Edukira joan

Piri Reisen mapa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Piri Reisen mapa
Jatorria
Sortzailea(k)Piri Reis
Sorrera-urtea1513
Ezaugarriak
Kokapena
LekuaTopkapı jauregia
BildumaTopkapı jauregia
Mapamundi honetan horiz markatuta aipatzen dire Piri Reisen mapan agertzen diren lurraldeak. Zirkulu gorria Itsas Gorria markatzen du.
Maparen ilustrazio bat: gizon bat burua bularrean duela.

Piri Reisen mapa Piri Reis almirante eta kartografo otomandarrak 1513an egindako mapa baten zati bat da. Mapak orduan ezezagunak ziren lurren irudikapenak jasotzen dituela dirudi. Egileak egindako idazkiek diote beren iturrien artean "itsasoko antzinako erregeei" zegozkienak egon zirela; horrek "enigma" gisa maparen inguruko interesa piztu du.[1] Jatorrizko mapa Istanbulgo Topkapi Sarayi Museoan dago, 1929an aurkitu zen tokian, baina normalean ez da jendaurrean erakusten.[2]

Mapa gazelako larruz margotuta dago, Ozeano Atlantikoa zeharkatzen duten lerro-sare batekin. Norabide-lerroak deitzen zaie Erdi Aroko itsasgizon berantiarren kartei, eta ez dute latitudea eta longitudea adierazten; aitzitik, norabideak ezartzeko laguntza gisa erabiltzen dira (gaur egun, abiazioan ere erabiltzen dira). Mapan marrazkiak daude, bestetik, aurkikuntza garrantzitsuak adierazten dituzten inskripzioekin batera.

Iberiar penintsula eta mendebaldeko Afrikako kostaldea kontu handiz marraztuta daude. Eskualde horietako izen asko turkieraz ematen dira, espainieraz edo portugesez transliteratu gabe. Maparen goikaldean, arrain baten ondoan ainguratuta dagoen itsasontzi baten marrazki bat dago; arrainaren bizkarrean bi pertsona dira: Irlandako San Brendan Erdi Aroko kondairaren aipamen argia. Bere iturri-mapetako batetik kontu handiz kopiatuta dago. Horrek erakusten du Piri Reisek aipatutako mapamundietako bat gutxienez Erdi Aroko ekoizpen europarra zela eta ez "itsasoko antzinako erregeen" mapa, berak zioen bezala.

Maparen historia 1501ean hasi zen, Kristobal Kolonek Amerika aurkitu eta bederatzi urtera, Kemal Reisek, otomandar flotako kapitainak, Iberiar Penintsulako kostaldetik gertu zazpi ontzi harrapatu zituenean; tripulazioei egindako galdeketaren bidez, haietako batek, Kolonekin Mundu Berrirantz bidaiatu zuenak, Kolonek berak marraztutako mapa bat zuela aurkitu zuen. Kemalek marinela bere iloba Pirirengana bidali zuen, hura ere itsas kapitaina eta kartografoa.

1511n, Piri Reis mapa berri bat diseinatzen hasi zen, garaiko aurkikuntza guztiak bilduko zituena. Hogei bat iturri kartografiko erabili zituen, eta horietatik hamalau nondik datozen badakigu. 1517an bere mapa aurkeztu zion Selim I.a sultanari, eta honek, txundituta, Piri almirante izendatu zuen.

1521ean Piri Reisek munduko kartografiari beste ekarpen bat egin zion: Mediterraneo itsasoko kostalde eta uharteen atlasa eta gida, Kitab-i Bahriye (Itsas gaien liburua) izenpean argitaratua. Liburu honek Kolonek Mundu Berria aurkitu zuela kontatzen zuen. Lan hori oso lagungarria izan zen Reisen maparen benetakotasuna zehaztu nahi zuten adituentzat, ondorio positibo bat atera baitzuten.[3]

Piri Gelibolu hirira erretiratu zen, eta hurrengo hiru urteetan lan egin zuen, iturburu-mapak eskala berean egokituz.

1929an, Topkapiko jauregian, Istanbulen, Turkian, museo bihurtzeko prozesuan zegoen. Otomandar Inperioko artxiboen sailean materiala sailkatzen lan egiten zuten aditu talde batek aurkikuntza handi bat egin zuen: XVI. mende hasierako mapa baten atal bat. Aurkikuntza bi urte geroago aurkeztu zion komunitate zientifikoari Paul Kahle orientalista alemaniarrak, eta zirrara handia eragin zuen.[4]

Mapa egiteko iturriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapa egiteko iturri guztiak ezagutzen ez badira, asko bai, hamalau alegia:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Roberto. (2016-01-07). «El misterioso Mapa de Piri Reis» Gis&Beers (kontsulta data: 2026-04-26).
  2. (Gaztelaniaz) Alcolea, Alejandro. (2025-03-15). «Piri Reis dibujó en 1513 el mapa más increíblemente preciso de América. Tanto que incluyó regiones aún sin descubrir» Xataka (kontsulta data: 2026-04-26).
  3. Lunde, Paul. Piri Reis and the Columbus map. 8-25.or. Saudi Aramco World Magazine, Houston (1992ko maiatza eta ekaina).
  4. https://historia.nationalgeographic.com.es/a/enigmatico-mapa-piri-reis_16938

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]