Partiar Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Partiar Inperioa
K. a. 247 – 224
Monarkia feudala
Map Parthian Empire-fr.png
Partiar Inperioa K. a. 60an
Geografia
Hiriburuak Asaak, Hekatonpilos, Amol, Ekbatana, Ktesifon, Susa, Mithridatkird-Nisa, Mazandaran
Kultura
Erlijioa Zoroastrismoa
Historia
Aurrekoa
Vergina Sun - Golden Larnax.png Seleukotar Inperioa
Ondorengoa
Sasandar Inperioa Derafsh Kaviani.png

Partiar Inperioa[1], Arsazidar Inperioa (persieraz: اشکانیان, Ashkāniān) ere deitua, Antzinaroko estatu boteretsua izan zen, erdigunea Persiako ipar-ekialdean zeukana. K. a. III. mendean sortua, hedadura handiko estatu-egitura izan zen garairik gorenean, egungo Iran guztia eta inguruetako eskualdeak hartzen zituena: Armenia, Irak, Georgia, Turkia ekialdea, Siria ekialdea, Turkmenistan, Afganistan, Tajikistan, Pakistan, Kuwait, Saudi Arabiaren kostaldea, Bahrain, Qatar, Libano, Israel, Palestina eta Arabiar Emirerri Batuak. Partiar Inperioaren buru Arsazidar dinastia izan zen, Irango goi-ordokiko kulturak batu eta agindu zituena, Seleukotar Inperio helenistikoa garaitu eta ordeztu ostean. Gerra ugari izan zituen Erromatar Inperioarekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioaren hasiera eta sendotzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partiar Inperioaren bilakaera.

Akemenestar Inperioa erori ostean, Partia, Kaspiar itsasoaren hego-ekialdean kokatutako eskualdea, seleukotar errege helenistikoen mende egon zen[2]. K. a. III. mendearen lehen erdian, parni izeneko eszitiar tribua finkatu zen Partian. K. a. 245an, Andragoras izeneko satrapa matxinatu zen seleukotar erregearen aurka. Egoera nahasiaz baliaturik, parniek independentzia erdietsi zuten. Partiar izena hartu zuten handik aurrera, eta Arsazes I.a izan zen lehenbiziko erregea. Seleuko II.a (K. a. 228 aldean) eta Antioko III.a (K. a. 209 aldean) eskualdea berreskuratzen saiatu ziren arren, arsazidarrek Partia eta Hirkania atxikitzea erdietsi zuten[3]. Beti ere, Antioko III.aren kanpainaren ondoren, partiar erregeek seleukotarraren nagusitasuna onartu zuten, eta zerga ordaindu behar izan zioten[2].

K. a. 188tik aurerra, Antioko III.a hil eta gero, Partiar Inperioak beste hedatze-aldi bat hasi zuen. Mitridates I.ak (K. a. 171-138) ekialdeko Greko-Baktriar Erresumari eraso zion lehenik. Ondoren mendebalderantz jo eta Media konkistatu zuen, Seleukotar Inperioko lurralde garrantzitsuenetako bat. K. a. 141eko uztailean Seleuzia, seleukotar hiriburua, hartu zuen, eta urrian Mesopotamiaren hegoaldeko Uruk hirira iritsi zen. Demetrio II.a ahalegindu zen galdutako lurraldeak birkonkistatzen, baina partiarrek garaitu eta gatibu hartu zuten. Bi urte geroago, Partiak Elam beretu zuen[2].

Mendebaldeko gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldi gaineko partiar arkularia.

Partiarrek Seleukotar Inperioaren ekialdea hartu zuten bezala, erromatarrak jabetu ziren mendebaldeaz; K. a. 69an, muga Eufrates ibaian jartzea adostu zuten. Baina K. a. 53. urtean, Marko Lizinio Krasok, Siriako gobernatzaileak, Partia inbaditu zuen, hamasei urte lehenagoko ituna hautsiz. Erromatarrek desagigo gaitza pairatu zuten Harrango guduan, gaur egungo Turkiaren hego-ekialdean: 20.000 soldaduk bizia galdu zuten eta beste 10.000 gatibu geratu ziren[4]. Handik aurrera, bi estatu ahaltsuak ia hiru mendez aritu ziren borrokan, hiru liskar eremutan: Siria, Mesopotamia eta Armenia[3].

Partiak Ponpeiorekin egin zuen bat Julio Zesarren aurkako gerra zibilean (K. a. 49K. a. 45). Zesar nagusitu bazen ere, senatari batzuek hil zuten. Kinto Labieno jenerala, hiltzaileen aldekoa, partiarrekin elkartu zen Bigarren Triunbiratuaren aurka, eta Pakorus I.a erregearen armadaburu onenetakoa izan zen. K. a. 41ean Siria, Zilizia eta Karia eraso zuten, eta beste gudaroste batek Judeako errege Hirkano II.a hartu zuen preso. Harrapakin eskergak eraman zituzten, Ktesifonen eraikuntzan erabili zituztenak. K. a. 39an, Marko Antoniok errepresalia hartu zuen; Kinto Labieno eta Pakorus hil ziren borroketan, eta Eufrates bihurtu zen, berriz ere, bi estatuen arteko muga. K. a. 36an, Marko Antoniok Mesopotamia inbadutu zuen, baina galera gaitzak izan zituen. K. a. 20. urtean, Zesar Augusto eta Praates IV.ak bakea hitzartu zuten[2].

Erroma eta Partiaren arteko gerra I. mendeko 60ko hamarkadan lehertu zen berriro. Garai hartan, Armeniako erregea Erromaren basailua zen, baina partiar erregeak, Vologeso I.ak, bere anaia Tiridates jarri zuen trunuan. Orduan, Gneo Domizio Korbulonek Armenia inbaditu zuen. Azkenean, bi inperioek hautsi-mautsi bat egin zuten: handik hara, Armeniako erregea partiarra izango zen, baina Erromaren onarpena beharko zuen[2].

Inperioaren gainbehera eta amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partiar gatibua (eskuinean), Septimio Severoren arkua, Erroma.

I. eta II. mendeetatik aurrera, Partiar Inperioa ahuduz joan zen, gerra zibilen eraginez. 110eko hamarkadaren hasieran, Osroes I.ak Partamasiris izendatu zuen Armeniako errege. Trajano enperadoreak ez zuen errege berria onartu eta Armenia inbaditzea erabaki zuen[5]. Gerra 114an hasi zen, eta partiarrak garaituak izan ziren; Armenia erromatar probintzia bilakatu zen. Ondoko urtean, Trajanok hegoalderantz egin zuen aurrera, Asiria eta Babiloniaraino, eta Ktesifon bereganatu zuen. Konkistatutako lurraldeetan matxinadak piztu ziren, ordea, eta 117an Hadrianok Eufrateseraino egin behar izan zuen atzera[2].

161ean Vologeso IV.ak gerra deklaratu zion Erromari, eta Armenia inbaditu zuen. Marko Aurelio eta Luzio Verok kontraerasoa jo, eta Ktesifon hiriburua hartu zuten 165ean. Baina ez ziren gauza izan Mesopotamia erabat menderatzeko[3]. 193an, Vologeso V.a, Erromako gerra zibilaz baliaturik, Mesopotamia berreskuratzen saiatu zen; baina, enperadore bilakatu zenean, Septimio Severok Partia eraso zuen. Erromatarrek Seleuzia eta Ktesifon harpilatu zituzten, herrialdea ahul eta pobreturik utziz[2]. Karakalak ere egin zuen partiarren aurkako kanpaina bat, 216an[3].

224. urtean, Asdaxir I.a, Persisko gobernadorea, partiarren aurka matxinatu zen. Artaban IV.a, azken partiar erregea, hil zuen eta Ktesifonez jabetu zen. Hori izan zen Partiar Inperioaren amaiera, eta Sasandar Inperioaren hasiera.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Media, Asiria, Babilonia eta Elam konkistatu ondoren, partiarrek beren inperioa antolatu behar izan zuten. Herrialde horietako elitea grekoa zenez gero, agintari berriak egokitu behar izan ziren haien usadioetara. Hiriek eutsi zieten lehengo eskubideei, eta ez zen aldaketa handirik izan administrazio zibilean[3]. Bitxia da txanpon egitean gertatutakoa: idazkunak alfabeto grekoan egiten ziren, eta horrela segitu zuten II. mendera arte, ordurako letra grekoak idazten edo irakurtzen inor gutxik zekien arren[2]. Akemenestar Inperioa izan zen arsazidarren beste jarraibidea. Erregeek persieraz hitz egiten zuten, pahlavi alfabetoan idazten zuten eta, Ziro Handiak bezala, xahanxah («erregeen errege») titulua erabiltzen zuten. Arras titulu egokia zen, Partiako erregeak 18 bat errege basailu baitzituen[2].

Partiar armadak bi talde nagusi zituen: arku eta geziz armatutako zalditeria arina, eta katafraktoak, gogorki armatutako eta blindatutako zaldunak[6]. Zaldi gaineko arkulariek edozein norabidetara jaurtitzen ahal zituzten geziak, beren burua gehiegi arriskatu gabe. Ihesi zihoazela ere, jiratu eta geziak desarratzeko gai ziren. Ez zen armada iraunkorrik, errege guardia eta muga postuetako garnizoiak izan ezik, baina larrialdietan laster biltzen ahal zituzten oste handiak.

Tokian tokiko eliteek garrantzi handia zuten, eta erregeek errespetatu behar izan zituzten haien pribilegioak. Zenbait familia noblek boto eskubidea zuten errege kontseiluan; Sûrên klanak partiar erregea koroatzeko eskubidea zuen; eta aristokrata bakoitzak bere armada izan zezakeen. Baina, tronuan errege ahula zegoenean, nobleen arteko zatiketak arriskutsuak izan zitezkeen. Inperioa osatzen zuten zatiek independentzia handia zeukaten eta, esate baterako, beren txanponak egiten utzi zitzaien. Bertako ahaldunek zergak ordaintzeaz landa, partiar erregeek ez zuten besterik eskatzen. Administrazio sistema horrek ondorio onak izan zituen, eta hiriek, hala nola Ktesifon, Seleucia, Ekbatana, Rages, Hekatonfilo, Mithridatkird-Nisa eta Susak, gora egin zuten[2].

Txinako zetazko ehuna, K. a. II. mendea

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partiako ekonomian nekazaritzak garrantzi handia izan zuela zalantzarik ez da, baina horren gaineko xehetasun gutxi ezagutzen da. Gauza bera gertatzen da eskulangintzarekin. Merkataritzari buruzko informazio gehiago dago. Salgaiak garraiatzeko bide ugari zegoen Ekialde eta Mendebaldearen artean, ospetsuena Zetaren Bidea bada ere. Mitridates II.a Partiakoaren erregealdian sendotu zen, txinatar enbaxada baten bisita jaso ondoren. Txinatik mendebalderantz joan zen karabana baten lehen berria K. a. 114koa da. Beste bide batzuk Antiokiatik abiatu eta Seleucia eta Ktesifonera iristen ziren, Dura-Europos edo Palmiraren barrena[6].

Errege zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia (2004/XII/16), 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak, Bilbo, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0142.pdf .
  2. a b c d e f g h i j   Lendering, Jona, Parthian Empire, iranchamber.com, http://www.iranchamber.com/history/parthians/parthians.php. Noiz kontsultatua: 2017-3-9 .
  3. a b c d e   Gaslain, Jérôme, Les Parthes Arsacides: un empire oublié, Clio,‎ février 2004, http://archive.wikiwix.com/cache/?url=http%3A%2F%2Fwww.clio.fr%2FBIBLIOTHEQUE%2Fles_parthes_arsacides__un_empire_oublie.asp. Noiz kontsultatua: 2017-3-9 .
  4.   Parallel Lives: Crassus, Bernadotte Perrin, Ed., perseus.tufts.edu, http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Plut.+Crass.&fromdoc=Perseus%3Atext%3A2008.01.0038. Noiz kontsultatua: 2017-3-10 .
  5.   Bunson, Matthew, Encyclopedia of the Roman Empire, 413. orrialdea, books.google.es, https://books.google.es/books?id=T5tic2VunRoC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2017-3-11 .
  6. a b   Schippmann, K., ARSACIDS ii. The Arsacid dynasty, Encyclopaedia Iranica, II/5, pp. 525-536, iranicaonline.org, http://www.iranicaonline.org/articles/arsacids-ii. Noiz kontsultatua: 2017-3-10 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Partiar Inperioa Aldatu lotura Wikidatan