Plazaolako trena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau Gipuzkoa eta Nafarroa artean zebilen trenari eta bere burdinbideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Plazaola».
Plazaolako trena Lasarte inguruko zubi batean.

Plazaolako trena edo Donostia-Iruñea burdinbidea Donostia eta Iruñea lotzen zituen trenbide estuko burdinbidea izan zen. Lehen zatia 1904ean zabaldu zen eta 1958an itxi zen behin betiko. Gaur egun, ibilbidearen zati bat Plazaolako bide berdea izena duen bide berde bihurturik dago.


Geltokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekunberriko geltokia, gaur egun Plazaolako bide berdearen harrera-gunea dena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen tartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdinbidea, hasieran, Plazaola eta Andoain artean eraiki zen, Bizkotxeko meatzetatik (Leitzaran haranean, Plazaolatik gertu) zetorren mea garraiatzeko. Minerala, Andoainen Iparraldeko trenera aldatzen zen Pasaiako portua zuelarik helburu.

1901eko otsailak 8an, Francisco Hornaetxek errege agindua jaso zuen gobernuak baimendu ziezaion burdinbidearen emakida. Hornaetxek kontzesio hau Sociedad Anónima Leizarán (kapital bizkaitarrekoa) enpresari pasa zion 1902ko martxoaren 24ean. Andoain-Plazaola tartearen behin betiko kontzesioa enpresa horrek lortu zuen urte bereko irailaren 19an, 22,006 km-tako luze eta 1 m zabal zen trenbidearekin. Dena den, arinago, ekainean, hasita zeuden lanak, Manuel Sacristán ingeniariaren agindupean. Eraikitako burdinbidearen luzera osoa 21,1 km-takoa suertatu zen, hasieran diseinaturikoa baino zertxobait laburragoa. 1904ean lanak bukatu eta lasterrera, inauguratu egin zen linea. Beranduago, bidaiarien garraiorako baimena ere lortu zuen burdinbideak, batez ere, haraneko langileei begira (zentral hidroelektrikoetako langile, meatzari, ikazkinak...)

Lehenengo lokomotora 1903an erositako Krauss etxekoa zen, eta 1904ean etxe bereko beste bi hasi ziren funtzionamenduan.

1905eko irailaren 25ean Sociedad Anónima Leizarán enpresak ordainketa-etendura aurkeztu zuen. Hartzekodunen batzarra elkartearen ondasunen hardura hartu zuen eta Leitzaranerako komisio ustiatzaile bat sortu zen. 1906ko irailaren 26an, batzarrak ondasun guztiak enkantean atera zituen (burdinbidea eta kontzesioa barne). Sociedad Minera Guipuzcoana izena zeraman elkarteak erosi zituen (helburu horrekin sortu zena, hau ere kapital bizkaitarrarekin), 1907ko irailaren 23an. 1912an, elkarteak Bizkotxeko meatzeen jabe ere egin zen, zeinen minerala garraiatzen zuen.

Trenak bere mineral zama zuzenean Bizkotxeko kargatzeko lekuetatik hartzen zuen, meatzeko kiskaltze labeen azpian kokaturik zeudenak. Mustarreko zamatzeko tokietan, gainean beste bi labe zituztelarik, Lorditzeko arrotik zetorren mea hartzen zuen. Labe horietara Lorditzetik mea beste burdinbide txikiago bat erabiliz heltzen zen.

Bigarren tartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908an kaleraturiko Burdinbide sekundario eta estrategikoen legeak, Iruñea Pasaiako portuarekin lotzeko beharra ezartzen zuen. Horretarako, aurretik existitzen zen Plazaola - Andoain burdinbidea erabiltzea erabaki zen. Burdinbidearen jabea zen elkarteak, Sociedad Minera Guipuzcoana, kontzesio desberdinak irabazi zituen, Iruñea - Plazaola tartea 1910eko urriaren 19an eta Andoaindik Lasartera 1911ko martxoaren 18an. Era honetan, hiru kontzesio desberdinetik sorturiko hiru tarteak burdinbide bakar batean geratuko ziren integraturik.

Existitzen zen 21,1 km-tako tartea beste biekin lotzean (aldaketa batzuk egin behar izan zitzaizkion tarteari eta bere luzera 20,195 km-tan geratu zen), Iruñea eta Lasarte artean trenak 84,155 km egiten zituen. Lasarten, burdinbidea, jada existitzen zen Bilbo - Donostia linearekin lotuko zen eta burdinbide horretako trenbideak erabiliz heltzen zen Amarako geltokira. Merkantzia bagoiak, jada ez zirenak Andoainen trenez aldatzen, Topoa erabiliz heltzen ziren Pasaiako portura. Proiektu osoaren eta lanen zuzendaria Manuel Alonso Zabala ingeniari donostiarra izan zen, Antonio Liaño ingeniari militarra izan zuelarik laguntzaile.

Burdinbide osoa, 1914ko urtarrilaren 19ean inauguratu zen, Uitziko geltokian elkartuz, Donostia eta Iruñetik zetozen trenak, barruan agintari eta gonbidatuak zeramatzatelarik. Bedeinkapenaren ondoren, Iruñera joan ziren, bertan egin baitzen inaugurazio ekitaldia. Publikora 6 egun beranduago, urtarrilaren 25ean zabaldu zen.

Iruñea eta Donostia arteko zerbitzuari (bidaiari zein merkantzia) aurre egin ahal izateko, beste zazpi lurrunezko lokomotora erosi ziren, Krauss eta Maffei marketakoak.

Itxiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdinbidea ez zen inoiz errentagarria izan, minerala garraiatzeko izan zen pentsatua baina laster bukatu zen hori eta bidaiarien garraioan errepideen konpetentzia gero eta handiagoa zen. Mantenu oso gutxi egiten zitzaion trenari, horrek bidaiariengan zuen eragin negatiboarekin. 1929an dieselezko hiru automotore erosi ziren, trafikoa arintzeko eta 1946an Iruñean beste geltoki berri bat egin zen, Zangozarekin lotzen zuen trenarekin (Iratiko trena) lotzen zuena.

Burdinbidea modernizatzeko planek (trenbidea aldatu, diesel automotore gehiago erosi...) 1950 hamarkadako krisiarekin egin zuen topo eta gastuak gero eta handiagoak ziren. Gutxi ez balitz, 1953ko urriaren 13 eta 14 artean eginiko euriteen ondorioz burdinbidearen azpiegitura oso kaltetuta geratu zen (euste-hormak, lubetak, zubiak...). Jabea zen enpresak hainbat saiakera egin zituen tokiko erakundeekin, azpiegitura konpontzeko asmoarekin. Baina, negoziazio hauek ez zuten emaitzarik eman eta zerbitzua geldi geratu zen, uholdeek eragindako kalteak ez zirelako konpondu.

Dena den, trenak jarraitu zuen zenbait zerbitzu lokal egiten zazpi urtez, esate baterako Elduain eta Andoain artean egurra garraiatzeko. Honetako bidaia batean, trenak Andoaingo parrokoa zen Rosendo Rekondo harrapatu zuen, 1957ko uztailean. Azkenean, konpainiak trenbidea kentzeko eta burdinbidea behin betiko ixteko baimena jaso zuen 1958ko irailaren 5ean.

Azpiegitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trenbideak metro bateko zabalera zuen bi errailen artean eta Lasarte eta Iruñea arteko distantzia hartuz gero, 84,155 metrotako luzera zuen. Gauzak honela, zenbaketa kilometrikoa Iruñean hasten zen, Iruñeko geltokia izanik ibilbidearen zero kilometroa. Distantzia horretan, instalazio industrial desberdinetara heltzea ahalbidetzen zuten hiru desbideratze zeuden: Bizkotxeko zamaketa lekuetara, bidea berritu ondoren; Ollokiko Olamia fabrikara eta Iberdueroko zentral hidroelektrikora.

Material ibiltaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Trenak burdin mea garraiatzen hasi zenean hiru lokomotora erosi ziren, Municheko Krauss etxekoak zirenak. Horietatik 22 serie-zenbakia zuena, geroago Ponferrada eta Villablino lotzen zituen burdinbidera pasa zen.
  • Linea zabaldu eta hiriburu biak konektatu zirenean, zerbitzu areagotuari erantzuteko lokomotora berriak erosi ziren. Engerth izenarekin ezagunak ziren zazpi lokomotora, hiru Krauss etxekoak eta lau Maffei etxekoak. Horiek PSS1-PSS7 numerazioa izan zuten eta gaur egun PSS6-a izan zena da irauten duen bakarra, Bierzotren izeneko tren turistikoko lokomotora moduan, berriztatze prozesu luze bat izan ondoren.
  • Kotxe edo bagoiei dagokionez, CAFek eraikitako hamalau unitatek osatzen zuten multzoa. Alarma, berogailua, komunak eta argi elektrikoa zituzten, baina mantenu ezagatik nahiko egoera kaskarrean zeuden linea ixterakoan. C1-C14 arteko numerazioa zeukaten eta hiru klase desberdinetakoak zeuden: lehen klasekoak tapiz berdeak zituzten, kolore bereko gortinekin; gutxi ez balitz, butaka eta mahai tolesgarriak ere bazeuden; bigarren klasean, ia berdinak ziren, baina dekorazio sinpleago batekin; hirugarren klasean zurezko eserlekuak zeuden pasabidearen alde bietan kokaturik. Bagoietariko batek, hirugarren klasekoa izateaz gain, posta eramateko konpartimentua ere bazuen.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekunberriko armarria
  • Lekunberriko armarriak erreferentzia egiten dio trenari, erdian lurrunezko lokomotora bat irudikatuz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) El Plazaola Burdinbideari buruzko informazio osatua.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Plazaolako trena Aldatu lotura Wikidatan