Polikletoren Kanona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Polikletoren Kanona
Jatorria
Egilea(k)Polikletos
Ezaugarriak
Genero artistikoasaiakera
Hizkuntzaantzinako greziera

Gaur egun galdua dagoen Polikletoren Kanona Grezia zaharreko edertasunaren kontzeptua azaltzen digun lehenengo eskultura tratatua da.

Polikleto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polikletoren Kanon-a eskultura greziarraren, eta oro har eskulturaren, inguruko lehenengo tratatu garrantzitsua dela esan dezakegu eta existitu zela badakigu hainbat iturri idatzien bitartez. Pertsonaia honen ezagutza eta tratatuaren azterketa beharrezkoak dira Grezia klasikoan zuten edertasunaren kontzeptua ulertu ahal izateko. Hala ere aipatu behar dugu, Polikletorena ez zela Grezia zaharreko kanon bakarra, izan ere hainbat proposamen indibidual ezberdin aurki ditzakegu, baina bai esan behar dugu Polikleto izan zela tratatu bat idatzi zuen bakarra. Autore bakoitzak bere ikuspuntu propioa izanik edertasunaren eta perfekzioaren kontzeptu ezberdinak zituen baina beti ere ezaugarri kanoniko batzuen barruan[1].

Polikletoren[Betiko hautsitako esteka] Diadumenoaren kopia erromatarra, Atenaseko Museo Arkeologikoan.

Polikleto (grekeraz Πολύκλειτος), “Polikleto Zaharra” bezala ere ezagutua, K.a V. mendean Argosen jaiotako eskulturagile grekoa izan zen. Fidias eta Miron-ekin batera Antzinate Klasikoko eskulturagile garrantzitsuena da. Bere maisua Argoseko Agéladas izan zen eta sortu zuen eskolak hiru belaunaldi iraun zituela uste arren badirudi K.a. 200. urte ingururarte jarraitu zuela.

Formatu literarioaz gain, brontzez egindako jainko eta kirolarien eskulturengatik ezaguna da. Hauen artean Diadumenoa (1. irudia) eta Doriforoa (2. irudia) aipatu behar ditugu, izan ere, azkenengo honetan Polikletoren kanona ederki ikusi daiteke. Eskultura orijinalik gaur egun arte iritsi ez zaigun arren, iturri literarioek marmolezko eskultura erromatarrak Polikletoren kopia bezala aipatzen dituzte[1]. Hauetan edertasuna kirolari lasai eta orekatsu batzuen bidez erakusten digu. Argi dago Polikletontzat eskultoreek beraien ekoizpena burutzerako garaian gizakiaren proportzioen eta anatomiaren ezagutza izatea ezinbesteko baldintza bat zela edertasuna lortu ahal izateko.

Polikletoren[Betiko hautsitako esteka] Doriforoaren kopia erromatarra, Napoleseko Museo Arkeologikoan.

Bere estiloaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat contrapposto bezala ezagutzen dugun postura dinamikoa da. Hau gorputzaren enborreko goiko aldean, hau da, sorbaldetan inklinazio baten bidez lortzen da, aldakarekiko marra paraleloa apurtuz eta pisua hanka bakar batean ezarriz bestea erlaxatuta geratzen den bitartean[2].

Tratatuaren ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argoseko biztanle zen Polikleto (K. a. 480-420) giza gorputz biluziaren errepresentazio simetriko, parekatu eta proportzionala egiten saiatu zen[3]. Kanon-a arteari buruzko lehenengo tratatua izan zen eta Egiptotik eratorritako kanon zaharkituekin apurtu nahi zuen. Proportzioen erabileraren bitartez giza anatomiaren oreka lortzea zuen helburu gorputz perfektu bat bilatuz (“Perfekzioa gutxinaka sortzen da hainbat kalkuluren bitartez”, Polikleto).

Badakigu tradizio egipziarrak eragin handia izan zuela kultura greziarrean, adibidez, hau argi ikus dezakegu kuros eta kore eskultura arkaikoetan, zeintzuek lauki itxura mantentzen duten[4]. Irudi egipziarrak bizitza zuela barnean uste zuten, greziarrak bizitza zuela zirudien. Egiptorako hainbat bidaien testigantzak ere iritsi zaizkigu eta hauetan bi arteen arteko erlazioa ikus dezakegu. Diodoro-k adibidez horrela idatzi zuen: “Egipziarrentzat eskulturen proportzioa ez da begiekin ikusten dugunaren arabera kalkulatzen greziarrek egiten zuten bezala, behin harriak moztu eta haiekin lanean hasitakoan baizik (...)”[5].

Aurretik, besteak beste, Egipziarrak figura bat irudikatzerakoan laukiaren egituratik abiatzen ziren bitartean (laukien eta gorputzaren osotasunaren artean inolako harreman zuzenik ez zegoelarik), Polikletok gorputza osatzen zuten elementuen arteko harremana zuen abiapuntutzat (3. irudia). Honela, osotasunaren edertasuna, enborra, organo eta azpi-organoen arteko loturaren baitakoa litzateke. Beraz, Polikleto lehenengo tratatugile kanonikoa izan zen egipziar tradizioarekin hausten, garaiko filosofia, medikuntza eta matematikako jakinduria aplikatuz zazpi buru neurtu behar zituen kanon bat ezarriz.

Anavysosen[Betiko hautsitako esteka] Kuros, Atenaseko Museo Nazionalean.

Gorputza ez zen tamaina bereko hainbat moduluen baturan egituratzen, hura osatzen duten organo edo gorputz-adarren tamaina eta forma ezberdinen arteko harreman eta proportzioetan baizik; atzamar baten eta beste baten arteko erlazioan, atzamarren eta eskuaren arteko erlazioan, eskuaren eta besoaren artekoan, besoaren eta gainerako gorputz-adarren artekoan, etab. Polikletok kanonarekiko, eta beraz, edertasunarekiko zuen ikuspuntua, formula aritmetiko sinple eta erlazio geometriko neurgarrietan oinarritzen zen aldi berean. Horrenbestez, eskultura edertasuna plasmatzeko tresna gisa ulertzen zuen eskultore greziar honek.

Kristo aurreko V. mendean idatzitako tratatu honek mendebaldeko edertasun eta oreka eredugarriak ezarri zituen hainbat mendetan zehar eta ondorengo hainbat teoriagilek, euren kanonetan emaitza hauek lortzea zuten helburu, Vitrubiotik hasiz Leonardo DaVinci edota Le Corbusierren kanonetaraino[6]. Hala ere honen edukia ez da zehaztasun osoz ezagutzen eta dugun informazioa zalantzan jarri behar dugu ez baitugu lehen eskutik ezagutzen.

Polikleto aipatzen duten hainbat iturri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratatu hau aipatzen duten lehenengo eta zeharkako hainbat iturri aurkitzen ditugu, zeintzuk behar-beharrezkoak diren Polikletoren figuraren inguruan jarduteko. Kontserbatzen diren zaharrenak Krisiporenak dira Galenok jasotakoak. Filonek egindako aipamenak bi mende beranduagokoak dira eta beraz, ondoriozta dezakegu bai Krisipok zein Filonek Kanon-a irakurri zutela.

Kanon-aren datazioa (tratatuarena eta eskulturarena) K.a. 450-440 urteen bitartean kokatzen dugu baina honen inguruko lehenengo aipamen esanguratsua Filon Mekanikoren Belopoeica-n agertzen da. Testu hau K.a. III. mendekoa da eta  katapulten eraikuntzari buruz hitz egiten du. Bertan Krisiporen ideiak jasotzen dira eta kanona horrela deskribatzen du: “Ongia, txikia izanagatik ere, zenbaki askoren bitartez ematen da[7].

K.a. I. mendean Pliniok bere Historia Naturala lanean Doriforoa kanonaren monumentu gisa jartzen du: “Polikletok beste gizonezko irudi bat egin zuen, Doriforoa, gazte bat, zeini artistek kanon deitzen zioten (...) eta bera izan zen lehenengo gizona eskultura artelan gisa sortu zuena”. Pliniok lan honekin Polikletoren Doriforoaren anatomia, mugimendu biomekaniko eta oreka konpositiboarekiko interesa erakusten digu[8].

Vitruviok ere K.a. I. mendeko De Architectura-n horrela dio: “Gorputzaren ideia gorena lortzeko (...) gorputz adar bakoitzak figura osoarekin proportzionaltasun zuzen bat mantendu behar du” . Honek Filon Mekanikoa aipatzen du eta azken honek bere lanean Polikletoren kanona aipatu zuela jakinik litekeena da Vitruviok ere testu hauek ezagutu izana[9].

Zizeronek K.a. I. mendeko Brutus idatzian “veritas”-aren garrantzia aipatzen du eta Polikletoren lana dotore eta ia perfektutzat jotzen du horrela esanez[10]: “oraindik eta ederragoak dira Polikletoren eskulturak eta nire ustetan ia perfektuak

K.o. I. mendean Plutarkok Moralia testuan kanon hau edertasunaren eredu bezala jartzen du eta Polikletoren inguruko datu gehiago dakizkiela dirudi[11]: “Pentsatu ezkero, Polikletok arrazoi guztiz dio buztina azazkaletaraino iritsi zaienen lana oso gogorra dela”. Beste lan batean ere Polikletoren proportzioa eta zenbakien erabilera goraipatzen du: “Edozein lanetan bezala, edertasuna zenbaki ugariren bitartez lortzen da, beste modu batean esanez, proportzio zehatz batzuetara iritsi daiteke simetria eta armonia zehatz batzuen bitartez”.

Kanonaren existentzia argumentatzeko erabili izan den iturria K.o. II. mendeko Galenoren De Placitis Hippocratis et Platonis izan da, non Krisiporen ideiak jasotzen diren[12]: “Polikletoren Canon-ean idatzia dagoen moduan (...) bere hitzen haritik, sortutako teoriarekin bat zetorren eskultura bat egin zuen”. Gorputz atalen anatomia hipokratikoaren erabilera azaltzen digu, atal hauen luzera azalduz proportzioa lorrtzeko: “hatzamarrak, esku ahurrarekin, eskumuturrarekin eta hauek besaurrearekin, eta guztia ondoren osotasunarekin Polikletok Canon-ean idatzi zuen bezala”.

Kanona giza gorputza eta anatomiaren ezagutza gorenaren adibidea zen garai horretan eta honen adibide bezala ikus dezakegu Galenoren De Partium Corporis Humani non Polikletori natura imitatzaile deitzen dion. Gainera Galenok De Sanitate tuenda testuan Polikletok bere jakintza metodoa metodo enpiriko batean oinarritzen zuela esan zuen, zein K.a. V. mendeko medikuntza jakintzatik eratorria zen[13].

Samotasako Luzianok K.o. II. mendean idatzi zuen: “Itxurari dagokionez, Polikletoren kanonari jarraitu behar zaio, oso altua eta neurrigabea  izan gabe eta oso txikia izan gabe, baizik eta ondo orekatua”. Hitz hauen bidez dantzariaren gorputz ideala deskribatu nahi izan zuen[14].

K.o. XII. mendean Tzetzes-ek Polikletoren margolari fazetaz hitz egiten digu bere Historiarum variaum chiliades liburuan eta horrela idazten du: “Argoseko Polikleto eskultore zein margolari zen aldi berean eta eskultura zein margolan ugari egin zituen. Berak esan zuen, egindako lan guztietatik bi gainontzekoen gainetik zeudela, margolan bat eta eskultura bat. Margolana pinturarako kanon bezala ezarri zen, eskultura berriz eskulturarako kanon gisa”[15].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bautista Durán, A.: El canon en el arte. Reglas y prescripciones en torno a la figura humana. Tesis doctoral, Universidad de Sevilla, 1993.
  • Blanco Frejeiro, A.: Arte griego. Madrid, CSIS, 2004.
  • Cicerón: Brutus, XVIII. Siglo I a. C.
  • Filón Mecánico: Belopoeica IV. I.49, 20. Siglo III a. C.
  • Galeno: De uso partium Corporis Humani, IV. 351-3 (Kühn). Siglo II d. C.
  • Galeno: De sanitate tuenda, VI. 126 (Kühn). Siglo II d. C.
  • Montemayor García, A.: Entre las palabras y las imágenes: Policleto de Argos y el discurso de la escultura. México, Dirección General de Publicaciones del Consejo Nacional para la Cultura y las Artes, 2013.
  • Le Corbusier: El Modulor. Buenos Aires, Poseidón, 1987.
  • Luciano, S.: De Saltatione, 75. Siglo II d. C.
  • Panofsky, E.: El significado en las artes visuales. Madrid, Alianza Editorial, 1983.
  • Pitarch, A. J.: Arte Antiguo: Próximo Oriente, Grecia y Roma. Barcelona, Gustavo Gili, 1982.
  • Plinio: Historia Natural, XXXIV. 55-56. Siglo I d. C.
  • Plutarco: Moralia: Charlas de sobremesa (II). Edición de Amyot, 90-117 d. C.
  • Plutarco: Moralia. 86a. Siglo I d. C.
  • Roberson, M.: El arte griego. Madrid, Alianza Editorial, 1981.
  • Tzetzes: Historiarum variatum chiliades, VIII. 319ss. Siglo XII.
  • Vitruvio: De Architectura, III.i.7. Siglo I a. C.
  • Yarza Luaces, J.: Fuentes de la Historia del Arte I. Madrid, Historia 16, 1997.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Ibidem, 174. orr.
  2. Pliniok Historia Naturalen esaten duen moduan: “Era propio de él que sus estatuas descansaran en una sola pierna”.
  3. Yarza Luaces, J.: Fuentes de la Historia del Arte I. Historia 16, 62. orr.
  4. Panofsky, E.: “La historia de la teoría de las proporciones humanas como reflejo de la historia de los estilos”. El significado de las artes visuales, 88-90. orr.
  5. Pitarch, A.: Arte Antiguo. 274. orr.
  6. Le Corbusier:: El Modulor. Poseidón, Buenos Aires, 1961.
  7. Filón Mecánico: Belopoeica IV. I.49. Siglo III a. C.
  8. Plinio: Historia Natural, XXXIV. 55-56. Siglo I d. C.
  9. Vitruvio: De Architectura, III.i.7. Siglo I a. C.
  10. Cicerón: Brutus, XVIII. Siglo I a. C.
  11. Plutarco: Moralia. 86a. Siglo I d. C.
  12. Galeno: De uso partium Corporis Humani, IV. 351-3 (Kühn). Siglo II d. C.
  13. Galeno: De sanitate tuenda, VI. 126 (Kühn). Siglo II d. C.
  14. Luciano, S.: De Saltatione, 75. Siglo II d. C.
  15. Tzetzes: Historiarum variatum chiliades, VIII. 319ss. Siglo XII.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]