Plazaolako bide berdea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Gipuzkoa eta Nafarroa artean dagoen bide berdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Plazaola».

Plazaolako bide berdea izen bereko trenaren ibilbidearen zati batean atonduriko bide berdea da, Andoain (Gipuzkoa) eta Lekunberri (Nafarroa Garaia) herriak lotzen dituena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plazaolako trena Lasarte inguruko zubi batean.
Sakontzeko, irakurri: «Plazaolako trena»

Plazaolako trena, Donostia eta Iruñea lotzen zituena, Bizkotxeko meategietako (Plazaolatik oso hurbil dagoen tokia) burdin mearen garraioan du jatorria, bertatik Andoainera eramaten zelarik berau. 1904ean inauguratu zen burdinbide hau baina laster bere ibilbidea luzatu egin zen, alde batetik Iruñera eta bestetik Lasarte-Oriara, non Bilbo eta Donostia lotzen zituen kostaldeko trenarekin lotzen zen. Linea luzatu hau, 1914ean inauguratu zen eta 1953ra arte egon zen funtzionamenduan, uholde batzuek azpiegituran kalte handiak eragin eta burdinbidea itxi zen arte. Bertako garraio moduan iraun zuen urte gutxi batzuk, merkantziak garraiatzeko hurbileko lekuetara, baina 1957an behin betiko kendu zen azpiegitura.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekunberriko geltokia, gaur egun Plazaolako bide berdearen harrera-gunea dena.
Uitziko tunela.

Lehengo trenbidearen ia 44 kilometro atondu dira, Andoain eta Lekunberri artean. Gipuzkoako zatia, Leitzaran ibaiak eginiko bailaran zehar doa osorik, natura balio handikoa (Biotopo babestua da). Nafarroako zatia, aldiz, ibar beretik eta Larraun errekarenetik doa. Andoaindik irtenda, Leitzaranen sartu eta Bertxin, Inturia, Olloki eta Ameraunetik igarotzen da, Bizkotxeko meategietako eta Plazaolako gunera helduz, non herrialde arteko muga dagoen. Muga honetara, Berastegi eta Leitzatik hel daiteke kotxez. Plazaolatik, bideak Leitzara jarraitzen du eta hortik Uitziko tunelera. Bidea Lekunberrin amaitzen da, non geltoki zaharrean interpretazio gune bat dagoen.

Ibilbideak hainbat tunel igarotzen ditu, horietatik gehienak igarotzeko modukoak diren. Igaro ezinak direnetan beste bide bat dago hauek ekiditeko. Tunelik aipagarriena Uitzikoa da, 2.630 metro luze dena. Leitzaran eta Larraun haranak komunikatzen ditu, lehena Kantauriko isurialdekoa izanik eta bigarrena mediterraneoa. Garai luzean estatu osoko trenbide estuko tunel luzeena izan zen.

Ibilbide guztiak du zoru prestatua eta erabiltzaile guztientzat da erabilgarria (tarte jakin batzuk kenduta). Dena dela, zati gipuzkoarraren gehiengoa trafikoari zabalik dago. Horregatik, posiblea da ibilgailu batzuk aurkitzea, zura garraiatzen duten kamioiak bereziki. Hori dela eta, behea pixka bat hondatuta egon daiteke, nahiz eta ibiltzeko arazorik ez egon.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]