Petrogradeko Sobietaren Komite Exekutiboa (Ispolkom)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ispolkom (Ispolnitelni Komitet, hau da, “Komite Exekutiboa”), Petrogradeko Sobietaren Komite Exekutiboa zen. Hau da, VTsIKek Errusia Osoko Sobietekiko jokatzen zuen antzeko papera jokatzen zuen Ispolkomek Petrogradeko Sobietarekiko. Kontutan izan behar dugu 1917ko martxo eta ekain artean (hau da, Errusia Osoko Langile Sobieten Lehen Biltzar Nagusia deitu arte), Petrogradeko Sobieta izanik Sobieten erreferentzia, garai hartan, praktikoki Ispolkom Sobiet guztien “zuzendari” izan zen.

Ispolkomen sorrera eta antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsaileko iraultzaren egunetan sortu zen Petrogradeko Sobieta, eta horrekin batera bere Komite Exekutiboa; batez ere mentxebikeen aldetik.

Ispolkomek, hasieran batez ere mentxebikeek osatutako 15 kidetako talde batean izan zuen bere muina; bere lehen lehendakaria Nikoloz Txkheidze mentxebikea izan zen, Aleksandr Kerenski eserista eta Matvei Skobelev mentxebikea lehendakariorde zirelarik. Hala ere, martxoaren lehen egunetan, alderdi sozialista bakoitzeko ordezkariak sartzea erabaki zuen. Ispolkomek 39-42 (iturrien arabera) kide izan zituen (boltxebikeen aldetik, Stalin, Xliapnikov eta Molotov). Hala ere, kide berri horiek ez ziren Petrogradeko Sobietean langileen ordezkari gisa diputatu zirenen aurrean arduradun, baizik eta izendatu zituen alderdiaren aurrean (alderdiek ordezkari hauek izendatu eta kargugabetu ahal zituzten). Horrek, batez ere lehen egun hauetan, Sobietak Behin-Behineko Gobernu burgesa babestea erraztu zuen, izan ere, Sobieteko zuzendariak, praktikan ordezkatzen zituzten langileengandik independenteak ziren. Ispolkomeko kide gehienak, intelektualak ziren, alderdi sozialistetan ezagunak zirenak (batez ere martxo hasieran amnistia dekretatu zenetik), baina ez hainbeste Petrogradeko langileengatik ezagutuak[1].

Burgesiarekin koalizioa Gobernuaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko ekaina arte Sobieten Errusia-mailako antolakunderik ez zenez, hiriburuko, Petrogradeko, Sobieta sobiet guztien erreferentzia zen eta zuzendaritza-papera zuen. Hori dela eta Ispolkomek garai horietan hartutako erabaki askoren arduradun izan zen, adibidez Behin-Behineko Gobernua osatzearena, eta geroago Behin-Behineko Gobernuan sartzearena. Ispolkomen aldetik Dumako kide ere baziren Txkheidzek eta Kerenskik Behin-Behineko Gobernua osatzea negoziatu zuten martxoaren 1ean. Martxoan, Ispolkomek greben aurka egin zuen “Iraultza arriskuan ezin zitekeelako jarri” (honek erakusten du mentxebike eta eseristen pe, Sobieten ikuspegia “Estatu-interesekin” lerratzen zela). Apirilean, Ispolkomek erabaki zuen Sobieta eta honetan gehiengoa ziren alderdiak Gobernuan sartzea (honela hasi zen "koalizioa Gobernua" deitutakoa; hau da, burgesiiaren eta Sobieten arteko koalizioaren etapa)[2].

Boltxebikeen gehiengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren bukaeran, komunistek irabazi zuten gehiengoa Petrogradeko Sobietaren barne, eta beraz, boltxebike bat ezarri zen Ispolkomeko lehendakari. Kargu hori, lehenbizi Lev Trotskik hartu zuen, eta Urriko Iraultza Sozialistaren ostean, Grigori Zinovievek, 1926 arte. Boltxebikeen pe, Sobietak botere-iturri zirenez, Ispolkomeko lehendakaria (hau da Petrogradeko Sobieteko lehendakaria), Petrogradeko alkatea zen[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]