Pertsona-izenordain

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pertsona-izenordaina[1] pertsona gramatikalak azaltzen dituen izenordaina da. Euskaraz, arruntak (ni, hi, zu, etab.) edo indartuak (neu / nihaur / neroni; hi / hihaur / herori; etab.) izan daitezke. [2] Sintaktikoki, izenordain bat beti izen-sintagma edo adjektibo-sintagma (pertsona-izenordain posesiboen kasuan) da. Sintagma -determinatzailearen azterketa onartzen bada, pertsona-izenordainak sintagma horren nukleotzat har daitezke.

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona-izenordain zehaztuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenordain zehaztuek erreferente zehatza dute, eta solasean parte hartzen duten pertsonak hartzen dituzte kontuan. Lehen pertsona singularra hizketan ari dena da. Bigarren pertsona singularra lehendabizikoaren solaskidea izan ohi da. Lehen pertsona plurala, berriz, hiztuna barnean duen pertsona-multzoa da. Bigarrena, berriz, solaskidea eta beste zenbait biltzen dituen multzoari dagokio. Horregatik deitzen zaie «zehaztuak». Bi multzotan banatzen dira pertsona-izenordain zehaztuak: a) arruntak eta b) indartuak:

Pertsona Pertsona-izenordain arruntak Pertsona-izenordain indartuak
Singularreko 1. pertsona NI NEU, NIHAUR, NERAU
Singularreko 2. pertsona HI HEU, HIHAUR, HERORI
Pluraleko 1. pertsona GU GEU, GUHAUR, GEROK
Singularreko 2. pertsona ZU ZEU, ZUHAUR, ZERORI
Pluraleko 2. pertsona ZUEK ZEUEK, ZUHAUEK, ZEROK

Laukiari erreparatuz gero, berehala ikusten da 2. pertsona singularrekotzat bi izenordain eman direla: HI eta ZU. Baina hori erdiegia da. Esanahiari begira, argi dago hala direla, baina ohartu behar da aditz-jokoan ZU izenordainak, GU izenordainak bezala, plural-marka eskatzen duela:

  • Gu ez gaITu ikusi

esaten den bezala, hau ere esaten da:

  • Zu ez zaITu ikusi.

Eta, alderantziz,

  • Ni ikusi NAU.

(-it- gabe)bezala,

  • Hi ikusi HAU.

Horrek esan nahi du antzina, euskara zaharrean, ZU izenordaina 2. pertsona pluralekoa zela. Hain zuzen, ZU-k singularraren balioa hartu zuenean, euskarak pluralerako izenordain berri bat sortu behar izan zuen: ZUEK.

Izenordain indartuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenordain indartuez bi ohar egin behar dira:

  1. Izenordain indartuen sailean forma bat baino gehiago ageri da, euskalkietan forma bat baino gehiago ageri baita.
  2. Erabilerari dagokionez, arauren bat eman behar eta, esan beharrekoa da forma indartuak galdegaiaren lekuan erabil daitezkeela.

Arruntak ere bai, jakina:

  • NEU etorri nintzen lehena. ( = NI etorri nintzen lehena)
  • GEURI esan zigun Pellok. ( = GURI esan zigun Pellok)

Hortik aparte, mintzagaiaren lekuan ere ager daitezke, batez ere ERE, BEHINTZAT, eta horrelakoen lagun: NEUK ERE, esango nizuke zertxobait.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2013]
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa: izenordain

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hizkuntzalaritza Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.