zutela» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
- ↑ Berchovitch and Zartman, 2008, p. 43.
- ↑ Baroud in Page, 2004, p. 161.
- ↑ Political Statement accompanying the Palestinian Declaration of Independence. .
- ↑ a b «Le Monde diplomatique - Mensuel critique d'informations et d'analyses» www.monde-diplomatique.fr.
- ↑ Silverburg, 2002, p. 42.
- ↑ a b Quigley, 2005, p. 212.
- ↑ PLO Negotiations Affairs Department. (13 November 2008). The Historic Compromise: The Palestinian Declaration of Independence and the Twenty-Year Struggle for a Two-State Solution. .
- ↑ Arafat Clarifies Statement to Satisfy U.S. Conditions for Dialogue, 14 December 1988 – Jewish Virtual Library
- ↑ Rabie, Mohamed. (Summer 1992). «The U.S.-PLO Dialogue: The Swedish Connection» Journal of Palestine Studies 21 (4): 54–66. doi: ..
- ↑ THE PALESTINE DECLARATION TO THE INTERNATIONAL CRIMINAL COURT: THE STATEHOOD ISSUE. Rutgers Law Record May 6, 2009.
- ↑ The Palestine Yearbook of International Law; Kassim, 1997, p. 49.
- ↑ Palestine poised for symbolic but historic victory at UN. Zee News 29 November 2012.
- ↑ «UNSC rejects resolution on Palestinian state» Al Jazeera 31 December 2014.
- ↑ «UN Security Council rejects Palestinian resolution» BBC News (British Broadcasting Corporation) 31 December 2014.
- ↑ «UN security council rejects Palestinian statehood bid» The Guardian (Associated Press) 31 December 2014.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kellerman, Aharon (1993). Society and Settlement: Jewish Land of Israel in the Twentieth Century. State University of New York Press. ISBN 0-7914-1295-4.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Arabieraz) Jatorrizko testua arabieraz Palestinako Independentzia Deklarazioaren testu osoa. (Googlek irakurtzeko moduko itzulpen-aukerarekin)
- (Ingelesez) Palestinian Declaration of Independence Testu osoa Wikisourcen Edward Saidek itzulia.
- (Ingelesez) Nazio Batuen webguneko itzulpena (akatsa)
- (Ingelesez) Palestinian Statehood: Trapped between Rhetoric and Realpolitik, , Paul Eden, The International and Comparative Law Quarterly, Vol. 62, Ez. 1 (2013ko URTARRILA), 225–239]. (JSTOR)