Parisko Komuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vendôme zutabearen suntsiketa, Parisko Komunan

Parisko Komuna izenak, berez, Frantziar Iraultzako Parisko gobernuari egiten zion erreferentzia. Gaur egun, ordea, 1871ko martxoaren 18tik urte bereko maiatzaren 28ra arte Parisen agintean egon zen gobernu sozialista izendatzeko erabiltzen da gehienbat.

1871ko Parisko Komuna 1871ko udaberriko bi hilabetetan Parisen agindu zuen herri-autoritatea izan zen («commune», frantsesez herri kontseilua da). Haren sorrerako baldintzek, haren dekretu polemikoek eta haren amaiera krudelak frantziar historiako atalik garrantzitsuenetarikoa egiten dute.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Frantzia-Prusia Gerra

Frantziaren eta Prusiaren arteko gerra Frantziaren porrotarekin amaitzean, Parisko joera iraultzaileek bultzaturiko herri-altxamenduaren bidez ahal izan zen komuna. Prusiaren aurkako gerra, Napoleon III.ak hasia 1870ean, Frantziarentzat erabateko hondamena izan zen. Urte bereko irailean Paris etsaiaren setiopean geratu zen. Azken urteetan aberats eta behartsuen arteko distantzia asko nabarmendu zen hiriburuan, eta goseak, prusiarren bonbardaketarekin batera, haserrea zabaldu zuen herrian. Langileak ideia erradikalagoak hartzen hasi ziren. Eskaera nagusietako bat zen Parisko biztanleek aukeratutako gobernu autonomo bat behar zutela, eta baita ekonomiaren kudeatzean sistema berdinzaleagoa ere (ez nahitaez sozialista).

1871ean, Louis-Adolphe Thiersk, gerora Frantziako presidente izango zenak, armistizio bat sinatu zuen prusiarrekin, non Parisen okupazioa onartu behar izan zuen. Parisko hiritar gehienek ez zuten gogo onez hartu prusiarren okupazio hau.

Garai hartan, milaka paristar "Guardia Nazional" izena zuen herritar milizia bateko kide ziren, eta hau hiria defendatzeko asko hazi zen. Auzorik behartsuenetako gudarosteek beraien ofizialak aukeratzen zituzten eta hainbat kanoien jabe ziren. Guardia Nazionalak, prusiarren aurka hiriaren defentsan gogor egin eta gero, orain ez zuen okupazioa onartzen, eta prusiarren presentzia hiriko eremu txiki batera mugarazi zuen.


Emakumeek eta haurrek Montmartrera bi kanoi eramaten laguntzen dute

Mugimenduak hasi ziren Guardia Nazionalaren Komite Zentral bat sortzeko. Louis-Adolphe Thiers komite horrek boterea bereganatzeko arriskua zegoela konturatu zen. Gainera, Guardia Nazionalak prusiarrak probokatuko ote zituen beldur zen.

Altxamendua eta Komunaren izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prusiarrak denbora laburrean egon ziren Parisen, baina hiriak setiatuta jarraitu zuen gerraren indemnizazioen afera erabakitzen zen bitartean.

Aldi berean, Guardia Nazionalaren Komite Zentrala erradikalizatzen eta herritarren artean aginpidea irabazten ari zen. Gobernuak Guardia Nazionalak Montmartren zituen kanoiak berreskuratzeko agindu zien bere tropei, baina soldaduek Guardia Nazionalarekin eta bertako biztanleekin bat egin zuten. Claude Martin Lecomte jeneralak jendearen aurka tiro egiteko agindu zienean, bere soldaduek zalditik jeitsiarazi eta fusilatu egin zuten Thomas jeneralarekin batera.


Montmartre eta Thomas generalak fusilatuak dira; ez da egiazko argazki bat

Iraultza segituan zabaldu zen hiritarren eta gainontzeko indar armatuen artean, eta Thiers presidenteak Versaillesera ihes egin behar izan zuen oraindik leial zitzaizkion tropekin. Orain, Guardia Nazionalaren Komite Zentrala zen Parisko gobernu bakarra: segituan aginteari uko egin eta komuna baterako hauteskundeak deitu zituen.

Ideia desberdinetako jende askok osatzen zuten arren, Komunak hasiera ona eduki zuen, bi milioi biztanleko hiri bateko gutxieneko zerbitzuak mantentzea lortuz. Adostasuna lortu zuten demokrazia sozial eta progresista batera zuzendutako politika jakin batzuen inguruan. Soilik 60 egunetako iraupena izanik, dekretu gutxi egin ziren, besteak beste: Hiritarrez osatutako gudaroste bat eratzea; Eliza eta estatua bereizi; denentzako hezkuntza bermatzen zuen sistema; errenten barkamena setioa amaitu arte; okindegietako gaueko lanaren abolizioa; gillotinaren ezeztapena; Guardia Nazionaleko kideen alargunentzako pentsioak; langileei lantegiez jabetzeko baimena nagusiak abandonatzen bazuen... Komunak bandera gorria hartu zuen Frantziako bandera urdin zuri gorriaren ordez.

Komunaren Kontzilioa arlo nagusietaz arduratzen zen arren, tokian tokiko batzarrek autonomia handia zuten. Sozialistak, anarkistak, Blanquistak, errepublikar liberalak... denak komunan integratuta zeuden. Gaur arte, mundu osoko anarkista eta sozialistek komuna goraipatu dute bertako ideia aniztasuna, langileen botere eta talde iraultzaile ezberdinen arteko kolaborazio maila handiagatik.

Friedrich Engels Karl Marxen laguntzailerik hurbilenaren iritziz, Komuna ez zen estatu bat izan, kontuan harturik tokian tokiko batzarren politika autonomoa, armada profesionalik ez izatea eta beste gabezia batzuk. Estatuaren aboliziora zuzendutako trantsizio era bat izan zen soilik. Trantsizio era hark nolako garapena izan zezakeen, galdera teoriko bat izango da beti: Segituan, Versaillesen eratutako armada berriak eraso egin zion.

Erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Versailleseko gobernuaren indarrek apirilaren 2an eraso zioten komunari eta hiria gupidagabe bonbardatu zuten. Courbevoie segituan erori zen eta Komunaren Versaillesen aurkako erasoak porrot egin zuen. Defentsa eta biziraupena helburu nagusi bihurtu ziren. Parisko emakume langileek paper garrantzitsua jokatuko dute hiriaren defentsan. Guardia Nazionalean parte hartu zuten eta bere bataloia ere osatu zuten. Bataloi horrek geroago Blancheko Jauregia heroikoki defendatuko zuen.

Parisko errefuxiatu eta erbesteratuen komunitate atzerritarra ere laguntza handikoa izan zen: horien artean Jaroslaw Dombrowski, Poloniako ofizial ohia, Komunako jeneralik onena bihurtu zen. Komunak internazionalismoaren influentzia nabaria zuen, eta hori dela eta, Vendômeko Zutabea, Napoleon III.aren garaipenak goraipatzen zituena eta Chauvinismoaren sinbolotzat jotzen zena, eraitsia izan zen.

Atzerritik elkartasun mezu ugari heldu arren, ez zen komunarentzat laguntza konkreturik heldu, Parisetik informazio guztia ateratzea eragotzi baitzuen Thiersek. Gainontzeko frantziar lurraldean, Narbonne, Limoges eta Marseillan mugimenduak zapalduak izan ziren.

Maiatzaren 21an, traizio baten ondorioz, Parisko harresietako mendebaldeko ate bat ireki zen, eta Versailleseko tropek hiriaren errekonkistari ekin zioten, lehenik auzorik aberatsenak hartuz, non begi onez hartuak izan ziren.

Komunaren zentralitate eza, hasieran ezaugarri positibo bat izan zena, borroka egitean desabantaila bihurtu zen, zeren tokian tokiko batzar bakoitzak bere kontura egin baitzuen borroka, estrategia globala hartu beharrean. Horrela, bata bestearen ondoren garaitu zituzten. Versaillesekoek agindu zentral bat eta artilleria modernoa zituzten.

Erasoan zehar, gobernuko tropak hainbat hiritar errugaberen hilketaren erantzule izan ziren: atxilotuen aurka tiro egin zen eta exekuzio multipleak ohiko gauza bihurtu ziren. Gobernuak 900 bat gizon galdu zituen denera. Heriotza horiek hainbat aldiz biderkatuta izango ziren mendekatuak.

Erresistentziarik gogorrena ekialdeko langileen auzoetan izan zen: zortzi egunetako kale borroka gogorra egon zen (La Semaine sanglante, aste odoltsua). Maiatzaren 28an, Belleville eta Ménilmontanteko azken erresistentzia puntuak erori ziren.

Komunako presoak Versaillesera bidean

Garaileek errepresioari gogor ekin zioten. Komunari edozein modutara lagundu izana krimentzat hartu zelarik, milaka lagun akusatu zituzten. Hainbat «communards» fusilatu zituzten gaur egun "Communardesen horma" izenez ezagutzen den lekuan, eta beste asko Versaillesera eraman zituzten epaituak izateko. Egun askotan zehar milaka gizon, emakume eta haur eraman ziren Versailleseko kaleetara, kartzela inprobisatu bihurtuak. Batzuek fusilaturik bukatzen zuten, askok bortxazko lanetara zigortuak, eta beste asko erbestera bidali zituzten Pazifikoko uharte bakartuetara. Inoiz ez da jakin zenbat lagun hil ziren La Semaine Sanglantean zehar, baina kalkulurik optimistenek 30.000 hildakotik gora jotzen dute zifra, zauritu gehiagorekin eta 50.000 bat exekutatu edota presorekin; 7.000 pertsona Kaledonia Berrira erbesteratuak izan ziren. Gainontzeko presoentzat amnistia bat eman zen 1889an.

Paris salbuespen egoeran egon zen 5 urtez.

Komunaren erretrospektiba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaka bat komunaren hildakoen omenez (Pére Lachaise hilerria)

Parisko klase agintariak eta garaiko historialari burges gehienek Komunan «jendailaren agintearen» adibide garbia ikusi zuten, burugabe bezain azalpenik gabea. Egungo historialari gehienek, ordea, eskuinekoek barne, Komunaren hainbat erreformen balioa onartu dute eta hura zapaltzeko era basatia gaitzetsi.

Autore ezkertiar askok Komuna moderatuegia izan zela pentsatzen dute, zegoen egoera larrian egonda. Karl Marxek larritzat jo zuen Komunak «momentu baliotsuak galtzea» hauteskunde demokratikoak antolatzen, Versaillesen aurka erasoa jo beharrean. Komunak ez zituen ikutu ere egin Frantziako banketxe nazionalean gordeta zeuden milioika liberako diru-erreserbak eta diruaren trafiko librea utzi zuen, hain zuzen, diru huraxe bera erabili zenean Versailles finantzatzeko.

Komunista, anarkista eta ezkertiar askok demokrazia parte-hartzailean oinarritutako sistema politiko baten jabe den gizarte liberal baten eredutzat hartu dute Parisko komuna. Marx, Engels, Bakunin, Lenin, Trotskyk eta beste autore askok ikasgai teorikoak atera nahi izan zituzten Komunaren esperientziatik.

Parisko Komuna hainbat buruzagi komunisten ahotan egon da. Maok askotan egiten zion erreferentzia. Leninek, Marxek bezala, Komuna proletalgoaren diktaduraren adibidetzat ematen zuen. Hil zenean, Komunatik gordetako bandera gorri batekin hilobiratu zuten. Voskhod 1 espazio-ontziak Parisko Komunaren garaikur bat zeraman. Boltxebikeek Sevastopol gerraontzia "Parizhskaya Kommuna" izenarekin berrizendatu zuten, Komunaren omenez.

Beste Komunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Komunarekin batera, beste hainbat matxinada ere izan zen Lyon, Grenoble eta beste hiri batzuetan, eta denek, Pariskoak bezala, bizitza laburra izan zuten.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Parisko Komuna Aldatu lotura Wikidatan