Pandemia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Pandemia (grezieratik παν pan dena + δήμος demos herria, jendea) mundu mailako edo lurralde zabal bateko izurria edo epidemia da. Gaur egun, pandemia nagusia HIESa da.

Faseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Osasunerako Mundu Erakundeak ezarritako 6 faseak:

  1. Birusa animalien artean kutsatzen da, gizakiongan eraginik izan gabe.
  2. Etxe-animaliak edo animalia basatiak kutsatu zituen birusak, gizakiok ere kutsatzen hasten da, pandemia sortzeko arrisku handia egonez.
  3. Birusak pertsona talde txiki batean baino ez du eraginik, eta lehendabizikoz, animaliek pertsonak kutsatzeaz gain, pertsonek beste pertsona batzuk ere kutsatzen dituzte.
  4. Birusak pertsonaz pertsona kutsatzeko ahalmena baieztatzen da eta komunitate-agerraldiak sortzeko gai da. Egoera honekin, pandemia izateko arriskuak nabarmen egiten du gora. Birusaren agerraldi baten susmoa duen edo kasuren bat egiaztatzen duen edozein herrialdek Osasunerako Mundu Erakundearekin harremanetan jarri behar du, erakunde honek egoera aztertu dezan eta erantzuna koordinatu dezan. Dena den, egoera honetan egoteak ez du esan nahi pandemia saihestezina denik.
  5. Birusa pertsonaz pertsona kutsatzen da, gutxienez, eskualde bereko bi herrialdetan. Nahiz eta herrialde askotan eraginik ez izan, pandemia gertu dagoelaren zeinua da eta horren aurka erabakitako neurriak abian jartzeko denbora agortzen hasten da.
  6. Pandemia gertatzen da, mundu osoan zehar hedatuz. Ezin da prebenitu, eta horrenbestez egoera kontrolpean izaten saiatu behar da.

Historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1348 - Izurri Beltza edo izurri bubonikoa Europara iritsi zen Asiatik. Geure kontinentean, 20 miloi pertsona inguru hil ziren 6 urtetan.
  • 1520 - Urte haietan, baztangak 150.000 pertsona hil zituen Tenochtitlán-en (Mexiko).
  • 1530 - Baztangak Peru oldartu zuen.
  • 1600 - Elgorriak ia 2 miloi pertsona hil zituen Mexikon.
  • 1816 - Koleraren lehen pandemiak 10 urtez India eta Txina oldartu zituen nagusiki.
  • 1829 - Koleraren bigarren pandemiak Europa, Kanada eta AEB-ei eraso egin zien 15 urtez.
  • 1852 - Koleraren hirugarren pandemiak Errusia kaltetu zuen batik bat, zortzi urtez miloi hildakotik gora utziz.
  • 1863 - Koleraren laugarren pandemiak Europan eta Afrikan eragina eduki zuen, 12 urtez.
  • 1889 - "Asiako Gripeak" Errusia, Amerika eta Australia kaltetu zituen, bi urtez. H2N8 birusak eragin zuen, heriotza-tasa handia sortuz.
  • 1899 - Koleraren bostgarren pandemiak Europa oldartu zuen berriro, batez ere Errusia, 24 urtez.
  • 1918- "Espainiako Gripeak" Europan, AEBetan eta Indian eragina eduki zuen 18 hilabetez, 25 miloi hildako utziz. H1N1 birusa izan zen erruduna.
  • 1961 - Koleraren seigarren pandemiak Indonesian, Indian eta Errusian eragina eduki zuen, 5 urtez.
  • 1957 - "Asiako Gripeak" berriro oldartu zuen, H2N2 birusak eraginda, Txinatik AEBetara igaroz. Azken herrialde honetan 70.000 pertsona inguru hil zuen.
  • 1968 - "Hong Kongeko Gripea" H3N2 birusak eragin zuen, eta Asiatik AEB-etara zabaldu zen berriz ere, 34.000 hildako utziz Amerikan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pandemia Aldatu lotura Wikidatan