Paul Claudel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Paul Claudel.
Parisen, bere ahizpa Camille Claudelekin batera bizi izan zen etxea.

Paul Claudel (Villeneuve-sur-Fère, Frantzia, 1868ko abuztuaren 6a - Paris, Frantzia, 1955eko otsailaren 23a) frantsesezko olerkaria eta antzerkigilea izan zen. Claudel idazlearen irudia bitxia gertatzen da Frantziako XIX-XX. mendeetako giroan. Lehen urratsetan positibismoaren eta materialismoaren ildotik abiatu zen. 1886. urteko Eguberrietan fede katolikora bihurtu zen, eta ordura arteko ibilbidea baztertu eta espiritualitatera bideratu zuen bere jarduna.

Bizitza

Hamazazpi urte zituela Parisa joan zen, eta bertan ikasi zuen, Zuzenbidea lehenik eta Zientzia Politikoak gero. Hemezortzi urte zituenean, Eguberri egunean, Parisko Notre-Dame katedralean izan zuen argitzeak katoliko bihurtzeko arrazoiak eman zizkion. Hogeita bost urterekin karrera diplomatikoa hasi zuen, New Yorken, eta mundu osoa ezagutu ahal izan zuen karrera honi esker. Hirurogeita zazpi urterekin Isere aldera erretiratu zen, eta 1946 urtean Frantziako Akademiako kide izendatu zuten.

Claudel, poeta eta dramaturgoa

Paul Claudel poeta gisa da ezaguna, eta, batez ere, dramaturgo gisa. Prosan ere lan batzuk eman zituen argitara. Katoliko egin izanak markatu zuen Claudelen nortasuna, bizitza arruntean bezala bizitza literarioan ere. Hasieran Rimbauden eta Mallarmeren sinbolismoak kutsatu bazuen ere, fede hautuak laster eragin zion idazle lanari. Claudelentzat, poetaren eginbeharra jainkoaren metaforak ulertzen laguntzea da; hau da, Jainkoak, mundua egin duelarik, ordena erabatekoa ezarri du, baina guk ezin ditugu ordena horren berri emateko jainkoak egin dituen metaforak atzeman, grazia egoera galdu dugulako eta bekatariak garelako. Beraz, poetak metafora horiek errebelatu behar ditu, jatorria jainkoarengan duen inspirazioaren laguntzaz. Cinq grandes odes da (1910, Bost oda handi) Claudelen poesia-lan ezagunena. Bertan, jatorria Biblian duen molde bat erabiltzen du, berak bere erara birmoldatua, "verset" deitzen dena. Izan ere, Claudelen asmo poetikoa mistikoa da, goratu egin behar baita jainkoarengana iristeko. Aldi berean, unibertsoaren kontzeptu organiko honek (Jainkoak eginikoa, ereduzkoa, non gauza bakoitzak bere lekua bete behar baitu) bere poesia blaitzen du; hau da, Claudelek sinbolismoa jasotzen du, baina eduki logikoa, kristaua erantsiz. Bigarren poesia-liburu garrantzizkoak, La Cantate a trois voix (Hiru ahotseko kantata), asmo bertsuak ditu.

Antzerkigintzari dagokionez, poesiaren kasuan bezala, hasieran Claudelek Mallarmeren antzerkiari buruzko ideien eragina jaso zuen; bere lehen obrak -Tete d'or (1889, Urrezko burua), La Ville (1890, Hiria), Le Repos du septieme jour (1896, Zazpigarren eguneko atsedendaldia)- ahots askoren arteko monologoez bezala eginda daude, ahots gehienen atzean egilearena berarena badago ere. L'Arbre sailean (Zuhaitza, 1910-1916) objektibotasun nahi handiagoa ikusten da. Honen ondorengoak dira Cristophe Colomb (1927) eta Jeanne au bucher (1935, Joana sutan). Azken horri A. Honegger konpositoreak jarri zion musika.

Greziarren, erromatarren, ingelesen eta are espainiarren antzerki klasikoaren ondorengotza bereganatu eta sintetizatu izana da Claudelen antzerkiaren ezaugarria.

Prosan hainbat lan egin zituen, eta denetan ezagunena, ausaz, Connaissance de l'Est da (1907, Sortaldearen ezagutza). Ekialdean bizi izan zen garaian, ekialdeko ohiturak, paisaiak eta kultura ezagutu ahala mamitu zuen lana zen, prosa poetikoaren adibidea.

Aldekoak eta aurkakoak

Lehen ere esan bezala, oso diferenteak dira Claudelen obrak sorrarazi dituen epaiak.

Zenbaitentzat, haren lana frantses tradiziotik kanpo gelditzen da. Bere zaleek diotenez, ordea, ezin da inondik inora horrelakorik esan, non eta Rabelais, Pascal, Saint-Simon eta Bernanos bezalako idazleak ere atzerritartzat ez diren hartzen. Bestalde, gehienek aitortzen dute ezin daitekeela alde batera utzi Frantzian izan den idazle kristauen tradizioa, baina batzuek Claudelen katolikotasunari integrista irizten diote, "espainiarren modukoa" edo. Kritikatzen dutenen arabera, Claudelen lanaren bi eragileak, sinbolismoa eta, batez ere, katolikotasuna, ezin uztartzeko modukoak dira, eta bere hizkera ezintasun horrek kutsatuta dago; aldekoen arabera, ordea, sinbolismoa itxuraldatzen da bere eskuetan, eta emankorrago eta unibertsalago bihurtu mundu zabaleko sinismenak bere egiten dituelako -Biblia, esaterako, baina baita Txinako taoismoa ere-, ukitu errealista ahaztu gabe.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul Claudel Aldatu lotura Wikidatan