Paolo Uccello

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paolo Uccello, XVI. mendeko erretratua

Paolo Ucello (Jaiotza-izena: Paolo di Dono; Pratovecchio, 1397- Florentzia, 1475eko abenduaren 10a) margolari quattrocentista eta matematikari italiarra izan zen. Bera dugu ikus-perspektibaren aitzindaria. Giorgio Vasarik Vite (Bizitzak, italieraz) lanean Ucellok artea eta perspektibaren inguruko mekanismo konplexuak biziki atsegin zituela adierazi zuen. Era berean, margolari italiarrak perspetibarekiko zuen obsesioa azpimarratu egin zuen. Halaber, gotiko internazionalak beregan eragina izan zuen. Bi alderdi hauen uztarketak Paolo Uccello Quattrocentoko artistarik autonomoetarikoa bilakatu zuen.

Paolo Ucellok bi estilo elkartu zituen bere lanetan, gotikoko estilo dekoratiboa, batetik, eta Lehen Pizkundeko estilo berria, bestetik, Masaccio, Donatello eta Brunelleschiren estilotik aldendua hala ere. Ucelloren kezka nagusia perspektiba izan zen, baina ez Brunelleschiren perspektiba, objektibotasun matematikoari dagokiona, baizik eta Erdi Arokoa, ikusmenaren efektuei erreparatzen diena.

Ucello oso gaztetan sartu zen Lorenzo Ghiberti maisu eskultorearen lantegian, urrea lantzen; Ghibertiren laguntzailea izan zen Bataiategiko ateetan (1407).

1425-1431 urteetan Venezian bizi izan zen, eta han egin zuen bere obra aipagarrienetako bat, San Marcoko fatxadako mosaikoak (1425-1431), gaur egun oso hondatua. Veneziako mosaikoetan azken gotikoko joeretara hurbildu zen, eta errealitatea gauza neurgarri gisa baino, gauza abstraktu moduan adierazi zuen, eta bere garaikideen esanetan, arreta gehiago zuen ziurgabetasunari buruz egiari buruz baino.

Veneziako egonaldiaren ondoren Florentzian, Paduan eta beste leku batzuetan jardun zuen lanean. 1439-1440 bitartean San Miniatoko klaustroko muralak pintatu zituen monasterioko gertakariei buruz.

Giovanni Acuto condottieroa zaldi gainean

Florentzian, 1445-1450 urteetan Santa Maria Novella komentu zaharreko Klaustro Berdeko freskoak egin zituen, Hasierako eszenekin. Diseinuak Ghibertiren kutsu nabarmena du, eta estiloak Masolinorena. Irudi horietan Erdi Aroko margolari gisa agertzen da, ikonografiari dagokionez batez ere, baina irudietan plastika bolumetrikoa bilatu zuen eta konposizioari erritmo dinamikoa eman nahi izan zion. Berak Venezian igaro zuen denboran Florentzian nagusitzen ari zen perspektibak liluratu egin zuen.

Tankera berekoa da 1436an Florentziako katedralerako egin zuen Giovanni Acuto condottieroa zaldi gainean freskoa. Kolore bakarreko freskoa da, brontzea itxuratuz margotua. Perspektiba lantzeko ariketa gisa hartua da obra hau; izan ere, oinarrian eta zaldi gaineko irudian ikuspuntu desberdina erabili zuen: zaldiari eta zaldunari perspektiba zentrala eman zien, baina oinarria goragotik begiratua izateko moduko perspektiba batean egin zuen (hasieran irudia gaur dagoen baino bi metro beherago zegoen). Beste lan batzuetan ere erabili zuen ikuspuntu anitzeko perspektiba, Pratoko katedraleko Ama Birjinaren jaiotza koadroan esaterako. Edertasun formal bikaina du eta kromatismo oso landua, aurrekoaren aldean, errealitatearen ikuspegi fantastikoa eskaintzen duena.

Askoz ere kolore biziagoa dute Santa Maria Novellako freskoen jarraipen gisa egindako Noeren historia freskoak (1450). Obra horretan bereziki aipagarria da Uholdea adierazten duen irudia, Ucelloren perspektibarekiko kezka garbien erakusten duen margoa. Pertsonaiak eta gauzak geometrikoki behar luketenaz bestelako perspektiba baten arabera daude ordenaturik, ikuslea eszenan sar dadin eta espazioan eta gertaera dramatikoan parte har dezan. Masaccioren dramatismoak eta indarrak du nagusitasuna giza irudietan, irudi biluzietan batez ere, baina badira xehetasun ugari gotikoko artisten joera gogorarazten dutenak.

San Romanoko Gudua

Adituen ustez, obra honetan ikusten da garai hartako artistek Pizkundeko estilo heroikoa antzinagoko pintura dekoratiboan txertatzeko izan zituzten arazoak.

1454-1457 urteetan San Romanoko Gudua margotu zuen Medici familiak eskatuta, Medicitarren jauregian, hiru panelez osatua. Fresko horretan artea Medicitarren gobernua goresteko tresna gisa erabili zuen. Ucelloren obran oro har gertatzen den bezala, irudi eskulturalak agertzen dira, Pizkundeko ezaugarri gisa, baina kolore distiratsuez margotua zen eta xehetasun apaingarri ugari zituen, gotikoan ohi zen bezala.

Margolari florentziarrak perspektiba erabili zuen sakonerako sentimenduak sortzeko eta ez aldi berean gertatzen diren historiak aurkezteko garai horretako margolarien artean ohikoa zen bezala. Bere obrarik esanguratsuenak San Romanoko bataila irudikatzen dituzten hiru pintura dira, baina aspalditik 1416an Egidion libratutako Santeko Bataila izena eman zaio okerki.

Uccello berantiar tradizio gotikoarekin aritu zen eta kolorea nahiz luxua azpimarratzen zituen garaiko beste artista batzuk sustatzen zuten errealismo klasikoaren beharrean. Bere estiloa idiosinkrasikoa izan zen eta ez zuen eduki jarraitzaleen eskolarik. Baina XX. mendeko artean eragina izan zuen, Melvin Day margolari neozelandarrean esaterako edota zenbait literatura-kritiketan: Marcel Schwoben Vies imaginaires, Antonin Artauden Uccello le pol edo Bruno Tolentinoren O Mundo Como Ideia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paolo Uccello Aldatu lotura Wikidatan