Pobrezia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Thomas Kennington, Umezurtzak, 1885

Pobrezia, pobretasuna edo txirotasuna oinarrizko beharrak asetzeko behar diren baliabideak ez edukitzea eta ezin eskuratzea da, zentzu hertsi batean. Oinarrizko beharrez gaindi, pobrezia bizi-kalitatearekin ere loturik dago; hain zuzen, hezkuntza, giza-harremanak, ingurumenaren kalitatea eta askatasun politiko eta espiritualak ere pobreziari eragiten dioten faktoreak dira. Beraz, zentzu zabalago batean, pobrezia giza garapenerako beharrezko diren baliabideak ez izatea da. Pobrezia pertsona, talde edo herri batek gizarte baten baitan pairatzen duen egoera izan daiteke eta desberdintasun ekonomiko eta sozialaren ondorioa da.

Pobreziaren dimentsio aniztasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuek ukatu egiten dute pobreziaren faktore-aniztasuna eta pobrezian diru-sarrerek duten garrantzia nabarmentzen dute, diru-sarrera eta beste dimentsioen artean lotura zuzena dagoela baieztatuz. Hau da, diru-sarrera urriak orokorrean osasun baldintza txarrekin lotuta daude, edo hezkuntza kalitate baxuarekin. Ondorioz, jendea edo behartsuen ongizatea hobetzea bada helburua, bide zuzenena diru-sarrerak hobetzea izan beharko luke.

Hala ere, arrazoi asko daude pobreziaren dimentsio aniztasunaren alde. Jodhak Indian egindako azterketa batean erakutsi zuen ongizatea eta diru-sarreren arteko korrelazioa ez dela zuzena[1]. Azterketa honetan parte hartu zuten behartsuek beraien ongizatea hobetu zela baieztatu zuten, beraientzako garrantzitsuak ziren faktoreak hobetu zirelako (zapatak janztea, animalia eta pertsonak bizitzeko gelak banatuak egotea), nahiz eta beraien diru-sarrerak gutxitu. Jendeak pobrezia eta ongizatea ulertzeko dituen modu desberdinak ulertzea garrantzizkoa da, honek pobrezia gutxitzeko planifikatuko diren programengan eragina izango duelako. Diru-sarrerez gain osasuna eta hezkuntza pobrezia gutxitzeko garrantzitsuak direla ulertzen bada, adibidez, planifikatutako politika oso desberdina izango da.

Pobrezia absolutua eta pobrezia erlatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobrezia absolutua: oinarrizko beharren multzo finko bat eskuratu ezin izatea, hala nola, janaria, jantziak, etxea eta osasun-zerbitzuak.

Pobrezia erlatiboa: gizarte batean dagoen ongizate eta aberastasunaren araberako kontzeptua da. Garapen bidean dagoen gizarte batean, adibidez, bizitzeko "beharrezko" produktuak janaria eta jantzi batzuk besterik ez dira; garatutako herrialdeetan, berriz, "beharrezko" gauzen artean hilean behin ateratzea edo Gabonetako opariak daude.

Pobreziaren adierazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pobrezia neurtzeko adierazle ugari erabiltzen dira. Hona hemen horietariko batzuk:

Nazio Produktu Gordina (NPG) per capita: nazio baten ekonomiaren garapenaren erakusle den neurri hau ez da pobrezia erakusle egokia bi arrazoigatik. Batetik, batezbesteko bat denez, ez du kontuan hartzen distribuzioa. Hau da, herrialde bateko herritarren artean desberdintasun ekonomiko handia egon arren, batezbestekoa neurtzen denez, desberdintasunak ez dira azaltzen eta batezbestekoak ez du errealitatea erakusten.

Pobreziaren atalasea edo ataria: gizarte batean bizitza maila duina izateko beharrezkoa den diru-sarrera da. Pobrezia maila neurtzeko, beraz, atari honetatik beherako diru-sarrerak dituzten biztanle kopurua kontatu genezake. Hala ere, aurreko adierazleak bezala, honek ez du kontuan hartzen pobrezian dagoen jendea diru-sarrera horretatik gertu ala urrun dagoen. Hau da, ez du pobreen artean dagoen desberdintasuna kontuan hartzen.

Giza garapenaren indizea: Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako Programak sorturiko adierazlea da. 3 paramentro hartzen ditu kontutan herrialde baten garapena neurtzeko: Barne Produktu Gordina (BPG) per capita, bizi-itxaropena eta hezkuntza maila (alfabetatze maila eta hezkuntza sisteman izen-emate kopuruaren arteko batezbestekoa atereaz neurtzen da).

Aurreko adierazleek baino pobreziaren dimentsio gehiago kontuan hartu arren, adierazle honek ez du herrialde barruan egon litekeen desberdintasuna erakusten eta horregatik, ez da pobrezia neurtzeko adierazle zehatza.

Giza pobreziaren indizea: Nazio Batuen Erakundeak proposatutako aiderazlea da hau ere. Hurrengo adierazleen batezbestekoa atereaz kalkulatzen da Giza pobreziaren indizea: 40 urterarte biziko ez dela estimatzen den populazio portzentaia, alfabetatua ez den populazio portzentajea eta "bizitza mailaren gabezia" (hurrengo bi adierazleen batezbestekoa dena: ura eta osasun zainketa eskuratu ezin dutenen batezbestekoa eta normala dena baino pisu bajuagoa duten 5 urtez beherako haurren batezbestekoa).

Pobrezia-muga: pertsona edo familia bat , administrazio eta gobernuen aldetik pobretzat hartuak izan daitezen gehienezko errenta maila.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gupta, Raghuraj. (1984-01). «Changing role and status of the Muslim minority in India: a point of view» Institute of Muslim Minority Affairs. Journal 5 (1): 181–202. doi:10.1080/02666958408715891. ISSN 0266-6952. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • White, H.(2008) "The measurement of poverty" in Desai, V., Potter, R.B. The Companion to Development Studies, Second Edition, Hodder Education, London, 25-30.or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]