Ur-igel arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pelophylax perezi» orritik birbideratua)
Ur-igel arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaRanidae
GeneroaPelophylax
Espeziea Pelophylax perezi
Seoane, 1885
Banaketa mapa

Ur-igel arrunta (Pelophylax perezi) ranidae familiako igela da, hegoaldeko Frantzian, Iberiar Penintsulan eta Erresuma Batuko bi lekutan bizi dena[1].

Ur-igel arrunta Iberiar penintsulako espezie autoktonoa da. Izenak dioen moduan, uretan ematen du bere bizitzaren gehiengoa eta bere kolore berde-arreak ur-landareekin mimetizatzea ahalbidetzen dio. Azken urteotan, Pelophylax ridibundus espezie exotikoa, gure ur-igela desplazatzen ari dela ikusi da. Gainera, Pelophylax ridibundus eta Pelophylax perezi ugaltzeko gai dira, Pelophylax esculenta hibridoa emanez, ondorioz, gure ur-igelaren populazioak arriskuan jarriz.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-igel arruntaren zapaburuak 60-70 mm ingurukoak dira. Espirakulu sinistrala dute eta uzkia isatsaren oinarrian irekitzen da, eskuinalderantz. Ez dute ertz-guruinik ahoaren goialdean. Hortzak ilaretan kokatzen dira eta hilera kopurua aldakorra da, nahiz eta formularik arruntena 2(2)/3(1) den.

Hegats-kaudal txikia dute, espirakulutik aurrera zabaltzen dena, eta isats zorrotza. Kolorazio berde-marroia dute, orban txiki ilunagoekin eta orban hauek isatseko hegatsean handiagoak eta nabariagoak dira. Isatsak hiru lerro longitudinal ilun azaltzen ditu. Sabelalde zuria dute.

Heldua, igel ertain-handia dugu, non emeek 11 cm-rainoko luzera lor dezaketen, baina arruntena 8 cm ingurukoak izatea da. Muturretik kloakarako distantzia 40-70 mm-koa izaten da. Azal leuna dute eta kolorazio berde-arre oso aldakorra, orban beltzekin eta lerro argiago batekin erdialdean (ale batzuk ez dute ez orbanik eta ez bizkarraldeko lerrorik ere). Orbanak batu egin daitezke, bereziki atzeko hanketan, marra horizontal modukoak eratuz. Sabelaldea gris kolorekoa dute, eta hemen ere orban ilunak izan ditzakete. Oso igel liraina da, hanka luzeekin. Aurreko hanketan 4 behatz ditu eta atzekoetan, mintz interdigitalen bidez lotutako 5 behatz.

Burua luze bezain zabala da. Tinpano handia dute, begiaren diametroaren erdikoa gutxi gorabehera, eta albo gurin-tolesdurak ez daude erabat garatuta. Biak brontze kolorekoak dira. Begi handiak ditu, eta dortsalki kokaturik eta elkarrengandik nahiko hurbil daude. Begi-nini horizontala dute eta arrek aho-zaku grisak ahoaren albo bietara.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako eta Frantzia hegoaldeko espezie endemikoa da. Bere iparraldeko muga ez da argia eta zenbait autoreren arabera Lyoneraino iristen da ekialdetik eta Vendéeraino mendebaldetik. Gainera, Frantziako erdialdean ez da topatu baina uste da Loira ibaiaren inguruan egon daitekeela. Hegoalderantz, espezie honek ez du Gibraltarko itsasartea gainditzen, eta beraz ez da Afrika kontinentalean agertzen. Balearrean, Kanarietan, Azoreetan eta Madeiran sartua izan da. Euskal Herrian ugariagoa da isuarialde mediterraniarrean atlantikoan baino.

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuak ur sakonen hondoan bizi dira, udan mantentzen direnetan, orduan ugaltzen baita espeziea. Ur-masa txikiak izaten dira, estaldura begetal gutxiagorekin eta tenperatura altuagoekin, baina trukean oxigeno gutxiago izaten dute.

Metamorfosia burutu duten ale gazteek sakonera gutxiko aldi baterako urak nahiago izaten dituzte, heldurik gabeak eta harraparirik gabeak. Maiz ugaltzera joandako beste anfibio espezieekin bat egiten dute.

Uretako espeziea da eta ur-masa oso desberdinetan topa daiteke, baina bereziki, egonkorrak direnetan. Aldiz, ez da oso ugaria ur hotzetan, mendiko erreka maldatsuetan eta zuhaitz-dentsitate handiko erreka laiotzetan. Korronte gutxiko medio lotiko (erreka, errekasto, euri-bide eta ubideak) zein lentikoetan (putzu, urmael, istinga, zanga eta urtegietan) aurki daiteke. Azkenik, ale gutxi batzuk kobazuloen barruko iturri-termaletan aurkitu dira, 25-30 °C tenperaturatan; edota 3 °C tenperaturatan menditarren kasuan. Hala ere, espezie berozalea dela esan dezakegu.

Bere banaketan eragiten duen faktore bakarra altitudea da (2.400 metroko altitudetik aurrera ez da agertzen). Bestelakoan, ondo jasaten ditu ur erdi-kutsatuak ere, eta honek habitat berrien lehen kolonizatzaileetako bat bihurtzen du. Ur-masa handiak behar dituen arren, ondo moldatzen da ur gazietan eta beraz, duna eta kostaldeko areatzetan aurki daiteke.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuek algak, detrituak, fitoplanktona, perifitona eta hondoratutako fanerogamoak jaten dituzte.

Helduek, aldiz, harrapakin lurtar zein urtarrak dituzte, baina bereziki lehenengoak. Ornogabez elikatzen dira batik bat, besteak beste dipteroak (eltxo eta euliak), koleopteroak (kakalardoak) eta himenopteroak (erle, liztor eta inurriak). Noizbehinka ornodun txikiak jaten ere ikusi izan da, hala nola arrain, txori, anfibio eta narrastiak. Azkenik, kanibalismoranzko joera ere azaldu dezake, zapaburuak eta ale txikiak janez. Bizi direneko ur-masen inguruan ehizatzen dute, baina inoiz ez dira 5 metro baino gehiago aldentzen.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-igel arrunt arrek heldutasun sexuala 2 urterekin lortzen dute eta emeek urte beterekin. Araldia apirila-ekaina bitartean ematen da, bereziki ur-masa egonkorretan, begetazio gutxiko ibai-ertzetan. Arrek, emeak erakartzeko aho-zakuak betez kantuak egiten dituzte, bi kantu mota desberdin deskribatu direlarik. Gainera, zenbait ar euren lurraldea defendatzen ikusi izan dira. Emeak dira bikotea aukeratzen dutenak eta ernalketa anplexu axilar bidezkoa dute.

Emeek 2000-7000 arrautza bitartean erruten dituzte, baina bataz beste 2300, uretako landarediari eta substratuari itsasten zaizkionak, uretan flotatzen geldi badaitezke ere. 5-8 egun behar izaten dituzte arrautzetatik ateratzeko eta metamorfosia 8-12 asteren buruan egiten dute.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualderik hotzenetan iraupen aldakorreko murrizpen metabolikoa jasan dezakete, baina erabat hibernatzera iritsi gabe. Gainontzekoan, urte osoan zehar izaten dira aktiboak. Egunekoak zein gautarrak dira baina udan, intsolazio orduetan zehar, beraien aktibitatea nabarmenki murrizten dute. Harrapariren bat ikusten dutenean, uretarantz ihes egiten dute. Espezieen arteko elkarrekintzak

Azken urteotan, Pelophylax ridibundus espezie exotikoa, gure ur-igela desplazatzen ari dela ikusi da. Gainera, Pelophylax ridibundus eta Pelophylax perezi ugaltzeko gai dira, Pelophylax esculenta hibridoa emanez, ondorioz, gure ur-igelaren populazioak arriskuan jarriz. Bere harrapari arrunten artean zikoinak, lertxunak, harrapariak, igaraba, bisoia, basurdea, lutxoa, zenbait apo eta suge (Natrix sp.) eta ur-karramarroak daude.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igel honen populazioak egoera onean daude eta bereziki eskualde mediterranearrean, ale ugariko populazioak aurki daitezke, altitudearekin murriztu egiten direlarik. Espezie honen gainean eragin negatiboa izan dezaken faktore nagusia produktu fitosanitarioek eragindako kutsadura da, igeltxo honentzako oso toxikoa suerta daitezkeena. Zenbait eskualdetan (Ebroren Delta, Llobregaten Delta) ale kopurua oso nabarmenki murriztu da produktu hauen erabilera dela eta. Igel honi kalte egiten dion beste faktoretako bat ur-emarien desagerpena izan da. Azkenik, aipatzekoa da P. ridibundus igelaren sartzeak daukan garrantzia, populazioen egitura genetikoa eraldatzen dutelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bosch, J., Tejedo, M., Beja, P., Martínez-Solano, I., Salvador, A., García-París, M., Gil, E.R. & Beebee, T (2004). Pelophylax perezi. IUCN Zerrenda Gorria