Prusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Prusia
Preußen
1525 – 1947
Monarkia (1918 arte), errepublika

Prusiako bandera

Prusiako armarria

Goiburua
Suum cuique
(Bakoitzari berea)
Map-DR-Prussia.svg
Prusiako Erresumaren lurraldeak, urdinez, Alemaniar Inperioan (1871 – 1918).
Geografia
Hiriburua Königsberg, gero Berlin
Biztanleria

10.349.000 (1816)

41.915.040 (1939)
Kultura
Hizkuntza(k) alemana
Erlijioa protestantea, erromatar katolikoa
Historia
Prusiako dukerriaren sorrera 1525
Prusiako Erresumaren sorrera 1701
Prusiako Estatu Askearen sorrera 1918
Ezeztatzea (De iure) 1947

Prusia (alemanez: Preuße; latinez: Borussia, Prutenia; letonieraz: Prūsija; lituanieraz: Prūsija; polonieraz: Prusy; antzinako prusieraz: Prūsa) Erdialdeko eta Ekialdeko Europako estatu bat izan zen, 1525ean sortua eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran (1947) desegina. Eragin handia izan zuen Alemaniako eta Europako historian. Hasieran Königsberg izan zuen hiriburu, eta gero Berlin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako prusiarrak Baltiko itsaso ondoan bizi ziren, Oder eta Niemen ibaien artean. Baltikoko herrietako hizkuntza bat hitz egiten zuten, prusiera zaharra deritzana. XIII. mendean germaniarrek (Ordena Teutonikoak) prusiarrak kristautu eta menderatu zituzten. Aitonen seme germaniarrek gazteluak eraiki zituzten Prusian eta nekazari germaniar asko iritsi ziren lurra lantzera. XIV. menderako, Prusiako biztanle gehienek alemanez hitz egiten zuten, antzinako prusiar hizkuntzak XVII. mendea arte iraun bazuen ere.

1525ean, Prusia Hohenzollern familiaren mendeko dukerri bilakatu zen; 1618an, Hohenzollern-Brandenburg etxea iritsi zen aginpidera; Brandenburgoko margraverria eta Prusiako dukerria batzean Europako lurralde indartsuenetako bat eratu zen: Brandeburgo-Prusia. Frederiko Gilen Handiak (1640-1688) Prusiako gudaroste ahaltsua eratu zuen; Frederiko I.a (1688-1713) Prusiako errege izendatu zuten. Frederiko II.ak (1740-1786) Silesia eta Poloniako mendebaldeko lurraldeak bereganatu zituen, eta Prusia Europako botere nagusietakoa bilakatu zen.

1807an, Napoleonen kontrako borroken ondoren, Prusiak lurralde batzuk galdu zituen, baina 1815eko Vienako Batzarrean horietako asko berreskuratu zituen. Handik aurrera, Austriarekin lehian egon zen germaniar elkartearen buru nor izango. 1871n, Otto von Bismarck kantzilerrari esker, Bigarren Reicheko lurralde nagusia bihurtu zen politika, ekonomia eta populazioari zegokienez.

Lehen Mundu Gerra bukatu zenean, Hohenzollern dinastiaren amaierarekin batera, Silesia, Posen, Mendebaldeko Prusia, Danzig, Memel, Schleswigeko iparraldea, Belgikako mugako lurraldeak eta Sarre eskualdea galduta, Prusia inoiz izandako lurralderik txikienera mugatua zegoen, eta, egoera ahul horretan, Weimarko Errepublikako land bihurtu zen (Prusiako Estatu Askea). 1933an, Hitlerrek Prusiako konstituzioa eta hango legeak indargabetu zituen. Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemania aliatuen mende geratu zen eta, horrenbestez, Prusiari geratzen zitzaizkion lurralde urriak ere bai; izan ere, Sobietar Batasunak hartu zuen ipar-ekialdeko Prusia eta Poloniak, berriz, Prusiako ekialdeko zenbait lurralde.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prusia lurraldetzat desegin zenetik, Prusia izena historian, kulturan edo geografian baino ez da erabili. Esaterako, etikaren arloan, prusiar bertuteak aipatzen dira: Prusiako Erresumari lotutako bertuteak dira; bereziki, erresuma historiko horren militarismoa eta prusiar armadaren kode etikoa, baina baita burges balioak (nagusiki kalbinismoaren eragina jaso dutenak).[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Hughes, Michael. (1992). Early modern Germany, 1477-1806. University of Pennsylvania Press ISBN 0-8122-3182-1. PMC 24870679. Noiz kontsultatua: 2021-06-03.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]