Perpaus kontzesibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Perpaus kontzesiboak perpaus nagusiak adierazten duena betetzeko nolabaiteko oztopoa adierazten duten perpaus txertatu adberbial motetako bat dira.

-EN ARREN[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-EN ARREN morfema-multzoaz hornitutako perpaus txertatua adizlaguna da. Esaldiaren mintzagai izan ohi da, ez galdegai. Horregatik, perpaus nagusitik kanpo bezala gelditzen da, koma batez bereizia:

  • a. Ixteko ordua den arren, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Gizon hori pixka bat ezagutzen dudan arren, ezin dut haren jokabidea ulertu.

Perpaus horiek KONTZESIBOAK dira. Goiko perpaus horiek, gutxi gorabehera, honako parafrasi hau izango lukete:

  • a. Ixteko ordua da. Horren ondorio logikoa ez itxarotea litzateke. Baina, logika horren kontra nolabait, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Gizon hori pixka bat ezagutzen dut. Horregatik, haren jokabidea ulertu behar nuke, baina ezin dut ulertu.

Aurkaritza-juntaduraren aski antzekoak dira, hortaz. Aditz jokatua dute perpaus horiek, baina partizipioa ere erabil daiteke, funtsean adiera bera duten perpausak osatzeko:

  • a. Ixteko ordua izan arren, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Gizon hori pixka bat ezagutu arren, ezin dut haren jokabidea ulertu.

Perpaus kontzesiboen beste forma batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus kontzesiboak aditzera emateko beste modu batzuk ere badira. Hona hemen zenbait:

Ba- … ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Ixteko ordua BADA ERE, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Gizon hori pixka bat ezagutzen BADUT ERE, ezin dut haren jokabidea ulertu.

Jakina, alegiazko baldintzan oinarrituta ere osa daitezke horrelako kontzesiboak:

  • Ixteko ordua BALITZ ERE, bost minutu gehiago itxarongo nizuke. (= ixteko ordua IZAN ARREN, bost minutu itxarongo nizuke)

Nahiz (eta) … -en[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Nahiz (eta) ixteko ordua den, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Nahiz (eta) gizon hori pixka bat ezagutzen dudan, ezin dut haren jokabidea ulertu.

Halakoetan, aditz jokatuaren ordez aditz jokatu gabea ere erabil daiteke:

  • a. Nahiz (eta) ixteko ordua izan, bost minutu gehiago itxarongo dizut.
  • b. Nahiz (eta) gizon hori pixka bat ezagutu, ezin dut haren jokabidea ulertu.

<-TUTA> / <-TURIK> ERE.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Gauzak horrela izanda ere, ez dut erosiko.
  • b. Indar guztiaz bultzaturik ere, ez da eroriko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]