Pertsonen kontrako mina

Wikipedia, Entziklopedia askea
VS-50 mina, basamortu-eremuetan erabiltzeko egina
Artikulu hau lehergailuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mina».

Pertsonen kontrako mina lehorreko lehergailu mota da, leherrarazten duen pertsona hiltzea edo zauritzea helburu duena. Ez da gerra denboran bakarrik erabiltzen. Eremu jakin batean han-hemenka jarrita, lurralde hartatik igarotzeko asmoa galarazteko erabiltzen dira. Gaur egun, plastikozkoak dira, ez detektatzeko, eta 100 gramorainoko lehergaia izan dezakete.

Gatazka bukatu eta urte luzez eraginkor izaten jarrai dezaketenez, arriskutsuak dira gerra egoera bukatu delarik ere. Horregatik, mina hauen biktima ohikoenak zibilak izaten dira (% 90). Munduan zehar 110 milioi mina daudela uste da[1], 64 herrialdetan banatuak (afrikan gehienak). Urtero 26 000 lagun zauritu edo hiltzen dituzte[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran erabili ziren lehenengo aldiz. Alemaniako gudarosteak Bouncing Betty izeneko minak erabili zituen, burdin hari batetik tiratzean leherrarazten zirenak.

Koreako Gerran, hari detektagailuen sare konplexu baten bidez leherrarazten ziren minak erabili ziren sarritan, leku estrategikoen defentsan batez ere.

Vietnamgo gerran Claymore izeneko mina txiki arinak erabili zen. Mina hauek, lehergaiaz gainera, metraila zeukaten, lehertzean 76 metroko eremuan zabaltzen zena. Lurrean ezkutatu edo zuhaitzetatik zintzilik jartzen zituzten, lurretik 60 edo 90 zentimetrora. Burdin hari detektatzaile batek leherrarazten zuen karga.

Mina motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonen aurkako minak hiru lehergailu motatan sailka daitezke. Lehenik, eragin eremu urrikoak daude. Lurpean ezkutatuta, norbaitek zapaltzean lehertzen dira; lehergaia ez da agian hilgarria, baina oso zauri larriak eragin diezazkioke zapaltzen duenari. Beste mina mota batzuk jauzlariak dira; hauek ere lurpean ezkutatzen dira, eta norbaitek zapalduz gero jauzi egin eta lurretik metro batera edo bitara lehertzen dira. Leherkariaz gain burdinazko metraila izan ohi dute, eta leherketa lurrazalaren gainetik gertatzen denez kalte eremu zabalagoa dute. Azkenik, artezlarien kontrako minak aipatu behar dira. Mina hauen helburua pizgailua ezeztatzen saiatzen diren artezlariak hiltzea da; leherrarazten dituzten mekanismoek artezlariek ezagutzen ez dituzten aldaerak izaten dituzte, eta segada hilgarri bihurtzen dira.

Minen aurkako hitzarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ondorio krudelak direla eta, nazioarteko erakundeek minen erabilera gaitzesten dute, gerra arautzen duen nazioarteko legediak onartzen ez dituen elementuak baititu bere funtsean eta helburuetan.

1997an Pertsonen Kontrako Minen aurkako Nazioarteko Kanpainaren antolakuntzak Bakearen Nobel saria jaso zuen[3]. Urte berean, Oslon (Norvegia), Pertsonen Aurkako Minen Debekuari buruzko Ituna idatzi zen. Dokumentu horrek, 1997ko abenduaren 3an, Ottawan (Kanada), 120 herrialde baino gehiagok izenpeturik, pertsonen aurkako minak biltzea, esportatzea, fabrikatzea eta erabiltzea debekatu zuen. Gaur egun 164 herrialdek izenpetua dute hitzarmena[4].

Apirilaren 4a pertsonen kontrako minei kontrako ekintza eguna izendatu du NBEk[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) dice, Luis. El drama de las minas antipersonales | Foreign Affairs Latinoamérica |. (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  2. «Por la prohibición total de minas en el mundo | Amnistia Internacional | Venezuela» www.amnistia.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  3. (Ingelesez) «The Nobel Peace Prize 1997» NobelPrize.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).
  4. a b (Gaztelaniaz) United Nations. «Día Internacional de información sobre el peligro de las minas y de asistencia para las actividades relativas a las minas | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2020-10-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]