Edukira joan

Pleura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pleura
Toraxen aurrealdea. Pleura urdinez. Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen partepleural sac (en) Itzuli
Konponenteakparietal pleura (en) Itzuli
visceral pleura (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezcavum pleurae, cavum pleurale, cavitas pleuralis
MeSHeta A10.615.789.736 A04.716 eta A10.615.789.736
Kodea3.05.03.0.00013
TAA07.1.02.001
THH3.05.03.0.00001
FMA9583
Terminologia anatomikoa

Pleura biriken inguruan aurkitzen den mintz bikoitza da, birikei eta torax paretari atxikituta agertzen dena. Mintz bikoitza izanik, bi orriz osatuta dago: errai-orria eta pareta-orria.

Errai-orria biriken gainazala estaltzen duen orria da, birika arteketatik sartzen dena. Hilora heltzean, errai-orria tolestu eta pareta-orria agertzen da, torax-paretari itsatsita agertzen dena. Hiloaren inguruan tolestean, pleurak eraztun edo mahuka itxurako egitura eratzen du, bertan dauden egiturei babesa eskainiz. Hiloaren behealdean, birika-lotailua izeneko mahukaren luzapena agertzen da: hor, bi orriak oso gertu daude.

Pareta-orriak lau atal desberdin ditu toraxean duten kokapenaren arabera: saihets-hezur aldeko zatia, diafragma aldeko zatia, mediastino aldeko zatia eta iduneko zatia.

Bi orrien artean pleura barrunbea dago, likido pleural apur batekin, pleuren arteko mugimendua erraztuz. Barrunbea oso txikia da eta bertako presioa, presio intrapleurala, negatiboa da, birikien kolapsoa saihesteko.[1]

Bi pleura orriek zirkulazio sistemikotik jasotzen dute irrigazio arteriala. Errai-orriak irrigazio sinplea du, izan ere, bronkio arterietatik jasotzen du beharrezko odola. Pareta-orriak, ordea, irrigazio konplexuagoa du, zatiaren arabera hainbat arteriak hartzen baitute parte: saihets-hezur aldeko zatiak saihetsarte arterietatik eta barneko torax arteriatik jasotzen du odola; mediastinoko zatiak bronkio arterien adarretatik eta perikardio-diafragmetako arteriatik; diafragma aldeko zatiak goiko diafragma arterietatik eta gihar-diafragmetako arterietatik eta iduneko zatiak lepauztai azpiko arteriatik jasotzen ditu adarrak.

Drainatze benosoari dagokionez, errai-orriak birika zainetara drainatzen du odola, eta pareta-orriak, bronkio zainetara.

Minaren edo ukipenaren sentikortasunari buruz hitz egitean, pareta-orriaren inerbazio aferenteari buruz ari gara, errai-orriak ez baitu horrelako aferentziarik. Hortaz, min pleuritikoa jasatean, pareta-orriaren kalteren bat egon dela adierazten du.

Pareta-orriaren inerbazioa nerbio frenikoek eta saihetsarteko nerbioek burutzen dute. Saihets-aldeko zatia eta diafragma aldeko zatiaren zati periferikoa saihetsarteko nerbioek jasotzen dute, eta mediastino aldeko zatiarena eta diafragma aldeko zatiaren zentroaldearena nerbio frenikoak.[2]

Biriken bolumena aldakorra denez, arnasgora edo arnasbeheraren arabera, birikek ez dute pleuraren espazio guztia hartzen. Izan ere, haien bolumena handi daiteke. Hori dela eta, toraxeko puntu jakin batzuetan zokogune izeneko espazio txikiak daude, pleuraren errai-orriaren eta pleuraren pareta-orriaren (bi pleura orrien) artekoak hain zuzen ere. Hori posiblea da birikak eta errai-orria pareta-orria baino handiagoa direlako. Horien funtzioa biriken bolumen aldaketetara egokitzea izango da baina birikek arnasketa bortitzetan baino ez dituzte barrunbe hauek beteko.  

Bi zokogune horiek saihets diafragmetako zokogunea eta saihets mediastinoetako zokogunea dira. Bi horietaz aparte, beste bi zokogune txiki daude: diafragma mediastinoetako zokogunea eta orno mediastinoetako zokogunea.

Zokoguneen tamaina biriken bolumenaren araberakoa da. Dena den, ez dira inoiz oso handiak bi pleura orrien (errai- eta pareta-orrien) arteko espazioa txikia delako baldintza fisiologikoetan eta presio negatiboa dagoelako bertan.  

Pleuraren funtzio nagusia kutxa torazikoan biriken mugimendua erraztea da, biriketako hedapen eta atzeratze mugimenduen energia gastua murrizteko. Hori posible da presio intrapleural negatiboaren existentziari esker, zeinak biriken kolapsoa eragozten duen. Horrez gain, pleuraren bi orriak elkarren gainean irristatzea ahalbidetzen du, bien artean likido pleuraleko geruza mehe bat dagoelako.

Jatorri enbrionarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pleura orri serosoetatik sortzen da: esplaknopleura eta somatopleura. Horiek enbrioi kanpoko mesodermoa osatzen dute hasiera batean eta garapenaren amaieran perikardioa, peripleura eta peritoneoa (erraien gaineko paretak)[3].

Garapen enbrionarioan, hiru geruza nagusi bereizten dira: endodermoa, mesodermoa eta ektodermoa. Horiek sortu aurretik, enbrioian soilik epiblastoa eta hipoblastoa bereizten dira.

Pleuraren jatorria mesodermoa da, baina horren barruan hainbat atal bereiz daitezke. Enbrioia garatzen doan heinean, lehengo sortu den geruza enbrioi kanpoko mesodermoa da, disko bilaminarraren inguruan kokatzen dena eta ondoren orri serosoak osatzen dituena. Hori epiblastotik dator eta bitan zati daiteke: esplaknopleura (zaku bitelinoaren inguruan) eta somatopleura (barrunbe amniotiko inguruan). Garapenak aurrera egin ahala, gainontzeko geruza enbrionarioak sortu eta enbrioia tolesten da. Toleste prozesuan, somatopleura eta esplaknopleura orriak gerturatuz doaz, kabitate zelomiko intraenbrionarioa osatuz.

Kabitate zelomiko intraenbrionarioan, torax aldea eta abdomena bereizteko “septum transversum” egitura sortzen da. Ondoren, toraxean barrunbe perikardikoa eta pleurala bereizi behar dira. Prozesu horretan sortzen da pleura, birikak inguratzen geratzen den somatopleura eta esplaknopleura izanik. Pleura eta perikardioa bereizteko, tolesdura pleuroperikardikoa gertatzen da eta birikak pleuraz estalita geratzen dira. Esplaknopleurak pleuraren errai-orria osatzen du eta somatopleurak, pareta-orria[4].

Pleurarekin lotutako patologia nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat gaixotasun birika-pleurarekin erlazionatuta daude. Gaixotasun horiek pleura osatzen duten bi geruzekin (errai-orria eta pareta-orria) edo bi geruza horuen artean dagoen barrunbe pleuralarekin lotuta egon litezke.

Mintz bikoitzari lotutako gaixotasunak: Pleuresia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pleura osatzen duten geruzekin lotutako gaixotasun nagusia pleuresia[5] (edo pleuritisa) da. Gaixotasun horrek mintz pleuralen hantura eragiten du. Hantura jatorri anitzetakoa izan daiteke, baina batez ere birusek, bakterioek edo onddoek eragindako infekzio baten ondorioz sortzen da (adibidez, tuberkulosia edo pneumonia).

Pleuresiak eragiten dituen sintoma nagusiak bularreko mina, arnasteko zailtasunak eta sukarra dira.

Pleuresia sendatzeko tratamenduak bi atal nagusi ditu: alde batetik, pleura orrien hantura eragin duen infekzioaren aurkako farmakoa erabili, eta bestalde, pleuresiak eragindako sintomei (mina, sukarra eta hantura) aurre egiteko farmako antiinflamatorio ez-esteroideak erabili (aspirina edo ibuprofenoa, adibidez).

Pleura barrunbearekin lotutako gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritasun horietako gehienak pleura barrunbearen barnean egon behar ez luketen substantzia likidoak edo gaseosoak agertzearen ondorioz sortzen dira. Pleura barrunbearekin lotuta dauden gaixotasun nagusiak bi azpitaldetan sailka daitezke:

  • Pleura-isuria: pleura barrunbean gai likidoak sartzean eta metatzean datzan patologia da.
  • Pneumotoraxa: pleura barrunbera airea sartzean datzan patologia da, biriken kolapsoa eragiten duena.

Pleura isuria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun horretan, gai likidoen metaketa patologikoa gertatzen da pleura barrunbean. Egoera fisiologikoan, likido pleural pixka bat dago espazio horretan (plasmaren antzeko konposizioa daukana). Beraz, likido pleural gehiegi metatzen denean, edo likido pleurala ez den beste likido bat metatzen denean (adibidez, odola), pleura isuria [6] gertatzen da.

Eritasun horren jatorriaren arabera, pleura isuria exudatiboa (kapilareen iragazkortasunaren handipena) edo trasudatiboa (presio hidrostatikoaren handipena eta presio onkotikoaren jaitsiera) izan daiteke.

Gaixotasun horien diagnostikoa egiteko erabiltzen den teknika nagusia torakozentesia da. Proba kliniko horretan, pazienteari ziztada bat egiten zaio saihets arteko espazioan, barrunbe pleuralaren barneko likidoaren lagin bat hartu, eta horrela, haren konposizioa aztertzeko eta gaixotasunak detektatzeko. Gainera, tratamendu gisa ere erabiltzen den teknika bat da, barrunbe pleuraleko aire edota likido metaketak husteko.

Pleura isuri motak[7]:

Pneumotoraxa biriken kolapso bat da, osoa zein partziala izan daitekeena. Pneumotoraxa airea barrunbe intrapleuralean, hau da, pareta pleuraren eta errai pleuraren artean, sartzean gertatzen da. Barrunbe intrapleuralaren presioa handitzean, birikaren bolumena murrizten da, hots, zenbat eta aire gehiago sartu barrunbe intrapleuralean, hainbat eta zabaltzeko gaitasun eta leku gutxiago du birikak eta, horrela, kolapsora iristen da. Horren arrazoi fisiologikoa hau da: barrunbe intrapleuralean presio negatiboa mantentzen da kolapsoa saihesteko, baina bertan aire gehiago sartzen denean, presioa hainbeste handitzen da, presio intrapleurala positibo bihurtzera iritsi baitaiteke.

Pneumotoraxa hainbat arrazoirengatik gerta daiteke:

  • Bularreko kontusio batengatik.
  • Bularreko zauri sakon edo sarkor batengatik.
  • Prozedimentu mediko batengatik.
  • Birikaren patologia izkuturen batengatik.

Gaixotasun horrek eragiten dituen sintoma nagusiak disnea (larriagoa edo arinagoa, birikaren kolapso mailaren arabera) eta toraxeko mina dira.

Diagnostikoa baieztatzeko egiten den proba osagarririk ohikoena toraxeko erradiografia da. [9][10][11]

Gaixotasun hori tratatzeko erabiltzen den teknika nagusia torakostomia da. [12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Charalampidis, Charalampos; Youroukou, Andrianna; Lazaridis, George; Baka, Sofia; Mpoukovinas, Ioannis; Karavasilis, Vasilis; Kioumis, Ioannis; Pitsiou, Georgia et al.. (2015-2). «Pleura space anatomy» Journal of Thoracic Disease 7 (Suppl 1): S27–S32.  doi:10.3978/j.issn.2072-1439.2015.01.48. ISSN 2072-1439. PMID 25774304. PMC 4332049. (kontsulta data: 2020-10-12).
  2. Netter, Frank H. (Frank Henry), 1906-1991,. Atlas de anatomía humana. (7, séptima edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9113-468-8. PMC 1120670161. (kontsulta data: 2020-10-15).
  3. Chillón Martín, Mª Jesús. EMBRIOLOGÍA, ANATOMÍA Y FISIOLOGÍA PLEURAL. .
  4. Schünke, Michael.. (2015). Prometheus : texto y atlas de anatomía. (3ª ed., mejorada y ampl. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6. PMC 908137680. (kontsulta data: 2020-10-13).
  5. «Pleuresía - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2020-10-13).
  6. (Gaztelaniaz) «Derrame pleural - Trastornos pulmonares» Manual MSD versión para profesionales (kontsulta data: 2020-10-13).
  7. (Gaztelaniaz) Pleura. 2020-04-25 (kontsulta data: 2020-10-13).
  8. (Gaztelaniaz) «Hemotórax: qué es, síntomas, causas, prevención y tratamiento» Top Doctors (kontsulta data: 2020-10-13).
  9. «Neumotórax - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2020-10-13).
  10. (Gaztelaniaz) Neumotórax. 2020-10-10 (kontsulta data: 2020-10-13).
  11. (Gaztelaniaz) «Neumotórax» www.fesemi.org (kontsulta data: 2020-10-13).
  12. (Gaztelaniaz) «Neumotórax - Trastornos pulmonares» Manual MSD versión para profesionales (kontsulta data: 2020-10-13).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]