Pragako Udaberria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txekoslovakiarrak bandera nazionala eskuan, sutan dagoen sobietar tanke baten ondoan.

Pragako Udaberria (txekieraz: Pražské jaro, eslovakieraz: Pražská jar) askapen higikundea izan zen[1], 1968ko urtarriletik abuztura Txekoslovakia astindu zuena. Erreforma politikoak eta liberalizazioa zituen helburu, Sobietar Batasunaren agintea gainetik kendu nahian, Alexander Dubček eslovakiar agintariak gidatua. Zehazki, prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna eta mugitzeko edo bidaiatzeko askatasuna aldarrikatu zituzten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Txekoslovakia Sobietar Batasunaren eraginpean gelditu zen. 1948an komunisteak indarrez hartu zuten agintea, eta herrialdea sobietartuz joan zen, eredu jakin baten arabera gertatu zen: alderdi bakarra (eskubide zibil eta politikoak ezabatzea, elkarte ez komunista guztiak legez kanpo uztea, disidenteen errepresioa, alderdiak estatu egitura guztiak kolonizatzea, etab.) eta jabego pribatua zein merkatua ezabatzea (produkzio bideen sozializazioa, plangintza ekonomiko zentralizatua eta industria astunean oinarrituriko industrializazio azkarra)[2].

1968ko urtarrilean, Alexander Dubček izendatu zuten alderdi komunistaren idazkari nagusi. Sozialismoaren barruan aldaketa demokratikoak egitea zen haren helburu nagusia. Alderdiaren ekintza egitarauaren arabera, zentsura desagertzea, estalinismoaren biktimen izena garbitzea, lan egitura burujabeak antolatzea, herrialdea federal bihurtzea ziren eginbehar nagusiak[1].

Txekoslovakiako sobietar inbasioaren aurkako manifestazioa Helsinkin, 1968ko abuztuan.

Baina Sobietar Batasunaren erreakzioa ez zen baketsua izan. Leonid Brezhneven erregimenarekin izandako negoziazioek huts egin ondoren, Armada Gorriak, Varsoviako Ituneko herrialdeen laguntzarekin —Errumaniarena ezik—, Txekoslovakia inbaditu zuen, eta askapen mugimendua bortizki geldiarazi. Erregimen komunista batzuek inbasioa kritikatu zuten, baita bestelako europar herrialde batzuek ere; inbasioak, baina, 1990 arte iraun zuen. Urte hartan, azkenean, Ekialdeko Europa osoan bezala Txekoslovakian ere, erregimen komunistak bertan behera erori ziren, eta 1993an herrialdea bitan zatitu zen modu baketsuan.

Bestelako ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Higikunde hau eredua izan zen beste toki batzuetan antzekoak sortzeko, hala nola Pekingo Udaberria (1977-1978) eta Kroaziako Udaberria.

Artean ere eragina izan zuen; higikundean parte hartutako Milan Kundera txekiar idazleak Izatearen arintasun jasanezina idazlan ezaguna idatzi zuen, Pragako Udaberriko gertaeretan oinarrituta. Musikan eta zineman izan zuen eragin zabalari dagokionez, aipagarria da The Liberators filma (1988, Viktor Suvurov).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Pragako Udaberria, Lur hiztegi entziklopedikoa, euskara.euskadi.eus, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-lurcontd/eu/contenidos/termino/_c04979/eu_p_2960/p2960.html. Noiz kontsultatua: 2016-12-02 .
  2.   Gerra Hotza, Lur entziklopedia tematikoa, euskara.euskadi.eus, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1505/eu_d1505041/1505041.html. Noiz kontsultatua: 2016-12-02 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pragako Udaberria Aldatu lotura Wikidatan