Podcast

Wikipedia, Entziklopedia askea
Podcast baten grabaketa

Podcast bat RSS jario bitartez mugikor eta ordenagailuetan erreproduzitzeko banatzen den multimedia fitxategia da. Normalean iraupen luzea izaten dute. Harpidetzeko aukera eskeini ohi dute eta deskargatzeko aukera izatea ere oso ohikoa da.

Podcastetan aurkezle bat edo aurkezle multzo bat izaten da eta gai zehatz baten inguruan eztabaidatu ohi da bertan. Aurkezleaz gain baliteke beste laguntzaile batzuk ere parte hartzea podcastean.

Gaur egun kazetariez gain zaletu asko ere badago podcastak egiten, gustuko duten gairen baten gainean informatu edo musika kaleratu asmoz. Beste batzuek, berriz, nahiago dute edukia landu, elkarrizketak eskainiz edo grabazioak eginaz. Podcastak kostu txikikoak izaten dira, askotan doan eskeintzen direlarik.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzak jatorri ingelesa dauka. iPod eta broadcast terminoen batura da.[1] Podcast izena The Guardian egunkari ingeleseko Ben Hammersley kazetariak erabili zuen lehen aldiz 2004ko otsailaren 12an.[2] [3]Dannie Gregoire podcast hitza audioblogger-en munduan sartzen lehena izan zen eta berarekin harremana zuten hainbat domeinu erregistratu zituen, adibidez podcast.net domeinua. Honek Adam Curry moduko podcastgileek hitza erabiltzen hastea ekarri zuen.[4] Halako indarra hartu dute podcastek,New Oxford American Dictionaryk 2005. urteko hitz izendatu zuela.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Podcast baten grabaketa

2000. urteko urrian Tristan Louisek audio eta irudi fitxategiak RSS jariora eranstea proposatu zuen.[5] Ideia hau Dave Winer software garatzaileak garatu zuen.[6] 2003an Matt Schichterrek The BackStage Pass  saioa plazaratu zuen. Bertan besteak beste  B.B. King, Third Eye Blind, Gavin DeGraw, The Beach Boys, eta Jason Mraz izan ziren gonbidatuak. Saioa zuzenean grabatzen zen eta internetetik streaming bidez zabaltzen zen.[7] Online zabaldu zen lehen podcast modura onartu da saio hau.

2004. urtean podcast hitza lehen aldiz aipatu zen. Urte berean Adam Curreyk Daily Source Code saioa plazaratu zuen. Saioan bere egunerokoa kontatu ohi zuen eta podcasten garapenaren inguruan ere hitz egiten zen, podcast ezberdinak gomendatzeaz gain. Podcstek garapen handia jasan zuten garai honetan.[8]

2007rako podcastek historikoki irratiarenak izan ziren eremuak okupatu zituen, talk show zein berri emaile estiloko saioak eginaz.[9] 2010eko hamarkadan podcast munduak garapen handia jasan zuen hainbat konpainia handik beren podcasten munduan sartzean, adibidez Facebook,[10] McDonald's [11] eta Microsoft[12] enpresak.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Podcastak audio bidez zabalduriko blog bezala hasi ziren. Hala ere, denborarekin garapen handia jasan dute podcastek. Komunikabide handiek mundu honetan erakutsitako interesa eta norberak podcast bat egiteak suposatzen duen zailtasun eza medio egun edozein gai eta formatutako podcastak aurkitu daitezke. Honen eraginez erabilera ezberdinak izan ditzaketen podcastak sortu dira. Hauek dira podcastek izan ditzazketen erabileratako batzuk:

  • Musika grabazioak: Badira beraien podcastak dituzten artistak eta podcast hauek beren lanen inguruan hitz egiteko edo albisteak emateko erabiltzen dituzte.
  • Zientzia dibulgazioa: Podcastak ikerketa eta garapen zientifikoak zabaltzeko erabili daiezke.
  • Biltzarrak: Podcastak biltzar, hitzaldi zein mahai-inguruak igortzeko erabil daitezke.
  • Hezkuntza: Ikasleek nahi duten unean ikasgaiak lantzeko erabil daitezke podcastak. Modu horretan ikasleek edozein leku zein unetan ikasteko aukera izan dezakete.
  • Elkarrizketak: Podcastak elkarrizketak elkarbanatzeko erabili daitezke.
  • Literatura: Badira podcast eta audioliburu kontzeptuak nahastu dituzten sortzaileak. Modu honetan podcastak ipuin edo eleberri bat atal ezberdinetan banaturiko sail baten estiloan zabaltzeo erabili daiteke podcasta.

Podcast motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audiozko podcastak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audio hutsez eginiko podcasta da. Normalean MP3 formatua izaten dute, nahiz eta AAC ere izan daitekeen. MP3 formatua gailu gehienekin bateragarria da eta sorturiko artxiboak ez du asko pisatzen (normalean 10MB baino gutxiago izaten dituzte). Podcast hauek oso erraz sortu daitezke.

Bideozko podcasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideozko podcasta, bodcast edo bideocast modura ere ezaguna da.[13] Podcast mota hau bideo bidez eginiko beste edozein produkzioren antzerakoa da, beraz audiozko podcastek baino denbora eta planifikazio gehiago eskatzen du. M4V edo MP4 formatuak dira erabilienak eta artxiboek 100MB baino gehiago pisatzea oso ohikoa da.

Hobeturiko podcastak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek podcast mota bereziak dira. Audiozko podcastak irudi sinkronizatu batzuekin konbinatzen dute, aurkezpen baten itxura hartuz. Normalean podcasta aurrera joan alaz bat aldatzen diren irudi finkoak izaten  dituzte, eta web orri ezberdinetarako estekak izan ditzakete. Podcast hauen abantaila nagusia irudiak dituzten arren audiozko podcastek izan ohi duten pisu urria mantentzea da.

Screencast podcastak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Screencast bat ordenagailu baten pantailaren grabaketa digitala da, audiodun pantaila irudi bat. Adoble flash eta MP4 formatuak erabili ohi dira, hauek edizioa egiteko orduan abantaila ugari eskaintzen bai dute.[14]

Podcast zerbitzari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audioak biltegiratzeko zerbitzari ugari aurki daitezke sarean. Hauek dira ezagunenak:

SoundCloud[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alex Ljung eta Eric Wahlfossek 2007. urtean sortu zuten plataforma hau. SoundCloud audioak online banatzeko plataforma bat da. Erabiltzaileek audioen banaketa, promozioa edo grabaketak egin ditzazkete. Hasiera batean Estokolmon abiatu zuten proiektua, baina urte bete pasa aurretik Berlinera lekualdatu ziren. Hasiera batean musikagileen artean grabaketak partekatzeko plataforma bat izan zen, baina denborarekin musika banatzeko plataforma bilakatu zen. Hilabete gutxitan Myspace, garai haietan musika banatzeko erabiltzen zen zerbitzari nagusia, atzean uztea lortu zuen.[15]

Ivoox[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ivoox audioak biltegiratzeko, argitaratzeko, entzuteko, sare sozialetan partekatzeko eta jaisteko balio duen zerbitzaria da. Bertan entzule komunitateak gomendioak egin ditzake, modu horretan audio edo podcast berriak ezagutzeko aukerak sortuz. Kategoria ezberdinen sailkapen bat izatean denbora aurrezteko balio duen zerbitzari modura aurkeztu zen. 2014. Urtean mugikorretara pasa autua egin zuten, Android zein IOS sistemetan eskuragarri jarriz.[16] Zerbitzariak SGAErekin akordio bat sinatu zuen, horrela bertako audioek musika komertziala eduki ahal izatea ziurtatu zen.[17]

Spreaker[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ivooxen antzerako funtzionamendua dauka. «Gustuko dut» botoiean klik egitea nahikoa da podcast baten jarraitzaile izateko, modu honetan beste zerbitzariek eskatzen duten harpidetza gabe egin zaitezke podcast baten jarraitzaile.Honetaz gain interesatzen zaizkizun podcasten zerrenda egiteko aukera ematen du, entzun nahi dituzun podcastak antolatzeko aukera eskainiz. [18]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen euskaraz topa daitezkeen zenbait podcast: