Plaid Cymru

Wikipedia, Entziklopedia askea
Plaid Cymru
Datuak
Mota alderdi politikoa
Herrialdea Erresuma Batua
Ideologia Galestar nazionalismoa, sozialdemokrazia eta sozialismo demokratikoa
Kokapen politikoa ezker politiko
Jarduera
Kidetza Europako Aliantza Askea

Galesko Legebiltzarrean
10 / 60

Tokiko kontseiluetan
206 / 1.253

Erresuma Batuko Komunen Ganberan
(Galesen hautetsiak)
3 / 40
Gobernantza
Presidentea Adam Price
Egoitza Cardiff
Historia
Sorrera 1925eko abuztuaren 5a
Sortzailea

plaid.cymru

Twitter Logo.png

Plaid Cymru (euskaraz, Galesko Alderdia) Galeseko alderdi abertzale garrantzitsuena da. Gales Erresuma Batutik bereiztea eta galesera indartzea dira bere helburu garrantzitsuenak. Bere botoemaile gehienak Galesko iparralde eta mendebaldean bizi dira, nekazaritza eta baserri giroko eremuetan eta bereziki toki galeseradunetan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaid Cymruren sorreraren omenean egindako plaka, Pwllhelin

1925eko abuztuaren 5ean, Byddin Ymreolwyr Cymru (euskaraz "Galesko Autogobrnurako Armada") alderdiko Moses Gruffydd, H. R. Jones eta Lewis Valentine eta Y Mudiad Cymreig ("Mugimendu Galestarra") mugimendu klandestinoko Fred Jones, Saunders Lewis eta David John Williams kideek Plaid Genedlaethol Cymru alderdia sortu zuten ("Galesko Alderdi Nazionala"), baina handik gutxira Plaid Cymru izena hartu zuen. Hasiera baten, Galesen independentzia edo autogobernua ez ziren alderdi berriaren helburu nagusietako bat, baizik eta galesera mantentzean eta biziberritzean jarri zuten arreta. Alderdiaren sortzaileen helburu nagusia galesera Galesko hizkuntza ofizial bakarra izatea zen.

Alderdiak 1929an hartu zuen parte lehen aldiz Erresuma Batuko hauteskunde batzuetan. Caernarvonshire hautesbarrutian aurkeztu zen, eta 609 boto lortu zituen (barrutiko %1,6).

1930eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1932an Galesek autogobernua eta Nazioen Ligan ordezkaritza eskuratzeko nahiak gehitu ziren alderdiaren helburu nagusien zerrendara, Galesko kultura eta hizkuntza sustatzearekin batera.

1936an, Saunders Lewis, David John Williams eta Lewis Valentine alderdiko buruzagiek armada britaniarrak Llŷn penintsulan eraikitako hegazkin-baseari sua eman zioten, armada britaniarraren presentzia salatzeko. Horren ondorioz buruzagiak epaituak izan ziren, eta jasandako tratuek, epailearen galesaren kontrako jarrerak eta hiruren espetxeratzeak oihartzun handia izan zuten, alderdiaren sostengua eta ospea nabarmenki areagotuz.

1940ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaid Cymruren manifestazio bat Machynllethen, 1949an

LLŷn penintsulako basearekin gertatutakoa eta Bigarren Mundu Gerran alderdiaren neutraltasuna ikusita, Gobernu Britaniarrak Plaid Cymruk Alemaniarrak Erresuma Batuan espioiak sartzen edo ezkutuko operazioak burutzen lagundu zitzakeela susmatzen zuen. Izan ere, alderdiak jarrera neutrala hartu zuen eta jendeak kontzientzia-eragozpena argudiatuz soldadutzan parte hartzeari uko egitea bultzatu zuen. Hamarkadaren erdialdean, Gwynfor Evans alderdiko buruzagi berria bihurtu zen.

1950eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadan zehar, alderdiak gorakada nabaria izan zuen Gwynfor Evansen gidaritzapean, eta Plaid Cymruren boto kopurua 1951ko hauteskundeetako %0,7tik 1959ko %5,2ra igo zen. 1957an Erresuma batuak Liverpoolentzat ura hornitzeko Capel Celyn herria urperatzeak Plaid Cymruren gorakadan eragina izan zuen. Izan ere, Erresuma Batuko Parlamentuan Galesko hautetsi guztiek aurka egin arren Capel Celyn urperatzea onartu zenean, argi ikusi zen Galesko ordezkariak ez zirela nahiko Erresuma Batuko erabakietan erabakigarriak izateko, eta horrek jende asko autogobernuaren edo independentziaren alde jarri zuen.

1960ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962an Saunders Lewis Tynged yr laith ("Hizkuntzaren patua") deitutako irratsaioan galeseraren desagerpena iragarri zuen, hori ekiditeko neurririk hartu ezean. Ondorioz, urte ber-berean Cymdeithas yr laith Gymraeg ("Hizkuntza Galeseraren Elkartea") galeseraren sustapenerako erakundea sortu zen.

1966an Plaid Cymruk Westminsterreko lehen ordezkaria lortu zuen Carmarthen-en, hautesbarrutiko ordezkaria hil ondoren hura ordezkatzeko izandako hauteskundeetan. Lorpen horren ondoren beste bi hauteskunde izan ziren Rhondda Mendebaldea eta Caerphilly hautesbarrutietan, zeinetan Plaid Cymruk %30 eta %40 boto gehiago irabazi zituen hurrenez hurren.

1970ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko Erresuma Batuko hauteskundeetan Plaid Cymruk Galesko hautesbarruti guztietan aurkeztu zen lehenengoz, eta alderdiaren sostengua 1966ko %4,5etik %11,5era igo zen, eta 1974ko urriko hauteskundeetan 3 ordezkari lortu zituzten. 1975ean Erresuma Batuak Europako Ekonomia Erkidegoa uzteko egindako erreferendumean Plaid Cymruk Europa uztearen alde egin zuen, baina Erresuma Batuak (eta Galesek) EEEn geratzearen alde bozkatu zuen.

Plaid Cymruren gorakada ikusita, Gobernu Laboristak Galesko Biltzar bat sortzea aztertzen hasi zen, baina 1979an izandako erreferendumean Galesko biztanleria Biltzarra sortzearen aurka bozkatu zuen. Erreferendumaren emaitzak alderdikide ugarik alderdiaren jarraibidea zalantzan jartzea eragin zuen.

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko erreferendumaren ezezkoak alderdia inoizko adore baxuenarekin utzi zuen, eta 1981ean Dafydd Wingley-k Gwynfor Evan ordeztu zuen presidente gisa. Alderdiak bere lehentasunak eta helburuak aztertzeari ekin zion krisiari aurre egiteko. Aldi berean Gwynfor Evanek burututako kanpaina batek (zeinetan gose greba mugagabea egitearekin mehatxatu zuen) Kontserbadoreek hitzemandako S4C galeserazko telebista katea sortzera behartu zuen Gobernu Britaniarra.

1984an Dafydd Elis-Thomas hautagai ezkertiarra alderdiaren presidente izendatu zuten, Dafydd Iwan garaituz, eta ondorioz alderdia ezker politikorantza mugitu zen. Hala ere, 1987an Dafydd Wingley-k alderdiaren buruzagitza berreskuratu zuen.

1990eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko hauteskundeetan alderdiak laugarren ordezkaria lortu zuen Westminsterren, eta 1997an hautatutako gobernu laboristak Galesen autogobernuaren alde egin ondoren bigarren erreferendum bat izan zen Galesko Biltzar Nazionala sortzeko, eta oraingoan baiezkoak irabazi zuen tarte txikiz. Biltzarreko lehen hauteskundeetan Plaid Cymruk landa-eremuetan ez ezik Hego Galesko gune industrialetan emaitza onak lortu zituen, eta Gobernu laboristaren oposizio nagusia bihurtu zen.

I. Biltzar Nazionala (1999-2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999ko hauteskundeetan Plaid Cymruk historikoki Laboristenak ziren eskualdeetan irabazi zuen, eta alderdiaren inoizko emaitzarik hoberenak eskuratu zituen. Emaitza horiek lortzeko arrazoietako bat Galesko Alderdi Laboristaren buruzagitza hautatzeko barne-arazoak izan ziren, zeinek alderdiaren beherakada eragin zuten aurreko hauteskundeekin konparatuz. Urte berean izandako Europako Parlamenturako hauteskundeetan laboristek are emaitza kaskarragoak lortu zituzten, eta Plaid Cymru %2,5eko aldeagatik ez zuen lortu lehenengo postua.

Legealdian zehar alderdiak barne-liskarrak jasan zituen: Dafydd Wingleyek buruzagitza utzi zuen, eta haren ondorengoak, Ieuan Wyn Jonesek, arazoak izan zituen agintea ezartzeko.

II. Biltzar Nazionala (2003-2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan alderdiak 5 eserleku galdu zituen Alderdi Laboristaren mesedeetan, eta botoen %21era jaitsi zen. Hala ere Biltzarreko bigarren alderdi gisa mantentzea lortu zuen. 2003ko irailaren 15ean Dafydd Iwan alderdiaren presidente izendatu zuten, eta haren buruzagitzapean Plaid Cymruk independentziaren aldeko jarrera indartu zuen, Ieuan Wyn Jones aurreko buruzagiarekin gai hori bigarren mailan geratu baitzen. Ieuan Wyn Jones alderdiaren Biltzar Nazionaleko taldearen buruzagi jarraitu zuen.

2004ko toki hauteskundeetan alderdiak Hego Galesen 1999an irabazitako kontseiluen kontrola galdu zuen (Rhondda Cynon Taff eta Caerphilly), baina Gwynedden botereari eustea lortu zuen. Gainera, Cardiffen eta Swansean gora egin zuten. Urte bereko Europar hauteskundeetan bozen %17,4 lortu eta ordezkari bat galdu zuten. 2005ko Erresuma Batuko hauteskundeetan alderdiak ordezkari bat galdu eta hirurekin geratu ziren, bozen %12,6 lortuz bakarrik.

2006an alderdiak barne araudia aldatu zuen, eta ordutik aurrera alderdiaren Biltzarreko buruzagia presidentea izango zen ere. Horrela Ieuan Wyn Jones presidentea bihurtu zen berriz ere. Urte horretan alderdiak itxura aldaketa sakona izan zuen ere: alderdiaren izen ofiziala mantendu arren, alderdia izendatzeko "Plaid" (euskaraz "Alderdia") bakarrik erabiltzen hasi ziren; eta 1933tik erabilitako logoa aldatu zuten, Galesko lore bat (Meconopsis cambrica) ezarriz logo berri gisa.

III. Biltzar Nazionala (2007-2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko Biltzarrerako hauteskundeetan Plaid Cymru 12 eserlekutatik 15era igo zen, bozen %22,4 eskuratuz. Biltzarreko alderdien arteko elkarrizketa luzeen ondoren, Plaid Cymruk eta laboristek koalizio gobernu bat osatzea adostu zuten. Gobernua osatzeko "Gales Bat" (One Wales) akordioa sinatu zuten, zeinetan bi alderdiek Galesko Biltzar Nazionalaren botere legegilea areagotzeko erreferendum bat egiteko zin egin zuten. Erreferendum hori 2011ko martxoan egin zuten, eta baiezkoak irabazi zuen.

2010eko Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan Plaid Cymruk hiru eserleku eskuratu zituen berriz ere, aurreko hauteskundeen emaitzak hobetzea lortu gabe.

IV. Biltzar Nazionala (2011-2016)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biltzarrerako laugarren hauteskundeetan Plaid Cymruk emaitza txarrak eskuratu zituen, eta Galesko Alderdi Kontserbadoreak Plaid gainditu zuen, hura hirugarren postuan utziz. Urte bereko maiatzan, Ieuan Wyn Jonesek alderdiaren buruzagitza utziko zuela iragarri zuen, eta hiru hautagai aurkeztu ziren primarioetara: Elin Jones, Dafydd Elis-Thomas eta Leanne Wood. 2012ko martxoan alderdiak Leanne Wood hautatu zuen buruzagi botoen %55ekin, eta horrela alderdiko lehenengo emakumezko buruzagia bihurtu zen. Gainera, Leanne Wood galeseraz ez zekien lehenengo buruzagia izan zen ere.

2013ko ekainan Ieuan Wyn Jones alderdiaren presidente ohiak Biltzarreko eserlekua utzi zuen, eta haren hautesbarrutiko (Ynys Môn) ordezkari berria hautatzeko bozetan Plaid Cymruren hautagai berriak bozken %58 lortu zuen, hautagai laboristak baino 9.166 gehiago.

V. Biltzar Nazionala (2016-2021)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko hauteskundeen ondoren, 12 eserleku lortuz, Plaid Biltzarreko bigarren indarra bihurtu zen berriz ere, eta ondorioz gobernuaren oposizio ofiziala ere. Hala ere, 2018an alderdiak bi eserleku galdu zituen Dafydd Elis-Thomasen dimisioaren eta Neil McEvoy alderditik kanporatu ondoren, eta Biltzarreko bigarren alderdia izateari utzi zion, kontserbadoreek lortutako 11 eserlekuak mantendu baitzituzten, Plaid Cymrurenak baino bat gehiago.

1975eko erreferendumean Europa uztearen alde egin zuen arren, 2016ko Brexit erreferendumean Plaid Europar Batasunean geratzearen alde agertu zen, baina azkenean Galesek Batasunetik ateratzea erabaki zuen bozen %52,5ekin. Erreferendumaren ostean, Leanne Woodek herritarren erabakia errespetatu behar dela esan zuen, eta bigarren erreferendum bat egitearen ideia kritikatu zuen. Geroago Plaid Cymruk iritzi hori atzean utzi eta bigarren erreferendumaren alde egin zuen.

2017ko Erresuma Batuko hauteskundeetan Plaiden sostengua apaldu zen, eta boto gutxigatik ez zuen ordezkaririk galdu. Hurrengo urtean, 2018ko irailean, Adam Pricek alderdiaren primarioak irabazi zituen Leanne Wooden aurka.

2019ko Erresuma Batuko hauteskundeetan Plaid Cymruk eta Brexitaren kontrako beste bi alderdi politikok (Liberal Demokratak eta Alderdi Berdea) hautesbarruti batzuetan hiru alderdietatik bakar bat aurkeztea adostu zuten, ahalik eta ordezkari europazale gehien lortzeko parlamentuan. Ondorioz, Plaid Cymru Galesko lau barrutitan ez zen aurkeztu, eta ordura arteko lau eserlekuak mantendu zituen.

Buruzagitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruzagia Noiztik Noiz arte
1 Lewis Valentine 1925 1926
2 Saunders Lewis 1926 1939
3 John Edward Daniel 1939 1943
4 Abi Williams 1943 1945
5 Gwynfor Evans 1945 1981
6 Dafydd Wigley 1981 1984
7 Dafydd Elis-Thomas 1984 1991
8 Dafydd Wigley 1991 2000
9 Ieuan Wyn Jones 2000 2012
10 Leanne Wood 2012 2018
11 Adam Price 2018

Hauteskunde emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galesko Legebiltzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Lortutako botoak Lortutako eserlekuak Gobernua
Barrutiak Eskualde zerrendak Barrutiak Eskualde zerrendak Guztira
1999 %28,4 290.572 %30,6 312.048
9 / 40
8 / 20
17 / 60
Oposizioa
2003 %21,2 180.185 %19,7 167.653
5 / 40
7 / 20
12 / 60
Oposizioa
2007 %22,4 219.121 %21,0 204.757
7 / 40
8 / 20
15 / 60
Koalizioa (Lab–Plaid)
2011 %19,3 182.907 %17,9 169.799
5 / 40
6 / 20
11 / 60
Oposizioa
2016 %20,5 209.376 %20,8 211.548
6 / 40
6 / 20
12 / 60
Oposizioa

Erresuma Batuko Komunen Ganbera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Galesko bozen
ehunekoa
Bozak Galesko
eserlekuak
Gobernua
1929 %0,003 609
0 / 36
N/A
1931 %0,2 2.050
0 / 36
N/A
1935 %0,3 2.534
0 / 36
N/A
1945 %1,2 16.017
0 / 36
N/A
1950 %1,2 17.580
0 / 36
N/A
1951 %0,7 10.920
0 / 36
N/A
1955 %3,1 45.119
0 / 36
N/A
1959 %5,2 77.571
0 / 36
N/A
1964 %4,8 69.507
0 / 36
N/A
1966 %4,3 61.071
0 / 36
N/A
1970 %11,5 175.016
0 / 36
N/A
1974ko otsaila %10,8 171.374
2 / 36
Oposizioa
1974ko urria %10.8 166,321
3 / 36
Oposizioa
1979 %8,1 132.544
2 / 36
Oposizioa
1983 %7,8 125.309
2 / 38
Oposizioa
1987 %7,3 123.599
3 / 38
Oposizioa
1992 %9 156.796
4 / 38
Oposizioa
1997 %9,9 161.030
4 / 40
Oposizioa
2001 %14,3 195.893
4 / 40
Oposizioa
2005 %12,6 174.838
3 / 40
Oposizioa
2010 %11,3 165.394
3 / 40
Oposizioa
2015 %12,1 181.694
3 / 40
Oposizioa
2017 %10,4 164.466
4 / 40
Oposizioa
2019 %9,9 153.265
4 / 40
Oposizioa

Europako Parlamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Galesko bozen
ehunekoa
Bozak Galesko
eserlekuak
1979 %11,7 83.399
0 / 4
1984 %12,2 103.031
0 / 4
1989 %12,9 115.062
0 / 4
1994 %17,1 162.478
0 / 5
1999 %29,6 185.235
2 / 5
2004 %17,1 159.888
1 / 4
2009 %18,5 126.702
1 / 4
2014 %15,3 111.695
1 / 4
2019 %19,6 163.928
1 / 4

Harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaid Cymruk harreman estuak ditu Scottish National Party Eskoziako alderdi abertzalearekin, eta Erresuma Batuko Parlamentuan bi alderdiek talde parlamentario bakarra osatzen dute. Europa mailan bi alderdi horiek, Mebyon Kernow Kornualleseko alderdi abertzalearekin batera, Europako Aliantza Askearen kideak da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]