Posy Simmonds
Posy Simmonds | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Rosemary Elizabeth Simmonds |
Jaiotza | Cookham, 1945eko abuztuaren 9a (79 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Hezkuntza | |
Heziketa | Pariseko Letren Fakultatea Queen Anne's School (en) ![]() Central School of Art and Design (en) ![]() Sorbonne Parisko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, umorista grafikoa, ilustratzailea, haur literaturaren idazlea eta komikigilea |
Enplegatzailea(k) | The Guardian |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Influentziak | Thomas Rowlandson, George Cruikshank eta William Hogarth |
Kidetza | Errege Literatura Elkartea |
![]() ![]() ![]() ![]() |
Posy Simmonds (Cookham, 1945eko abuztuaren 9a) britainiar prentsa-marrazkilaria, idazlea, haurrentzako liburuen ilustratzailea eta komikigilea da.
Bere lanen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Gemma Bovery (1999), Tamara Drewe (2007) —biak filmetara egokituak— eta Cassandra Darke (2018) eleberri grafikoak.
2024an, Angulemako Sari Nagusia eman zioten bere ibilbide profesionala balioesteko Nazioarteko komiki azokan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosemary Elisabeth "Posy" Simmonds 1945eko abuztuaren 9an jaio zen, Ingalaterrako Berkshire eskualdeko Cookham-en[1][2], milaka biztanle gutxi batzuk dituen landa eremuko herri txikian.[3]
Reginald A. C. Simmonds eta Betty Cahusac gurasoek Cookhamen zuten baserrian bost seme-alaba hazi zituzten. Etxeko liburutegian Punch aldizkari ezagunaren marrazki satirikoak aurkitzeak eragin handia izan zuen Posyk txikitatik zuen marrazteko zaletasunean. Geroago, marrazketak asperdurari ihes egiten lagunduko zion Caversham-eko Queen Anne's School eskola pribatuan barneko ikasle egon zen urteetan: «Subertsibo samarra nintzen», aitortu zuen 2009ko urtarrilaren 30eko Monde des livres-en. «15 urterekin komikiekiko demaseko grina nuen. Marraztu eta marraztu egiten nuen, etengabe. Hura zen hildako piloa! Eta horrela izugarri dibertitzen nintzen. Irakasleak, berriz, izututa zeuden nire "lanen" itxura makabroagatik, eta ikusi ahala konfiskatzen zizkidaten...». Posyk inoiz ere ez du ahaztu bere irakasleetako bat: «Frantseseko irakasleak Balmain-en Jolie madame[oh 1] zeraman, eta takoi orratzak: benetako paristar chic[oh 2] bat zen. Eta, oroz gain, bere gelara gonbidatzen gintuen kafea eta pastelak hartzera!». Irakasle hark idazle handiak ezagutarazi zizkien bere ikasleei, tartean Flaubert eta Hugo, eta hari esker Posy gazteak bigarren pasio bat ezagutu zuen, literatura, geroago testua eta marrazkia uztartzeko gogoa piztuko ziona.[4]
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Posy Simmonds 1962an Parisera joan zen Sorbonako unibertsitean ikastera.[1] Gero, Ingalaterrara itzuli zen Londresko Central School of Art and Design-en marrazketa eta diseinu ikasketak egitera.[1]
Ikasketak amaitu zituenean, hasieran, ez zuen lanik aurkitzen eta gorriak ikusi zituen bizimodua ateratzeko, Le Monde des livres literatura-eranskinari aitortu zionez. Besteak beste, «dama zahar beldurgarri baten dogsitterra» (txakur-zaintzailea) izan zen. Hala ere, hartz gazte baldar baten abenturak marraztu zituen —plazaratzeko asmorik gabe, hasieran—, 1969an The Posy Simmonds' Bear Book izenburupean argitaratuko zituenak (Berkeley Publishers Limited, 1969).[5] 5.000 ale baino ez ziren inprimatu, baina liburu txiki horri esker The Sun egunkariko erredaktore buruak komikigile gaztea ezagutu zuen, eta horrela hasi zen Simmonds egunero-egunero bere bere marrazkiak bidaltzen Rupert Murdochek erosi berri zuen egunkarira. Horrez gain, publizitaterako krokisak ere egiten zituen.[4]
The Silent Three of St Botolph' s
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972an, The Guardian zentro-ezkerreko egunkarian bere benetako bidea aurkitu zuen. Bertan, hasieran, idazle handiek idatzitako testuak ilustratzen zituen. Geroago, egunkariak komiki-zinta bat marrazteko ardura eman zion. 1977an, Simmondsek — Evelyn Flinders-en The Silent Three, haurtzaroko bere libururik gogokoenetako bat gogoratuz — hasiera eman zion asteroko zinta komikoari. Hasieran, parodia xalo bat zen, neskatila batzuek garai hartako bizimoduari buruz egiten zituzten iruzkin satirikoetan oinarritua, baina, azkenean 1950eko hamarkan ikaskide izan ziren hiru emakumeren bizitzan zentratu zen: Wendy Weber, erizain ohia, George soziologiako irakaslearekin ezkondua eta seme-alaba pila baten ama; Jo Heep, Edmund whisky saltzailearekin ezkondua, bi nerabe errebelderen ama; eta Trish Wright, Stanhope publizitateko exekutibo emakumezalearekin ezkondua, haur txiki batekin. Pertsonaia horien bizitza kontatzean, Simmondsek barre egiten zien ezkerreko zirkulu intelektualei, hau da, hein handi batean The Guardian egunkariaren irakurleei beraiei. Zirkulu horietan, baina, arrakasta handia izan zuten zintek. Ispilu-efektua gertatu zen, Le Nouvel Observateur astekarian argitaratu ziren Claire Bretécher komikigile handiaren Les Frustrés komikiekin gertatu zen bera.[6] The Silent Three of St Botolph' s asteroko zintak 1980ko hamarkadaren amaierara arte argitaratu ziren egunkarian. Geroago zenbait liburutan bilduta argitaratu zituzten: Mrs Weber's Diary, Pick of Posy, Very Posy eta Pure Posy. 1981ean, pertsonaia berberekin, True Love komikia argitaratu zen, nerabeentzako komikien larregizko sentiberatasunaren parodia.[7]
Umeentzako liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helduentzako komikiak sortzeari utzi gabe, Simmonds umeentzako lanak ere hasi zen egiten. Genero horretako bere lehen lana 1987an argitaratutako Fred komikia izan zen[8], egunean zehar bizimodu arrunta duen baina gauean pertsonaia ospetsu, katuen Elvisa, bihurtzen den katuaren istorioa. Handik aurrera, arrakasta handia izan zuten haurrentzako liburuak idatzi eta marraztu zituen: Lulu and the Flying Babies, Lulu and the Chocolate Wedding, Baker Cat eta Bouncing Buffalo.[1]
Gemma Bovery
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1997an, The Guardian egunkarira itzuli eta Gemma Bovery argitaratzen hasi zen. Gemma Londresko neska gazteak landetxe txiki bat erosi du Normandian senarrarekin batera. Asper-asper eginda, maitale bat hartzen du eguneroko monotoniari iskin egiteko. Gustave Flauberten Madame Bovary-n libreki inspiratutako obra bat da, 1999an album bakar batean jasoa. Hari esker, Posy Simmondsek ospe handia lortu zuen komikiaren munduan, eta oso figura garrantzitsu bihurtu zen eleberri grafikoaren generoan —Will Eisner komikigile estatubatuarrak ematen zion zentzuan[oh 3]—.[4][6] Posy Simmondsek Genevako Le Temps egunkariari egindako elkarrizketa batean azaldu zuen nolakoa izan zen esperientzia: «1996an The Guardian-ek galdetu zidan ea zer egin nahiko nukeen. "Oi! amaiera duen zerbait!", erantzun nien. Horrela heldu zen Gemma Bovery. Zutabe estu bat eta ehun atal eman zizkidaten. Ez zen asko; horregatik, lauki eta zinten artean testuak idazten hasi nintzen, eta ikusi nuen testua oso ondo zihoala giroa definitzeko edo iraganeko oroitzapenak azaltzeko, eta marrazkiak, berriz, irudi indartsuak emateko erabil nitzakeela, pertsonaien arteko ika-mikak eta dramak azaltzeko, batez ere. Gainera, bunbuiletan testu gehiegi agertzeak zaildu egiten du irakurketa. Beraz, muga praktikoek eta esperientziak bultzatu ninduten forma hibrido horretara (Tamara Drew-n errepikatu nuena), ez baitzen izan nahita egindako hautu bat».[9] 2000. urtean, Posy Simmondsek irribarrez erantzun zuen Gemma Bovery 1999an Frantzian argitaratutakoan jasotako kritikei buruz galdetu ziotenean: «Hau ez da komiki bat. Ez da nobela klasiko bat. Zer da, baina?! Nobela ilustratua da!».
2014an, Anne Fontaine zinema-zuzendari frantsesak, Pascal Bonitzer gidoilariarekin batera, Gemma Boveryren zinemarako bertsioa egin zuen. Gemma Arterton (2010ean, S. Frearsen filmean Tamara Dreweren papera antzeztu zuena) eta Fabrice Luchini aktoreek jokatu zituzten paper nagusiak.[10]
Literary Life
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2002ko azarotik 2004ko abendura arte, Simmondsek Literary Life zintak argitaratu zituen The Guardianen, berriz ere literatur zirkuluen satira eginez.[7] Komiki-zinta hauek ere bildu eta liburuan argitaratu ziren geroago; 2003an ingelesez (Jonathan Cape argitaletxea) eta 2014an frantsesez, edizio aberastuan, 32 orrialde gehiagorekin eta kolore berriekin (Denoël Graphic argitaletxea).[7]
Tamara Drewe
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an, Tamara Drewe komikia (2005etik The Guardian-en aldizka eta zatika plazaratua) argitaratu zuen. Lan honetan ere oso modu librean inspiratu zen XIX. literaturako beste eleberri handi batean, Thomas Hardy idazle britaniarraren Far from the Madding Crowd liburuan, hain zuzen. Albuma egiteko, Posy Simmondsek Gemma Boveryren teknika eta estilo berak erabili zituen, eta umore berarekin jarraitu zuen bere soziologo lan jostakina egiten, Erresuma Batuko gizartearen akatsek dibertiturik.[6] Dena lasai dago Stonefielden, Beth Hardimanek bere landetxean hain ondo atondu duen idazleentzako erretiro lerden hartan, Tamara (ondoko etxean biziko den neska gazte eder eta probokatzailea) eta Ben (rock-talde bateko bateria-jotzailea) iritsi arte. Idazle haien sintonia apurka-apurka pitzatuz joango da basamortutze bidean eta higiezinen espekulazioaren menpe dagoen herri txikian. Posy Simmondsek Erresuma Batuko gizartearen lagin hori moralista baten ikuspuntutik arakatzen du. «Aitortzen dut biziki atsegina zaidala pertsonaien arteko harremanak nola degradatzen diren behatzea», dio egileak Le Soir egunkarian (Ket Paddle, 2009ko urtarrilaren 30a). Posy Simmondsek testua modu originalean moldatzen du hiru pertsonaiek —Glen kontakizuna hasi eta bukatzen duen akademiko traketsa, Beth maitagarri totela eta Casey maitasun falta duen nerabea— beren pentsamendu sekretuak irakurle bakar bati helarazteko. Testu gutxiko orrialdeak trebeki baliatzen ditu kontakizuna azkartzeko, eta testurik gabekoak, berriz, dramatizatzeko. Kontakizunak zirrara sortzen du bere garaikideen behaketa handi batean oinarritzen delako. Autoreak detailearekiko kezka handia du; bere koadernoetan etengabe marrazten ditu inguruan arretaz ikusten eta entzuten dituen pertsonak, eta han sortzen dira kontakizunean agertuko diren pertsonaiak, jantzien, oinetakoen, autoen eta era askotako objektuen marrazki koloretsuen artean.

Le Temps egunkariko elkarrizketan, Simmondsek azaldu zuen Gemma Bovery eta Tamara Drewe idazteko Flaubertek eta Hardyk inspiratu zutela berari interesatzen zaiolako, bi idazle horiei bezala, eleberrian emakumearen ikuspuntua aurkeztea hainbat pertsonaiaren bitartez: Beth, Stonefieldeko etxeko andrea eta senar idazle lapur baten emazte/idazkari maitekorra; Tamara, gazte hiritar liberatua; Casey, bihotzeko prentsarekin liluratutako nerabe sentibera; bai eta Lulu, Bethen alaba diskretua ere. Obra klasikoen transposizio garaikideak eta testu dibertigarri eta marrazki sotilen nahasketa jakintsuak irakurleak, haien artean Tom Wolfe idazle estatubatuar handia, liluratu zituzten. Association des critique et des journalistes de bande dessinée elkarteak 2009ko Kritikaren Sari Nagusia eman zion Tamara Drewe-ri. Stephen Frears zinemagile ingelesak haren zinemarako egokitzapena egin zuen, 2010eko Cannesko Zinemaldian lehiaketatik kanpo aurkeztua.[11]
Cassandra Darke
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamaika urtez eleberri grafikorik argitaratu gabe egon ondoren, 2018an, Posy Simmondsek Cassandra Darke plazaratu zuen.[12][13] Liburu hau A Christmas Carol-en (Gabon-kanta bat) transposizioa da. Ipuinak —Charles Dickens-ek idatziriko lehena eta egilearen ospetsuenetariko bat— Mr. Scrooge zekenak bizitzan izango duen bilakaera kontatzen du. Posy Simmondsi axola handia dio oparotasunean eta luxuan bizi diren britainiar zirkuluen eta gainerako biztanleen arteko arrakala gero eta handiagoak. Liburuko heroi nagusia, Cassandra, berriro ere emakumea, indartsu eta independentea da, bere beste eleberri grafiko batzuetakoak — Gemma edo Tamara batez ere— bezalakoa. Baina jada ez da neska eder txundigarria. Adineko emakume egoskorra da, Scrooge femeninoa, jabe aberats petrala; neskazahar damugabea, bere hitzetan, izaera gogorrekoa, iruzurgileari iruzur egiteko beldurrik ez duena.[6][14] Emakume aske eta independentea pertsonaia nagusi gisa aukeratzea ez da kasualitatea. «Eskolan nengoenean, helduek ezkontzera animatzen gintuzten edo, kasurik onenean, erizain izateko ikastera. Gogoan dut neure buruari esaten niola denbora gutxi gelditzen zitzaidala ni neu izateko, Urlia anderea bihurtu aurretik bizitzeko», azaldu zuen. 17 urte zituela, Parisera joan zen urtebetez, Sorbonan ikastera. Bertan, Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua obra ezagutu zuen. «Izugarri markatu ninduen. Hitz egiten ez zen hartaz hitz egiten zuen», esan zuen.[3]
2019ko apirilean, Noisiel-eko La Ferme du Buisson zentro kulturaleko PULP Festival jaialdiak J'ai deux amours izeneko erakusketa eskaini zion.[15] 2023an, Parisko Bibliothèque publique d'information liburutegiak erakusketa bat eskaini zion, Dessiner la littérature.[16]
2024ko urtarrilean, Angulemako komiki azokaren antolatzaileek iragarri zuten Posy Simmonds Angulema Hiriko Sari Nagusirako lehian zegoela, Catherine Meurisse komikigile frantziarrarekin eta Daniel Clowes estatubatuarrarekin batera.[17] 2024ko urtarrilaren 24an Simmondsi eman zioten saria.[7]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helduentzako liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Posy Simmonds Bear Book (1969)[18]
- Bear (1974)
- Mrs Weber's Diary (1979)[19]
- True Love (1981)[20]
- Pick Of Posy (1982)[21]
- Very Posy (1985)[22]
- Pure Posy (1987)[23]
- Aargh! (1988)[24]
- Mustn't Grumble (1993)[25]
- Gemma Bovery (1999)[26]
- Literary Life (2003)[27] Literary Life Revisited (2016)[28]
- Tamara Drewe (2007)
- Mrs Weber's Omnibus (2012)[29] Liburuak "Mrs Weber's Diary", "True Love", "Pick of Posy", "very Posy", "Pure Psy" eta "Mustn't Grumble" biltzen ditu
- Cassandra Darke (2018)[30]
Lan kolektiboetako parte-hartzeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Drawing Blood. Cartoons forfor Amnesty International (1994)[31]
- The Book of Other People (2008)[32]
- Steven Heller, Steven; Comics Sketchbooks. The Unseen World of Today's Most Creative Talents (2012)[33]
Haurrentzako liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bouncing Buffalo (1984)
- Fred (1987)
- Lulu And The Flying Babies (1988)[34]
- The Chocolate Wedding (1990)
- Matilda: Who Told Lies and Was Burned To Death (1991)
- F-Freezing ABC (1996)[35]
- Cautionary Tales And Other Verses (1997)
- Mr Frost (2001, in Little Litt #2)
- Lavender (2003)[36]
- Baker Cat (2004)[37]
Zinemara egokituriko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2010 - Tamara Drewe, Stephen Frearsek zuzendua eta Gemma Arterton aktoreak antzeztua.
- 2014 – Gemma Bovery, Anne Fontainek zuzendua eta Gemma Arterton aktoreak antzeztua.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1981: British Press Awards sarietan Cartoonist of de Year izendatua.[38]
- 2002 :
- Britaniar Inperioko Ordenaren kidea izendatua (MBE)[39]
- Asturiasko Printzerriko Nazioarteko Komiki Azokako Haxtur saria gidoirik onenari Gemma Bovery komikiagatik[40]
- 2004 : Royal Society of Literature erakundeko kide izendatua[41]
- 2009 :
- Frantziako ACBD (Association des critiques et des journalistes de bande dessinée) elkarteko Grand prix de la critique saria Tamara Drewe komikiagatik[39]
- Angulemako Essentiel saria Tamara Drewe komikiagatik[39]
- Asturiasko Printzerriko Nazioarteko Komiki Azokako Haxtur saria marrazkirik onenari Tamara Drewe komikiagatik[40]
- 2012 : Suediako Urhunden saria atzerriko komikirik onenari Tamara Drewe komikiagatik[42]
- 2020 : Grand Boum de la Ville de Blois saria bere lan osoari[43]
- 2022: Grand Prix Töpffer saria[44][45]
- 2024 : Grand prix de la ville d'Angoulême saria[7]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Pierre Balmain S.A., merkatuan Balmain ezaguna, Frantziako luxuzko moda marka da, Pierre Balmainek (1914-1982) 1945ean sortua. 1949 Jolie Madame lurrina merkaturatu zuen.
- ↑ Chic: pertsona dotorea, apaina (frantsesez)
- ↑ Bere heldutasun garaian Will Eisnerren interesek norabidea aldatu zuten. Garai hartan, Bronx bere haurtzaroko auzuneko istorioak kontatu nahi zituen, horretarako asmatu zuen Dropsie Avenue etorbideko istorioak. 1978an argitaratutako 'A contract with God' liburuarekin bete zuen helburua. Album horrek data historiko bat markatu zuen generoan, estatubatuarrentzat komikiaren benetako potentzialaren kontzientzia eragin zuen lehen eleberri grafikoa izan zelako. Superheroiak edo kontrakultura (hirurogeiko hamarkadako underground-ak proposatzen zuen bezala) gainditurik zeuden, heldutasunera iritsi zen forma literario bat agertu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Template:Posy Simmonds» artikulutik itzulia izan da, 2025-01-12 data duen 222040034 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2025-01-12 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ a b c d (Frantsesez) Petitfaux, Dominique. (2025-01-29). «Simmonds Posy (1945- )» UNIVERSALIS.eu (Noiz kontsultatua: 2025-02-25).
- ↑ (Frantsesez) Patruno, Camilla. (2013). «Simmonds, Posy (Rosemary Elizabeth Simmonds, dite) [Cookham Dene 1945 ]» in Didier, Béatrice; Fouque, Antoinette; Calle-Gruber, Mireille (zuz.) Dictionnaire universel des créatrices. Éditions Des femmes, 4001 or..
- ↑ a b (Frantsesez) Delesalle-Stolper, Sonia. (2019-04-05). «“Son mari a-t-il épousé Cassandra pour son argent ?”» Libération (Noiz kontsultatua: 2025-02-25).
- ↑ a b c (Frantsesez) Simmonds, Posy (Elkarrizketatua); Noiville, Florence. (2009). «Posy Simmonds : "Je travaille comme un cinéaste"» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2025-02-25).
- ↑ (Ingelesez) «Posy Simmonds bear book» Goodreads (Noiz kontsultatua: 2025-02-26).
- ↑ a b c d Frédéric Potet. (2019). «Avec “Cassandra Darke”, Posy Simmonds revisite Charles Dickens» Le Monde.
- ↑ a b c d e Gravett, Paul; Fromental, Jean-Luc. (2019). So British ! l'art de Posy Simmonds. Éditions Denoël ISBN 978-2-207-14979-9. (Noiz kontsultatua: 2025-02-26).
- ↑ Simmonds, Posy. (1987). Fred. (1st American ed. argitaraldia) Knopf ISBN 978-0-394-88627-5. (Noiz kontsultatua: 2025-02-26).
- ↑ (Frantsesez) Simmonds, Posy (Elkarrizketatua). (2008-12-13). «Gemma Bovery» Le Temps - Samedi Culturel.
- ↑ (Frantsesez) AFP. (2019-04-06). «Inquiète du Brexit, la dessinatrice Posy Simmonds invente un Scrooge féminin» L'Express (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
- ↑ (Frantsesez) Sotinel, Thomas. (2010-07-13). Au bout du crayon de Posy Simmonds. (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
- ↑ Justine Jordan. (7 novembre 2018). Cassandra Darke by Posy Simmonds review – a Christmas Carol for our time. ..
- ↑ Romain Brethes. (2019). «Roman graphique : Posy Simmonds, lady punk» Le Point.
- ↑ AFP. (2019). «Inquiète du Brexit, la dessinatrice Posy Simmonds invente un Scrooge féminin» L’Express.
- ↑ (Frantsesez) Cinéma, La Ferme du Buisson | Scène nationale-Centre d'art-. «PULP Festival 2019» La Ferme du Buisson | Scène nationale - Centre d'art - Cinéma (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Frantsesez) «Posy Simmonds - Dessiner la littérature» www.centrepompidou.fr 2023-10-09 (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Frantsesez) «Festival d’Angoulême 2024 : Catherine Meurisse, Posy Simmonds et Daniel Clowes finalistes du Grand Prix» www.telerama.fr 2024-01-11 (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Posy Simmonds bear book» Goodreads (Noiz kontsultatua: 2025-02-26).
- ↑ (Ingelesez) «Mrs Weber's Diary (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «True Love (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Pick of Posy (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Very Posy (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Pure Posy (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Frantsesez) MAGNERON, Philippe. «Aargh! (1988) - BD, informations, cotes» www.bedetheque.com (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Mustn't Grumble (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Gemma Bovery (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Literary Life (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Literary Life Revisited (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Mrs Weber's Omnibus (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Cassandra Darke (Jonathan Cape)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Drawing Blood. Cartoons for Amnesty International (Grub Street)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «The Book of Other People (Penguin Books)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Comics Sketchbooks. The Unseen World of Today's Most Creative Talents (Thames & Hudson)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Lulu And The Flying Babies (Andersen Press)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «F-freezing ABC (Ted Smart)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Lavender (Red Fox)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Baker Cat (Andersen Press)» Whakoom (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) «Simmonds's satirical touch» BBC News 2002-06-14 (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ a b c (Frantsesez) Patruno, Camilla. (2013). «Simmonds, Posy (Rosemary Elizabeth Simmonds, dite) [Cookham Dene 1945 ]» in Didier, Béatrice; Fouque, Antoinette; Calle-Gruber, Mireille (zuz.) Dictionnaire universel des créatrices. Éditions Des femmes, 4001 or..
- ↑ a b «Premio Haxtur _ AcademiaLab» academia-lab.com (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Ingelesez) Simmonds, Posy - Royal Society of Literature. 2023-09-01 (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ «GCD :: Issue :: Tamara Drewe» www.comics.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ (Frantsesez) «Le festival BD Boum sacre Posy Simmonds» Livres Hebdo (Noiz kontsultatua: 2025-02-28).
- ↑ Les prix Rodolphe Töpffer - Département de la culture et de la transition numérique. ..
- ↑ Prix Töpffer de la bande dessinée - Département de la culture et de la transition numérique - Ville de Genève. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Gaumer, Patrick. (2010). «Simmonds, Posy» Dictionnaire mondial de la BD. Paris: Larousse, 783-784 or. ISBN 9782035843319..
- (Frantsesez) Simmonds, Posy (Elkarrizketatua); Servin, Lucie. «La vie littéraire de Posy Simmonds : "J'ai inventé une forme hybride entre narration littéraire et image"» Les Cahiers de la bande dessinée 7, avril-juin 2019: 86-93..
- (Frantsesez) Servin, Lucie. «Romancière, dessinatrice, féministe... qui êtes-vous, Posy Simmonds ?» Les Cahiers de la bande dessinée 7, avril-juin 2019: 94-96..
- (Frantsesez) Gravett, Paul. (2019). So british ! : l'art de Posy Simmonds. Denoël Graphic, 111 or. ISBN 978-2-207-14979-9..
- (Frantsesez) Potet, Frédéric. (2019-04-12). «Avec Cassandra Darke, Posy Simmonds revisite Charles Dickens» lemonde.fr (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
- (Frantsesez) Gravett, Paul (Zuz.). (2012). «De 1970 à 1989 : Mrs Weber's Diary» Les 1001 BD qu'il faut avoir lues dans sa vie. Paris: Flammarion, 413 or. ISBN 2081277735..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Posy Simmonds: Comment dessiner "Cassandra Darke"?; YouTubeko "France Inter" kanalean
- Visite commentée de l'exposition Posy Simmonds par Paul Gravett; YouTubeko "Bibliothèque publique d'information" kanalean
- « Le petit monde de Posy Simmonds » Parisko Bibliothèque publique d'information liburutegiko Balises aldizkarian
- Posy Simmonds; Lambiek comiclopedia
- (Ingelesez) Friedman, Julia. (2019). «A Feminist British Illustrator Who Satirized the British Middle Class» hyperallergic.com.
- Ubeda, Garbine. (2025-02-23). «Erdiko klasea jomugan» berria (Noiz kontsultatua: 2025-02-23).
- Arte ederrei buruzko informazio-iturriak: Bénézit, British Museum, Delarge, MutualArt, National Portrait Gallery, RKDartists
- Komikiari buruzko informazio-iturriak: BD Gest', Comic Vine, Lambiek Comiclopedia
- Ikusentzunezkoei buruzko informazio-iturriak: AllMovie, Allociné, IMDb
- Literaturari buruzko informazio-iturriak: Internet Speculative Fiction Database
- Hedabideak: Radio France
- Hiztegiak edo entziklopediak: Dictionnaire universel des créatrices [artxiboa]; Universalis [artxiboa]