Phillipsen kurba

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Langabeziaren eta soldataren arteko aldaketa-tasa, Erresuma Batua 1913-1948 artean. Egilea: William Phillips (1958)

Phillipsen kurba ekuazio bakarreko eredu enpirikoa da, inflazioaren eta langabeziaren arteko harremana neurtzen duena eta William Phillipsek izendatu zuena[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1958. urtean, William Phillipsek Economica izeneko aldizkari britaniarrean Erresuma Batuko langabeziaren eta soldaten datuak hartu zituen 1861-1957 epe artekoak. Segida horrek ondorio bat islatu zuen: harreman negatiboa zegoen bi aldagaien artean. Hots, langabezia txikia zen urteetan, soldatek gora egiteko joera izaten zuten, eta alderantziz. Langabe gehiago zegoen urteetan, ordainen hazkundea motelagoa zen. Inflazioaren ordez soldatak hartu zituen, baina ez dago praktikan alde handirik, bien eboluzioa lotuta egon ohi delako[1].

Aurkikuntza garrantzitsua zen eta argitalpenak jakin-min handia piztu zuen ikerlarien artean, eta, laster, esperimentua berriz egiteko saiakerak jarri ziren martxan zenbait herrialdetan[1].

1960an, Paul Samuelson eta Robert Solow ekonomistek beste artikulu bat idatzi zuten American Economic Review aldizkarirako. AEBetako datuak aztertuta, antzeko harreman negatiboa utzi zuten agerian. Eskaerarekin lotu zuten emaitza. Langabezia txikia ekonomiaren eskaera handiaren eskutik zetorren, eta eskaera indartsu horrek goraka bultzatzen ditu soldatak eta prezio guztiak[1].

Erabilpen ekonomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inflazioaren aurkako politiketan izan zezakeen erabilpen praktikoa eztabaidagai izan zen. Hau da, agintari ekonomikoek inflazioaren eta langabeziaren artean aukeratu beharko lukete euren politikak diseinatzerakoan. Milton Friedman eta Edmund Phelps zioetenez ezin zen kurba erabili politikak diseinatzeko, harreman negatiboa ez zelako betiko, eta luzera begira desagertzen zelako. Inflazioa edozein izanik ere, luzera begira langabeziak bere tasa «naturalera» jotzen duela esan zuten. Hau da, inflazioa pizteko asmoz diru eskaintza igotzeak ez luke betiko langabezia jaitsiko[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e   Santamaria, Ivan (2017ko irailak 3 .) «Nondik dator eta zer da Phillipsen kurba?» BerriaCC BY-SA 4.0 lizentzia .