Pietro Lorenzetti

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pietro Lorenzetti
Pietro Lorenzetti
Datu pertsonalak
Izen osoa Pietro Lorenzetti
Jaio 1280 aldean
Siena (Gaur egun Italia)
Hil 1348
Siena (Gaur egun Italia)

Pietro Lorenzetti (Siena, 1280 aldean - Siena, 1348), batzuetan Pietro Laurati deitua, italiar margolaria izan zen, Sienako eskolakoa, Lorenzetti anaietan zaharrena. Arezzo, Florentzia eta Asisen aritu zen lanean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duccio eta Giotto izan ziren Pietro Lorenzettiren pinturan eragin handiena izan zuten artistak. Ez da ahaztu behar, Sienako semea zenez, Duccioren eskolan eta hegopean hezi zela Pietro; Giottoren pintura, berriz, Asisen ezagutu zuen, hiri hartako San Frantziskoren beheko basilikan margotu baitzuen Ama Birjina eta Haurra Frantzisko eta Joan Bataiatzailearen artean izenburuko freskoa. Lehen garai horretakoa da, orobat, Arezzoko Santa Maria della Pieve elizarako egin zuen Tarlati politiptikoa. 1320ko obra hori har liteke Duccioren eraginaren goren puntutzat.

Dokumentazio gabeko aldi baten ondoren, estilo aldaketa handia nabaritzen zaio, Florentziako Giottoren obra ezagutu izanaren ondorioz. 1326tik aurrera, anaia Ambrogiorekin batera, Sienako San Frantzisko komentuko freskoak pintatu zituen. 1329an, Ama Birjina tronuan, aingeruak eta ordenako santuak eta Karmeldarren bizitzako pasarteak margotu zituen (gaur Sienako Pinakotekan). Obra horietan nabaritzen den -eta hain Giottorena den- espazio batasun berbera antzematen da Florentziako egonaldian egin zituen lanetan: Santa Luzia ohol gaineko margolana (Florentziako Santa Luzia elizan), eta Santa Umiltàren politiptikoa (Uffizi Galerian).

Gero, Siena eta Asis artean ibili zen txandaka, eta azken hiri horretan margotu zituen 1335-1340 bitartean San Frantziskoren beheko basilikan dauden Nekaldiko pasarteak izenburuko freskoak. Pietro Lorenzettiren azken lanen artean, aipatzekoak dira Madonna in trono col Bambino tra otto angeli (1340, Florentzia, Uffizi), eta Ama Birjinaren jaiotza (1342, Museo dell'Opera del Duomo, Siena).

Ziur aski, 1348ko izurritean hil zen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pietro Lorenzetti Aldatu lotura Wikidatan