Reggio di Calabria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Reggio di Calabria
Italiako udalerria
Collage Reggio Calabria.jpg
Reggio Calabria Stemma.png
Administrazioa
Estatua  Italia
Eskualdea  Calabria
Probintzia Reggio di Calabriako probintzia
Postakodea 89121–89135
ISTAT kodea 080063
Geografia
Koordenatuak 38° 06′ 52″ N, 15° 39′ 00″ E / 38.114438888889°N,15.65°E / 38.114438888889; 15.65Koordenatuak: 38° 06′ 52″ N, 15° 39′ 00″ E / 38.114438888889°N,15.65°E / 38.114438888889; 15.65
Map of comune of Reggio Calabria (province of Reggio Calabria, region Calabria, Italy).svg
Reggio di Calabria hemen kokatua: Italia
Reggio di Calabria
Reggio di Calabria
Eremua 239,04 km²
Demografia
Biztanleria 180.817 biztanle
Dentsitatea 756,43 bizt/km²
Bestelako informazioa
Katastro kodea H224
Telefono aurrizkia 0965
Sailkapen sismikoa 1 (Handia)
Ordu-eremua UTC+01:00
Webgune ofiziala

Reggio di Calabria[1] hegoaldeko Italian dagoen Calabriako eskualdeko hiria eta portua da, izen bereko probintziako hiriburua. Messinako itsasartearen ertzean dago, Messina hiriaren (Sizilia) parean. 236 km²ko eremua dauka eta 2015eko uztailean 183.566 biztanle zituen[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Reggioren jatorria arkeologia eta mitologiaren artean ezkutatzen da. K. a. 3. milurtekotik aurrera, populazio pelasgikoak (askenazioak eta ausonioak Diodoro Sikulok aipatutakoak, eta enotrioak Dionisio Halikarnasokoak eta Estrabonek aipatzen dituztenak) bizi ziren han. Ondoren, Eubeako kalkistarrek eta meseniarrek fundatutako Erythrà («Gorria») izeneko hiriaren hondarren gainean, italoak kokatu ziren. Hiri hau greziarrek hegoaldeko Italian fundatutako hiririk zaharrena da, Kumasen ondoan. Izan ere, K. a. VIII. mendean, (730ean) sortu zuten. Mitologiaren arabera, Delfosko orakulua erakutsi zuen hiria fundatu behar zen tokia[3].

Locros hiriarekin aliatuta, Sagrako batailan parte hartu zuen, K. a. VI. mendean. Estrabonen arabera, Lokroseko 10.000 soldaduk eta Reggioko tropek, Crotonako 130.000 gerlariak garaitu zituzten[4]. Reggio Grezia Handiko hiri garrantzitsuenetariko bat izan zen, K. a. V. mendean, Anaxilao tiranoaren agintaldian itzal handia lortuz. Reggioko polisaren garapen artistiko eta kulturala erlazionatuta dago bere eskola filosofikoa pitagoriko eta eskultura eta poesiako eskolarekin.

Peloponesoko Gerran Atenasekin aliatu zenez, Dionisio I.a Sirakusakoak behin eta berriz erasotu zuen. K. a. 387an Sirakusaren mendean erori zen, baina K. a. 351n independentzia berreskuratu zuen. K. a. 433tik aurrera demokrazia onartu zen.

Erromaren aliatua izanik, udalerri bihurtu zen K. a. 89an. Erromatar Inperioaren garaian, hegoaldeko kulturako gune ospetsuenetariko bat izan zen. Hiri honetan Regio III Lucania et Brutii-ren (Lucania eta Bruzioko erregioa) gobernadorearen egoitza zegoen. Reggion Tirrenoko isurialdea zeharkatzen zuen Via Capua-Rhegium hasten zen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VI. mendean Bizantziar Inperioaren mende gelditu zen. Bizantziarrek Italiako hegoaldean kontrolatzen zituzten lurraldeen metropoli bilakatu zuten. Calabriako dukerriaren hiriburua eta Italiako greziar errituaren ardatza izan zen. VIII. mendearen amaieran nolabaiteko oparotasuna lortu zuen, apezpiku-egoitza izanik. Goi Erdi Aroan, Reggioko populazioa handitu zen, hiriak zuen garrantzi estrategikoaren seinale. Lombardiarren esku egon zen X. mendean, eta X.-XI. mendeen bitartean arabiarrek menperatu zuten. Azkenean, 1005ean Pisako Errepublikak, lonbardiarrek, bizantziarrek eta normandiarrek aliantza bat eratu zuten arabiarrak kanporatzeko.

1060an Roberto il Guiscardo eta Roger I.a Siziliakoa normandiarrek betirako egotzi zituzten bizantziarrak. Hala ere, greziar kulturako eta errituko elementuek XVII. mendera arte iraun zuten, nahiz eta 1081ean Gregorio VII.a aita santuak latindar erritua ezarri. 1282an, Siziliar bezperetan, Reggio Messinarekin batera lerrokatu zen, historia, merkataritzako eta kulturako interesak zituelako. Egoera honetan, Anjouren kontrako matxinada eta Aragoiko indarrak babestu zituen. XIV. mendean, hiria Napoliko Erresumara esleitu zen administrazio-botere berria lortuz.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siziliarekin zituen merkataritza harreman nagusiak zirela eta Gonzalo Fernández de Córdobak Reggio konkistatu zuen Fernando Katolikoaren koroarentzat. Otomandarren eta berberiarren inbasioek hiria suntsitu zuten XVI. mendean. Bestalde, espainiarren zerga zapaltzaileek eta izurriak Reggio endekapenera eraman zuten. Egoera honek behea jo zuen 1783ko lurrikararekin[5]. Seismo hark larriki kaltetu zuen Reggio eta hegoaldeko Calabria guztia.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1806an, Napoleonek hiria hartu eta dukerri izendatu zuen, bere kuartel nagusia bertan ezarriz. Reggiok zerikusia izan zuen Risorgimentoko matxinadetan, geroago Italiako Erresumako zati izateko.

1860ko abuztuaren 21eko goizean, Piazza di Duomoko bataila gertatu zen. Horren ondoren, Giuseppe Garibaldik Bi Sizilietako Erresuma konkistatu zuen eta Vittorio Emmanuele II.a erregeari eman zion. Hiriko sindikoak, Brun Antonio Rossik, izan zen lehenbizikoa Frantzisko II.a Bi Sizilietakoaren agintaldia bukatu zela aldarrikatzen.

1908ko abenduaren 28an hiriak beste lurrikara handi bat pairatu zuen. Lurrikarak hiria hondatu zuen itsasikara (tsunami) bat eragin zuen[5]. Hiria berriztu zen lurrikararen kontrako irizpideak jarraituz, hala nola, garaiera gutxiko etxeak, kale elkarzutak...

Bigarren Mundu Gerran britaniar armadaren 8. erregimentuak bonbardaketa handiak egin zituen. Hiria 1943an askatu zutenerako, 4.000 lagun hil ziren gerraren eraginez. Gerra amaitu zenean, populazioa handitu zen, gaurko 200.000 biztanleak lortu arte. 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean, antolatutako kriminalitatea garatu zen hiriko degradazioa sortuz, baina 1990ko hamarkadatik aurrera mugimendu berritzaile[6] bat sortu zen.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Reggio di Calabria)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 14 14 16 18 22 26 30 30 27 23 18 15 21
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 8 8 9 11 15 19 23 23 20 17 12 9 15
Iturria: Weatherbase[7]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko urriaren 9an, Mario Montiren gobernupean, Italiako Barne ministro zen Anna Maria Cancellierik hiriko udal gobernua deuseztatu zuen, udal gobernuak Ndrangheta izeneko erakunde mafiosoarekin zeuzkan harremanak zirela eta. Garaiko alkatea Demetrio Arena zen, Il Popolo della Libertà (PdL) alderdikoa. Hala, Italian gobernu bat deuseztatzearen erabakia hartu zen lehen aldia izan zen.[8][9]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metropoliko ehun industriala garapen askorik gabe mantentzen da 1908ko lurrikararen ondorioz. Aurretik industria, zeta eta bergamota ziren gai ekonomiko nagusiak.

Azken hamarkadetan hainbat industria garatzen hasi ziren, Colombo pakete izeneko programa publikoaren bitartez, batik bat, baina ez zuten arrakastarik lortu: Saline Joniche guneko polo kimikoa ez zen inoiz martxan jarri, eta San Gregorio ehungintza gunea krisialdian dago. Gune metropolitarreko beste azpiegitura batzuk erabilera aldaketak jasan dituzte, hala nola Gioia Tauroko portua.

Azken urteotan, ekonomia jarduera moldatzen saiatu dira, turismora bideratuz, bai kokapenaz zein antzinaroko arrasto eta natur inguruez baliatuta. Bestalde, nekazaritza arloan produktu nagusia bergamota da, mundu osoko perfumeen ekoizpenean oso erabilia.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak burdinbide gune handia du, bertan Italiako bi trenbide nagusi lotzen direlarik: Tirrenica Meridionale burdinbideak hiria Salerno, Napoli eta Erromarekin lotzen du, eta Jonica burdinbideak, aldiz, Taranto eta Barirekin.

Hirian Aeroporto dello Stretto izeneko aireportua dago, Tito Minniti izenez ezaguna.

Italiar penintsula eta Sizilia lotzen dituen Metromare dello Stretto itsasontzi zerbitzua ibiltzen da.

Hiriarteko eta hiri barruko autobusak ere daude.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipagarriak dira molde erromaniko-bizantziarrean berritutako katedrala, hondakin erromaniko eta grekoak eta Museo Nazionale della Magna Grecia museoa. Azken honek arkeologia aztarnen bilduma garrantzitsua gordetzen du.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Reggio di Calabria Aldatu lotura Wikidatan