Edukira joan

Pesinunte

Pesinunte
Kokapena
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaEskişehir probintzia
HerriSivrihisar ilçesi
Kokapen fisikoaErdialdeko Anatolia eskualdea
Koordenatuak39°19′54″N 31°34′51″E / 39.3317°N 31.5809°E / 39.3317; 31.5809
Mapa
Pesinunten agertutako hileta monumentua, bi ate dituenak. Ateak, Beste Mudurako atariak direla interpretatzen da. K.o. III. mendea.

Pesinunte (antzinako grezieraz Πεσσινούς edo Πισσινούς) Anatoliako antzinako hiri bat izan zen, Asia Txikian (Anatolia), Sakarya ibaiaren ibilguan (antzinako Sangarios). Han omen zuen tronua Midas errege mitologikoak, Frigia hartzen zuen lurralde handi bat gobernatu zuenak. Frogatu ahal izan da hiria K.a. 700. urtetik egon zela gutxienez.

Garai bateko Pesinunte egungo turkiar Ballıhisar herria da, Sivrihisar eskualde administratiboan eta Sivrihisar herri nagusitik 13 kilometrora, Eskişehir probintzian. Ankara-Eskişehir errepidearen eta Afyon-Esmirnarako bidearen arteko lotunean, Ankaratik 120 km hego-mendebaldera.

Pesinunte Midas erregearen hiriburu mitologikoa zen, ukitzen zuen guztia urre bihurtzea desiratu zuen agintaria, eta mitoaren arabera Zibeleren tenpluaren eraikiarazi zuen, Midasen "amarena", alegia. Zibele jainkosa handia zen Frigiako erlijioan eta bere garrantzia da Pesinunteren existentziaren arrazoia.

Alexandro Handiak konkistatu eta K.a. 270. urte inguruan Pesinunte eta Gordio inguruan galatak finkatu ondoren, hiria Galatia eskualdeko gune heleniar bihurtu zen. Seleukotarrek galatak garaitu zituzten, baina azkenean Antioko Hieraxek lurraldea galdu zuen eta Pergamoko erresumako Atalidar dinatiaren esku geratu zen. K. a. 133. urtean, Atalo III.ak bere erresuma Erromaren menpe jartzen du, eta erresumarekin batera Pesinunte bera.[1]

Zibele Erroman

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena den, erromatarrak askoz lehenagotik zituzten harremanak Pesinunterekin. K.a. 205ean, erromatarrek, bigarren gerra punikoarekin batera gertatutako meteorito-jasa batek asaldatuta, Liburu Sibilinoak kontsultatu zituzten, eta hortik, Ida mendiko Ama Handiaren (Magna Mater Idaea, Kybele ere deitua) gurtza hirian sartzea erabaki zuten. Horretarako, Atalo I.a aliatuarengana jo zuten, eta hark agindutakoaren arabera, Pesinuntera joan eta jainkosaren irudirik garrantzitsuena hartu zuten, zeruetatik erori omen zen arroka beltz handi bat, eta Erromara eraman zuten.

Hasieran, betilo (harri puska handia eta sakratua) hori Palatinoko Garaipenaren Tenpluan jarri zen, baina K.a. 191. urtean jainkosari eskainitako santutegi berri bat eraiki zen, Magna Materren tenplua Palatinon bertan, gailurrean, Erromako lekurik sakratuenetako batean. Harkaitz beltzarekin batera, tronu bat ekarri zuten Erromara. Tronua bi aldiz suntsitu zuen suak K.a. 111. urtean eta K.o. 3. urtean, eta bietan berreraiki zuten, azken aldian Zesar Augusto enperadoreak.

Erromatar inperioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrabonek (K.a. 63 – 24) honela deskribatu zuen hiria:

« Pesinunte Galatiako merkataritza-gunerik handiena da; Jainkoen Amaren santutegi bat du, eta asko gurtzen dute. Agdistis deitzen diote jainkosa honi. Apaizak, antzina, dinasta moduko batzuk ziren, apaizgoari etekin handia ateratzen ziotenak. […] »
Estrabon, 12.5.3
Pesinunten aurkitu den korintiar ordeneko tenpluaren 3D berreraikuntza proposamena. Egilea: Angelo Verlinde

Egun, ikerlariek diote ez dagoela frogarik esateko Atalidarren aurretik hiria zentro garrantzitsua izan zela, Atalidar dinastiak beestu eta bultzatu zuela, eta beraz, ez dela sinesgarria han antzinatik , apaiz-dinasta hiria gobernatzea[2]

Erromatar kultura Pesinunten garatu zen batez ere, 45. urte ingurutik aurrera, urte hartan, Klaudio enperadoreak tenpluko lurrak Brogitarix tetrarka galatari saldu zizkionean. Erromatar mandatariek dirua biltzeko erabiltzen zuten taktika zen hura, Julio Zesarren garaian hasi zena.

Kristau fedea K.o. III. mendean iritsi zen bertara, eta tenplua pixkanaka abandonatu egin zuten. Hala ere, Juliano enperadoreak erromesaldia egin zuen bertara. 398 inguruan Pesinunte Galatia Salutaris probintzia berriko hiriburu izendatu zuten, eta metropoliko artzapezpikuaren bizileku bertan ezarri zen. Justiniano I.aren agintaldian, bere izena aldatu eta Iustinianopolis (Justinianoren hiria) izena eman zioten, luzaroan iraun zuena. Ondoren, eskualdea Bizantziar Anatoliako Theman sartu zen. 715. urtearen amaieran, Pesinunte hiria eraso arabiar batek suntsitu zuen, ondoan dagoen Orkistos hiria bezala. Eremua bizantziarren kontrolpean egon zen XI. mendearen amaieran turkiar seljuktarrek bereganatu zuten arte. Ondoren, Pesinunte leku menditsu, garai eta ezezagun batean zegon herri bihurtu zen. eta pixkanaka, biztanleak galdu zituen.

Aurkikuntza eta ikerketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinarotik zegoen azken eraikuntza XIX. mendean eraitsi zen. Ganteko Unibertsitateko arkeologo belgikarrek, 1967tik han induskatzen aritu direnek, Zibeleren tenplu zaharra eta beste eraikin batzuk aurkitu dituzte, antzoki bat eta termak, esaterako.

  • (Alemanez) Westermann Verlag, Georg (1972) Grosser Atlas zur Weltgeschichte (Mundu historiaren Atlas handia)
  • (Ingelesez) The Cambridge Ancient History, VII, VIII, IX, XI, eta XIII liburukiak
  • (Ingelesez) Coşkun, A. (2016), Attalos I and the Conquest of Pessinus. I.Pessinus 1 Reconsidered, Philia 2, 53-62. or.
  • (Ingelesez) Coşkun, A. (2018), “The Temple State of Kybele in Phrygian and Early Hellenistic Pessinus: a Phantom?”, Pessinus and Its Regional Setting, vol. 1 (Colloquia Antiqua 21), Ed. Gocha R. Tsetskhladze, Leuven/Paris/Walpole, MA, Peeters, 205-243. or.
  • (Ingelesez) Thonemann, P. (arg) (2015), Attalid Asia Minor: Money, International Relations and the State, Oxford, OUP.
  • (Ingelesez) Verlinde, A. (2015), “The Pessinuntine Sanctuary of the Mother of the Gods in light of the excavated Roman temple”, Latomus, T. 74, 1. faszikulua, 30-72.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Pesinunte - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (kontsulta data: 2025-12-17).
  2. (Gaztelaniaz) Los Atálidas y la creación de Pesinunte | Archivos de la Historia. 2024-08-26 (kontsulta data: 2025-12-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]