Pierre Lhande
Datu pertsonalak | ||
---|---|---|
Izen osoa | Pierre Lhande Hegi | |
Ezizena | Petit Pierre, Nadi-Preherel[1] | |
Jaio | 1877ko uztailaren 9a | |
Baiona (![]() | ||
Hil | 1957ko apirilaren 17a | |
Atharratze (![]() |
Pierre Lhande Hegi[2][3] (Baiona, Lapurdi, 1877ko uztailaren 9a - Atharratze, Zuberoa, 1957ko apirilaren 17a) euskal idazlea eta apaiza zen.
Duen izenak konfusio baten ondorioa dirudi; aitaren deitura Basagaitz zen baina dokumentazioan Allande Atharratzeko bere aitona txistulariaren izena agertzen da eta gero hau Lhande itxuraldatu zuten[4].
Biografia
Baionan jaio bazen ere, zuberotartzat jo daiteke, han baitzuen familia eta zortzi urterekin aita hil zitzaionean Zalgizeko Apatia etxera amarekin bizi izatera joan zelako. Ama Montevideon jaioa zuen.
Maulen Bigarren Hezkuntzako ikasketak burutu eta Baionako Seminario handian sartu zen baina bota egin zuten, bere kezka nagusia euskara zelakoan. Orduan Rodésen (Okzitania) Jesusen Konpainian sartu zen; kongregazioarekin Belgika (1901), Herbehereak (1903), El Puerto de Santa María eta berriro Belgikan egon eta gero apaiz jesuita bihurtu zen 1910eko abuztuan.
Hondarribian egon zen; 1922an espainiar estatutik bota zuten gobernuak euskaldunekiko zuen jarreraga kritikatzeagatik. Paris inguruko langile-herrietan apaiz ibili zen eta 1927an Le Christ dans la banlieue, Enquête sur la vie religieuse dans les milieux ouvriers de la banlieue de Paris liburuki batzuek osatutako obra idazteari ekin zion; horien bidez katoliko frantsesei eliz ofiziala eta langile munduaren artean zegoen distantziaz kontzientzia hartzea zuen helburu.
Erlijio katolikoa irratien bidez zabaltzen aitzindaria izan zen Lhande:
- 1927ko urtarrilaren 2an lehen emanaldia burutu zuen. Radio Parisek igandero ematen zituen 20 minutuko "irratisermoiak" ziren.
- 1934ko urtarrilaren 1ean Radio Paris nazionalizatu zutenez Eliza eta Estatuaren banaketa dela medio irratsaioa kendu zuten.
- 1934ko apirilaren 8an protestaldi ugarien aurrean irratsaioak berriro onartu ziren.
Atharratzen hil zen 1957an, Saint-Antoine etxean.
Lanak
Narrazioa
- Mirentchu (1914)
- Gure orma zaarra (1915, Martin y Mena)
- Yolanda. Irakurgaya. 1 irarkaldia. Argiaren Idaztiak, I (1921, Leizaola)
- Bilbilis (1926)
- Le Moulin d'Hernani (1936)
Saiakera
- Autour d'un foyer basque (1908)
- L´Emigration basque (1910)
- Le Pays basque à vol d'oiseau (1925)
- Le Poéte Pierre Topet dit Echahun et ses oeuvres (1946, Eskualtzaleen Biltzarra)
Hiztegia
- Dictionnaire basque français (Dialectes Labourdin, Bas-Navarrais et Souletin) - Tome 1 (1926); bere lanik ezagun eta erreferentzialena.
Erreferentziak
- ↑ Bere lehen idazkietan erabili zituen ezizenak.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Pierre Allande Heguy ageri zen bere dokumentazioan.
- ↑ Lhande Heguy, Pierre Auñamendin.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
- Pierre Lhande literaturaren zubitegian.
- (Gaztelaniaz) Lhande Auñamendi entziklopedian.
- (Frantsesez) Lhanderen irratsaioez.
- Joseba Aurkenerena: Pierra Lhande pastorala, hautu txar baten malura [1]