Poto (bertsolaritza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bertsolaritzan poto esaten zaio errima aberatsa baina hitza errepikatuz, errazegi beraz, lortzen denean gertatzen den fenomenoari.

Bertsolariek poto egitea saihesteko kontua dela ikasten dute hasiera-hasieratik. Bertso txapelketetan poto egiteak puntuak eman baino puntuak kendu egiten ditu. Dena den ez da hain arraroa ere, nahi gabe, edo aukera hoberik bat-batean bururatu ez zaiolako, bertsolari batek poto egitea.

Errima lortzeko biderik errazena da hitz bat errepikatzea, eta errazkeria hori nahita egiten da, batzuetan, ironia edo umore punttu bat lortzeko.

Adibidea bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardoa edanda mozkortzen naiz,
pipa erreta zoratzen naiz,
kortejatzean lotsatzen naiz,
nola demontre biziko naiz?

(Abesti herrikoi honek errima aberatsa du baina hitza errepikatuz, errazegi lortutako errima; poto).

Beste adibide bat, Juan Zabaletarena[1]:

Tresna bat ilargian
sartu omen dute.
Ez dakit egia den
hala esan dute.
Gezurra baldin bada
engainatu naute.
Lanikan gogorrena
egin omen dute.
Hara joan nahi dute,
inola ahal badute,
bide txarra dute.
Sinisten al dute
han bizi daitekeenik?
Nik ez dut uste.

Hitz homonimoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolaritzan hitz homonimoak erabiltzea, ez da akastzat hartzen; hitz homonimoak erabiltzea ez da poto.

Bere unitate didaktikorako berariaz sortutako honako adibidea eman zuen Jon Eizmendik[2]:

Bizkaiko herri batek izena du Berriz, (Bizkaiko herria)
atzo hara joan nintzen nire kotxe berriz, (berriaz)
enteratu orduko han zebilen berriz, (berriez, albisteez)
eta ni lotsatia naizelako, berriz, (lokailua)
dudatan nago ea joango naizen berriz. (aditzondoa)

Lexikalizatu diren hitz elkartuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jon Eizmendik[2] honako adibide hau ematen zuen:

GABON
ON
ZORION
GIZON
MUGON
ESKERRON

Jon Eizmendik, proposatu zuen unitate didaktikoan[2], lexikalizaturik edo erdi lexikalizaturik dauden hitz horiek adibidetzat jarri zituen; izenondo baten errepikatze kasu bat ote den (poto beraz), edo bukaera bera daukaten hainbat hitz ez ote diren galdetzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jon Eizmendi Goiburu. (2011-03-25). «Unitate didaktiko bat: bertsolaritzaz DBHrako (ikus 18. orrialdea)» Bihar da berandu (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  2. a b c Jon Eizmendi Goiburu. (2011-03-25). «Unitate didaktiko bat: bertsolaritzaz DBHrako (ikus 19. orrialdea)» Bihar da berandu (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).