Partikula eseki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aerosol hodei handien ikuspegi orokorra (berdea: kea, urdina: gatza, horia: hautsa, zuria: sulfuroa)

Partikula esekiak eguratsean esekiduran dagoen materia solido edo likidozko zati guztiz txikiak dira, jatorri antropogeniko edo naturalekoak. Aerosol mota hau da airearen kutsaduraren eragile nagusia eta gizakien osasunean eragin negatiboa izan dezake, kliman ere eragin negatiboa izan dezakeen bezala [1]. Partikula eseki motak, oro har, hauek dira: materia partikulatu esekia, materia arnasgarri esekia (PM 10 deituak, 10 μm baino txikiagoak, biriketara erraz iristen direnak), partikula finak (PM2,5), partikula superfinak (100 nm baino txikiagoak) eta kedarra.

Ingurumen-politikekin eta ikatz-erabileraren gainbeherarekin arazo batzuk murriztu dira Europan: adibidez, smog fenomenoa, Londresi eta beste hiri handi batzuei eragiten ziena, ia desagertu egin da Europan 1960ko hamarkadatik (Asian gora egin badu ere). Klima-aldaketak kutsadura mota hau larriagotu dezake, lehorteen eta suteen ugaritzearekin.

Jatorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak igorritako partikula esekiak.

Partikula esekiek jatorri antropogenikoa eta/edo naturala dute.

Horretaz gain, jatorri primarioa izan dezakete, zuzenean igortzen denean (diesel motorren kedarra edo zementu-fabrikek edo altzairu-fabrikek igorritako partikulak kasu), edo sekundarioa, eraldaketa kimikoek aitzindarietatik sorrarazitakoa (nitratoak eta sulfatoak kasu) edo konposatu organiko lurrunkorren kondentsazioak eragindakoa denean[2].

Naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altitude handi eta ertainetan daude, batez ere sumendien erupzioetatik eta haizearen higadura naturaletik edo basamortuen aurrerapenetik datozenak. Azken bietan, hauts eta hondar ekaitzak dira arrazoi nagusia[3]. Sute eta erreturak ere (baso, sastraka, sabana edo larreenak) beste jatorri nagusia dira, eragin handikoak herrialde batzuetan (Brasilen bereziki). Kantitate txiki bat landareetatik (polena, etab.) eta itsas lanbrotik dator.

Antropogenikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barneko airean, jatorri nagusiak hauek dira: tabakoa erretzea, sukaldatzea (sua, gasa edo elektrizitatea [4]). Kanpoko airean, berriz, hauek: berokuntza (batez ere egurrarekin), biomasa erretzea, erregai fosilen errekuntza ibilgailuetan, zentral termikoetan eta prozesu industrial askotan. Jatorri horietako gehienek aerosol kopuru handiak sortzen dituzte, azken bi mendeetan nabarmen handitu direnak. Mundu osoan, aerosol antropogenikoak aerosol atmosferiko guztien % 10 izango lirateke gutxi gorabehera. Garraioak eragindako kutsadurak behera egin du herrialde aberatsetan (ibilgailuko, eta partikula larriak kontuan hartuta), baina nabarmen ari da handitzen garapen bidean dauden hainbat herrialdetan. Mundu osoan, merkantzia-ontzien, ferryen edo gerraontzien tximiniek isuritako partikulen guztizko kopurua ere nabarmen handitzen ari da. Hala ere, mundu mailan erregulazioak egiten ari dira, eremu horretan kontrol handiagoa izateko eta itsasontzietarako motorrak fabrikatzeko baldintza zorrotzagoak betetzeko [5].

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aire kutsadura neurtzeko gailua, Emden, Alemania

Airearen kalitatea neurtzean, partikula esekien metrologia oso metodo fisiko sofistikatuak eskatzen ditu: iragazte bidezko grabimetria da, baina metodo etena izateko eragozpena du; partikula esekien erregimen jarraitua zehazteko, kuartzo-mikrobalantzak edo beta izpien zundak erabiliz. Beste ebaluazio-metodo bat, kontaketa optiko bidezkoa da, laser-difrakzioko sentsoreekin, kalibrazioan zehar dentsitate finkoak egindako errore batekin.

Partikulak (PM, ingelesezko Particulate Matter, "Materia partikulatua"), tamainaren (diametro aerodinamikoaren) arabera sailkatzen dira, mikrometro edo mikroitan (10-6 m edo 1 μm):

  • PM10 partikulak, 10 mikra baino gutxiagoko diametro aerodinamikoa dutenak. Partikula hauek "arnasgarriak" dira eta bronkioetan sar daitezke. Handiagoak direnak kanpo arnasbideetan (aho—sudurretan) atxikita geratzen dira.
  • PM2,5, 2,5 mikrometrotik beherako diametroa duenak, “partikula finak” deitzen zaie. Biriketako albeoloetan sartu daitezke.
  • PM1,0, 1,0 mikrometro baino gutxiagoko diametroarekin, “partikula oso finak” deitutakoak. Hesi albeolo-kapilarra zeharka dezakete.
  • PM0,1, 0,1 mikrometrotik beherako diametroa duena. “Partikula ultrafinak” edo “nanopartikulak” deitzen zaie.

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partikulek konposizio kimiko desberdinak dituzte jatorriaren arabera. Oro har, honako hauek osatzen dute:

PM10 partikulen osaera Île-de-France eskualdean (Frantzian) 2008an
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
iturria: Observatoire régional de santé d'Île-de-France[6].

Partikula esekien elementu osaera lurrazalaren antzekoa da: eduki altua aluminio (Al), kaltzio (Ca), silizioa (Si) eta oxigeno (O) elementuetan, eta aluminosilikato-gatzetan. Ozeanoetatik hurbil dagoen airean, sodio kloruro (NaCl: gatz arrunta) solidoaren edukiak altuak dira, itsas aerosolak NaCl partikulak hornitzen baititu, itsasoko ura lurruntzean. Landareek igorritako polenak ere partikula lodiak ditu, 10-100 µm-ko tartean. Tamainari dagokionez, sumendi-errautsen partikula gehienak lodiak dira.

Partikula lodien iturria, naturalak barne (hala nola sumendien erupzioenak) eta giza jarduerek eragindakoak (lurra lantzea, harrobiak ustiatzea eta abar), haizeak altxatutako lurraren eta arroken gainazaleko zatitik dator. Eskualde askotan, partikula lodiak kimikoki oinarrizkoak dira, eta horrek adierazten du lurzoruan dauden kaltzio karbonatotik eta oinarrizko pH-ko beste mineral batzuetatik sortu direla.

Partikula lodien jatorria ez bezala, oro har handiagoak diren partikulak haustean sortuak, partikula finak, nagusiki, erreakzio kimikoen eta materia txikiagoen kondentsazioaren ondorioz sortzen dira, lurrun-egoeran dauden molekulak barne. Partikula finen batez besteko eduki organikoa, oro har, handietan baino handiagoa da. Adibidez, karbonoz egindako erregaien errekuntza osatugabeak, hala nola ikatz minerala edo begetala, petrolioa, gasolina eta gasolioa, kedar-partikula txiki asko sortzen ditu, nagusiki karbonozko kristalak direnak. Partikula finek metal astunak ere badituzte.

Ondorioz, karbonozko partikula atmosferikoen iturrietako bat, finak zein lodiak, ibilgailuen ihes-gasak dira, batez ere dieselarekin funtzionatzen dutenenak. Atmosferan esekitako beste partikula fin garrantzitsu batzuk sufre eta nitrogeno konposatu ez-organikoek osatzen dituzte nagusiki.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PM10[7]kopuruak Europan (2005)

Partikula esekiek eragina dute ingurumenean eta gizakien osasunean:

  • atmosferaren propietateak aldatzen dituzte eguzki-argiari dagokionez, Lurreko erradiazioaren oreka aldatuz eta ikuspena murriztuz.
  • Partikula esekiak kaltegarriak dira osasunarentzat: arnasbide eta biriketan sartu daitekeenez, blokeatu egiten dituzte eta airea igarotzea saihesten dute, eta horrek ondorio kaltegarriak dakartza, munduko heriotza goiztiarren % 20 eragiteraino 2021ean[8][9].

Osasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Partikulak arnastearen ondorioak ondo aztertu izan dira, bai gizakietan eta bai animalietan. Honako hauek dira nagusiak: asma[1], biriketako minbizia, arnas gaixotasunak (silikosia, esaterako[10] [11]), gaixotasun kardiobaskularrak,[1] erditze goiztiarra, jaiotzezko akatsak, jaiotzezko pisu txikia, garapen-nahasmendua[1] [12], nahasmendu neurodegeneratiboak, buruko gaitzak eta heriotza goiztiarra.

Partikulak arnasten direnean, tamainaren arabera arnasbidearen organo desberdinetan gelditu daitezke. Partikula handienak, oro har, sudurrean eta eztarrian iragazten dira iletxo eta mukosei esker, baina 10 mikrometro baino txikiagoko partikulak bronkioetan eta biriketan finkatu daitezke eta osasun-arazoak eragin. 10 mikrometroko tamainak ez du partikula arnasgarrien eta arnastezinen arteko muga hertsia adierazten, baina erakunde araugile gehienek muga hau adostu dute partikulak monitorizatzeko. Tamaina txikia dutenez, 10 mikrometro edo gutxiagoko partikulak (partikula lodiak, PM10) biriken atal sakonenean sar daitezke, hau da, bronkiolo eta albeoloetan. Asmatikoak baldintza horien eraginpean daudenean, bronkio-konstrikzioa eragin dezakete.

Pertsona sentikorrenak gripea edo asma dutenak dira, eta batez ere biriketako gaitzak edo gaixotasun kardiobaskular kroniko buxatzaileak dutenak, baita adinekoak eta haurrak ere. 2015ean, Europako 41 herrialdetan 422.000 pertsona lehengo hil ziren partikula horiek arnastuta, urte horretan airearen kutsadurak eragindako 518.700 hildakoen % 81[13].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «Airearen kalitatea» www.euskadi.eus 2017-01-31 (Noiz kontsultatua: 2022-06-12).
  2. Material partikulatua. Eusko Jaurlaritza 2020/04/30 (Noiz kontsultatua: 2023/01/21).
  3. Afrikako hauts-hodeiek onartzen dena baino gehiago handitzen dituzte partikula esekiak Consumer aldizkaria 2008ko apirilak 3
  4. (Ingelesez) Dennekamp M, Howarth S, Dick CAJ et al. (2001) Ultrafine particles and nitrogen oxides generated by gas and electric cooking. Occupational and Environmental Medicine, 58: 511–516.
  5. (Frantsesez)D’où viennent les particules ?, Frantziako Ekologia Ministerioa, 2014-3-4.
  6. (Frantsesez) Sabine Host et Edouard Chatignoux, sous la direction d’Isabelle Grémy, directrice de l’Observatoire régional de santé d'Île-de-France. (2009). [http://www.ors-idf.org/dmdocuments/erpurs_synth_poll_prox.pdf Pollution atmosphérique de proximité liée au trafic : expositions et effets sanitaires. ] ISBN 978-2-7371-1786-2...
  7. {{erreferentzia |doi=10.2800/165 |urtea=2009 |egilea=European Environment Agency |izenburua=Spatial assessment of PM10 and ozone concentrations in Europe (2005) |argitaletxea=Publications Office |isbn=978-92-9167-988-1 |hizkuntza=en
  8. (Gaztelaniaz)De Nevers Noel. Ingeniería de control de la contaminación del aire. Mc Graw Hill. México, D. F. 1998, 183 or.
  9. (Gaztelaniaz) Rejón, Raúl. (2021-2-9). Las partículas que viajan en los gases que recalientan el planeta causan el 20% de las muertes prematuras mundiales. eldiario.es.
  10. (Ingelesez) Silicosis, OSH Answers Fact Sheets. .
  11. (Ingelesez) Preventing Silicosis and Deaths From Sandblasting.  doi:10.26616/NIOSHPUB92102..
  12. (Ingelesez) Chun, HeeKyoung; Leung, Cheryl. (2020 urtarrila). «Maternal exposure to air pollution and risk of autism in children: A systematic review and meta-analysis» Environmental Pollution  doi:10.1016/j.envpol.2019.113307. PMID 31733973..
  13. (Gaztelaniaz) Sánchez, Esther. (2018). «La contaminación causó 38.600 muertes en España en 2015, una subida del 23%» El País (Madril, Espainia): 26..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]