Q'eswachaka zubia

Koordenatuak: 14°22′53″S 71°29′02″W / 14.381315°S 71.484008°W / -14.381315; -71.484008
Wikipedia, Entziklopedia askea
Queshuachaca zubia» orritik birbideratua)
Q'eswachaka zubia
Kokapena
Koordenatuak14°22′53″S 71°29′02″W / 14.381315°S 71.484008°W / -14.381315; -71.484008
Map
Dimentsioak1,2 (zabalera) × 28 (luzera) m

Q'eswachaka zubia, Peru mendialdeko Quehue barrutian dagoen sokazko zubi eseki bat da, Apurímac ibaia zeharkatzeko eraikia. Ichu landarearen zuntzez egina dago eta inken garaitik ezagutzen da. Erritual baten bidez urtero berreraikitzen dute zubia inguruko komunitateetako biztanleek[1].

Izena eta deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Q'eswachaka zubiaren izena kitxuazko bi hitzen elkarketatik dator, q'eswa "txirikorda" eta chaka "zubia"[2]. Itsas mailatik 3.792 metrotako altueran eraikita dago[3], 28 metroko luzera du eta 1'20 metrotako zabalera. Ichu landarez egina dago, hori baita inguruetan aurkitzen den belarra. Ichuz eraturiko soka txirikordatu luzeek osatzen dute zubiaren oinarria eta gainerako sokak ere ichuzkoak dira. Apurímac ibaiaren gainean 30 metrotako altueran kokaturik dago zubia[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inken garaian ohikoa izaten zen zubi hauek eraikitzea mendialdeko arroilak zeharkatzeko. Qhapaq Ñan izeneko bide sarea zabala eraiki zuten horrela[3].

Harri batzuei loturiko ichu landarearen zuntzez eta enbor batzuk erabiliz eraikitzen ziren eta urtero edo bi urtean behin "mitmae" izeneko aditu baten begiradapean berreraikitzen ziren. Espainiarren kolonizazio garaian zubi hauen erabilera ez zen eten lurrikara ugariko lurraldea izanik harrizko zubiek baino erresistentzia handiagoa agertzen baitzuten.

Berriztatze errituala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun "Minka" izeneko erritualaren bidez Huinchiri, Chaupibanda, Ccollana, Quehue eta Pelcaro komunitateek urtero berreraikitzen dute zubia[2]. Hiru egunetako lana izaten da eta laugarrenean jaialdi handia egiten da[2].

  • Lehenengo eguneko egunsentian "apu Quinsallallawi" erritua burutzen dute eta ichu landarea batzen da. Ondoren emakumezkoek ichua txirikordatu eta "q'eswa" izeneko sokak egiten dituzte, "chakaruwak" espezialista gidari dutela.
  • Bigarren egunean zubi zaharra desegiten da. Zubiari eusten zioten harrizko iltzeak kentzen dira eta ibaira erortzen da. Ondoren zubi berriaren lau soka luzeak ezartzen dira, zubiaren oinarria osatuko duten biak azpian eta eskuentzako helduleku izango direnak gainean. Hau gizonen lana izaten da.
  • Hirugarren egunean zubiaren egitura osatzen da oinarrizko soka horien artean milaka soka txiki lotuz.
  • Laugarren egunean jaialdi bat antolatzen da, dantza tradizionalekin eta jaki tipikoen oturuntzarekin.

2009ko abuztuaren 5ean Peruko Kultura Institutu Nazionalak "ondare nazional" izendatu zuen eta 2013an UNESCOk Gizateriaren Ondare Inmaterial bihurtu zuen[4].

COVID-19 pandemia zela eta bi urtetan ez zen berriztatze lanik egin eta 2021eko martxoan behera erori zen. Aste batzuetara berreraiki zuten[5].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Slate’s Use of Your Data» Slate Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «Qeswachaka, el último puente inca» Boleto Machu Picchu 2016-01-23 (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Q’eswachaka, el último puente inca que queda sobre la tierra» viajes.nationalgeographic.com.es 2022-04-02 (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  4. (Gaztelaniaz) «INC declara patrimonio cultural inmaterial puente Q’eswachaka en el Cusco» globedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
  5. (Ingelesez) Lima, Reuters in. (2021-06-16). «Bridge made of string: Peruvians weave 500-year-old Incan crossing back into place» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]