Rózsa Péter
Rózsa Péter | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Politzer Rózsa |
Jaiotza | Budapest, 1905eko otsailaren 17a |
Herrialdea | ![]() |
Talde etnikoa | Juduak |
Lehen hizkuntza | hungariera |
Heriotza | Budapest, 1977ko otsailaren 16a (71 urte) |
Hobiratze lekua | Farkasréti Cemetery (en) ![]() |
Hezkuntza | |
Heziketa | Eötvös Loránd University (en) ![]() (1923 - 1927) |
Doktorego ikaslea(k) | Michael Makkai (en) ![]() |
Hizkuntzak | hungariera alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, unibertsitateko irakaslea eta zientzialaria |
Enplegatzailea(k) | Budapesti Tanítóképző Főiskola (en) ![]() Eötvös Loránd University (en) ![]() |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Hungariako Zientzien Akademia |
Rósza Politzer (Budapest, 1905eko otsailaren 17a - 1977ko otsailaren 16a), Rózsa Péter bezala ezagunagoa, matematikaria izan zen eta Funtzio Berezi Errekurtsiboen Teoria garatzen lagundu zuen.[1][2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rózsa Politzer Budapesten jaio zen, Hungariako hiriburuan eta garai hartan Austrohungariar Inperioko hiriburuan. XX. mendeko 30eko hamarkadan, jatorri judu alemaniarreko abizena aldatu zuen, eta Péter jarri zioten.[1][3]
Hasiera batean kimika ikasteko matrikulatu zen, Budapesteko Eötvös Loránd Unibertsitatean, bere aita Gustav Politzar abokatu hungariarraren borondateari jarraituz.[3] Baina laster konturatu zen bere bokazioa matematika zela eta bere ikasketen orientazioa aldatu zuen, eta 1927an matematikako titulazioa lortu zuen.[1]
Matematikarekiko interesa, kimika ikasten ari zela, Fejér matematikariaren hitzaldietara joateak eragin zion. Eötvös Loránd Unibertsitatean ikaskide zuen László Kalmár izan zen Rözsarengan eragin handia izan zuen beste pertsona bat.[3]
Bere ikerketen artikuluak argitaratzen hasi zen, eta 1935ean doktoretza egin zuen, eta hainbat aldizkari espezializatutan kolaboratzen hasi zen, horietako argitalpen-kontseiluetako kide izanik.[1]
1936an "Über Funktionen rekursive der zweite Stufe" izeneko ponentzia aurkeztu zuen Matematikarien Nazioarteko Biltzarrean, Oslon.[3]
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Budapesteko ghetto batean konfinatuta egon zen, eta horrek ez zion eragotzi bere lanekin jarraitzea. Liburu bat inprimatzera ere iritsi zen Playing with Infinity: Mathematical Explorations and Excursions izenburupean, geometriako, logikako eta zenbakien teoriako gai matematikoei buruzko hausnarketa, publiko zabalari zuzendua.[1]
Denboraldi horretan, bere biziraupen-iturria gerra amaitu arte unibertsitatez kanpoko mailetan ematen eta irakasten zituen klase partikularrak izan ziren. 1945ean Budapesteko Pedagogiai Förskolan lan egitea lortu zuen. Bere neba eta lagun asko hil zitzaizkion gerran. 1955ean, Pedagogiai Förskola itxi zutenean, Eötvös Loránd Unibertsitatean hasi zen irakasle, eta bertan lan egin zuen 1975ean erretiroa hartu zuen arte.[1]
1977ko otsailaren 16an hil zen, 71 urte zituela, minbiziak jota, Budapesten.[1]
Matematikari egindako ekarpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lehen ikerketa gaia Zenbakien Teoria izan zen, baina bertan behera geratu zen emaitza horiek Dicksonek frogatu zituela ikustean. Horrek matematikatik aldentzea eragin zuen, baina, 1930eko erdialdean, bere ikaskideak, Kalmárrek, Kurt Gödelen lana aztertzera animatu zuen, bere lana osatu gabe baitzegoen. Esperientzia horretatik abiatuta Funtzio Errekurtsiboen Teoriaren oinarriak sortu zituen Rózsak.[1][4]
1932an, Funtzio Errekurtsiboei buruzko artikulua aurkeztu zuen Zuricheko Matematikako Nazioarteko Kongresuan, eta, une horretan, Rózsa Politzer izena erabiltzen zuen oraindik.[2]
1943an Playing with Infinity liburua argitaratu zuen, eta liburu horren ale gehienak galdu egin ziren bonbardaketen ondorioz. Beraz, banaketa ez zen gerra amaitu arte egin. Hasiera batean hungarieraz argitaratua, ingelesera eta gutxienez beste dozena bat hizkuntzara itzulia izan da.[5][6]
1951n, bere funtsezko lana argitaratu zuen Rekursive Funktionen,[7] emakumezko idazle baten logika modernoari buruzko lehen liburua, gero ingelesera Recursive Functions gisa itzulia.[8] Bere bizitzan zehar teoria errekurtsiboari buruzko artikulu garrantzitsuak argitaratzen jarraitu zuen. 1959an, "Über die Verallgemeinerung der Theorie der rekursiven Funktionen für abstrakte Mengen geeigneter Struktur als Definitionsbereiche" lan garrantzitsua aurkeztu zuen Varsoviako Nazioarteko Sinposioan (gero 1961[9] eta 1962[10] bi zatitan argitaratua).[3]
50eko hamarkadaren erdialdean, Péterrek funtzio errekurtsiboaren teoria aplikatu zien ordenagailuei. Bere azken liburua, 1976an argitaratua, Rekursive Funktionen in der Komputer-Theorie (Funtzio errekursiboak konputazioaren teorian) izan zen. Jatorriz hungarieraz argitaratua, Sobietar Batasunean argitaratu zen Hungariako matematikako bigarren liburua izan zen, bere gaia konputazioaren teoriarako ezinbestekotzat jotzen zelako. 1981ean ingelesera itzuli zen.[3]
Bere ikerketa matematikoez gain, Rózsa Péterrek interes handia zuen matematikaren pedagogian. Bere jatorrizko herrialdeko, Hungariako, matematika-hezkuntza hobetu nahian, eskola-testuliburuak idatzi zituen eta ikasketa-planak hobetzen saiatu zen.[3]
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hungariako Gobernuak 1951n emandako Kossuth saria jaso zuen.[1]
- Manó Beke Saria, Janos Bolyai Matematika Elkarteak eman zion 1953an.[1]
- 1970ean Estatuko Zilarrezko Saria jaso zuen eta 1973an Estatuko Urrezko Saria.[1]
- Hungariako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten 1973an, eta, ondorioz, Akademiako kide izan zen lehen emakumea izan zen.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2017-12-21). «Rózsa Péter (1905-1977): jugando con el infinito» Mujeres con ciencia (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ a b (Ingelesez) Morris, Edie; Harkleroad, Leon. (1990-12). «Rózsa péter: recursive function theory’s founding mother» The Mathematical Intelligencer 12 (1): 59–64. doi: . ISSN 0343-6993. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) «Rózsa Péter - Biography» Maths History (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ Tamássy, István. (1994-07). «Interview with Róza Péter» Modern Logic 4 (3): 277–280. ISSN 1047-5982. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Péter, Rózsa. (1943). «Játék a végtelennel: Matematika kívülállóknak» divulgacion (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ «Rózsa Péter» mathwomen.agnesscott.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ (Alemanez) Peter, Rozsa. (2022-02-21). Rekursive Funktionen. De Gruyter doi: . ISBN 978-3-11-257308-2. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ dr. rozsa peter. (1967). recursive functions. academic press (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ (Alemanez) Péter, Rózsa. (1964-05-01). «Über die Verallgemeinerung der Theorie der Rekursiven Funktionen für Abstrakte Mengen Geeigneter Struktur als Definitionsbereiche» Acta Mathematica Academiae Scientiarum Hungaricae 12 (3): 271–314. doi: . ISSN 1588-2632. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).
- ↑ (Alemanez) Péter, Rózsa. (1962-03-01). «Über die Verallgemeinerung der Theorie der rekursiven Funktionen für abstrakte Mengen geeigneter Struktur als Definitionsbereiche (Fortsetzung)» Acta Mathematica Academiae Scientiarum Hungarica 13 (1): 1–24. doi: . ISSN 1588-2632. (Noiz kontsultatua: 2024-12-24).