Perlazko belarritakodun neska

Wikipedia, Entziklopedia askea
Perlazko belarritakodun neska
Jatorria
Egilea(k)Tracy Chevalier
Argitaratze-data1999
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
ArgitaletxeaHarperCollins eta Dutton (en) Itzuli
ISBN978-84-204-4236-5
OCLC42623358
Ezaugarriak
Genero artistikoaeleberri historikoa
HizkuntzaIngeles britainiarra
Deskribapena
OinarrituaNeska perlarekin
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaDelft
Argumentu nagusiaMargolaritza

Perlazko belarritakodun neska Tracy Chevalier-ek 1999an idatzitako nobela historikoa da. XVII. mendean kokatuta dago, Delft hirian, Holandan. Bertako margolari Johannes Vermeer-ek egindako Neska perlarekin margolanean oinarritzen da eleberria. Vermeerri, modeloari eta artelanari buruzko fikziozko istorioa da. Izen bera erabilita, 2003an eleberria zinemarako egokitu zen, eta 2008an antzerkirako. 2020ko maiatzean, BBC Radio 4 kateak eleberriaren dramatizazio bat igorri zuen.[1]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tracy Chevalierrek Johannes Vermeerren lanaren poster bat hartu zuen oinarritzat. Hemeretzi urte zituenean erosi zuen posterra, eta hamasei urtean zehar bizi izan zen toki guztietan eseki zuen. Idazleak iruzkindu zuen neskaren «begirada anbiguoak» eragin handia izan zuela berarengan. Esan zuen begirada kontraesanez betea dagoela: «inozentea bezain esperientziaduna, alaia bezain negartsua, irrikaz betea, baina, aldi berean, galeraz betea». Begirada margolariari zuzenduta zegoela imajinatzen hasi zen, eta pentsatzen atzean zer istorio gorde zezakeen.[2]

Chevalierrek ikerketaren barruan garaiko historia irakurri zuen, baita Vermeerren eta garaikideen artelanak aztertu eta Delften egun ugari pasatu ere.[2] Ikertzeko eta idazteko prozesuan haurdun zegoenez lana zortzi hilabetean amaitu zuen, «epe biologikoa» zuelako.[3]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Griet hamasei urteko neska bat da. Familia Delften utzi behar du 1664an, aitak ikusmena galdu ondoren istripu batean. Lauza margolaria da aita, artisten gremiokoa, eta, beraz, Griet Johannes Vermeerren etxean hasiko da neskame. Garaiko gizarte hierarkizatuan, mailaz jaistea zen hori: neskameek lapurtzeko, kuxkuxeatzeko eta nagusiekin oheratzeko fama zuten. Gainera, Vermeertarrak katolikoak dira, ozta-ozta onartutako gutxiengoa, eta Griet, ordea, protestantea. Etxean familiako alaba nagusiaren, Maertge-ren, lagun egingo da; baina inoiz ez du lortuko ondo moldatzea Cornelia herratsuarekin: alaba gazteena da, eta ama Catharina-ren pentsamendu klasista jaso du. Tanneke-rekin ere, etxeko beste neskame haserrekor eta jeloskorrarekin, arazoak izango ditu.

Griet bi urtez biziko da nagusiaren etxean, eta igandetan bakarrik itzuli ahalko da etxera. Bertan, familia barruko harremanak hausten ari dira. Neba gaztea, Frans, kanpoan dago ikastun, eta, ahizpa, Agnes, izurriak hilko du. Baina Vermeertarren etxean dagoen lehen hilabeteetan zehar, Pieter, okela-merkatuko harakinen semea, Grieti gorte egiten hasiko da. Heziketa zorrotza izan du neskak, eta hasieran ez zaio gustatuko, baina mutilaren interesa onartuko du, guraso pobretuentzat ona izango delakoan.

Griet gero eta liluratuago dago Vermeerren margolanekin. Vermeer konturatuko da neskak begi ona duela artearentzat, eta errekaduak eta lan txikiak egiteko eskatuko dio: margoa egiteko koloreak nahasteko eta ehotzeko, edota ordezko modeloa izateko. Lan horiek Grieten denboraren zati handia hartuko dute, eta Catharinak gero eta mesfidantza handiagoa izango du neskarengana. Hala ere, Vermeerren amaginarreba, Maria Thins, konturatuko da Grieten presentziak margolaria lasaitzen eta katalizatzen duela, eta bere amarruak erabiliko ditu neskak margolariarekin ordu gehiago pasa ditzan etxean. Vermeerren lagun Antonie Van Leeuwenhohek-ek abisu bat emango dio, ordea, Grieti: margolariari gehiegi ez gerturatzeko, dirudienez, gehiago interesatzen baitzaio margotzea pertsonekin egotea baino. Grietek berak ikusiko du hori egia dela, eta, beraz, kontuz ibiliko da.

Vermeerren mezenas aberats baina promiskuoak, Pieter Van Ruijven-ek, «begi handidun neskamea» begiz joko du eta atzetik jarraituko dio aukera duen guztietan. Vermeer behartuko du erretratu bat egin diezaien elkarrekin, Van Ruijvenek haurdun utzi zuen neskame batekin egin zuen bezala. Horregatik, Grietek eta Vermeerrek ez dute eskaera bete nahi izango, eta Vermeer adostasun batera helduko da mezenasarekin: Van Ruijven senideekin margotuko du, eta Grieten erretratu bat egingo du. Neska bakarrik agertuko da erretratuan, eta Van Ruijveni salduko dio. Margolanerako, Vermeerrek neska behartuko du belarritakoentzako zuloak egin ditzan, eta artistaren emaztearen perlak jantziko ditu, haren baimenik gabe. Corneliak momentua aprobetxatuko du, Catharinak hori guztia deskubri dezan. Sortutako eskandaloan, Vermeer isilik geratuko da, eta Griet etxetik joatera behartuko dute.

Hamar urte beranduago, Griet dagoeneko ohituta egongo da ama eta harakinaren emaztea izatera. Vermeer hiltzen denean, familiaren etxera joateko eskatuko diote. Bertara itzuliko da, emazteak harakinarekin duen zorra ordaindu nahiko duela pentsatuz. Orduan, Grietek jakingo du margolaria hilzorian zegoenean, neskaren erretratua bere gelan eseki zezaten eskatu zuela. Gainera, familia pobretuta zegoen arren, margolariaren testamentuaren barruan eskakizun bat zegoen: Grietek berak jaso zitzala koadroan jantzita zituen belarritakoak. Van Leeuwenhoekek beraz, Catharina behartuko du belarritakoak ematera. Baina Griet konturatuko da, harakinaren emaztea izanik, ezingo dituela jantzi belarritakoak neskamea zenean bezala. Beraz, belarritakoak saltzea erabakiko du, eta horrela, senarrari dotetik zor dizkion hamabost florinak ordaindu ahalko dizkio.

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberria 1999an argitaratu zen Erresuma Batuan, eta urtebete geroago Estatu Batuetan. New York Timeseko bestseller izan zen bertan.[4] Fikzio sari ugarirako proposatu zuten: Barnes & Noble Discover Award[5] saria eman zioten 2000. urtean, eta gazte-literaturako Alex Award saria 2001ean. Urte berean Plumek paper azaldun edizio bat argitaratu zuen Estatu Batuetan, 120.000 aleko tirada batekin. Urtebete beranduago 18 edizio zeuden argitaratuta, eta bi milioi ale inguru salduta.[6] 2005ean HarperCollinsek Erresuma Baturako edizio berezi bat atera zuen, Vermeerren margolanen bederatzi ilustraziorekin, milioi bat kopia saldu zirela ospatzeko.[7]

New York Timesek honela deskribatu zuen lana: «eleberri burutsu bat, ideiak dituena pasio».[8] Atlantic Monthlyk Chevalierren esfortzua goraipatu zuen «estatusak eta kredoak zorrotz banatzen dituen gizarte baten giroa sortzearren».[9] Aldiz, Publishers Weeklyk aipatu zuen liburuko xehetasun batzuek «sinesgarritasuna lapurtu nahi diotela kontakizunari. Irakurleak imajinazioa behar du sinesteko Griet gai dela Vermeerri iradokitzeko nola hobetu dezakeen margolana. Eta argi dago Vermeerrek Grietekin zorretan zegoela aitortu izana, amaieran erakusten den moduan, sentimentaltasunaren izenean hartutako hautua dela».[10] Beste xehetasun batzuk ere zalantzagarritzat jo zituen Gary Schwarz historialariak, batez ere, katolikoen eta protestanteen arteko banaketa nola erakusten duen, protestanteen arteko banaketak ere  garrantzia bera baitzuen.[11]

Ingelesezko salmenta arrakastatsuaz gain,  hain egin zen ezaguna eleberria, ezen Europako hizkuntza gehienetara itzuli baitzen, eta Asiako hizkuntza ugaritara ere, adibidez turkierara, georgierara, persierara, indonesierara, thailandierara, vietnamerara, txinerara eta koreerara.[12]

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chevalierren fikziozko istorioan, Griet pertsonaia Vermerren margolanerako modeloa da.

Chevalierren fikziozko istorioan, Griet pertsonaia Vermerren margolanerako modeloa da.

Vermeerren eta neskamearen arteko harreman debekatuari buruz idatzi beharrean, Chevalierrek tentsioa areagotzen du lanean zehar, eta desioari nola eusten dioten erakusten du. Time aldizkariak dioenez, Chevalierrek «fintasun osoz kontrolatutako ariketa» aurkezten du, erakusten baitu nola eusten dioten tentazioari artearen izenean».[13] Horrez gain, euste hori bada Chevalierrek narratzailearentzat, hots, Grietentzat, aukeratutako estilo urrunduaren zati. Idazleak esan izan du Vermeerren margotzeko estiloa antzeratu nahi zuela. Xehetasun bisualetan zentratzen da nagusiki, pertsonaien eta etxe-giroaren irudian, eta elkarren artean duten distantzian.[11]

Ikuspuntu fresko honek ezberdindu egiten du eleberria 1999an argitaratu ziren eta XVII. mendeko Herbereetako artelanei buruzkoak diren beste hiru eleberriengandik. Susan Vreeland-en The Girl In Hyacinth Blue (hiazinto urdinez jantzitako neska) ipuin-liburu bat da, ustez galdutako Vermeerren artelan baten inguruan idatzia.[14] Katharine Weber-en The Music Lesson (musika-klasea) Vermeerren izen bereko (De muziekles) lapurtutako artelanari buruzkoa da.[15] Deborah Moggach-en Tulip Fever (tulipa-sukarra), bestalde, Amsterdamen kokatuta dago, eta margolari eta modelo baten arteko maitasuna lantzen du. Gainera, azken lan hori ere modu berean hasi  zen, garaiko margolan bateko modeloaren begirada deszifratu nahian.[16]

Beste gai bat garaiko emakumeen egoera da: narrazioan erakutsi soilik egiten da, esplizituki aipatu beharrean. Lisa Fletcher-en hitzetan, «emakumeak ez ziren beren gorputzen jabe, aldiz, lehenik gurasoen, gero nagusien, eta azkenik senarren jabetza ziren. Eleberriak aurrera egin ahala, Grietek gero eta argiago ikusiko du “salgai” dagoela».[17] Gurasoek ez diote aukerarik emango lan egin edo ez, edo non lan egin erabakitzeko. Van Ruijvenek eta beste pertsonaia batzuek ziurtzat joko dute harreman sexualak izateko prest dagoela, laguntzailerik ez duen neskamea delako. Gero, Grietek Pieter onartzen duenean ezkongai, gurasoek neska bakarrik utziko dute gizonaren intsinuazioen aurrean, aurreikusten dutelako ezkontza mesedegarria izango dela familiarentzat.

Gai historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neska perlarekin artelanaz gain, Vermeerren beste lan asko agertzen dira Chevalierren eleberrian.[11] Hasiera-hasieran, Gezicht op Delft (Delfteko ikuspegia) gogoratzen du Grieten aitak.[18] Griet etxera sartzen denean, Vermeer Vrouw met parelsnoer (perlazko lepokodun neska) pintatzen dabil, eta, apur bat geroago, Tannekek aipatzen du Vermeerren modeloa izan zela Esneduna lanean.[18] Hurrengo lana Emakumea ur-pitxer batekin da, eta bertan okinaren alaba da modeloa. Grietek margolana deskribatzen dio aitari, eta lan-prozesua hurbiletik jarraitzen du, estudioan laguntzaile baitago.[18] Van Ruijvenen emaztea, Maria de Knuijt, geroago Schrijvende vrouw in het geel (emakumea gutun bat idazten) lanean modeloa da. Kapitulu horretan esaten da De luitspeelster (emakumea lautearekin) pinturan ere agertzen dela, eta senarra Andrea bi zaldunekin margolaneko modeloa limurtzen saiatu zela.[18] Van Ruijven, arreba bat eta alaba bat agertzen dira Het concerten (kontzertua).[18] Lan hori De muzieklesen (musika-klasea) ondorengotzat jotzen da.[18] De koppelaarster (lupemea) aipatzen duenean, ez da Vermeerrek pintatutakoazari, Dirck van Baburen-ek egindakoaz baizik. Lan hori Maria Thinsek dauka, eta horman Het concerten ondoan dago esekita.[18] Azkenik, Vermeerren alaba Maertgerek aipatzen du aitak bera ere margotu duela, eta hor Meisjeskopje (neska gazte baten erretratua) lanari egiten dio erreferentzia.[18]

Gizonezko pertsonaia nagusiei buruz informazio erreal askorik ez dago agiri historikoetan, hortaz, biziraun duten koadro horiei esker dakigu gaur egun dakiguna. Horrela lortu zuen Chevalierrek bere istorioan sartzea Vermeerri buruz dakizkigun datu batzuk, fikizoari errealitate kutsua emateko.[19] Baina froga falta Vermeerren etxetik haratago doa. Badakigun arren Antonie van Leeuwenhoekek Vermeerren testamentua egin eta betearazi zuela, ez dago frogarik esateko lagunak zirela. Argi dago Van Leeuwenhoekek tresna optikoetan interesa zuela, eta esaten da Vermeerrek kamera ilun bat erabiltzen zuela, baina ez dago informazio gehiagorik.[20] Horrez gain, litekeena da Pieter van Ruijven Vermeerren mezenasa izatea, artistak sortutako 21 margolan baitzituen jabetzapean, baina ez dago idatzizko frogarik. Eta ez dago adierazlerik pentsatzeko Chevalierrek erakusten duen harrapakari sexuala izan zenik.[21]

Halakoak kontuan hartzea garrantzitsua da: Lisa Fletcherrek dioenez eleberri historikoek «iraganaz dugun pertzepzioan eragina dutela» eta baita iritzi horri orainaldian erantzuteko dugun moduan ere. 1996an Vermeerri buruzko erakusketa bat egin zen Washingtongo National Gallery of Art museoan, eta 2001ean New Yorkeko Metropolitan Museum of Arten beste bat, Vermeerri eta Delfteko Eskolari buruz. Bigarren honetara lehenengoan egon zen jendea halako bi hurbildu zen. Fletcherren arabera, «Walter Lietdkek, galeriako Europako margolanen arduradunak, uste zuen erakusketaren arrakasta, zati batean, gutxienez, Chevalierren eleberriari esker zela».

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «BBC Radio 4 - Girl with a Pearl Earring, Episode 1» BBC (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. a b Chevalier, Tracy. (2001). Girl with a pearl earring. Plume ISBN 0-452-28215-2. PMC 46932764. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  3. Slatner-Prückl, Michaela. (2003). Mother-of-pearl. Oxford University Press ISBN 978-1-884446-05-4. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. «Independents/Chain Bestseller List» archive.nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  5. Barnes, Tom. (2007-07-24). «RSS» Journal of Website Promotion 1 (4): 15–30.  doi:10.1300/j238v01n04_03. ISSN 1553-3611. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  6. "This Pearl is a Diamond". Publishers Weekly 249.4, 2002ko urtarrilaren 28an.
  7. (Ingelesez) «Girl With a Pearl Earring - Chevalier, Tracy: 9780007218004 - AbeBooks» www.abebooks.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  8. (Ingelesez) Eder, Richard. (2000-01-24). «BOOKS OF THE TIMES; Master Vermeer, Isn't It, Um, Missing a Little Spark?» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  9. Adams, Phoebe-Lou. Atlantic Monthly 285.2, 2002ko otsailean
  10. «Girl with a Pearl Earring by Tracy Chevalier» www.publishersweekly.com Invalid date (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  11. a b c (Ingelesez) Fletcher, Lisa. (2001). Tracy Chevalier's Girl with a Pearl Earring. Insight Publications ISBN 978-1-875882-72-4. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  12. «Editions of Girl with a Pearl Earring by Tracy Chevalier» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  13. «TIME.com: TIME Magazine -- A Portrait of Radiance» web.archive.org 2001-02-10 (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  14. «Reviews of Girl in Hyacinth Blue» www.svreeland.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  15. «Katharine Weber | The Music Lesson: About the book» web.archive.org 2018-04-17 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  16. (Ingelesez) «tulip fever» Hachette UK 2019-11-04 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  17. «Sheffield Hallam Working Papers: Historicising the Historical Novel» extra.shu.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  18. a b c d e f g h Cibelli, Deborah H.. (2004-04-07). «“Girl with a Pearl Earring”: Painting, Reality, Fiction» The Journal of Popular Culture 37 (4): 583–592.  doi:10.1111/j.0022-3840.2004.00087.x. ISSN 0022-3840. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  19. Tracy Chevalier: Finding the story inside the painting. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  20. «Anthony van Leeuwenhoek and Johannes Vermeer» www.essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  21. «Vermeer's Clients, Pieter van Ruijven» www.essentialvermeer.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]