Polinizazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erleek eragile garrantzitsuak dira polinizazioan, loreetako polenaren bila hori bera karpeloetan sartzen laguntzen dutelako.

Polinizazioa angiosperma edo landare loredunen ugalketa-prozesuko aldi bat da, non estamineetako polena karpelora sartu eta loreko obuluak ernaltzeko prozesua da. Horren ondorioz, fruitua eta haziak sortuko dira, ernatu ondoren landare berriak sortuko dituztenak.

Polinizazioa faktore biotiko zein abiotikoengatik ematen da. Faktore biotikoan animaliak sartzen dira; intsektuak, saguzarrak, txoriak (kolibriak) eta ugaztun txikiak (sagu mota batzuk). Intsektuak dira animalietan polinizazio eragile nagusiak. Ezagunenak eta eraginkorrenak polinizazio prozesuan hymenoptera, lepidoptera, diptera eta coleoptera ordeneko intsektuak dira.

Eragile abiotikoan ordea, haizea da polinizatzailea, polena edo lore-hautsa karpelora eramateaz arduratzen dena.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polinizazio mota nagusiak bi dira: anemogamoa eta entomogamoa.

Polinizazio anemogamoan, polen aleak haizeak garraiatzen ditu eta polinizazio mota hau duten landareen loreak ez dira oso ederrak, ez dituztelako intsektuak erakarri behar, normalean lore txikiak dira. Polen asko sortzen dute, izan ere, ale asko haizeak barreiatzen ditu eta gutxi batzuk bakarrik iristen dira beste loreetara.

Polinizazio entomogamoan, intsektuek lore batetik bestera eramaten dituzte polen aleak. Polinizazio mota hau duten landareak lore ederrak dituzte eta lore hauek substantzia azukreduna (nektarra) sortzen dute intsektuak erakartzeko, eta ez dute zertan polen asko sortu behar.

Landare entomogamoak edo polinizatzaile animaliak dituzten landareak eta animaliak elkarrekin eboluzionatzen joan dira espeziea bera sortu eta espezializatu zenetik. Hain da handia biek (landareak eta animaliak) batak bestearekiko duten beharra bata besterik gabe desagertuko zela. Beraz, oso garrantzitsua da bioaniztasuna kontserbatzea, animalia polinizatzaileak eta intsektuak kontserbatzea, horrekin landareen bioaniztasuna bera kontserbatzea lortzen delako.

Polinizazioak erakusten digu argi eta garbi zein kate ekologiko estuak dauden naturan, munduan bertan. Kate horiek dira mundua, bizitza aurrera eramaten dutenak.

Polinizatzaile eta landareen arteko eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polinizazio abiotikoaren (izaki bizidunarik gabeko polinizazioa) lehenengo aztarna fosilak karbonifero berantiarretik datoz, iratzeen antza zuten landare mota batzuek eginak.

Gimnospermoak haizea erabiltzen hasi ziren polinizaziorako garai triasikoan. Dena den, garai honetan, aztarna fosilek erakusten digute gimnosperma mota eskas batzuetan ere polinizazio biotikoa ematen zela.

Intsektu batek polen aleak biltzen zituenaren lehenengo ebidentzia Kretazeoan ematen da.

Kakalardo eta landare-loredunen (angiospermak) arteko polinizazio harremana kretazeo goiztiarrean eman zenaren ebidentziak ditugu eta horrek intsektu eta landare-loredunen arteko aldaketa morfologiko, ekologiko eta elkarrekiko eboluzio sakon bat eragin zituen, polinizazioaren mutualismoaren hasiera izan zen hymenoptera ordenaren eta landare-loredunen artean, bertan, landare-loredunak nektarra edo substantzia azukredunak produzitzen hasi zirelarik.

Ingurumenean ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkeneko urteetan polinizatzaileen beherakada kezkagarri bat eman da, biodibertsitatearen galera dela eta.

Horrek eragin eta kalte ekologikoez gain eragin ekonomikoak ere ekarri ditu lehengo sektorean eta mundu mailako ekonomian.

Ezin dugu ahaztu gizakion eta gure abereen jaki gehienek polinizatzaileen beharra dutela, beraz beherakada hau tendentzia honetan mantentzen bada gizakia beraren elikatzeko ahalmena da arazo larrian egongo dena, biodibertsitatearen galera berak dakarren gainontzeko arazoak kontuan hartu gabe, bata bestea bezain larria gizakiaren biziraupenerako.

Biodibertsitatean polinizatzaileek protagonismo oso garrantzitsua dute, landare mota gehienek (%90) polinizazio prozesuaren beharra baitute ugaldu ahal izateko eta aberastasun genetikoa bermatu ahal izateko, beraz, guztion ardura da biodibertsitatea babestea, mantentzea eta areagotzea.

Polinizatzaileen beherakada azaltzen duten faktore ezberdinen artean hauexek daude: Larrialdi klimatikoa, intsektiziden eta pestiziden erabilera, biodibertsitatearen galera, habitaten suntsiketa...

Landare eta polinizatzaileen harremanaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basapolinizatzaileek landare mota ezberdinei egiten diete bisita, landare hauek era berean, polinizatzaile askoren bisitak jasotzen dituzte. Honek guztiak harreman sare bat osatzen du, bitxia bada ere oso sare berdintsua da mundu osoan zehar, edozein kontinente edo ekosisteman delarik.

Harreman sare hori oso konplexua da, berezitasun eta espesifikotasunez betea. Sarearen berezitasun honek biodibertsitatea areagotzen duela frogatu dute biologoek, konpetentzia murrizten delako eta baliabide zein irtenbide gahiago daudelako estres ekologikoa gertatzen denean. Alegia, sare konplexu honetan, espezie ugariz beterikoan, harreman ezberdinak ematen dira espezie ezberdinetan, kasu askotan polinizatzaile mota batek landare mota bat baino ez du polinizatzen, biodibertsitatearen katea handituz.

Polinizazioa eta nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo nekazaritzan, landare gehienak haizeak polinizatuak izaten dira, zerealak dira adibide nagusia. %30 intsektuek polinizatuak izaten dira gure nekazaritzan, barazkiak eta fruta-arbolak horren adibide dira.

Intsektuen erabilera nekazaritzan funtsezkoa da, erabiliak dira mundu osoan barrena eta euren balioa nekazaritzan 37-577 mila milioi dolarretan estimatzen da.

Landare-loredunen %90-ak intsektu bat behar dute polinizatuak izateko, intsektu horren faltak landare horren desagerpena ekartzen du, hasiera batean genetikaren txirotzea eta azkenik landarea beraren desagerpena.

Akats bat da polinizatzaileek doaniko zerbitzu ekologikoa eskaintzen dutela pentsatzea. Polinizazio eraginkor bat izateko polinizatzaileek habitatak eta bizirauteko erraztasunak behar dituzte, horrek nekazaritza konbentzionalarekin talka egiten du. Polinizatzaileek argi erakusten dute prozesua eraginkorra eta errentagarria izateko nekazaritza sistema ekologikoak behar direla, habitatak, ekologiaren prozesuak eta biodibertsitatea kontutan hartzen dituztenak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]