Paul Ariste
| Paul Ariste | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Torma Rural Municipality (en) |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | estoniera |
| Heriotza | Tallinn, 1990eko otsailaren 2a (84 urte) |
| Hobiratze lekua | Raadiko hilerria |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Gustav Adolf gramatika eskola Tartuko Unibertsitatea |
| Doktorego ikaslea(k) | Lidia Vasikova Ago Künnap |
| Hizkuntzak | esperantoa estoniera hungariera |
| Ikaslea(k) | ikusi
|
| Jarduerak | |
| Jarduerak | hizkuntzalaria, esperantista, pedagogoa eta unibertsitateko irakaslea |
| Enplegatzailea(k) | Tartuko Unibertsitatea Letoniako Unibertsitatea |
| Jasotako sariak | |
| Kidetza | Estoniako Zientzien Akademia Hungariako Zientzien Akademia |
Paul Ariste (1927 baino lehen Paul Berg[1]; Rääbise, Võtikvereko udalerria, 1905eko otsailaren 3a – Tallinn[2], 1990eko otsailaren 2a) estoniar hizkuntzalari eta folklorista izan zen[1], fino-ugriar hizkuntzak (batez ere estoniera, votiera eta udmurtera), yiddisha[3] eta erromaniera aztertu zituena. 1954az geroztik, Estoniako Zientzien Akademiako kidea izan zen.[4]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aleksander Berg errementariaren[5][6] eta Liisa Berg sukaldariaren semea[5][7], Paul Berg Võtikvereko udalerriko Rääbise landetxean jaio zen 1905ean. Bi urte zituela, familia Tartuko konderriko Puurmani landetxera joan zen eta hiru urte geroago jaioterrira itzuli zen, eta Paulek Sätsuvere herriko eskolan ikasi zuen hiru urtez.[7] 1916an Tallinnera lekualdatu zen familiarekin[6] eta 1925ean Gustav Adolf gramatika eskolan graduatu zen.[8]
14 urterekin esperantoa ikasten hasi zen[9], eta lehen artikulu zientifikoa, La livoj, hizkuntza horretan argitaratu zuen 1921ean.[10] Bizitza osoan livonierari buruzko artikuluak batez ere esperantoz idatzi zituen eta livonierazko herri poesia esperantora itzuli zuen.[11][12] 1921eko eta 1923ko esperanto biltzarretan parte hartu zuen.[13]
Eskolan ikasten zuen bitartean, yiddisha menperatu zuen[14], eta 1926an Friedrich Reinhold Kreutzwalden Kalevipoeg poema epikoaren yiddishezko itzulpenaren berrikuspen bat argitaratu zuen.[15]
1925-1929 urteetan Tartuko Unibertsitatean ikasi zuen, aldi berean Estoniako Museo Nazionalean arituz. 1926an Setumaa eskualdera joan zen ikerketa egitera.[13] 1927an Ariste abizen estoniarra hartu zuen, garai hartan ohikoa zen bezala. 1929an masterreko programan sartzeko azterketak gainditu zituen.[16] 1931n estonierak dituen suedierazko hitz mailegatuei buruzko master amaierako lana defendatu zuen, eta 1939an Hiiumaa uhartean hedatuta zegoen estonierazko dialektoaren fonetikaren inguruko doktore-tesia.[17] 1944-1977 urteetan, estonieraren eta fino-ugriar hizkuntzen saileko burua izan zen.[6][8] 1965-1990 urteetan Sovetskoie finno-ugrovedenie (gaur egun Linguistica Uralica) aldizkaria zuzendu zuen.[18]
1945eko maiatzaren 10ean NKVDk atxilotu zuen[19], eta 1946ko maiatzera arte espetxean egon zen.[20] Tartuko Unibertsitateko irakasleetako batek Aristeren aurkako salaketa faltsua egin zuen, britainiarren aldeko espioia zela esanez.[21] Torturatua izan zen bitartean, bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Askatu ondoren, hiru hilabeteko soldata eman zioten urtebeteko espetxe-zigorraren kalte-ordain gisa. Hala ere, eskatu arren, ez zuen inoiz bere errugabetasuna baieztatzen zuen agiririk jaso.[20] 1958an, KGBko intelligentsia sarean ere errekrutatzen saiatu ziren, baina Aristek ezezkoa eman zuen.[22]
1983ko udaberriko seihilekoa Aristeren 100. seihilekoa izan zen Tartuko Unibertsitatean. 1989ra arte aritu zen irakasle.[23]
1954an Estoniako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten[4], eta 1967 eta 1976 artean Esperantoren Akademiako kidea izan zen.[24]
Hungariako Zientzien Akademiako (1966) eta Finlandiako Zientzien Akademiako (1969) ohorezko kidea ere izan zen, baita Helsinkiko (1969), Szegedeko (1971), Tampereko (1975) eta Letoniako (1989) unibertsitateetako honoris causa doktorea ere.[25]
Tallinnen hil zen 1990eko otsailaren 2an[2], 85 urte bete bezperan[26], eta Tartuko Raadi auzoko Vana-Jaani hilerrian lurperatuta dago. Kristau ortodoxoa baitzen, hileta tradizio ortodoxoen arabera egin zen.[2]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erna Alvine Ariste (Potsepp) etnologo eta arkeologoarekin (1904-2000) ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba izan zituen: Marju-Ilona eta Andri.[2]
1936an, Rahvaleht egunkariari egindako elkarrizketa batean esan zuen begetarianoa zela gaztetatik, nahiz eta «garai horretan haragia hainbat aldiz probatu».[27]
Lan hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ariste, Paul (1939). A quantitative language. Proceedings of the 3rd International Congress of Phonetic Sciences. Ghent. P. 276–280.
Estonierari buruzko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ariste, Paul (1953). Eesti keele foneetika. Tallinn: Eesti Riiklik Kirjastus.
- Ariste, Paul (1981). Keelekontaktid: Eesti keele kontakte teiste keeltega. Tallinn: Valgus.
Votierari buruzko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ariste, Paul (1960). Vadjalaste laule. Tallinn.
- Ariste, Paul (1968). A Grammar of the Votic Language. Bloomington: Indiana University. ISBN 978-0-87750-024-7
Yiddishari buruzko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Kalevipoja" juudikeelne tõlge (1926). Eesti kirjandus 4. Lk. 224–229.
- Etlexe jidiše folkslider in dem lider-repertuar fun di estn (1932). JIVO bleter 3, Z.148-157.
- Juut eesti rahvausus (1932). Eesti Kirjandus 1, Lk. 1-17; 3, Lk. 132–150; 5, Lk. 219–228.
- Juudi keel (1933). Kevadik 6, Lk. 74–76.
- Cu der hašpoe fun jidish ojf nit-idiše špraxn (1937). JIVO bleter 11, Z. 83–85.
- Ch. Lemchenas. Lietuvių kalbos įtaka Lietuvos žydų tarmei (1970). Baltistika. 6 (2), Psl. 250–252. [Berrikuspena.]
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1954: Estoniako SESko Zientzien Akademiako kidea[25]
- 1959: Estonia Sobietarraren Saria[28]
- 1965: Estoniako SESko meritu oneko zientzialaria[25]
- 1966: Hungariako Zientzien Akademiako ohorezko kidea[25]
- 1969: Finlandiako Zientzien Akademiako atzerriko kidea[25]
- 1969: Helsinkiko Unibertsitateko honoris causa doktorea[25][29]
- 1971: Szegedeko Unibertsitateko honoris causa doktorea[25]
- 1971: Lanaren Bandera Gorriaren Ordena[30][31]
- 1972: Linguistic Society of Americako ohorezko kidea[30]
- 1975: Tampereko Unibertsitateko honoris causa doktorea[25]
- 1975: Herrien arteko Adiskidetasunaren Ordena[30]
- 1975: Kalevala elkarteko ohorezko kidea[30]
- 1976: Finlandieraren Elkarteko ohorezko kidea[30]
- 1977: Hungariar Filologiaren Nazioarteko Elkarteko ohorezko kidea[30]
- 1980: Hungariako Hizkuntzalaritza Elkarteko ohorezko kidea[30]
- 1981: Leninen Ordena[32]
- 1982: Estoniako SESen Estatu Saria[28]
- 1985: Lanaren Bandera Gorriaren Ordena[30]
- 1989: Letoniako Unibertsitateko honoris causa doktorea[25]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Estonieraz) «Ariste, Paul» Eesti biograafiline andmebaas ISIK (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b c d (Estonieraz) Hanson, Raimu. «Paul Ariste praadis härjasilma triikrauaga» Postimees 2005-02-03 (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ (Ingelesez) Verschik, Anna. (1999). «The Yiddish language in Estonia: Past and present» Journal of Baltic Studies 30.2: 117-128. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b (Estonieraz) «Liikmed minevikus» Eesti teaduste akadeemia (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b (Ingelesez) Salve, Kristi. (2005). «Paul Ariste and the Veps folklore» Folklore. Electronic Journal of Folklore 29: 176. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b c (Errusieraz) Мосин, М. В. (1990). «Пауль Аристэ (Памяти учителя)» Инженерные технологии и системы: 55-57. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 22-23 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ a b (Errusieraz) «Академику Паулю Аристэ 120» Fenno-Ugria 2025-02-04 (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 24 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Esperantoz) Berg, Paul. (1921). «La Livoj» Esperanto Triumfonta. Köln-Horem 57: 1-2..
- ↑ (Esperantoz) Ariste, Paul. (1983). «Liva poezio en Esperanto» Interlinguistica Tartuensis II. Теория и история международного языка (Тарту): 83-88. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ (Errusieraz) Дуличенко, Д. А. (1982). «Акад. П. Аристэ и интерлингвистика» Interlinguistica Tartuensis I. Актуальные проблемы современной интерлингвистики (Тарту): 6-14. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 25 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Estonieraz) Viitso, Tiit-Rein. (2005). «Paul Ariste 100» Linguistics Uralica XLI: 1..
- ↑ (Estonieraz) Berg, Paul. (1926). ««Kalevipoja» juudikeelne tõlge» Eesti Kirjandus 4: 225-229..
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 26 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 27 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Errusieraz) Сануков, К. (2006). «Международные конгрессы финно-угроведов: тенденции и значение» Linguistica Uralica XLII, 1: 40, 42..
- ↑ (Errusieraz) Пономарева, Галина. (2013). «Академик Пауль Аристэ и русская филология в Эстонии: на перекрестке культур» in Пильщиков, И. А. Случайность и непредсказуемость в истории культуры (Материалы вторых Лотмановских дней в Таллинском университете, 4-6 июня 2010 г.). Таллинн: Издательство ТЛУ,, 477 or. (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 29 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 28 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Estonieraz) Jürjo, Indrek. (2014). Pagulus ja Nõukogude Eesti. Vaateid KGB, EKP ja VEKSA arhiividokumentide põhjal. Tartu, 179 or..
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 36 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Esperantoz) «Actoj de la Akademio 1963-67» Akademio de Esperanto (kontsulta data: 2025-04-06).
- ↑ a b c d e f g h i (Estonieraz) Liiv, Jane. «Keeleteadlane Paul Ariste 120. Eesti Rahva Muuseum meenutab oma kaasteelist» Eesti Rahva Muuseum 2025-02-06 (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ (Finlandieraz) Virtaranta, Pertti. (1995). Suomeen suostuneita - Kielimiehiä ja kulttuuripersoonia. Helsinki: Suomalaisen Kirjallisuuden Seura, 40 or. ISBN 951-717-859-X..
- ↑ (Estonieraz) «Mu suu pole surnuaed!» Rahvaleht: 4. 1936-06-17.
- ↑ a b (Estonieraz) «Ariste, Paul» Eesti Entsüklopeedia (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ (Estonieraz) «P. Ariste Helsingi ülikooli audoktoriks» Keel ja Kirjandus 9: 574. 1969 (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ a b c d e f g h (Errusieraz) Сибатрова, С. С. «Выдающийся финно-угровед ХХ века (к 120-летию со дня рождения П. Аристэ)» МарНИИЯЛИ 2025-02-03 (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ (Estonieraz) «Orden K 20.00» Televisioon 47: 8. 1976-11-22 (kontsulta data: 2025-04-09).
- ↑ (Estonieraz) «VE: Ariste, Paul – keeleteadlane ja polüglott» Virumaa.ee 2002-04-20 (kontsulta data: 2025-04-09).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1905eko jaiotzak
- 1990eko heriotzak
- Estoniako hizkuntzalariak
- Sobietar Batasuneko hizkuntzalariak
- Gizon hizkuntzalariak
- Erromanierazko hizkuntzalariak
- Esperantozaleak
- Estoniako itzultzaileak
- Estoniako folkloristak
- Estoniako irakasleak
- Honoris causa doktoreak
- Tartuko Unibertsitateko ikasleak
- Estoniako Zientzien Akademiako kideak
- Leninen Ordenarekin sarituak
- Estoniako ekialdeko ortodoxoak
- Torturatuak
- Tallinnen hildakoak