Plano (ikus-entzunezkoak)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau ikus-entzunezko lengoaiaren kontzeptuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Plano».
Plano motak enkoadrearen arabera. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: plano oso orokorra, orokorra, amerikarra, plano ertaina, lehen plano ertaina eta lehen planoa

Planoa ikus-entzunezko hizkuntzaren oinarrizko unitate narratiboa da[1], zentzua duen unitate minimoa[2]. Planoek, bata bestearen ondoren kateatuta, eszenak osatzen dituzte, eta horrela lortzen dute ikus-entzunezkoek jarraitutasuna eta logika. “Plano” hitza muntaia egin ondoren baino ez da erabiltzen: grabaketa egitean biltzen diren irudi guztiei “hartualdi” deitzen zaie[3], eta hartualdi horietatik behar narratibo eta dramatikoen arabera aukeratzen dena, berriz, planoa da.

Planoek iraupen ezberdina izan dezakete, batzuetan, segundo eskas irauten dute; beste batzuetan, minutuak. Orduan, plano sekuentzia deritze, plano ezberdinak hartualdi luzean kateatzen direnean. Sekuentzia batean eszena ezberdinek aurkezpen, korapilo eta amaiera duen trama osatzen dute. Plano sekuentzietan ere, berdin gertatzen da, osotasun narratiboa dago.

Planoak enkoadratze edo koadratzearen bidez egiten dira. Grabatzen den espazioan aukeratu egin behar da zer geratuko den kameraren eremuaren barruan eta zer kanpoan. Barneko elementuek konposizio jakin bat osatzen dute.

Plano mota ezberdinak bereizten dira kriterio hauen arabera:

  • Eskala edo distantzia/ enkoadrea
  • Kameraren garaiera
  • Kameraren angelua
  • Kameraren maila
  • Kameraren mugimendua
  • Enkoadratzen diren objektuekiko posizio erlatiboa
  • Ikuspuntua

Eskala edo distantzia/ enkoadrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiaren tamaina hartzen da kontuan mugak ezartzeko.

Plano oso orokorra: Gizakiaren tamainako objektuak oso txiki ikusten direnean enkoadrearen barruan. Paisaia edo ingurukoa da nabarmentzen dena, beraz, planoak hartzen duen gehiena airea (hutsunea) da. Normalean, ikuslea kokatu eta deskripzio orokor bat egiteko erabiltzen da, ondoren, arreta puntura eramateko. Bistan denez, trantsizio gisa erabiltzen den plano mota da.

Denali Parke Nazionala, Alaska, AEB. Iturria: Diego Delso

Plano orokorra: Gizakiaren tamainako objektuak hartzen du pantaila, gizakia oinetatik burura ikusten da, alegia. Testuinguru konkretu bat erakusteko erabiltzen da, ikuslea kokatzeko, alegia. Plano mota honetan ere airea edo hutsunea ageri da. Plano orokorra luzea edo laburra izan daiteke, tamainaren arabera.

Fleming V., Raimi S., Sutherland H. (1939) The Wizard of Oz. Iturria: KCBalletMedia

Plano orokor ertaina edo amerikarra: Pertsonaiak belaunetatik gora ikusten dira. Amerikarra ere deitu ohi zaio Western filmetan ohikoa zen plano mota delako. Telebistan asko erabiltzen den plano mota da, informazio saioetan, baina, bereziki, entretenimenduzko programetan.

Wilder B. (1950) Sunset Boulevard. Iturria: cea

Plano ertaina: Gerritik gora edo behera ikusten dira pertsonaiak. Plano orokor ertainaren tamainatik hurbil badago, plano ertain luzea deitzen zaio, txikiagoa bada, berriz, plano ertain laburra. Pertsonaien arteko harrema erakusteko erabili ohi da edo egiten dabiltzan ekintzak erakusteko. Zinemaz gain, telebistako albistegietan ere oso ohikoa da plano ertaina.

Corbucci S. (1961) Totò, Peppino e la dolce vita. Iturria: Mr-Shadow

Lehen plano ertaina: Sorbalden gainetik edo azpitik hartua. Pertsonaien aurpegi eta lepoari ematen zaio garrantzia. Telebistan pertsonaia garrantzitsuak- politikariak, adibidez- plano mota honekin ager daitezke.

Wilder B. (1944) Double Indemnity. Iturria: Mayimbú

Lehen planoa: Gizakien burua eta sorbaldaren zati bat azaltzen dira pantailan (klabikulatik gora). Oso hurbilekoa bada, lehen-lehen planoa edo lehen plano nagusia deitzen zaio (bertan, ez dira ez lepoa ezta sorbaldak ikusten, koktsetik bekokira arteko zatia baino). Oso garrantzitsua den narrazioko une batean pertsonaiaren erreakzioa ikusteko erabiltzen da.

link=Fitxategi:John_Bartha_in_%22The_Good,_The_Bad_And_The_Ugly%22_(1966).jpg

Xehetasun planoa (plano zehaztua) Enkoadrean objektu zehatz bat hartzen da. Objektuari ematen zaio garrantzi osoa, eta inguruan duena alde batera geratzen da. Objektu horren ezaugarriak azpimarratzeko baliagarria da plano mota hau, hurbiletik erakusten baita.

Armiarma bere sarean. Iturria: Vad 7

Kameraren garaieraren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiera normala: Gizaki baten begien altueran kokatzen da kamera (1,5m eta 1,8m artean).

Garaiera altua: begien altueratik gora kokatzen da kamera (1,8m baino gorago).

Garaiera baxua: begien altueratik behera dago hartuta planoa (1m baino gutxiagora). Pertsonaia ume txiki bat izango balitz, ikuspuntua baxua dela esango genuke, nagusi baten begien altuera hartu behar baita erreferentziatzat.

Kameraren angeluaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentzia ardatz bertikala da, kamera zuzen dagoenean, 0 gradutako inklinazioarekin. Angulazio ezberdinak behar dramatiko ezberdinetara egokitzeko erabiltzen dira ikus-entzunezkoetan.

Normala: 0º-ko angelua osatzen du ardatzarekiko, artez dago.

Pikatua: Kamera erakusten den objektua baino gorago dago kokatua, eta 45º inguruko angelua osatzen du bertikalarekiko. Askotan, planoan agertzen den pertsonaia gutxiesteko erabiltzen da, berau mespresatzeko. Izan ere, objektuaren/ pertsonaiaren tamaina txikiago agertzen da perspektibagatik[4].

Kontrapikatua (enfatikoa): Kamera grabatzen ari den objektua baino baxuago dago, eta beherantz grabatzen du, 45º inguruko angelua osatuz bertikalarekiko. Plano pikatuarekin ez bezala, pertsonaiak goraipatzeko baliatu izan da plano mota hau. Sakontasun efektua sortzen du.

Welles O. (1941) Citizen Kane. Iturria: RKO Radio Pictures, still photographer Alexander K

Zenitala: Kamera lanpara bat balitz bezala kokatzen da, pertsonaiak behean daudela. 90º-ko angelua osatzen du beherantz, ardatzarekiko guztiz perpendikular. Jainkoaren ikuspuntu bezala erabili ohi da, ikuspuntu ahalguztidun gisa, dena ezagutzen duena. Ikusten diren objektu eta pertsonaiak, berriz, gutxietxi egiten dira. Telebistan, ordea, plano hau ez da ia erabiltzen, kirol ekitaldietan ez bada (futbol partiden emisioetan, adibidez), airetiko planoekin.

Onopordum acaulon. Iturria: Raimuno Calatayud Tormo

Nadir planoa: Objektua baino garaiera baxuagoan dago kamera, 90ºko angelua osatuz gorantz begira. Zinemaren munduan erabiltzen da, efektu dramatikoa azpimarratzeko: pertsonaiaren boterea, ahalmena… Telebistan, zenitalarekin gertatzen den bezala, plano mota hau ia ez da erabiltzen.

Eskailerak, Medikuntza Fakultatea, Osasun Saila, Universidad de Antioquia, Medellín, Kolonbia. Iturria: SajoR

Kameraren mailaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamerak ardatz horizontalarekiko osatzen duen angelua hartzen da kontuan.

Normala: Horizontalarekiko zuzen dago, kamerak ez dauka angulaziorik.

Zeiharra/ angelu aberrantea/ plano holandarra: Kamera okertuta dagoenean ardatz horizontalarekiko. Batzuetan istorioaren alde txarra, makurra edo iluna azpimarratzeko erabiltzen da. Deserosotasuna sortzen du ikuslearengan.

Kameraren mugimenduaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plano finkoak: Kamera geldi dago, mugitu gabe.

Plano mugikorrak: Kamera mugitu egiten da, bere ardatzaren gainean, edo espazioan, ardatz horizontal zein bertikalean.

  • Panoramikoa: Kamera bere ardatzaren gainean mugitzen denean. Kameraren ardatz horizontalean zehar egiten denean lekualdaketa, panoramiko horizontal deritzo; bertikalean egitean, panoramika bertikal; zeiharrean grabatzea, zehiar, eta 360º-ko bira osatzen duenean bere ardatzean, biribil edo zirkular izenez ezagutzen da. Bestalde, panoramikoa abiadura bizian egitean, erkaktea bidez (ikus "Planoen arteko trantsizioak" atala) denbora luzean jazotzen diren gertaerak laburki azaltzeko erabili ohi da.
  • Travelling: Dolly, steadycam eta beste hainbat egonkorgailurekin egiten da. Kamera espazioan zehar mugitzen da. Ibilbide anitzak jarrai ditzake: horizontala, bertikala, bihurguneekin, biribila, zeiharra… Aurrerantz egiten den travelling-a (avant), atzeranzkoa (retro), 360º-tan bira ematen duen (zirkularra) eta albo-travelling-a daude.

Enkoadratzen diren objektuekiko posizio erlatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontala: Objektuen aurreko aldea grabatzen da.

Atzekoa: Atzeko aldea hartzen da.

Albokoa: Alboko aldea filmatzen da.

Azkenik, bi pertsonaia hizketan ari direla pantailan txandakatzen denean bakoitzaren irudia, plano eta kontraplanoa daude. Bi pertsonaietako bat erreferentzia hartuta, kamara hari zuzenduta dagoenean, planoa deitzen diogu; beste elkarrizketaria hartzean, kontraplanoa.

Bi protagonistak hitz egiten daudenean ikus daitezke planoa eta kontraplanoa (1:20). Mankiewicz J. (1950) All about Eve filmaren trailerra. Iturria: Racconish

Ikuspuntuaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Objketiboa: Kamerak kanpoko ikusle batek ikusten duena erakusten du.

Subjektiboa: Ekintzak egiten ari den pertsonaiak ikusten duena erakusten da. Kamerak pertsonaia begiratzen ari dena erakusten du lehen pertsonatik, alegia. Ikuspuntua subjektiboa denean, hainbat marka bereizgarri egon daitezke (Gaudreault & Jost, 1995)[5]:

  • Lehen planoa asko erabiltzen da
  • Ikuspuntuaren maila jaitsi egiten da
  • Xehetasun planoa ager daiteke (pertsonaiak bertara begiratzen duenean, kamera hor fokatzen da)
  • Pertsonaiaren itzala
  • Begirada islatuta ikus daiteke (ispilu batean, adibidez)
  • Dardara

Robert Montgomery zuzendariaren The lady in the Lake (1947) pelikula[6], adibidez, plano subjketiboan grabatu zen osorik. Halere, porrota izan zen, ikusleek pertsonaia kanpotik ikusi ezin zutelako, eta, beraz, ezinezkoa zelako testuinguruan ulertzea. Horregatik, plano subjektiboak funtzio espezifiko bat bete behar du filmean, behar narratibo edo dramatiko jakin bat, eta objektiboarekin konbinatu behar da.

Seminsubjektiboa: Pertsonaiaren zati bat ikusten da (normalean, atzetik), baita ikusten ari denaren zati bat ere.

•Begirada raccord-a: Pertsonaiaren irudia ikusten da, eta gero, begiratzen duen objektua.

Planoen arteko trantsizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plano batetik hurrengora pasatzeko teknikak ezberdinak daude[7][8]:

  • Ebaketa: Plano batetik bestera mozketa batekin pasatzea. Bat-besteren ondoan jartzen dira planoak. Normalean, pertsonaia bera errepikatzen da bietan, eta audioetan ere jarraitutasuna dago. Efektuari dagokionez, ebaketa azkar egiten bada, intriga sortzeko erabili ohi da. Motela bada, berriz, susmo txarra sorrarazteko ikuslearengan.
  • Kateatzea: Lehen planoa hurrengoarekin nahasten da, apurka-apurka irudi batetik bestera pasatzen da, bi irudiak aldi berean ikusiz momentu batean.
  • Urtzea: Plano baten eta ostekoaren artean kolorezko pantaila agertzen da. Koloreak desberdinak izan daitezke behar narratibo eta dramatikoaren arabera. Adibidez, pantaila beltza ager daiteke pertsonaia batek istripua duenean; zuria, istripuaren ondoren bizirauten badu… Honako trantsizioa lortzeko teknika ugari daude: irudia degradatzea kolorea galduz; difragma itxi eta irekitzea, planoko pertsonaia edo objektu batengana zoom in egitea edo planoko gune ilun batera egitea zoom.
  • Desenfokea: Bi planoen artean desenfokea nabaritzen da. Eszenen espazioan aldaketak daudenean erabili ohi da.
  • Erkaketa: Kamera mugimendu oso azkarra, produkzio eta posprodukzioan egiten dena. Travellingetan erabiltzen da.
  • Gortinatxoak: Plano batek aurrekoa bultzatu eta pantailatik ateratzen du. Behetik, goitik, eskuinetik, ezkerretik… sar daiteke plano berria.
  • Match Cut izenekoak: Planoetan dauden antzekotasun eta kontrastezko elementuak baliatuz egiten diren trantsizioak. Elementu hori irudia denean Visual Match-Cut deritzo (adibidez, pertsonai ezberdinak agertzean planoetan, baina ekintza bera egiten); soinua denean, Audio Match-Cut (bi pertsonaia desberdin daude planoetan, baina musika bera entzuten, adibidez); ideia bat denean, Match-Cut on Idea.

Herenaren araua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Third Rule. Iturria: Chaky

Koadratzean, hau da, planoa eraikitzean, pantaila bederatzi zati berdinetan banatzen da[9], imajinarioak diren bi marra horizontal eta bi bertikal marraztuz. Hauek ikuslearen begirada nora bideratuta dagoen jakiteko balio digute, eta arreta berezia jarri behar zaie eremu horiei konposizioa egitean. Herenen arau edo erregela deitzen zaio.

Irudian ikusten den bezala, ikuslearen arreta goiko ezkerreko puntura joango da lehenik, ondoren, goiko eskuinekora, ostean, beheko eskuinekora, eta, azkenik, beheko ezkerrekora. Beti jarraitzen da orden bera.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. JAIO, Iñaki Bengoetxea. IKUS-ENTZUNEZKO NARRAZIOA. Noiz kontsultatua: 2020/04/11
  2. «Telegram: Contact @nafartel» Telegram . Noiz kontsultatua: 2020-04-15.
  3. (Gaztelaniaz) LUCIANO, Maria Bestard. Realización audiovisual. Editorial UOC, 2011. Noiz kontsultatua: 2020/04/11
  4. (Gaztelaniaz) SERRANO, Jorge Caldera. Incidencia angular y planos en la descripción de imágenes en movimiento para los servicios de documentación de las empresas televisivas. Biblios: Revista electrónica de bibliotecología, archivología y museología, 2002, zk 13, 2. or. Noiz kontsultatua: 2020/04/11
  5. (Gaztelaniaz) GAUDREAULT, André; JOST, François. El relato cinematográfico. Barcelona: Paidós, 1995. Noiz kontsultatua: 2020/04/11
  6. (Gaztelaniaz) MARTÍNEZ, Mario-Paul. Hardcore en primera persona. La vista subjetiva del videojuego en el cine. 2017. Noiz kontsultatua: 2020/04/11
  7. (Ingelesez) «TRANSICIONES» INTRODUCCIÓN AL MONTAJE Y EDICIÓN DE VIDEO 2013-11-06 . Noiz kontsultatua: 2020-04-15.
  8. (Gaztelaniaz) «Tipos de transiciones audiovisuales (I) | Blog de Formación Audiovisual» www.formacionaudiovisual.com 2015-08-20 . Noiz kontsultatua: 2020-04-15.
  9. (Ingelesez) adajingdong1416967. (2013-10-22). «The rule of thirds» focus on me . Noiz kontsultatua: 2020-04-15.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]