Piktogramen trukearen bidezko komunikazio sistema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sistema hau hasieran haur autistekin erabili izan da.

Piktogramen trukearen bidezko komunikazio sistema, Picture Exchange Communication System edo PECS ingelesez, komunikazio sistema handigarria eta alternatibo bat da. Sistema hau komunikatzeko arazo handiak dituzten (autismo[1] edo hezkuntza behar bereziko pertsonekin) erabiltzen da. PECS sistemak hasiera batean haur hezkuntzan hasi zen erabiltzen. Denboraren poderioz, beste adinetara eta problematiketara zabaldu zen; nerabeekin erabilita arrakasta izan du, baita ere pertsona helduekin.

Berez ez da sistema berri bat, metodologia bat baizik. Oinarri gisa erraz egin daitezkeen elementuak erabiltzen ditu: piktogramak, velkro tirak, piktogramak jartzeko liburuak. Horrela izanda, esan behar da baita ere produktu hauek guztiak salgai daudela eta ez prezio merkean. Piktogramak teorikoki KPSkoak izan daitezke edo Pyramid Educational Consultans enpresak komerzializatzen dituenak. Dena dela, PIC edo ARASAAC sistemakoak ere egokiak izan daitezke.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

PECS sistema hau 1985an sortu zen Andy Bondy, PhD Frost eta Lori Frost ikerlarien eskutik. Lehenengo esperientziak Ameriketako Estatu Batuetan egin ziren, Delaware estatuan. Han, "Delaware Autism Program, PECS" jarri zen martxan. Gaur egun mundu osoan dago zabalduta.

Oinarri teorikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurraren gogoei erantzutean datza sistema honen abiapuntua.

Abiapuntu teoriko gisa PECS sistemaren oinarrian ideia bat dago: komunikatzen ez diren pertsona horiek gauzak eskatzeko beharra dute; behar hori asetzeko sistema bat antolatu dute. Erabiltzaileek, haien gogoko gauzak eskuratzeko piktogramak erabiltzeko beharra izango dute halabeharrez.[3] Lehenengo urratsa behaketarena da. Irakasleek motibagarriak izan daitezkeen objektuak zein aktibitateak definitu behar dituzte eta, ondoren, ierarkia bat ezarri. Horretarako erabiltzailearen erreakzioak aztertuko dituzte: keinu bat nahikoa izan daiteke objektu bat bestearen aurretik jartzeko.

Entrenamenduan garrantzitsua ez da piktograma seinalatzea edo irakasleak egindako zeinu bat imitatzea. Ikasleak piktograma bat hartu behar du eta hartzailearen eskuan utzi behar du. Esaterako, pilota bat nahi badu, piktograma hartu beharko du eta bestearen eskuan utzi. Modu horretan, hasieratik metodologia oso funtzionala da eta erabiltzaileak egin duenaren erantzun zuzena jasoko du. Egoera horretan, lehenengo saioetan, erantzuna beti positiboa izan behar da, baiezkoa. Behin arlo funtzionala jasota ahal da arlo gizarteratzailera pasa.

Metodologiaren sortzaileek hitz egitea ez dela helburu zuzena onartzen dute. Gehiago da pertsonaren behar zuzenei erantzun arina ematea. Dena dela, haien datuen arabera, haur horiek proportzio handi batean komunikatzea lortzen dute. Orokorrean, komunikazio gaitasuna indartu egiten da. Aldi berean, kondukta arazoak ere leuntzen omen dira sistema honen bidez. Orokorrean metodologiak sei fase bereizten ditu:[4]

  • 1. fasea: Nola komunikatu. Ikasleak, irudiak trukatuz, nahi duena azaldu behar du.
  • 2. fasea: Irudi bakarrak erabiliz eskaerak orokortzen ditu, toki eta inguru desberdinetan erabiliz.
  • 3. fasea: Irudiak diskriminatzen ikasten dute, irudi desberdinen artean nahi duena aukeratzeko. Komunikazio liburu bat erabiltzen dute; bertan piktogramak, velkroak erabiliz, itsasten eta kentzen dira.
  • 4. fasea: Esaldi sinpleak sortzen dituzte bi irudi erabiliz: “nahi dut” + objektua. Ondoren, esaldiak aberasten dituzte horretako izenlagunak eta aditzak erabiliz
  • 5. fasea: Galdera sinpleei erantzutera ikasten dute.
  • 6. fasea: Galdera konplexuagoak erabiliz ikasleak beste motatako esaldiak sortzen ditu.

Sistema erraza da ikasteko eta horrek ere motibagarria bihurtzen du. Piktogramak hobesteko garaian orokorrean nahiago dituzte beltzak fondo txuriaren gainean baina koloreen erabilera ere ez dute baztertzen, hezitzaileen eta erabiltzaileen esku utzirik.[4]

Lehenengo saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo irakasteko saioetan bi hezitzaile behar dira. Bat erabiltzailearen atzean jarriko da haren ekimenak eta mugimenduak indartzeko. Esaterako, piktograma bat hartzeko keinua egiten badu, hezitzaile horrek lagunduko dio. Beste hezitzailearen papera hartzailearena izango da. Esku-ahurra aurrean jarrita jasoko du haurraren eskaera piktograma horren bitartez eta, momentuan, haren nahia asetuko du.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Tien, K-C. (2008). Effectiveness of the Picture Exchange Communication System as a functional communication intervention for individuals with Autism Spectrum Disorders: A practice-based research synthesis. Education and Training in Developmental Disabilities, 43, 61-76.
  2. https://web.archive.org/web/20120608205315/http://www.pecs-spain.com/catalog/
  3. Bock, S .J., Stoner, J. B., Beck, A. R., Hanley, L., & Prochnow, J. (2005). Increasing functional communication in non-speaking preschool children: Comparison of PECS and VOCA. Education and Training in Developmental Disabilities, 40(3), 264-278.
  4. a b https://web.archive.org/web/20170714013155/http://www.pecsusa.com/pecs.php
  5. http://www.slideshare.net/logopediaperu/pecs-manual-de-entrenamiento

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]