Rhin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rhin

Loreley von Spitznack.jpg


Lorelei lamialekua
Bertako izena Rijn (nl), Rhin (fr), Rhein (de), Reno (it), Rein (rm)
Luzera 1.230 km
Emaria Basilea: 1.060 m³/s
Estrasburgo: 1.080 m³/s
Kolonia: 2.090 m³/s
Iturburua Alpeak (2.500-2.600 m)
Ibai ahoa Ipar Itsasoa
Flusssystemkarte Rhein 03.jpg

Rhin[1] (alemanez, Rhein; frantsesez, Rhin; nederlanderaz, Rijn; erromantxeraz, Rein; italieraz, Reno) Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da, eta 1.230 km-ko luzera du. Grisons Kantoian (Alpeak, Suitza) sortu eta Herbehereetan itsasoratzen da, Ipar itsasoan.

Danubiorekin batera, Erromatar Inperioko iparraldeko muga osatu zuen, Garai hartatik aurrera, premiazko bidea izan da zonalderako, haren ertzetan dauden gazteluek eta hiriek erakusten duten bezala.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzako Alpe mendietan du iturburua, Vorderrhein eta San Bernardino lepotik gertu jaiotzen den Hinterrhein adarren bilgunean, alegia. Iparralderantz egiten du eta Suitzaren eta Liechtensteinen arteko muga eratzen du lehenbizi, eta Suitzaren eta Austriaren artekoa gero. Delta zabal batean zabaltzen da Konstantza lakuan barneratu aurretik. Aintziraren mendebaletik irteten da eta norabide horretan segitzen du. Suitzaren eta Alemaniaren arteko muga egiten du, halaber, Konstantza lakutik Basilea hiriraino. Basilean bertan, Aar ibaiaren urak hartzen ditu; handik aurrera, ontziz ibil daiteke. Gero, iparralderako norabidea hartzen du eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko muga da.

Rhin ibaiko ur-jauziak.

Alemanian barneratzen da ondoren: Neckar ibaiarekin bat egiten du, Mannheim hiritik hurbil eta, aurrerago, Mena ibaiarekin. Bingen eta Bonn hirien artean (150 km), haran estu batetik igarotzen da, mahastiz eta Erdi Aroko gazteluz inguratuta. Koblentza hiriaren parean, Mosela ibaia (1956az geroztik kanalizatua) batzen zaio haren emariari. Bonn hiritik aurrera zabaltzen da Rhin ibaiaren harana, Europako iparraldeko ordoki zabala osatzeraino. Kolonia, Düsseldorf eta Duisburg hiriak igarota, hiri horretan bat egiten du Ruhr ibaiarekin. Duisburgetik ibaiaren bokalera, handia da ontzien joan-etorria eta, ubide-sare aberatsari esker, Alemaniako iparraldeko eta hegoaldeko beste ibai txikiagoekin loturik dago. Holandan barneratu bezain laster, hainbat adarretan banantzen da (Rijn, Lek eta Waal). Ibaiaren urak, azkenik, Ipar itsasoan isurtzen dira, Rotterdam hiria igaro eta portuko azpiegitura eratu ondoren.



Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura asko sortu eta iraungi dira Rhin ibaiaren arroan. Burdin Aroan zehar, La Tène kulturako herriak bizi izan ziren ibaiaren inguruan.K. a. I. mendean, Erromatar Inperioa eta Germania Magnaren arteko muga izan zen, jada III. mendean germaniar herriek muga edo ibaia zeharkatzean V. mendera arte gerra ugari izan ziren.

Karlomagnoren garaian, berriz, Karolingiar Inperioaren ezinbesteko ekonomia- eta politika-ardatz bihurtu zen. Ibaiak duen garrantzi estrategiko handia dela eta, istilu latzak izan ziren azken mendeetan Frantziaren eta Alemaniaren artean, eta, bi mundu-gerretan ere, gudu garrantzitsuak gertatu ziren.

XIX. mendera arte, ez ziren hasi Rhin ibaian ura erregulatzeko lanak: bihurgune ugari zituen batetik eta maiz geratzen ziren, gainera, urpean ibai inguruko lurrak. Ur-hesi handi sendoak eraiki behar izan ziren. Holandar ingeniariek, halaber, ibaiaren bokalaren ingurua egokitu behar izan zuten XX. mendean, Ipar itsasoko urak ibaiaren bokaleraino barnera ez zitezen. Munduko ibaien artean, Rhin da, gaur egun, trafiko handiena eta trinkoena duena.

Trirhena euroeskualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rhin ibaiaren inguruko lurraldeek osatzen duten euroeskualde bat da, Frantziako, Alemaniako eta Suitzako estatuen arteko mugaldean. Mugaz gaindiko lankidetza hemen hasi zen lehen aldiz. Euroeskualdeko egituretako baten helburu nagusia mugaldeko metropolien garapen iraunkorra bultzatzea da[2].

Beste egiturek gatazka handiagoa sortu dute, eremuko lurralde erakundeak biltzen baititu, haien arteko elkarrizketa politikoa bermatuz. Tokiko zinegotziak bltzen dira eta bi egiturek ez dute ia harremanik euren artean. Udal batzuk oso aktiboak dira lankidetzan: adibidez, Mulhouse (Alsazia, Frantzia), Basilea (Suitza) eta Kehl (Alemania). Bakoitzak eurobarrutia osatzen du. Eragile askok parte hartzen dute, harremanak indartzeko eta eremuaren lehiakortasuna hobetzeko[2].

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri handi hauek zeharkatzen ditu: Basilea, Estrasburgo, Karlsruhe, Mannheim, Ludwigshafen, Wiesbaden, Mainz, Koblenz, Bonn, Kolonia, Düsseldorf, Krefeld, Duisburg, Nijmegen, Utrecht eta Rotterdam.

Ibaiadarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-jauziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Schaffhausen (Suitza) hiritik hurbil, Neuhausen am Rheinfall udalerria dago. Han daude Rhin ibaiko ur-jauziak, Europako handienak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   159. araua, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0159.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-10-14  .
  2. a b «BESTE EREDU BATZUK», Berria, 2014-12-20

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rhin Aldatu lotura Wikidatan