Edukira joan

Propylea quatuordecimpunctata

Wikipedia, Entziklopedia askea
Propylea quatuordecimpunctata
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaColeoptera
FamiliaCoccinellidae
GeneroaPropylea
Espeziea Propylea quatuordecimpunctata
Linnaeus, 1758

Propylea quatuordecimpunctata marigorringoen (Coccinellidae) familiako kakalardo espezie bat da. Europan, Asian eta Afrika iparraldean zabaldurik dago eta Euskal Herrian ere aurkitzen da[1].

Espeziearen quatuordecimpunctata izenak "14 puntu" dituela adierazten du.

Marigorringo espezie hau oso txikia da, 3,5-4,5 mm artean neurtzen baitu. Kolore eta patroi barietate handia du, ehun eredutatik gora, hori-beltza edo laranja apal-beltza izan ohi da normalean, inoiz gorri-beltza ere bai. 14 puntu beltz errektangular agertzen ditu. Puntuak elkartuta daudenez orban handiagoak osatzen dituzte, elitroen arteko lotunean bereziki, eta aingura baten itxura hartu ohi du. Pronotoan zortzi puntu beltz izaten ditu. Hankak horixkak edo marroixkak izaten dira.[2]

Beldarra luzea eta segmentatua da. Kolore marroi-beltza izaten du eta orban horixka ugari. Alboetan puntu zurien lerroak ditu. Isatsaren muturra puntaduna da.[2]

Habitata eta elikadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Barietate laranjadun marigorringoa mugimenduan.

Denetariko habitatetan aurkitzen da, basoetan, zelaietan, hirietako parketan, goroldiotan, usteldutako landaretan, lautada alubialetan... Marigorringoen ohi duten eran, hau ere landare-zorrietaz elikatzen da nagusiki, horregatik izurrien kontrol biologikorako espezie egokia da.[3]

Eme bakoitzak 400 arrautza inguru jartzen ditu 4-15eko multzotan landare kimuetan edo hostoen azpian. Handik jaiotzen diren beldarrek garapen azkarra dute, aste pare batean heldu bihurtzen dira, baina hilkortasun-tasa ere handia izan ohi dute. Helduak bi urtez bizi dira.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «EHAEko Coleoptera Catalogoa|Heteropterus» www.heteropterus.org (kontsulta data: 2023-09-09).
  2. a b www.asturnatura.com (kontsulta data: 2024-09-16).
  3. (Gaztelaniaz) adminEU. Propylea quatuordecimpunctatadepredador de pulgones |. (kontsulta data: 2024-09-16).
  4. (Ingelesez) «Propylea» uk beetles (kontsulta data: 2024-09-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]