Ram Mohan Roy

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ram Mohan Roy
Portrait of Raja Ram Mohun Roy, 1833.jpg
Bizitza
JaiotzaRadhanagore (en) Itzuli1772ko maiatzaren 22a
HerrialdeaCompany rule in India
Talde etnikoaBengali Hindus (en) Itzuli
Lehen hizkuntzabengalera
HeriotzaBristol1833ko irailaren 27a (61 urte)
Hobiratze lekuaArnos Vale Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: sukarra
meningitisa
Hezkuntza
Hizkuntzakbengalera
ingelesa
sanskritoa
persiera
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, gizarte-erreformatzailea, idazlea eta itzultzailea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaBrahmo Samaj (en) Itzuli

Find a Grave: 38326585 Edit the value on Wikidata

Ram Mohan Roy, Ram Mohun, Rammohun, Rammohan edo Ram Mohan (bengaleraz: রাজা রামমোহন রায়; Radhanagore, Bengala, 1772ko maiatzaren 22a – Stapleton, Bristol, Ingalaterra, 1833ko irailaren 27a) Bengalako erlijio gizona izan zen. Brahmo Samaj («Brahma-ren elkartea») mugimendu hindu protestantea sortu zuen eta lehen urratsak eman zituen Britainiar Inperioaren barnean geratua zen India aurrerabidean ezartzeko. India modernoko aitzindaritzat dute askok. Bengalako brahman familia aberats batean sortu zen. Familiatik urrundu eta negoziotan hasi zen Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren barnean. Han mendebaleko kultura eta zibilizazioa ezagutu zituen. Bestetik, ez zuen albora utzi hinduen erlijioa eta 1815ean Vedānta Sūtras (Veda liburuak) liburu santuen laburpen bat eta Vedantasara, Veda liburuetako dotrinei buruzko beste liburu bat idatzi zituen. Bigarren liburuaren ingelesezko itzulpena ere eskaini zuen. Kena eta Isha Upanishad obren bengalierazko eta hindizko itzulpenak egin zituen hurrengo urteetan. 1815etik aurrera, harremanak izan zituen kristau misiolari baptistekin eta Itun Berria bengalierara itzuli zuen. "Jesusen aginduak, Bake eta Zoriontasunerako gidaliburua" izeneko obra aurkeztu zuen 1820an, Kristori buruz zuen ikusmoldea erakusten zutenak. 1823an ingelesen aurka jo zuen, europarrek Kalkutako hirian zentsura zabaldu ostean, eta Ipar Amerikako eta Frantziako iraultzaren oihartzunak eraman zituen lehenengoz Bengala eta India aldera. Hezkuntzaz eta irakaskuntzaz arduratzen hasi zen, ikastetxe batzuk sortu zituen eta mendebaleko heziketa moldeak hobetsi zituen hangoen aldean. Justiziari dagokionez, Indiako lehengo sistema bera gordetzearen aldekoa izan zen, baina aldaketa batzuk eginez. Sati edo senarra hiltzen zenean alarguna ere hiltzea eskatzen zuen ohituraren aurka borrokatu zen 1818tik aurrera, eta aurkako ugari izan zituen arrazoi horrengatik. 1822an, liburu bat idatzi zuen Indiako emakumeen eskubide urriei buruz, eta kanpaina zabal bat bideratu zuen Sambad Kaumudi bere egunkaritik satien aurka. 1828an Brahmo Samaj mugimendu hindu protestantea sortu zuen, kultura eta zibilizazio guztien izaki gorena gurtzeko eta herri berezi guztien arteko oreka unibertsala erdiesteko. 1829an Europara joan zen, Delhiko erregearen enbaxadore gisa; 1833an, Parisen egon zen eta Bristolen hil zen urte horretan bertan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]