Rabelo ontzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rabelo ontzia. Atzean, Portoko Ribeira, 2012
Rabelo ontzia Dueron, upela bete Porto ardorekin, 1900
Rabelo ontzia, bela eta guzti, 1911
Rabelo berriak, turismo egitekoak

Rabelo ontzia (portugesez: barco rabelo) Portugalgo ontzi mota bat da, egurrezkoa, eta mendeetan erabili izan da Duero ibaian jendea eta gaiak garraiatzeko. Nola nabigatu behar zuen sakonera gutxiko uretan —halaxe izan zen 1968tik aurrera ibaiaren goialdean zenbait presa eraiki arte—, ontziaren hondoa ere laua eta sakonera gutxikoa da. 19 eta 23 metro arteko luzera izan ohi du, eta 4,5 metroko zabalera. Estilo mediterraneoan barik, estilo nordikoan eginda dago.

Bela karratua eduki ohi du, eta jeneralean bospasei gizakik gobernatzen dute. Mastari dagokionez, bakarra dauka, hori ere estilo nordikoan. Arraun luze bat erabiltzen du txopan ontzia gobernatzeko, “espadela” izenekoa. Behar zenean, idiek atoian eramaten zuten ontzia, ibaian gora lotuta, ibai ondoko bidexkak erabilita.

Ontzi mota hori erabat lotuta dago Duero ibaiarekin, ez baita aurkitzen horrelakorik munduko beste inon. Haren historia kateatuta dago Porto ardoaren produkzio eta salmentarekin. Trena agertu aurretik, rabeloak ziren bitartekorik lasterrena eta eraginkorrena gaiak garraiatzeko Duero Garaitik, mahastiak zeuden lekuetatik, Vila Nova de Gaia herriraino, Porto hirian. Ardoak hantxe biltegiratzen ziren, harik eta beste herrialde batzuetara saldu eta bidaltzen ziren arte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rabelo ontzia agertu zen nortasun propioarekin 1792a ezkero, Companhia Geral da Agricultura das Vinhas do Alto Douro erakundeak argitaratu zituenean “Leis da Companhia” zirelakoak, alegia, konpainiaren legeak, non agertzen baitziren informazio oso baliotsuak ontziaren eta eskifaiaren gainean, baita Dueron erabiltzen ziren garraioez.

Iraganean upeltzar bete oporto ardo garraiatzen ziren Dueron zehar. Porto hiria bera ibaiaren alboetan hazi zen, kostatik sei bat kilometrora. Behe Erdi Aroan portu inportantea zen arraina, gatza eta ardoaren merkataritzan. Gaur egun Portugalgo bigarren hiria da, eta, Vila Novarekin batera, merkataritza- eta industria-gune handia.

1887an Dueroko burdinbidea amaitu zenean eta XX. mendean garatu zirenean errepide bidezko komunikabideak, rabelo ontziek eskaintzen zuten merkataritza-trafikoa gainbeheran sartu zen. 1961ean, hasi zirenean indar hidroelektrikoa aprobetxatzen Portugal aldeko Duero ibaian, sei rabelo ontzi baino ez ziren geratzen lanean modu iraunkorrean.

Gaur egun rabelo ontziak erabiltzen dira, baina beste era batera: San Joan festetako estropada famatuetan, Portoko herriko jaietan, paseo turistikoak egiteko Duero ibaian, eta beste ekimenetan, gogorarazteko ontziaren iragan loriatsua.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Portugesez) Armando de Mattos, O Barco Rabelo, Porto, Ed. da Junta de Província do Douro litoral, 1940.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]