Platon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mendebaldeko filosofia
Antzinako filosofia
Platon.jpg
Izena: Platon (Πλάτων)
Jaiotza: c. K. a. 428–427
Atenas
Heriotza: c. K. a. 348–347
Atenas
Eskola/tradizioa: Platonismoa
Interes nagusiak: Erretorika, artea, literatura, epistemologia, justizia, bertutea, politika, hezkuntza, familia, militarismoa
Ideia nagusiak: Errealismo platonikoa
Noren eragina jaso du: Sokrates, Homero, Hesiodo, Aristofanes, Esopo, Protagoras, Parmenides, Pitagoras, Heraklito, Orfismoa
Nori eragin dio: Aristoteles, neoplatonismoa, Zizeron, Plutarko, estoizismoa, Descartes, Hobbes, Leibniz, Mill, Schopenhauer, Nietzsche, Heidegger, Arendt, Gadamer eta mendebaldeko beste hamaika filosofo eta teologo.

Platon[1] (antzinako grezieraz Πλάτων; Atenas, c. k. a. 427 - ibidem, c. k. a. 347) Grezia Klasikoaren filosofo garrantzitsu bat izan zen. Sokratesen ikasle eta Aristotelesen maisu izan zen. Sokratesengandik jaso zuen eragina nabarmena izan zen. Parmenides, Heraklito eta pitagorikoen pentsamendu-iturrietatik ere edan zuen. Bere filosofiaren argitasunak eta sakontasunak eragin nabarmena izan dute historian zehar. Filosofiari bere egungo izaera eman eta bere zabalera osoan, hala nola etika, politika, metafisika eta epistemologia, aztertu zuen lehena izan zen. Askoren ustez, Aristoteles, Kant eta beste filosofo bakan batzuk bakarrik jarri daitezke bere parean. Bere lan nagusiak Solasaldiak izeneko bilduma batean jasotzen dira (solasaldi moduko idazkiak baitira), non Sokrates pertsonaia nabarmena den. [2][3]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi ezagutzen da Platonen bizitzari buruz eta ezagutzen denaren fidagarritasuna eztabaidagarria da. Hil bezain pronto, bere biografia Espeusipo bere ilobak idatziriko laudorioek estali zuten. Diogenes Laertzioren Filosofoen bizitzak bildumako III. liburukian zehatzen diren datuak anekdotikoak dira. Horrela, bere bizitzaren gorabeherak kontatzen dituzten iturri fidagarrienak Platonek berak idatzi bide zituen VII., VIII. eta XIII. gutunak dira[4].

Atenasen jaio zen, Peloponesoko Gerraren hastapenetan eta Perikles hil eta bi urtera. Familia handiki baten baitan jaio zen. Ariston zen bere aita, Kodro erregearen ondorengo familia batekoa. Bere ama Periktione izenekoa zen, familia aristokrata baten baitan jaioa, Dropides Solonen anaiaren ondorengoa.[5]. Aita Glaukon zuen eta Kritias tiranoaren iloba izan zen. Bai aitaren bai amaren aldetik arbasoak Poseidon jainkotik abiatu zirela aipatu zuen Laertziok, gerora Platon alegia bihurtuko zuten istorioen arabera. Bi anai, Adimanto eta Glaukon, bera baino zaharragoak, eta arreba bat, Potone, izan zituen. Aita gazte hil eta ama Pirilamporekin ezkondu zen bigarren aldiz eta harekin beste seme bat izan zuen: Antifonte. Potone bere arrebaren semea Espeusipo zen, gerora Platonen jarraitzailea eta Akademiaren buru izango zena. Familiari buruzko datuak Diogenes Laertziok ematen ditu. Bere solasaldietan ere maiz agertzen dira bere familiakoak Sokratesekin hizketan, hauetatik informazio eskasa atera badaiteke ere. Karmides izeneko solasaldian, Charmides bere osaba (amaren anaia) dela kontatzen du. Karmides Hogeita hamar Tiranoak taldekoa zen, Atenasko demokrazia K. a. 404 urtean kolokan jarri zutenak. Karmidesen eta bere amaren osaba zen Kritias ere, aldi berean Platonen solasaldi bateko pertsonaia dena, talde honetako buru bat zen. Hala ere, senitarteko guztiak ez ziren oligarkak. Pirilampo bere amaren senarra Periklesen eta, beraz, demokraziazaleen jarraitzailea izan zen.

Platonen jaiotzezko izena Ariston izan zen, Diogenes Laertzioren arabera eta Platon izena bere gorpuzkera zabala dela eta jarri zioten goitizena omen da. Hain zuzen, platos (πλάτος) hitzak « zabalera » esan nahi du. Bekoki zabala izateagatik edo bere izakera ireki eta zabalarengatik jarri ziotela aipatu da. Familia aberats bateko seme izanik, hezkuntza zabala jaso zuen. Sokratesen ikasle bihurtu zen eta bere eragina erabatekoa izan zen Platonengan, eta bere maisu eta eredu bihurtu zen. Diogenes Laertziok ematen dituen gaztetako beste datu batzuk, hala nola kiroletan nabarmendu zela eta antzerkian ere aritua zela, ez dira fidagarritzat jotzen.

Sokrates K. a. 399 urtean epaitua eta kondenatua izan zen, eta bere ikasleen kontrako kanpaina bat martxan jarri zen Atenasen. Horregatik Platonek Atenasetik alde egin behar izan zuen, Sokratesi gertatu zitzaionaren beldurrez. Hamabi urtez egon zen Atenasetik kanpo eta urte hauetan hainbat bidaia egin zituen Mediterraneoan zehar. Megaran, lehendabizi, eta Sizilian egon zela ziurtzat jotzen da. Laertzioaren arabera Zirene, Egipto eta Persiara egin omen zituen beste bidaiak, ordea, eztabaidagarriak dira. Siziliara egindako bidaietan Pitagorasen jarraitzaileekin ere harremanetan egon omen zen eta hauek matematikarako zuten joera bereganatu zuen. Horrela, Akademiaren atari gainean, Geometria ez dakien inor ez dadila hona sartu leloa idatzirik zegoelako istorioa zabaldu da mendeetan zehar.

Sizilian K. a. 387. urtean izan zela uste da, eta bertan Dion Siziliako Dionisio I. erregearen generalarekin harreman estuak izan zituen. Platonek zituen ideia politikoak praktikan jarri nahian abiatu omen zen Platon Siziliara. Baina bere saiakerak porrot egin zuen, Dionisioaren babesa galdu eta esklabo bihurtu ere egin omen zuten, azken datu hau fidagarritzat jotzen ez bada ere. K. a. 385. urtearen inguruan Atenasera itzuli zen eta Akademia izeneko ikastetxea eraiki zuen. Bertan filosofia irakasten zen eta ondorengo mendeetan ere, VI. mendera arte, filosofia-erakunde nagusi bat izan zen. Bertan zelarik, bere lanik garrantzitsuenak idatzi zituen eta ikasle asko izan zituen, haietatik Aristoteles.

Siziliako Dionisio II.a agintera heldu zenean, K. a. 367 urte inguruan Siziliarako bigarren bidaia egin zuen, Dionek bultzaturik, errege berriari filosofia eta gobernu ona erakutsi nahian. Bigarren bidaia hau ere ez zen ongi bukatu. Erregeak bere aurkako matxinada bat antolatzea leporatu zion Dioni eta erbesteratu egin zuen. Platon atxiloturik geratu zen Sizilian. Azkenean, erregearen baimenaz Atenasera itzuli eta Dionekin elkartu zen Akademian. Bertan 4 urte igaro ondoren eta Dionisio erregearen eta Dionen beraren eskariei jarraituz, Siziliako Siracusara itzuli ziren K. a. 361. urtean. Gauzak ez ziren orduan ere ongi suertatu eta Platon berriz ere atxilotu egin zuten eta Dionek ihes egin behar izan zuen. Honek armada bat osatu eta Sizilia bere gain hartu nahi zuen, azkenean erahila izan zen ordea. Platon Atenasera itzuli eta Akademian eman zituen bere bizitzako azken hamahiru urteak, K. a. 347 urte inguruan hil zen arte, 80 bat urterekin.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platonen lanak oso osorik heldu dira gaurdaino. Zabalean, 36 solasaldi eta beste 7 lan egozten zaizkio Platoni. Solasaldietan biltzen ez diren 7 lan horiek ustezkotzat (Notheuomenoi) jo ziren antzinako garaietatik, gaiari dagokinoez corpus platonicum delakoan sartu izan badira ere. Egun, aditu gehienek Platonenak ez direla uste dute. Halaber, Platonenak diren zalantzazko 13 gutun daude. Diogenes Laertziok galdu diren garrantzirik gabeko beste lan batzuk aipatzen ditu. 36 solasaldiak ordenatzeko irizpide ezberdinak daude. Trasilok emandako bilduman 36 solasaldiak 9 tetralogiatan biltzen dira. Egun, Platonek ustez idatzi zitueneko garaiari jarraituz (sailkapena solasaldietako hizkuntzaren berezitasunak aztertuz burutu izan da), sailkapen honetan erabateko adostasunik ez badago ere. 36 solasaldietatik zenbaitetan Platon egilea izatea zalantzan jarri izan da eta beste batzuetan adituak nahiko ados daude Platonek idatzi ez zituela baieztatzeko. Ondoren ematen den zerrendan trantsiziozko solasaldiak aurreko zein ondorengo taldeetan biltzen dira aditu ezberdinen arabera.

Bereizketa kronologikoaz gaindi, ezberdintasun sakonagoak daude hiru garaietako solasaldien artean. Lehenengo solasaldiek sokratiko, aporetiko eta elenktiko izenondoak jaso izan dituzte. Sokratikoak dira Sokratesen pentsamendua azaldu edo jarraitu egiten dutelako. Aporetikotzat jotzen dira solasaldiotan ondorioak ateratzeko orduan aporia edo gainditu ezinezko oztopo batera heldu ohi baita Sokratesen ideiak azkeneraino eramatean. Azkenik, elenktikoak direla esaten da elenchos eta eztabaida delako beraietan agertzen den era nagusia. Orobat, solasaldi hauetan sofista direlakoak agertzen dira eta gai nagusiak moralak izaten dira.

Solasaldi ertainetan bere ideien teoria eta dualismoa biltzen dira. Sokrates protagonista izaten da, baina solasaldi hauetako pentsamendua platonikoa dela esan daiteke. Lehenengo solasaldietako ezaugarriak agertzen dira oraindik ere solasaldi ertain hauetan, halanola aporiaren erabilera.

Azken solasaldietan, berriz, ideien teoriarekin kritikoak diren solasaldiak biltzen dira. Politika arloan, errealistagoa da eta bere proposamenak apaldu egiten ditu. Arimaren hilezkortasuna eta jainkoaren existentzia ere argudioz defendatuko ditu, solasaldi ertainetako fedea alde batera utziz.[6]

Platonen ontologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ideien teoria

Ideien teoria edo formen teoria Platonen filosofiaren ardatz nagusia da eta honen bitartez berak bi funtsezko galdera erantzun nahi ditu:

  1. Galdera ontologikoaZer da errealitatea?
  2. Galdera antropologikoaNola ezagutu daiteke errealitatea?

Teoria honek zera baieztatzen du, badagoela, alde batetik, bi errealitate maila:

  • Ideien Mundua → bertan ideiak eta zenbakiak daude, hauek perfektuak, hilezkorrak, aldaezinak eta bakarrak direlarik.
  • Mundu Sentikorra → bertan objektu fisikoak eta irudiak daude, hauek ez-perfektuak, iraungikorrak, aldakorrak eta anitzak direlarik.

Eta bestetik, bi ezagutza maila:

  • Benetako ezagutza (episteme) → arrazoimenaren bitartez lortzen dena.
  • Sasi-ezagutza (doxa) → zentzuen bitartez lortzen dena.

Baina zer esan nahi du ideia hitzak?

Ideiak errealitatea direnez guztiz perfektuak dira, ez dute inolako aldaketarik izaten, ez dira jaio edo hil egiten, hilezkorrak diren aldetik beraz Ideien Munduan ez dago inolako aldaketarik ezta mugimendurik ere ideiak iraunkorrak direlako. Aldiz, Mundu Sentikorreko errealitateak aldakorrak dira, ez-perfektuak, jaio eta hil egiten direlako, iraungikorrak eta mugikorrak. Ideiak originalak dira eta Mundu Sentikorreko objektuak, berriz, kopiak. Baina bion artean erlazio bat dago, hau da, "partaidetasun erlazioa", kopiek parte hartzen dutelako ideiaren forman. Beraz, ideiak molde forma, modelo, etab dira.

Laburbilduz, Ideien Teoria, Ideien Mundua benetako errealitatea dela baieztatzen du, Mundu Sentikorra, berriz, kopia baino ez da. Ideien Mundua goi-mailakoa da eta Mundu Sentikorra, ordea, behe-mailakoa. Ideiak sentikorrak ez direnez ezin dira zentzuen bidez ezagutu, arrazoimena da modu bakarra ideiak ezagutzeko. Platonen planteamendu hauetan bikoiztasuna (dualismoa) da nagusi:

  • Bi errealitate mailaIdeien Mundua eta Mundu Sentikorra.
  • Bi ezagutza mailaBenetako ezagutza eta Sasi-ezagutza.

Beraz, Platonen Ideien Teoria, teoria dualista da.

Antropologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan Platonek gizakiari buruzko teoria azaltzen du. Gizakia bi osagaiz osatutako batasun bat da:

  • Materiala den osagai bat → Gorputza
  • Ez-materiala den osagai bat → Arima
Beraz, Platonen ikuspegi antropologikoa dualista da.

Gorputza, gaitz guztien iturburua da. Bertatik pasioak, nahiak, desioak eta beharrak sortzen dira. Materiala izanik Mundu Sentikorreko errealitatea da eta gauza fisikoei dagozkien ezaugarriak ditu: materiala, ikusgaia, ez-perfektua, iraungikorra eta aldakorra.

Arima, berriz, goi-mailako errealitate espirituala da. Bertan gizakiaren goi-mailako gaitasun intelektualak kokatzen dira: adimena, pentsamendua, arrazoimena, etab. Gure benetako izaera da eta ideiei dagozkien ezaugarriak ditu: ez-materiala, ikusezina, perfektua, hilezkorra eta aldaezina. Platonek hiru arima mota bereizten ditu:

  1. Arrazoizkoa → buruan dagoena eta pentsamenduak dira.
  2. Suminezkoa → bularrean dagoena eta borondateak dira.
  3. Irritsezkoa → sabelean dagoena eta instintuak, kinadak, sexua, etab dira.
Platon bere ikasleekin.

Gorputza eta Arimaren arteko batasuna ez da harmonikoa. Gorputzak gauza fisikoetara jotzen duen bitartean, Arimak Ideien Mundura igo nahi du. Gorputza Arimaren kartzela da eta Arima Gorputzaren barruan gatibu balego bezala dago. Arimak Ideien Mundura igo dezan Gorputzetik aldendu beharra du.

Zertan datza Gorputzaren eta Arimaren arteko gatazka?

Errealitate oso ezberdinak dira eta batak bestea menperatu nahi du. Gehienetan Gorputzak menperatzen du Arima, baina badaude kasu batzuk non Arimak Gorputza menderatzen duen, halakoetan Arima askatu egiten da eta Ideien Mundura igotzen da (hauxe da filosofoen helburu nagusia). Beraz, Arima gatibu dagoenean gizakia zorigaiztokoa da eta aske dagoenean zorionekoa.

Gorputza eta Arimaren arteko harremanaren arabera, Arimak bi destino posible ditu:

  • Arima menderatua izan bada → transmigrazioa, hots, gorputz batetik bestera joatea.
  • Arimak Gorputza menderatu badu → purifikazioa, hots, betirako joango da Ideien Mundura

Platonek bi argudio ematen ditu Arima hilezkorra dela frogatzeko:

  • Arimaren bakantasuna → Arima sinplea da. Ezin da disolbatu ezta usteldu ere. Hiltzea disolbatzea da eta Arima disolbaezina denez hilezkorra da.
  • Argumentu etikoa → Arimarentzat ez da gauza bera ondo jokatzea eta gaizki jokatzea. Egon behar dira giza-ekintzaren ondorio etikoak:
  • Sariak → ekintzak onak izan badira.
  • Zigorrak → ekintzak txarrak izan badira.
Beraz, Arima derrigorrez bizirik egon behar da Gorputza hil ondoren dagozkion sariak edota zigorrak jaso ditzan.

Etika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platonen etika antropologian datza. Platonen etika giza-ekintzaren buruzko hausnarketa bat da. Hauexek dira Platonek etikaren funtsezko ideiak:

  1. Gizaki guztion helburua zoriontasuna da.
  2. Zoriontasuna ez da plazera lortzea.
  3. Benetako zoriontasuna arimaren purifikazioan datza. Filosofoen helburua beraien arima purifikatzea da.
  4. Arimaren purifikazioa lortzeko bertutea praktikan jarri behar da.
  5. Arimaren parte bakoitzari bertute bat dagokio:
  • Arrazionalari (pentsamendua) → zuhurtasuna eta gogamena
  • Suminezkoari (borondatea) → indarra
  • Irritsezkoari (pasioak) → neurritasuna
Hiru bertute hauek praktikan jarri behar dira arimaren purifikazioa lortzeko. Hori da gizaki jakintsuari dagokion bizimodu zuzena eta egokia. Beraz, arima zati bakoitzari dagokion bertutea praktikan jarriz lortzen da zoriontasuna, hau da, gure pentsamendua zurruna izan behar da, gure borondatea indartsua eta gure pasioak neurtuak.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika hitza "polis" greziar hitzetik dator eta "hiria edo gizartea" esan nahi du. Orduan "politika" "hiria edo gizartearen gobernatzeko teknika" da.

Platonen bizitzan politika oso inportantea izan zen baita bere filosofian ere. Horregatik Platonen filosofiaren helburua politikoa da.

Platonen funtsezko idei politikoa hau da: "Filosofiak izan behar dira hiriaren gobernariak eta filosofoek hiria gobernatzen ez duten bitartean ez dira konponduko gizakiaren eta gizartearen gaitzak". Baina ez edozein motatako filosofiak, bakarrik Ideien Mundura igo direnak, hau da, ideiak ezagutu dituztenak eta ezagutza hori gizartearen zerbitzutan jartzen dutenak. Beraz, lege zuzenak egiteko zuzentasunaren ideia ezagutu behar da eta filosofiak bere ezagutza gizartearen onerako erabili behar du, gobernari bilakatuz, hori baita bide bakarra demokraziaren akatsak konpontzeko.

Platonek estatu ideal baten deskribapena egiten du, hau da, estatu utopikoa da. Hauexek izango lirateke estatu perfektu edo ideal horren ezaugarriak:

  1. Klaseka antolatutako estatua izango da eta hiru klasetan antolatuta egongo da:
  • Gobernariak: adimentsuak izango dira eta hiria zuzenduko dute zuhurtasunez
  • Militarrak: sendoak izango dira eta hiria defendatuko dute sendotasunez
  • Langileak: gainontzekoak izango dira eta ondasunak ekoiztuko dituzte neurritasunez
Estatu hori horrela osaturik, ondo egongo da baldin eta gizarte klase bakoitzak dagokion zeregina betetzen badu, eta estatu hori gaizki egongo da gizarte klase batek berari ez dagokion zeregina egiten badu. Beraz, estatu orekatua izan dadin klase bakoitzak dagokion bertuteaz dagokion zeregina bete behar du, horretan datzalako estatuaren zoriontasuna.
2. Ekonomikoki estatu horrek jabego pribatuaren ezeztapena finkatuko du, hau da, ondasun ekonomikoak guztiona izango dira, sozializatu egingo da.
3. Estatua izango da heziketaren arduraduna eta pertsona bakoitzaren ahalmen edo gaitasunaren arabera kokatuko ditu gizarte klase batean:adimentsuak gobernurako prestatuz, sendoenak militarrak izateko prestatuz eta gainontzekoak langileak izateko. Honek familiaren desagerpena ekarriko du zeren eta umea jaio den momentutik estatuaren babespean egongo delako. Beraz, estatu totalitarioa izango da, askatasunik gabekoa non bizitza pribatua desagertzen den eta gizabanakoaren bizitza estatuaren menpe egongo da.

Platonek "Politikaria" izeneko elkarrizketan gobernarien gobernatzeko era azaltzen du. Gizartea ondo gobernatua egon dadin, indarrean jarraituko legeak zentzuzkoak eta neurtuak izan behar dira. Legeen helburua gizartea ondo zuzentzea litzateke eta horretarako legeak ez dute behartu bakarrik egin behar, konbentzitu ere egin behar baitute, "edukatiboak" izan behar dute. Beraz, estatuari sendotasuna eta zuzentasuna ematen diona legea da. Azkenik, Platonek gobernu mota desberdinen sailkapena egiten du:

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Platon
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Platon

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0076.pdf .
  2. (Ingelesez) Plato, Stanford Encyclopedia of Philosophy delakoan. 2009-11-02.
  3. (Ingelesez) Plato, International Encyclopedia of Philosophy].2009-11-3.
  4. J. L. Calvo: Platón, "Historia de la literatura griega" bilduman. 650. orrialdea.
  5. J. L. Calvo: Ibidem.
  6. (Gaztelaniaz) J. L. Calvo: Platón. Historia de la literatura griega bilduman. 663-672 orrialdeak.