Renfe Media Distancia (gaztelaniaz, Renfe Distantzia Ertaina) Renfe Operadora eragileak Espainia mailan eskaintzen duen distantzia ertainetarako tren azkarren zerbitzua da. Regional edo eskualdeko tren izenez ezagunak dira gehienbat. Orokorrean autonomia erkidego baten barruan, edo ondoan dauden bi erkidegoren arteko zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Distantzia Ertaineko zerbitzuak ADIFen trenbide-sare ia osotik ibiltzen dira, abiadura handiko lineetatik barne.
Avant: Abiadura handiko lineetatik ibiltzen diren distantzia ertaineko trenak dira. Lehen Lanzaderas Ave (gaztelaniaz, Ave Anezkak) eta Iris izen komertzialak izan zituzten. Renferen 104, 121 eta 114 Serieetako elektrotrenekin ustiatzen dira. Gainera, zatika abiadura handiko zein ohiko trenbideetatik ere ibiltzen diren zerbitzuak ere badaude, 121 Serieko trenekin zerbitzatutakoak.
Regional: Egindako ibilbideko geltoki guztietan edo gehienetan gelditzen diren zerbitzuak dira. Renfeko Aldirien zerbitzuekin kadentziatuta egon daitezke, Regional Cadenciado izena hartuz eta aldirikoen ohiko trenekin zerbitzatuz, hau da, 440R, 446, 447, eta bi solairu dituzten 450 eta 451 Serieetako trenekin. Aldirikoen lineekin kadentziatuta ez daudenei dagokionez, distantzia ertaineko trenak erabiltzen dira, 470 Seriekoak elektrifikatutako trenbideetan, eta 592 eta 596 Serieetakoak elektrifikatu gabekoetan.
Regional Exprés: Ohiko Regional zerbitzuek baino geldialdi gutxiago egiten dituztenak dira, gehienez 100 kilometroro 3 geldialdi egiten dituztelarik. Hala, abiadura handiagoak lortzen dira, ibilbidearen iraupena murriztuta. Erabilitako trenak hurrengoak dira: Elektrifikatutako trenbideetan 440, 470 eta Katalunian448 Seriea ere, eta elektrifikatu gabeko trenbideetan 592 Seriea.
TRD (Tren Regional Diésel): Elektrifikatu gabeko trenbideetan kalitate altuko zerbitzuak egiten dituzte. Abiadura eta erosotasun handiagoak eskaintzen dituzte ohiko zerbitzuekin konparatuta, hortaz, prezioak ere altuagoak izan ohi dira. 594 Serieko trenekin ustiatzen da.
MD (Media Distancia): Renferen 449 eta 599 Serieetako trenekin zerbitzatutakoak.
Intercity: 2012tik berreskuratutako zerbitzua, distantzia luzeko ibilbideak egiten dituzte. Renferen 121, 449, 598 eta 599 Serieko trenekin egiten dira.
Abiadura handiko lineeatik ibiltzen diren distantzia ertaineko zerbitzuek Avant izen komertziala dute, 104, 114 eta 121 Serieetako material mugikorra erabiltzen dute eta 250 km/h abiadura maximoak lor ditzakete.
Ibilbide osoa ohiko trenbideetatik egiten dute, bai 3.000 VDC elektrifikatutakoetatik, zein elektrifikatu gabekoetatik ere. Elkarlotutako distantzian zein maiztasunean mota askotariko zerbitzuak eskaintzen dira. Lehen zona geografikoak erabilita izendatzen ziren (A, Ca, G, L eta R sareak), baina gaur egun Renfe Operadorak zenbaki orokorrak ezarrita izendatzen ditu Distantzia Erdiko linea guztiak.[1]