Edukira joan

Refranes y Sentencias (1596)

Wikipedia, Entziklopedia askea
1. irudia. Liburuaren hasiera.

Refranes y Sentencias euskal atsotitzen lehen bilduma argitaratua da. Izenburu osoa du Refranes y Sentencias comunes en Bascuence, declaradas en Romance con numeros sobre cada palabra, para que se entiendan las dos lenguas, hau da, "Atsotitz eta esapide euskaraz ohikoak, gaztelaniaz azalduak hitzen gaineko zenbakiekin, bi hizkuntzak ulertu daitezen".

1596an atera zen, biltzailearen izenik gabe, Iruñean, Pedro Porralisen etxean. Guztira 539 atsotitz biltzen ditu, euskaraz emanak eta gaztelaniaz itzuliak. Itzulpena, Larramendiren aburuz, hitzez hitzekoegia da.[1] Atsotitzen gainean zenbakiak ipini ziren, hizkuntza bien arteko erlazioa hobeto ulertarazteko.

Bizkaieraz daude atsotitzak, gehienak behintzat, eta nagusiki badirudi Bilboko edo Bilbo aldeko euskara jasotzen dutela.[2][3]

Ale bakarra ezagutzen dugu, Darmstadteko unicuma, Hessengo dukeen Darmstadteko jauregian Van Eysek aurkitu zuena. Jauregia, eta berarekin batera gure unicuma, II. Mundu Gerran suntsitua izan zen. Gaitzerdi, Julio Urquijo euskalariak hori baino lehenago alearen argazkiak eskuratu zituen, egun Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian gordeak.

Dena dela, beste hiru aleren berri ere badugu: Larramendirena, Oihenartena eta 2015. urtean ezagutzera eman den Girolamo della Sommaia jakintsu italiarrarena.[4] Larramendiren eta Oihenarteren lekukotasunen arabera, badirudi Darmstadteko aleari esker ezagutzen ditugunak baino atsotitz gehiago zituela liburuak jatorriz, agian orain osatzen duten lau kaierak baino bat gehiago bederen.[2][5]

Testuan bertan ikus daitekeenez, liburua Iruñean inprimatu zen 1596. urtean Pedro Porralis de Amberesen moldiztegian.

Atsotitz adibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2. irudiaː orrialde jakin bat adibideekin.

2. iruditik hartutako adibide batzukː

  • Balizko oleak burdiarik ez.
  • Betiko itoginak arria zulatu ta aldi luzeak guztia aztu.
  • Buruko andia ta jate urria.
  • Zagokez exilik ta entzun eztaizu gextorik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "...contiene refranes del Bascuence, traducidos en Castellano demasiadamente à la letra", M. Larramendi, Diccionario Trilingüe, "Suplemento" delakoaren hasieran.
  2. a b Lakarra, Joseba A.. (1996). Refranes y Sentencias (1596). Ikerketak eta edizioa. Bilbo: Euskaltzaindia.
  3. Lakarra, Joseba A.. Refranes y Sentencias 1596: itzulpen baten bidaia 2019-05-17. (Noiz kontsultatua: 2023-08-24).
  4. Urkizu, Patrizio, 2015, “Refranes y Sentencias (...) Girolamo della Sommaia”, EGAN-1-2: 65-146.
  5. Urgell, Blanca, 2002, Larramendiren Hiztegi Hirukoitza-ren eranskina: saio bat hiztegigintzaren testukritikaz, Euskaltzaindia: Bilbo, 76-82.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]