Edukira joan

Parisko eraldaketak Bigarren Inperioan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haussmann Boulevardeko ikuspegia.

Bigarren Inperioko Parisko eraldaketak edo Haussmannen lanak deritze Frantziako hiriburua moderno bihurtzeko 1852 eta 1870 artean Napoleon III.ak eta Haussmann prefektuak bideratu zituzten lanei.  

Parisko hirigune zein kanpoaldean egin zuten hirigintza plana izan zen, honakoei eragin zielarik: kale eta boulevardak, fatxaden arautzea, berdeguneak, hiriko altzariak, estolderia eta ur zerbitzua, baita monumentu publikoak ere.

Lan hauek hiritarren eguneroko bizitzaren nondik-norakoetan aldaketa nabaria ekarri zuten. Halere, gerora zenbaitek gogor kritikatu zuten egindako lana kostua izugarria zelako, batetik; eta gizarteko klase-nahasketa gutxitu zuelako. Horrez gain, XX. mendean ez zitzaion garrantzia handirik eman proiektuari, nahiz gerra-ostean berriro ekiteko beharra nabaritu zuten. Azkenean, eraldaketa horiek sortu zuten mundura zabalduko zen Parisen irudi berria. Horrela, garai bateko Paris zahar hura eta bertako kale bitxiak boulevard eta plaza zabaleko hiri modernoaz ordezkatuta geratu ziren.  

1852: Enperadore ausart eta modernoa Erdi Aroko hiri baten aitzinean  

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Île de la Cité eta Erdi Aroko hiri-ehuna haussmanniar lanen aurretik (1771ko Vaugondy planoa).

XIX. mendearen erdialdean, askok bestela pentsatu arren, Paris erdigunea Erdi Aroko hiria zen. Paris, ordura arte beti bere buruaren gainean berreraiki zen, eta hortaz, XVIII. eta XIX. mende hasierako biztanleria handitzearekin, erdiguneko dentsitatearen ikaragarrizko handitzea gertatu zen. Erdigunea deritzogu aspaldiko Carlos V.aren harresiaren barneko etxe-inguruari, nahiz eta Luis XII.aren garaian zuzendu egin zuten. Kale estu multzo batek zirkulazioa eragozten zuen (Parisen, 1851ean, 60.259 auto zeuden eta hiriko errepide guztien luzera 500 kilometrokoa zen)[1] eta etxeetan gero eta jende gehiago bizi zen (txiroak gehienak), eta gaixotasun-iturri zirela salatu zuten higienistek.  

Garai hartan pentsatzen zutenaren arabera, kaleen estutasunak eta eraikinen garaierak haizearen zirkulazioa eragozten zuten, baita “miasmen” zabaltzea ere, gaixotasunak eta heriotza ere ekar baitzezaketen. Kaleek bost edo zazpi metroko zabalera izan zezaketen gehienez ere, baina beti zen estuagoa Sena ibaiak bere ibilguan uzten zuen zaborra zela-eta. Dirudunen klaseak gero eta gehiago irteten ziren auzo horietatik eta hiriko iparraldeko eta mendebaldeko fauborgetan bizitzen jartzen ziren. Hiriko erdigunearen pobretze hori, garaiko egoera politiko arriskuaz batera, da kendu nahi izan zutena, XIX. mendeko obra handi hauekin.

Napoléon III remet au baron Haussmann le décret d'annexion à Paris des communes suburbaines (Auteuil, Passy, Batignolles, Montmartre, La Chapelle, La Villette, Belleville, Charonne, Bercy, Vaugirard y Grenelle​)[2], Adolphe Yvon (1860).

Erdi Aroko Parisko etxebizitza ohikoenak egurrezko hormekin eginda zeuden, baita igeltsuz, karez edo hondarrez sortutako harri irregularrez osatutako armazoiekin ere. Logelek pisu bakoitzean bi leiho zituzten, eta egurrezko eta adobezko zorua zuten, elkarren artean karakol formako eskaileraz komunikatuta zeudelarik. Sukalde eta tximinia zuten etxe bakarrak nobleenak eta jauntxoenak ziren.  

Paris birmodelatzearen aurretik nolakoa zen erakusten duten adibideetako batzuk “Les misérables” edota “Notre Dame de Paris”en topa genitzake. Bestalde, aipatu beharrekoa da Erdi Aroko Paris ez dela soilik kale estuak dituena, baizik eta Notre-Dame, Sainte-Chapelle eta Le Palais de Louvre bezalako eraikin ederrak ere zituena.  

Lehen modernizazio saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoa iristerako, erregeek Paris apaindu nahi izan zuten. Ur-hornidura areagotzeko baliabideak bilatu eta hiria osatzen zuten uharteak lotu zituzten zubien bidez. Barrokoa izan zen hiriaren hobekuntza eta zabalkuntza zein hiria erregulatzeko asmo politikoak aurrera eramateko jarraitutako estiloa. Horretarako, igeltsurik gabeko zurezko xaflak eraikitzea debekatu zen, eraikinen altuera mugatu zen eta hiri-ardatzen luzera arautu zen, besteak beste. Hainbat eraikin ere eraitsi zituzten, eta "errenta-eraikinak" sortu ziren, non klase sozial guztietako herritarrak bizi ziren.

Dena den, XIX.mendeko haussmanizazioa eragin zuten gertakarien garapenaren zergatia behar bezala ulertzeko, historian zehar hiri-ikuspegia aldatu duten mundu mailako aldaketetan jarri behar dugu fokoa. Iraultza industrialak (1762-1842) besteak beste, garrantzitsuena gizabanakoen eta nazioen aberastasuna ahal zen bitarteko guztien bidez handitzea zela sinestarazi zuen. Irizpide hau jarraituz, ekoizpena lehenetsi zen, giza balioak eta balio sozialak bigarren planoan utziz. Honek ondorio nabarmenak izan zituen hirien forman eta garapenean.  

Beste faktore garrantzitsu bat Frantziako Iraultza (1789-1799) da. Monarkia absolutuaren boterepean ez zegoen mugimendu sozialentzako lekurik. Merkataritza oso arautua zegoen, prezio eta zergak etengabe igotzen ziren eta burgesiak ez zuen inongo erabaki eskubiderik.  

Goranzko presio sozial baten aurrean, Luis XVI .a erregeak Estatu Orokorrak (noblezia, kleroa eta herria) deitu behar izan zituen ordezkaritza-sistema birmoldatu ahal izateko. Bozketan herriaren ordezkariak izan ziren zigortuenak, iraultza soziala sortuz eta Bastilla hartuz. Luis XVI.ak Versaillesko Jauregia utzi behar izan zuen Subiranotasun Nazionala onartuz.

1789 eta 1791 urteetarako, Batzar Nazionala deitzea eta Konstituzio berri bat sortzea lortu zen, non, beste onura askoren artean, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideak aldarrikatu ziren eta nobleziaren eta kleroaren pribilegioak ezabatu ziren.

Lortutakoaren atsegin sozialetik haratago, krisi ekonomikoa eta politikoa hain handia zenez, ezinezkoa zen ordena ezartzea. Hori dela eta, 1795ean botere betearazleaz arduratzen zen direktorio bati dei egin zitzaion, gobernu kolektiboa eta gizarte-mailakoa bateratu ahal izateko. Gutxi iraun zuen bere garapen-denborak; izan ere, 1799an, Napoleon Bonapartek estatu-kolpea eman zuen, Brumaireko estatu-kolpea izenaz ezaguna, non, lehenik, kontsul gisa eta, ondoren, frantsesen Enperadore gisa ezarri zuen bere burua.

Napoleon I.ak hiria modernizatzeko asmoa izan zuen "Paris berritu" baten ideiarekin, baina ez zuen horrelako aldaketa bati ekiteko moduko laguntzarik. Bere lana lau hilerri berri, hiriko iturri berriak hornitzen zituen ubidea, hiltegien deszentralizazioa eta lau zubi berri eraikitzera mugatu zen. 1814an erori ondoren eta Napoleonen Inperioaren aztarna guztiak ezabatzeko, hainbat eskultura eraiki ziren Luis XVI .aren oroimena ohoratzeko. Argi eta garbi, garai horretako hiri-esku-hartzeek aristokraziari lagundu zioten, eta, beraz, eraldaketak apaingarriak baino ez ziren izan: elizak, antzokiak eta iturriak eraikiz eta klase pribilegiatuenen auzoak hobetzearekin batera.  

Hala ere, klase ertainen eta herrikoien bizi-baldintza deshumanizatzaileen ondorioz gero eta indar handiagoa hartzen ari zen matxinada sozial berri baten ondoren, koroak berriro onartu behar izan zuen Subiranotasun Nazionala 1830eko Iraultzan. Horrela hartu zuen indarra burgesia komertzialak, bozka-eskubidea beraientzat bakarrik gordez, eta Luis Felipe I.a errege ezarriz.  

Bere agintaldian administrazio publikoaren kontrola indartzea lortu zen, bereziki Senako Prefektuen boterea indartuz, Parisko hiri-garapenaren ardura zuen autoritate gorena osatu zutenak. Haussmannen aurretik zenbait funtzionariok jardun zuten kargu horretan, baina, zalantzarik gabe, Rambuteau prefektua izan zen aipagarriena, jabetza pribatuari gutxi eragiten zion berregituraketa-plan bat planteatu eta udal-funtzionarioek onartutako hiri-ekintzako plan bat eratu zuena, Paris poliki-poliki eraldatzea proposatuz. Dena den, beste matxinada batek eragotzi zuen hori egitea.

1848ko Iraultza mobilizazio uholde baten ondorioz sortu zen. Burgesia txikia langile-klasearekin eta ikasleekin batuz, Luis Felipe I.ak abdikatzea eta behin-behineko gobernu bat sendotzea lortu zuten gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez. Frantziako Bigarren Errepublika Luis Napoleon Bonaparteren esku gelditu zen. Burgesiak ongietorria eman zion, ondoren 1851n eragindako estatu-kolpearen aurrean amore eman eta 1852ko abenduan Inperioa aldarrikatzeko.

Bigarren Inperioaren hasieran, 1841eko legearekin batera, onura publikoko desjabetzeari eta zorpetzeko baliabide sistematiko bati buruzko erregelamendu-xedapen berriak sartu ziren, enperadoreak izendatutako Senako prefektu berriaren eraikuntza-politikaren oinarriak osatzeko. 1845ean, Victor Considérant erreformatzaile sozial frantziarrak honako hau idatzi zuen:

Paris, usteltze lantegi itzela da, non miseriak, izurriteak eta gaixotasunek batera lan egiten duten, non airea eta eguzkia ia ez diren sartzen. Paris leku txarra da, non landareak etiatzen eta hiltzen diren, non zazpi haur txikitik sei hiltzen diren urtean[3].

Ile de la Citeko eta Quartier des Arciseko (Louvre eta Hôtel de Ville artean) kaleen itxura gutxi aldatu zen Erdi Arotik. Auzo horietako biztanleria-dentsitatea oso handia zen Parisko gainerako auzoekin alderatuta. Eliseo Zelaiak auzoan, populazioaren dentsitatea 5380 bizt./km² zen; Arcis eta Saint-Avoye auzoetan, gaur egungo III. barrutian, egoiliar bat zegoen hiru metro karratuko. 1840an, mediku batek Ile de la Citeko eraikin bat deskribatu zuen. Laugarren solairuan bost metro karratuko gela bat zegoela zioen, non hogeita hiru pertsona zeuden, helduak eta haurrak. Egoera horretan gaixotasunak erraz zabaldu ziren. Kolera-izurritek hiria suntsitu zuten 1832an eta 1848an. 1848koan bi auzo horietako biztanleen %5 hil zen[4].

Bigarren Inperioaren hastapenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Le Marais (Hôtel de Sens), Haussmannen piketara ia erabat ihes egindako erdialdeko auzo bakanetako bat.

Napoleon III.ak Paris modernizatu nahi zuen. 1846an Londresera joan zen bizitzera eta bertan bi urtez egon zen. Londres parke eta saneamendu-sare handiez hornitutako hiriburu handi bat zen, Industria Iraultzak eraldatutako herrialde batean. Horregatik, Rambuteauren ideiei berriro heltzea erabaki zuen. Azkenik, helburua zen agintari publikoei hobeto erraztea 1789tik aurrera hainbat erregimen eraitsi zituzten altxamendu herrikoiak zituen hiriburu baten kontrola. Jabeek berek, beren lokalen eta auzoaren balorizazioaz ere jeloskor, bide zabalagoak eta zuzenagoak eskatzen zituzten, tropen joan-etorriak errazteko.

Proiektu hori aurrera eramateko, enperadore berriak egundoko indarra zuen, erresistentzia guztiak gainditzeko gai zena, eta hori da falta izan zitzaiena bere aitzinekoei.  

Napoleon III.ari geratzen zitzaiona ekintzak masiboki egiteko gai zen gizon bat aurkitzea zen. Eta topatu zuen, Georges Èugene Haussmann izan zen Napoleon III.ak zioen gizon hori. 1853ko ekainean Senako prefektu izendatu zuen Haussmann. Bere zeregin nagusia «hiria aireztatzea, bateratzea eta edertzea» zen[4].

Beraz, Haussmann Bigarren Inperioaren eszenatokira iritsi zeneko atarikoa besterik izan ez ziren gertaerak honela laburbil daitezke: industriaren gailurra eta burgesia boteretsu baten sorrera, kapitalismoaren heldutasuna Frantzian eta bere isla Parisen, 1830eko iraultza, hiria isolatu zuten krisi ekonomikoak, Parisko baldintza txarrak eta bere mailako hiri baten eskakizun burgesa, eta azkenik, 1848ko iraultza eta Napoleon III.aren Inperioak kutsu sozialista zuen beste edozein matxinadari zion beldurra.

Normalizazio publikoaren eta ekimen partikularraren arteko lankidetza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saint-Georges plaza.

Sansimonismoaren eraginez, Napoleon III.ak eta Miguel Chevalier bezalako ingeniariek edo Pereire anaiak bezalako enpresariek boluntarismo ekonomikoan sinesten zuten, gizartea eraldatu eta pobrezia birxurgatu dezakeena. Botere indartsua da, baita autoritarioa ere, kapitalistak gizarte osoari eta, bereziki, pobreenei mesede egingo dieten lan handiak egitera animatzeko. Sistema ekonomikoaren euskarria banka da, nabarmen garatu baitzen. Printzipio horiek aplikazio-eremu ezin hobea aurkitzen dute Parisko berrikuntza-proiektuetan. Haussmannen lanak Estatuak erabaki eta kokatuko ditu, enpresaburu pribatuek gauzatuko dituzte eta maileguak finantzatuko ditu.

Haussmanniar sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, Estatuak berritze planoek eragindako lurren jabeak desjabetu zituen. Ondoren, eraikinak erorarazi eta ardatz berriak eraikitzen zituen, hiri-ekipamendu guztiekin (ura, gasa eta hustubideak). Haussmannek, Rambuteauk ez bezala, mailegu masiboak erabili zituen eragiketa horietarako behar zen dirua lortzeko, 50 eta 80 milioi libera bitartean urtean. 1858tik aurrera, Parisko Caisse des travaux (Parisko obren kutxa) izan zen finantzaketarako tresnarik balio handikoena. Estatuak mailegatutako dirua berreskuratu egiten zuen, lursail berria banakako loteetan salduz, eraikin berriak baldintza-agiri zehatz baten arabera eraiki behar zituzten sustatzaileei. Sistema horri esker, urtero udal-aurrekontua baino bi aldiz diru gehiago bideratu ahal izan zen lanetara.

Orduan, sistema pitzatzen joan zen pixkanaka. 1870ean Kutxaren mailegu masiboek 1500 milioi liberako zorra sortu zuten eta horrek obra handiei ospea kentzen lagundu zuen. Jules Ferryk 1867an izandako finantza-zuloa salatuko du: «Haussmannen kontu fantastikoak»[5].

Erregulazio publikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haussmannek lanak errazteko eta kale nagusi berrien homogeneotasuna egiaztatzeko egokitutako lege- eta araudi-esparrua baliatu zuen.

Parisko kaleei buruzko 1852ko martxoaren 26ko dekretuak, Haussmann izendatu baino urtebete lehenago onartuak, tresna juridiko nagusiak gaitu zituen:

  • Funtsezko xedapena: administrazioak bakarrik erabakitzen du desjabetzeen perimetroa. Beraz, hiri-sare zaharra mozteko aukera izan zuen, eta ez bakarrik zuzenean bidearen gainazalean zeuden eraikinak; bide publikoak erabili gabeko lursailak, gainbalio handi eta oso altu batez baliatuz, hiriaren jabetzakoak ziren, eta lehengo jabeei ihes egiten zieten. Hala ere, zegokien kalte-ordainak murriztea ez zen kontua. Xedapen horien gainean oinarritu behar zuen nagusiki Haussmannek bere obra handien politika gauzatzeko, oso garestiak baina oso eraginkorrak. Tresna horri esker, Île de la Cité-ren zati handi bat suntsitu ahal izan zen, baita Châtelet eta Hôtel-de-Villeren artean kokatutako auzo jendetsu osoa ere, Arcis auzoan kokatua. 1860tik aurrera, ordea, Estatu Kontseiluak murriztu egin zuen administrazioaren botere diskrezionala, eta horrek desjabetzeak zailago bihurtu zituen.
  • Parisko bideen berdintzeari, eraikinen lerrokadurari eta hustubideetarako konexioari buruzko araudia.

Botere publikoek, aldi berean, eraikinen galiboan esku hartzen dute, erregelamendu-bidetik, eta fatxaden alderdi estetikoan bertan, zortasunen bidez:

  • 1859ko Parisko hirigintza-araudiak fatxadak 20 metroko altueraraino igoaraztea ahalbidetzen zuen Haussmann irekitzen ari zen 20 metroko zabalerako kaleetan; lehenagoko gehieneko altuera, berriz, 17,55 metrokoa zen. Teilatuak azken solairuko teilatu-hegaletik egindako 45 graduko diagonal baten azpian inskribatu behar ziren beti.
  • Bide berrietan zehar eraikinak eraikitzeko baldintza partikularrak bete behar ziren fatxaden itxurari dagokionez. Mehelin-etxeek «solairuaren altuera eta fatxadaren lerro nagusi berberak» izan behar zituzten. Tailatutako harria nahitaez erabili behar zen boulevard berrietan.

Bideen kudeaketaz eta zerbitzu publikoez arduratzen diren bide-arkitektoek betetzen duten paper nagusiak Estatuko gorputz handietan ingeniariek hartutako garrantzia markatzen du.

Lanen garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1850 eta 1870 bitartean Parisko erdigunean sortutako edo eraldatutako ardatz nagusiak.

Lanen garapenak Inperioaren garapenaren nondik norakoak erakusten dizkigu: autoritarioa 1859. urtearen aurretik, eta liberalagoa 1860tik aurrera. 20.000 etxe bota zituzten 40.000 berri eraikitzeko 1852 eta 1870 artean. Urbanismo arloko lan horietako batzuek jarraipena izan zuten Frantziako Hirugarren Errepublikan, Haussmannen eta Napoleon III.aren irteeraren ostean. Parisek 1860an bere “faubourg”ak (hiriaren kanpoaldea) hartu zituen “fortifikazio”etaraino. Azken horiek Thiersek eraiki zituen 1844an (eta 1919tik aitzina bota zituzten).  

Lehengo 12 distrituak (Arrondissements frantsesez) hogei bihurtu ziren, eta ez zuten lehengoen muga edo zenbatzerik errespetatu.  

Irekiera handien sarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren Inperioan eta Hirugarren Errepublikaren hasieran sortutako edo eraldatutako ardatz nagusiak.

Ramboteauek kale berri bat ireki zuenean hiriaren erdigunean, Parisko biztanleak harritu egin ziren haren zabalera zela-eta: 13 metro. Haussmannek Rambuteau kalea bigarren mailako bidearen tartera eramango du, 20 m eta 30 m arteko irekiera-sare berri batekin. Foch etorbideak ere 120 metroko zabalera izan zuen, bere pasealeku eta guzti. Diderot Boulevarda sortzeko lanean hasi zen, Rue Mazas zabaldu zutelako. Haussmaniar eta post-haussmaniar lanek gaur egun oraindik ere hiriaren hezurdura osatzen dute.  

Ipar-hego eta ekialde-mendebalde arrakala handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1854tik 1858ra, Haussmannek Napoleon III.aren garai autoritarioena aprobetxatu zuen, Paisen historian seguruenik hamarkada horretan soilik egin zezakeen aldaketa egiteko: erdigunea eraldatu intersekzio handia eraikiz.  

Antzinako barrutiak eta Parisko muga berria 1860tik.

Ipar-Hego ardatzaren eraikuntzak, Sebastopolen boulevardetik Saint-Michel boulevardera egiten zuenak alegia, hainbat kaletxo eta irteerarik gabeko bide mapatik kendu zituen. Grand Chatelet eta Rivoliren kalearen parean bidegurutze handia jarri zuen: azken kale hori, Napoleon I.ak Tullerien Jauregiaren inguruan sortutakoa, Saint Antoineraino luzatu zen Bigarren Inperioan.  

Bitartean, Baltardek Felix-Emmanuel Calletek “Halle”ak egokitzen zituzten beren zerbitzurako. Proiektu hori Rambuteauk abiatu zuen. Hori egiten zutela, “Ile de la cité” berregin eta zati batzuk desegin egin zituzten. Horko zubiak berriro egin zituzten. Rue des Halles deritzana 1854an egin zen, “Halle”ak Chatalet plazarekin elkartzeko helburua zutela.  

Ezkerreko urertzeko lanak 1854tik aitzina egin ziren. Rue des Ecolesen irekierak Rue des Fosses-Saint-Bernarderaino, Haussmannen kargu-hartzea baino lehenago jada diseinatuta zegoenak, latindar auzoarekin konexio hobea ahalbidetu zuen.  

Haussmannek bidegurutze hori lehenengo boulevard horiek erdigunearekin elkartzen zituzten ardatzekin osatu zuen, esaterako, ezkerreko urertzeko Rue de Rennes, edota Operaren etorbidea eskuineko urertzean. Halere, esan beharra dago Operaren etorbideko lanak orokorrean ez zirela hasi 1876ra arte, eta 1879ra arte ez zirela bukatu. Rue de Rennes hori, Senaraino iritsi behar zuena, ez zen sekula bukatu.  

Boulevarden koroen amaitzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haussmannek Luis XIV. Lanari jarraipena eman zion. Boulevard handiak zabaldu zituen eta galibo handiko ardatzak sortu zituen, Richard-Lenoir boulevarda bezala.

Mendebaldeko auzoek prestigiozko operazio bat izan zuten: hamabi etorbide, gehienak Bigarren Inperioan zehar eraikiak Étoile plazan elkartzen ziren. Horien artean, Foch etorbidea, jardinez inguratua, berezia zen 120 metroko zabalera zuelako. Horrekiko alde handia du, esaterako, Friedland etorbideak, Haussmann boulevarda bukatu eta gero, Etoile plaza Opera auzoarekin elkartu zuen ardatz baten lehenengo partea izan zelako.  

Voltaire boulevarrari esker, erdigunea hobeto inguratuta geratu zen Nazio plazatik, eta Daumesnil etorbideak ibaiertzeko auzoak Lyongo geltokitik banatu zituen, Vincennes basorako bidea irekitzen zuelarik.  

Hirugarren sarea: kanpoaldeko distrituak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rue de Rivoli eraikitzeko gaueko lanak, L'Illustration 1854.

Bere agintaldiko azken urteetan, Haussmann, 1860an hirira atxikitako gune berrietako distrituak egokitzen hasi zen. Horrela bide luze eta bihurgunetsua sortu zuen, XIX, XX eta XXI distrituei kalte egiten ziena. Honakoak ziren, euren frantsesezko izenez: Rue de Puebla, Rue des Pyrénées eta Avenue du Général-Michel-Bizot.

Ardatz batzuek Luis XIV.aren boulevard batzuk Ferme généraleetan dauden beste boulevard batzuekin elkartzen zituzten. Haussmann boulevardeko azkeneko zati batzuk eta Fayette kaleko eskubiko guneak, modu partzialean 1870 baino lehen egindakoak,  Chaussée-d'Antin eta Faubourg Montmartre auzoetan zerbitzu hobea egoteko giltzarri izan ziren, kanpoko distrituen bidez.

Ezkerreko ibaiertzean, berriz, “Boulevards du midi” bezalakoak, Italia plazatik, Denfert-Rochereau plazatik eta Montparnassetik pasatzen zirenak, hirigunetik urrutiegi zeudenez, Ekialde-Mendebalde norabidean sortuko zen beste bide baten alde agertu ziren. Haussmannek Eskolen kalea, Napoleon II.ak diseinatua, bikoiztu egin zuen tamainan, bere proiektuan: Saint-Germain boulevarra, ezkerreko ibaiertzean Iparraldeko ibaiertzeko boulevarrak luzatu zituena.

Malesherbes boulevarda bezalako beste ardatz batzuek, edota Barbes eta Ornano boulevardak, Gare du Norden ingurukoak, aukera eman zuten kanpoaldeko barrutiak erdiguneko noranzkoan gurutzatzeko.  

Operaren etorbidea, Pissarrok gaur egungo Hôtel du Louvre-tik ikusita.

Plaza-biribilguneak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkulazioko ardatz handien konexioak (boulevardak, hiribideak eta horrelakoak), horien neurriko plazen sortzea eskatu zuen. Chatelet plaza, esaterako, Davioudek egokitua, Paris Iparraldetik Hegoaldera eta Ekialdetik Mendebaldera gurutzatzen zuten bi ardatz nagusien bidegurutze bihurtu zen. Haussmannen lanek jada Parisen bazeuden plaza batzuen birmoldatzea ere eskatu zuen, horietako batzuk hauek direlarik: place de l'Etoile, la place du Château-d'Eau edota la place de l'Hôtel-de-Ville (euren frantses izenarekin). Beste plaza batzuk sortu behar izan zituzten, lehenago ez baitzeuden: Malesherbes,  l'Alma, Pereire, Puebla, Prince-Eugène edota Operarena horren adibide garbia dirateke.

Tren geltokiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haussmannek Lyongo tren geltokia eraikiarazi zuen 1855an. François-Alexis Cendrierrek burutu zuen proiektua. Bestalde, Iparraldeko geltokia edo “Gare du Nord” 1865an eraikiarazi zuen. Azken hori Jacques Hittorffek egin zuen.  

Bere ametsa Parisko geltokiak beren artean trenbidez lotzea zen. Halere, ardatz garrantzitsuekin lotura ahalbidetzea baizik ez zuen lortu. Lyongo geltokitik Richard-Lenoir boulevardak eta Magentaren boulevardak Ekialdeko geltokira edo “Gare de l’Est”era iristea errazten zuten. Paraleloak ziren bi ardatzek, La Fayette kaleak eta Haussmann Boulevardak alde batetik, eta bestetik, Chateaudun eta Maubeuge bestetik, Ekialdeko geltokiaren auzoa lotzen dute, eta Iparraldeko geltokiaren auzoa Saint-Lazare geltokiarekin. Ezkerreko ibaiertzean, Rennes kaleak Montparnasse geltokia lotzen du, lehen oraingo “Torre Montparnasse” dagoen lekuan zegoelarik.  

Opéra Garnier.

Napoleon III.ak eta Haussmannek hiria hobetzeko azkeneko aldaketa batzuk egin zituzten. Charles Garnierrek Garnier Opera eraiki zuen estilo nahiko eklektikoan, eta Gabriel Davioudek Chatelet plazan simetrikoak ziren bi antzoki sortu zituen.  

Dieu Hotelak, hiriko kuartelak (polizia-prefektura bihurtuko zena gerora) eta merkataritza-tribunalek Erdi Aroko Île de la Citéko auzoak ordezkatu zituzten. Parisko hogei distritu berrietako bakoitzak bere udaletxea izango zuen ordutik aitzina.

Horien lana izan zen hirian orain mintzagai ditugun monumentuen sartzea, itxura berria emanez inguruari. Horrela, Operaren hiribidea Garnier eraikinari itxura hobea eman asmoz sortu zen, baina eraikin horrendako txikiegia zen eta, hortaz, fatxada altxatu behar izan zuen inguruko eraikin altuen garaierara egokitzeko; aldiz, euren ustez Notre-Dame katedrala blokeatzen zuten etxeak, berriz, zabalgune handi batera igaro ziren.

Erlijioari dagokionez, Bigarren Inperioak San Eugenio elizaren etorrera zekusan (orain Église Saint-Eugène-Sainte-Cécile deritzana), baita Hirutasun Sainduarena, San Ambrosioren Elizarena eta San Agustinena ere. Azken hori berezia da ganga garaia duelako, kontrahormarik gabea, metalezko egitura bati esker egin ahal izan zena, eta kokaleku ezin hobea duelako, hain justu hainbat boulevard nagusi elkartzen diren bidegurutzean.

San Agustinen eliza.

Hornikuntza publiko modernoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko berritzeak globala izateko asmoa zuen. Ostatuen osasun-egoerak haizearen igarotze hobea ekarri zuen, baita uraren egoera hobea ere, eta hondakinen bideratze anitzez ere hobea.

1852an, ur edangarria nagusiki Ourcq ibaitik zetorren. Lurrun makinek Senatik ere hartzen zuten ura, baina azken hori erabat zikina zen. Haussmannek Belgrand ingenieriari eman zion hiribiruko ur-horniketaren ardura, eta horrek 600 kilometroko akueduktuaren eraikuntza egin zuen 1865 eta 1900. urteetan. Lehenengoak, Dhuisekoak, Chateau-Thierry inguruan hartutako ura ematen zuen. Akueduktu horiek hiriko deposituetara zeramaten ura. Hiriburuan bertan eta Montsouris parkearen alboan, Belgrandek garai hartako munduko ur depositurik handiena ezarri zuen, Vanneko ura jaso asmoz, Montsourisen urtegikoa.  

Bigarren sareak, ur ez edangarriarentzako zenak, Ourcqetik eta Senatik hartzen zuen ura baita ere, kaleen garbitzeko eta berdeguneen ureztatzeko. Hori lortzeko, Alma zubiaren azpian ezarritako alderantzizko sifoi batek ezkerraldeko kanalizazioek ura eskubikoei eman ziezaieten uzten zuten.  

Ur zikinen eta hondakinen ebakuazioa edateko ura ekartzearen parekoa zen. Beste behin ere, Bigarren Inperioa izan zen Parisko estolderiaren modernotzean pausu garrantzitsuena eman zuena. 1852ko legeak eraikinen sareekiko lotura derrigortu zuen, kaleak estolderia sistema zeukanean. Ez zeukaten kaleek garbitze sare berri baten ezartzea ikusi zuten: 340 kilometro sare baino gehiago eraiki ziren Belgranden agindupean 1854 eta 1870en artean. Sarea bateratzailea zen, nolabait esatearren: euri-ura eta ur zikina leku beretik joan ohi ziren. Isurbideek zikinkeria Senan hustutzeari utzi zioten, Parisko erdi-erdian, alegia. Eta, horren ordez, anitzez ere urrutiago hustu zuten, ibaian behera jarraituta: Asnièresen.

Bi sare horiek, luze eta zabalak ziren eta perfekzionatu egin ziren hurrengo garaietan. Gaur egun oraino horiek erabiltzen dira.

Napoleon III.ak Parisen gasaren banaketa ere berrantolatu zuen. 1850ean, lan hori enpresa bakar bati eman zion, Parisko Gas Konpainiari, alegia, beti ere prezioak kontrolatzen zituztelarik. Hiri-gasaren kontsumoa, zeina harrikatza koke bihurtzearen prozesu kutsakorraren ondorio baitzen, Julioren Monarkiaren garaian Parisen agertua zena, nabarmen ugaritu zen.  

Aldi berean, Haussmannek Daviouden esku utzi zuen gaur egun hiriburuko espaloietan eta lorategietan dauden hiri-altzariak egitea.

Berdeguneak ez ziren ohikoak Parisen, beti harresi barruan garatu zen hirian. Hala, hiria zabalduagatik, estutze sentsazioa ematen zuen.  

Londresko parke handi eta ederrez liluratuta, Napoleon III.ak Jean-Charles Alphand ingenieriari, Errepublika garaian Haussmannen ondorengoa izango zenari, hainbat parke eta baso eraikitzeko agindua eman zion. Boulugneko eta Vincennesko basoek hiria inguratu zuten Mendebaldean eta Ekialdean. Thierseko harresiaren barruan, Buttes-Chaumont eta Montsouris parkeek paseatzeko aukera ematen zieten Paris kanpoko baso handietatik urrun bizi ziren biztanleei. Monceau parkea, Orléans familiarena zena garai batean, zatitan banatua izan zen, eta berreraiki egin zen. Auzo bakoitzak, bestalde, square txikiak zituen (laurogei plaza inguru, Parisko laurogei auzoentzako: horren helburua biztanle bakoitzak etxetik oinez hamar minutura baino gutxiagora parke bat aurkitzeko aukera izatea zen), zuhaitz ilarek hiriko etorbideak inguratzen zituztelarik (garai hartan Parisko kaleetan 80.000 zuhaitz inguru landatu zituztela pentsatzen da)[6].  

Haussmann inspiratu zuen hiria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon III.ak Haussmanni emango zion kargua hartu aurretik, azken hori Girónseko eskualdeko prefektua zen. Bordelen bizi zen, eta hiri horretan etorbide zabalak zeuden, eta horien zabalerak inguruko eraikinen garaierarekin bat zetozen. Hortaz, hiriburuaren agintea hartu zuenean, Bordelek Parisen antza izan zezan nahi zuen.  

Louis Lazarek erakusten du lan horien ondorioz 57 kale eta 2227 etxe ezabatu eta kendu zituztela, hurrenez hurren. Eta horrela, 25.000 biztanlek, ia denak langileak, erdigunetik alde egitera behartuta ikusi zutela euren burua eta kanpoaldera baztertuak izan ziren. Leku-aldaketa hori, Parisko erdiguneko obren ondorio izan zena, indarrezko migrazioa izan zen. Jende gehiena antzinako Octroi harresiaren inguruko auzoetara joan zen, nagusiki Faubourgs du Temple, Saint-Antoine eta Saint-Marceau guneetara. Horrez gain, kanpoko komunetara ere alde egin zuten: Belleville, Ménilmontant, Charonne, Ternes, Montrouge, Vaugirard eta Grenelle.

Napoleon III.aren hirigintza politikei kritika eta Haussmannen urruntzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles Garnier bezalako artista eta arkitektoek arkitektura monumental horren monotonia salatu zuten. Politikari eta idazleek espekulazioaren eta ustelkeriaren zabaltzea salatu zuten (Zola-ren La Curée), eta batzuek arrazoi izan gabe Haussmann salatu zuten, aberats egin zelakoan. Hala ere, kritika ugariak sakoneko gaiei buruzkoak ziren, eta azkenean prefeta erorarazi zuten.

Haussmannen lanaren inguruko eztabaida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezer baino lehen esan beharko genuke Parisen eta Haussmannen kasuan bere lanik garrantzitsuena ez zela izan emaitza ikusgarriena zuena, eraldaketa batez ere Parisko ohiko trafikoa eta garraioa hobetzean oinarritu zen (hornidurarako, hondakinak ezabatzeko, merkataritzako eta eraikuntzako materialen zirkulaziorako), higienearen modernizazioan, lurpeko sare modernoen ezarpenean, gainazalean hiri-altzari eraginkorren instalazioan eta kale berrietan zehar ospe handiko arkitekturaren handitasunean eta harmonizazioan.

Haussmanen planak irtenbidea ematen zion lehendik ere bazegoen arazo bati, eta irtenbide hori modu iraunkor batean eskaini zuen, hiriak etorkizunean izango zituen aldaketetan ere mantendu ahal zena. Hori izan zen bere planaren alderik interesgarriena. Baina aldaketak egiteko modu horrek bere garaian kritika asko izan zituen. Liberalek finantza-metodoak kritikatzen zituzten, eta intelektual eta artistek ez zioten barkatzen haientzako Paris zaharra zenaren txikitzea, eta hiri berriaren arruntkeria. Orokorrean, Haussmannen planak ederki funtzionatu zuen hamarkada anitzetan, baina gero ikusi zen jada ez zela egokia, eta txikia zela garai berrien handitze-beharretarako. Gainera, hirigintza hura handiegia zen malgua izateko beharren arabera moldatu ahal izateko. Funtsean, Haussmannek pentsatzen du Paris berrantolatu egin daitekeela behingoz, eta berrantolaketa hori erregulartasun geometrikoaren eta simetriaren irizpideen arabera egin beharko dela, puntu honetan akademiaren kulturaren konbentzionalismoak onartuz.

Haussmannek ezin du hirigile barrokoek egingo duten bezala jokatu, baizik eta hiri-eraketan beti modu aldakorrean jarduten duten indar anitzen etengabeko estimulu eta koordinazioa da bere ekintza.

Hirien zabaltzea erregimen autoritario baten arma bailitzan?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon III.aren garaikideek salatu egin zuten, gizartearen eta higienismoaren kezken azpian, funtsean poliziarena zen proiektu bat ezkutatu izana: bide zabalak eraikitzearen helburu nagusia tropen mugimenduak erraztea izango zen, eta kale zuzenak ezartzeak kanoiarekin jendetza matxinatua eta barrikadak botatzea ahalbidetuko zuen.

Lanen handitasunak, bestalde, honakoa ere erakusten zuen: Napoleonen helburuak ez zirela segurtasun publikoaren eremura mugatzen. Boulevarden irekitzeaz gain (horixe zen parterik zirraragarriena), eraldaketak lur-azpian sare berri batzuen sortzea esan nahi zuen, higigarri txukunak lurzoruan eta arkitekturaren harmonizazioa kale berrietan gaindi. Egia da, halere, Napoleonek ordena zorrotza ezarri nahi zuela. Haussmannek bere lanen defentsa egiteko ordena bermatuko zutela errepikatu zuen hainbatetan. Dimentsio estrategikoak garrantzia izan zuen, baina beste faktore batzuetan bat gehiago soilik izan zen. Seguruenik garrantzitsuena izan zen, halere kuartel nagusiak euren artean lotzen saiatu zirenean. Voltaire boulevarda eta Monge kalea izan ziren horiek, Gay-Lyssac eta Claude-Bernard, Pierre Pinelek dioskunez.  

Haussmann ez zen izan poliziaren arduradun. Bere agintaldiaren ondorioz, hain justu, poliziaren prefektura indargabetu egin zen, Parisko prefektuaren mesedetan, zeinak kaleen garbitzearekin, argiteriarekin eta osasungaiztasunarekin lotutako arazoak hartu behar izan zituen bere kargu.  

Gizarte-orekaren porrota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Opera etorbidearen irekitze lanak.

Hasiera batean Paris Napoleon III.aren izpiritu bilakatzera bultzatzen zuten gizarte-idealak gorabehera, behatzaile garaikide ugarik Haussmannek egindako hiri-eragiketen ondorio demografiko eta sozialak salatu zituzten.

Luis Lazarek, Rambuteau prefektuaren pean dictionnaire des voies parisiennes garrantzitsu bat idatzi zuenak [Parisko kaleen eta bertako monumentuen hiztegi administratibo eta historikoa], 1861ean Revue municipale-n uste zuen haussmanniar lanek laguntza behar zuen biztanleria neurrigabe haztea eragiten zutela, Parisera txiroak erakarriz.

Bestalde, kritikek, 1850eko hamarkadaz geroztik, berriztapenek Parisko osaketa sozialean zuten eragina salatu zuten. Modu eskematiko samarrean, haussmanniar aurreko eraikin paristarraren erretratua egiten zen, Parisko hierarkia sozialaren sintesi gisa: burgesak, lehen solairuan; funtzionarioak eta enplegatuak, bigarren eta hirugarrenetan; langileak, laugarrenean; zerbitzuko langileak, ikasleak eta pobreak, ganbaretan. Gizarte-klase guztiak bat zetozen horrela eraikin berean. Elkarbizitza modu hau , auzoen arabera ezberdina zena, noski, desagertu egin zen Haussmannen lanen ondorioz. Bi ondorio izango zituzten, habitata Parisen banatzeko planaren arabera:

  • Hirigunearen berrikuntzek alokairuen igoera ekarri zuten berekin, eta horrek behartuko zituen familia pobreak barruti periferikoetara joatera.
  • Hirigintza-politika horren zenbait erabakik Parisko gizarte-osaketa desorekatzen lagundu zuten, mendebaldea aberatsaren eta ekialdea behartsuaren artean. Hala, Parisko ekialdeko auzoek ez zuten inolako onurarik izan XVI. eta XVII. barrutietako Izar plazaren inguruko etorbide luzeen pareko obrekin. Pobreak, orduan, berrikuntzetatik kanpo geratu ziren auzoetan biltzen ziren.

Horri erantzunez, Haussmannek aurretik jarri zuen Vincenneseko basoa sortzea, oso konplexua, langileen herriei Boulogneko basoaren pareko pasealeku bat emateko. Bestalde, aipatzekoa da Haussmanneko «nettoyés» auzo osasungaitzetan ez zegoela ia burgesik.

Horrela, zonifikazio modu bat eratu zen, biztanleen eta jardueren banaketa beti nagusi izan zena Parisen eta bere banlieue hurbilean: erdialdean eta mendebaldean, bulegoak eta auzo burgesak, ekialdean eta periferian biztanle pobreenak eta jarduera industrialak.

Finantzaketa-sistemaren krisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1860ko hamarkadaren amaieran, finantzaketa-sistemak disfuntzioak ezagutu zituen. 1860an auzo mugakideen anexioa oso garestia izan zen: auzo suburbano horietan egin beharreko lanak hiriaren erdialdean baino garrantzitsuagoak ziren, jada ekipamendu batzuk baitzituzten. Aurreikusitako kredituak, nolanahi ere, ez ziren nahikoak izan. Bestalde, erregimen politiko bera malgutzeak desjabetzeak zailago bihurtzen zituen; Estatu Kontseiluaren eta Kasazio Gortearen jurisprudentziak ia beti esku hartu zuen jabeen alde.

Gainera, paristarrek nekez jasaten zituzten hiria hogei urte baino gehiagoz geldiarazten zuten obrak. Kanpoko barrutiak obrekin betetzen zituzten bulebar-sareek ez zuten Sesbastopoleko bulebarra edo Saint-Germain bulebarra irekitzea bezain erabilgarritasun nabarmenik.

Jules Ferry ezagun egin zen Les comptes fantastiques d 'Haussmann (Haussmannen kontu fantastikoak) izenburupean bildutako prentsa-artikulu batzuei esker. Azken proiektuen gehiegizko anbizioa eta finantziazio zalantzagarria salatzen zituen. Izan ere, proiektu horiek ez ziren maileguaren bidez finantzatzen, Parisko Caisse des travaux [Parisko obren kutxa] delakoak jaulkitako ordezkaritza-bonuen bidez baizik, Parlamentuaren kontroletik kanpo.

Haussmann, azkenean, 1870eko hasieran kargugabetu zuten, Bigarren Inperioa amaitu baino hilabete batzuk lehenago. Hartutako zorrak, azkenean, Hirugarren Errepublikak irentsi zituen.

Parisko berrikuntzaren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rue Monge: fatxada haussmanniar klasikoaren hiru mailak.

Haussmanniar estetika: «kale-horma»

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Haussmannianismoa» ez zen nahikoa izan kaleak egin eta ekipamendu egokiak sortzeko. Eraikin pribatuen alderdi estetikoan ere esku hartu zuen.

Etxadiaren kalearen aurrealdea (frantsesez, uhartetxoa, îlot) multzo arkitektoniko homogeneo gisa sortu zen. Eraikinak ez ziren autonomoak, hiri-paisaia bateratu baten zati izan behar ziren irekiera berrietan oinarritutako beste eraikin batzuekin batera. Hala ere, Haussmanniako etxadiak heterogeneoa izaten jarraitzen du: irekiera berrietan kokatutako lursailei bakarrik eragin zien modernizazioak, eta aurreko etxadiko beste lursailak ez ziren suntsitu. Aurreko mendeetako eraikinek eta eraikin berriek topo egiten zuten bertan, eta lurzati eraikiezinek agerian uzten zituzten patioetan edo lerrokadura berrietan egindako eraikin berrien atzealdeak.

Parisko hirigintza-erregelamenduak eta botere publikoek ezarritako zehaztasunek tipologia bat bultzatu zuten, Parisko higiezinaren bilakaera klasikoa Paris haussmanniarraren berezko fatxadarantz eraman zuena:

  • beheko solairua (rez-de-chaussée) eta behegaina kuxin-horma batekin;
  • solairu «noblea», balkoi bat edo birekin; bigarren eta hirugarren solairuak estilo berean, baina hain aberatsak ez diren leihoen markoekin;
  • laugarren solairua balkoi jarraituarekin, apaindurarik gabe;
  • fatxadaren planotik 45 gradura dauden ganbarak.

Fatxada lerro horizontal sendoen inguruan antolatzen da, sarritan eraikin batetik bestera jarraitzen dutenak: balkoiak, erlaitzak, irtengune garrantzitsurik gabeko fatxaden lerrokadura perfektua. Rivoli kalearen eredua Parisko kale berri guztietara hedatu zen. Fatxadetan, zerraketa eta garraio-tekniken aurrerapenei esker, harri landua erabili ahal izan zen, bloke lodi gisa. Kaleek efektu monumentala eragiten zuten, eraikinei dekoraziora jotzeko aukera emanez. Eskulturagintza eta moldaketak ez ziren mendearen amaierara arte ugaritu.

Haussmann bulebarraren amaiera 1925ean.

Haussmannianismoaren gerokotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haussmanniar eraldaketek bizi-kalitatea hobetu zuten hiriburuan. Epidemia handiak, kolerarenak bereziki, desagertu egin ziren (baina ez tuberkulosiarenak), zirkulazioa hobetu egin zen, eraikin berriak zaharrak baino hobeto eta funtzionalago eraiki ziren. Baina auzo zaharretako esku hartzeak puntualki bakarrik egin zirenez, oraindik eremu osasungaitzak geratzen ziren. Horrek azaltzen du hurrengo mendean ideia higienistak berpiztu izana eta ondoren XX. mendeko hirigile batzuen erradikaltasuna.

Bigarren Inperioak Parisko hiri-historia markatu zuen, ondorengo arkitektura eta hirigintza-korronte guztiak hari erreferentzia egitera behartuta sentiarazteraino, estiloa egokitzeko, baztertzeko, edo zenbait elementu errepikatzen saiatzeko bazen ere.

Hausmanianismo «garbiaren» amaiera 1882ko eta 1884ko Parisko hirigintza-erregelamenduetan datatu daiteke, kale klasikoaren uniformetasuna hautsi baitzuten, teilatuen mailako irtenguneak eta lehen fantasiak onartuz, 1902ko araudiaren ondoren nabarmen garatu zirenak. Hala ere, oraindik Napoleonen ereduaren zorroztasuna jarraitzen duen «post-haussmannianismoa» baino ez da, kaleen eta etxadien antolaketa orokorra zalantzan jartzen ez duena.

Hausmaniar auzoa Issy-les-Moulineaux-en.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Napoleon III.a baino mende bat geroago, Bosgarren Errepublika gaullistaren botere boluntaristen etxebizitza beharrak Parisko hirigintzan aro berri bat hasi zuten. Honek ia erabat baztertu zuen haussmaniar oinordetza eta Le Corbusierren ideiak jarraitu zituen, kalearen gaineko lerrokadura, galiboaren muga eta kalea bera alde batera utziz, «Dalleren hirigintzan» (Bigarren Mundu Gerraren ondorengo berreraikitze hirigintza) hain garrantzitsuak ziren oinezkoak baztertuz automobilari lekua egiteko . Eredu berri hori 1970eko hamarkadan zalantzan jarri zen berehala, eta herentzia haussmaniarraren berraurkikuntza hasi zen: funtzio anitzeko kaleak eta galiboaren mugak itzuli ziren, eta, zenbait auzotan, Bigarren Inperioko etxadien homogeneotasun arkitektonikoa berreskuratzeko ahalegina ere egin zen.

Parisko iritzi publikoak haussmanniar herentziaren ikuspegi positiboa du gaur egun, aldirietako zenbait hirik, Issy-les-Moulineauxek edo Puteauxek adibidez, beren izenean ere haussmanniar herentzia aldarrikatzen duten auzoak («haussmanniar barrutia») eraikitzeraino. Berez, auzo horiek XX. mende hasierako haussmanniar osteko arkitekturako pastitxeak dira, «begiratokiak» eta logiak dituztenak (balkoi zabalak, batez ere estaliak, alde batean itxitura bat dutenak).

  1. (Frantsesez) «Les voitures et les rues de Paris» Gallica (Le Magasin pittoresque) 1851 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  2. «Paris sous le second Empire - Histoire de Paris» fernandbournon.free.fr (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  3. (Frantsesez) Destinée sociale par Victor Considerant: 1. au bureau de la phalange 1837 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  4. a b de Moncan, Patrice. Le Paris d'Haussmann. .
  5. Ferry, Jules. «Les comptes fantastiques d’Haussmann» visualiseur.bnf.fr (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  6. "Nola Haussmannek Paris eraldatu zuen" dokumentala, Yves Billonek zuzendua, 2011tik aurrera Historia katean.

Lan hau frantsesezko Wikipediaren «Transformations de Paris sous le Second Empire» lanetik eratorritako itzulpena da, editoreek GNUren dokumentazio libreko lizentzia eta Culture Creative Commons Atribución-CompartirIgual 4.0 programaren bidez argitaratua.

Frantsesezko Wikipediaren artikuluak bibliografia hau jasotzen du:

  • Michel Carmona (2001). Haussmann (Frantsesez). Paris: Fayard. 647. or. ISBN 978-2-21360-637-8.
  • Pierre Pinon (2002). Atlas du Paris haussmannien - La ville en héritage du Second Empire à jour (32 cm) (Frantsesez). Paris: Parigramme. 209. or. ISBN 978-2-84096-204-5.
  • Jean Des Cars; Pierre Pinon (1991). Paris-Haussmann - «Haussmannen apustua» (30 cm) (Frantsesez). Paris: Arsenal eta Picard. pabilioiaren edizioak 365. or. ISBN 978-2-70840-752-7.
  • Jeanne Gaillard (1977). Paris, la ville, 1852-1870 (22 cm) (Frantsesez). Paris: Honoré Champion. pp. viii, 689. ISBN 978-2-85203-020-6. Florence Bourillon eta Jean-Luc Pinolen zaintzari esker, estudio berri garrantzitsua.
  • Pierre Lavedan (1993). Parisko historia berria - Hirigintzaren historia parisen (28 cm) (Frantsesez). Paris: Association pour l 'publication d' une histoire de Paris: Diffusion Hachette. or. 732. ISBN 978-2-01001-662-2.
  • Louis Chevalier (1969). Klase langile eta arriskutsuak Parisen XIX. mendearen lehen erdian (Frantsesez). Paris: Plon. pp. pc xxviii -556. OCLC 311394242. 1958ko 1. edizioa; berrargitalpenak daude poltsikoko formatuan – Lan ospetsua, honako tesi honekin: Paris, orduan, integratu ezin diren migratzaile probintzial kopuru handiegiak urperatutako hiria da; hortik "hiriko patologia" fenomenoak, eta horien artean garrantzitsuena, garai hartako historia osoa ere menderatuko lukeena, krimenaren gorakada ikusgarria litzateke. Ikuspegi horretan, goranzko garaiak Paris hazkunde demografikoaren krisi larri honetatik ateratzeko asmoa eta ondorioa izango zukeen. Tesi hori gero eta utziagoa da gaur egun, baina "klase arriskutsuak" esamoldeak usu erabiltzen jarraitzen du, erabiltzaile gehienek ez baitute ezagutzen Caballeroren liburua eta haren krimenaren ideia nagusia, immigrazioaren ondorio morbosoa. Bada klase pobreen arriskugarritasunaren izaerari buruzko quiproquo bat: gizartean edo politikan pentsatzen da, eta Caballerok, berriz, penalaz eta patologiaz baino ez du hitz egiten...
  • François Loyer (1987). Paris s-XIX - La bâtiment et la rue (31 cm) (Frantsesez). Paris: Hazan. 478 or. ISBN 978-2-85025-356-0. F. Renta para l 'Apurreko lanak egin dira, eta arkitektura eta hirigintza haussmanniarraren ekarpena handitzen lagundu dute.
  • Danielle Chadych; Dominique Leborgne (2002). Parisko atlasa (32 cm) (Frantsesez). Paris: Parigramme. 199. or. ISBN 978-2-84096-249-6.
  • Georges Valance (2000). Haussmann handia (Frantsesez). Paris: Flammarion. 362. or. ISBN 978-2-08211-571-1.
  • Nicolas Chaudun (2000). Haussmann galbahean (23 cm). Paris: Ed. des Syrtes. 253. or. ISBN 978-2-84545-023-3.
  • Alain Clément; Gilles Thomas (zuz.) (2001). Paris terre atlasa (32 cm) (Frantsesez). Paris: Parigramme. berrehun or. ISBN 978-2-84096-191-8.
  • Claude Mignot (2004). Parisko eraikinen gramatika - Sei mendeko fatxadak Erdi Arotik gaur egun arte (21 cm) (Frantsesez). Paris: Parigramme. 205. or. ISBN 978-2-84096-175-8.
  • Bernard Marchand (2002). Paris, histoire d 'un ville, s-XIXe-XXe (18 cm) (Frantsesez). Paris: Seuil. 438. or. ISBN 978-2-02012-864-3.

Iturri inprimatuak:

  • Parisko Edergarrien Batzordea. Txostena Napoleon III .a enperadoreari, Henrike Simeon kondeak idatzia. Pierre Cassellek argitaratu eta aurkeztua, Paris, Rotonde de la Villette, 2000, 205 or.
  • Haussmann baroiaren memoriak. 3 liburuki. Paris: ik. Havard. 1890-1893. liburukia; 2. liburukia; 3. liburukia. 1890 eta 1893an argitaratutako hiru liburuki. Françoise Choay, Seuil, 2000 (ISBN 2-02-039898-2).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]