Riaceko brontzeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Riaceko brontzeak
Jatorria
Sortzailea(k)greziar eta ezezaguna
Sorrera-urteaK.a. 460
IzenburuaRiace Bronzes (Riace Warriors)
Aurkikuntza lekuaRiace Marina
Aurkikuntza data1972
KulturaAntzinako Grezia
Ezaugarriak
Materiala(k)brontzea
Genero artistikoaAntzinako Grezia
Deskribapena
Kokapena
LekuaNational Museum of Magna Græcia (en) Itzuli
Riace
BildumaNational Museum of Magna Græcia (en) Itzuli

Riaceko brontzeak (Italieraz, Bronzi di Riace), Riaceko gerlariak ere deiturikoak, brontzezko bi estatua greko dira, K.a. V. mendekoak, gorputz osoko bizardun gudari bana irudikatzen dutenak, 1972an Italiako Riace hiritik gertu itsasoan aurkituak. Brontzeak Reggio di Calabriako Arkeologia Museo Nazionalean daude gaur egun. Egoera bikainean kontserbatuta daude eta antzinako Greziako artearen maisulantzat hartuta daude beren kalitate tekniko eta artistiko handiagatik. Bi gerlariak erabat biluzik daude, bizarra eta ile kizkurra dute, ezkerreko besoa aurrerantz tolestuta eta eskuinekoa beherantz luzatua. Dirudienez, kasko korintoar bana zuten, ezpata edo lantza bat eskuineko eskuan eta ezkutu bat ezkerrekoan, baina horiek ez dira aurkitu.

Brontzeak 1972an aurkitu ziren, baina, garbiketa eta zaharberritze-prozesu luze baten eraginez, 1981ra arte ez ziren ikusgai jarri. Urte hartan egin zen lehen erakustaldi publikoa Florentzian eta Erroman eta urte hartako ekitaldi kulturalik esaguratsuena izan zen Italian; mundu osoko hainbat aldizkarik ere jaso zuten estatua hauen historia erakusketa horren eraginez.

Brontzezko gerlariek ez dute inolako izenik eta, soilki, gerlari gaztearen irudiari “A estatua” deitzen zaio eta gerlari zaharragoaren irudiari “B estatua”. Bi eskulturak argizari galduzko galdaketaren teknikarekin egin ziren. Estatuek 1,98 eta 1,97 cm-ko altuera dute hurrenez hurren eta 160 kg inguruko pisua[1]

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A estatua, gerlari gaztearena[2]

1972ko abuztuaren 16an, Stefano Mariottini izeneko urpekari afizionatu batek aurkitu zituen estatuak itsaso Jonikoan urpeko arrantzan ari zela. Itsasertzetik 200 metrotara eta 8 metroko sakoneran, estatua baten gorputz-adarra zirudien zerbait ikusi zuen; hasieran, hildako norbaiten besoa zela pentsatu omen zuen, baina ukitu zuenean estatua bat zela konturatu zen. Estatuaren inguruko harea baztertuz, beste estatua aurkitu zuen. Poliziari aurkikuntzaren berri eman ondoren, Messinako carabinierien urpekariek atera zituzten uretatik bi estatuak, B estatua abuztuaren 20an, eta A estatua ondoko egunean; horretarako, airez betetako baloi plastiko bat erabili zen.

Ondoren, Reggio Calabriako Museo Nazionalera eraman zituzten eta han metalari itsatsitako hareazko geruzak kendu zizkietenean, adituek argi ikusi zuten antzinako Greziako artelan batzuk zirela egiatan, eta gainera oso garrantzitsuak zirela, gutxi samar direlako iritsi zaizkigun brontzezko estatua greziarrak. Estatuek zaharberritze-operazio gehiago behar zituztela eta horiek Reggion egiterik ez zegoela ikusita, Florentziara eraman zituzten eta han bost urtez egon ziren, estatuak ahalik eta egoerarik onenean uzteko.

Brontzezko gainazalak erabat garbitzeaz gain, Florentzian azterketa erradiografikoak ere egin zizkieten estatuei haien barruko egitura, kontserbazio-egoera eta metalaren sendotasuna ezagutzeko. Ikerketa haiek emaitza harrigarri batzuk izan zituzten: izan ere, B estatuaren eskuineko besoa eta ezkutuari eusten zion ezkerreko besaurrea geroagoko beste garai batean itsatsi zirela egiaztatu zen, seguru aski jatorrizko zatiak hondatu zirelako edo. Gainera, brontzeaz gain, beste material batzuk ere erabili zirela ikusi ahal izan zen: zilarra, A estatuaren hortzak eta bi estatuen betileak egiteko, bolia eta kareharria begietako zati zurietarako, kobrea ezpainetarako eta titi-muturretarako. Lehen zaharberritze-lan haiek 1980ko abenduaren 15ean amaitu ziren, eta ondoko urtean jarri ziren lehen aldiz ikusgai Florentziako Arkeologia Museoan bertan, bai eta geroago Erroman ere, eta egundoko ikusmina sortu zen Italian.

Reggioko museora itzuli ondoren, beste zenbait zaharberritze-lan gehiago egin zitzaizkien, besteak beste barruko buztin-hondarrak (brontzea moldean sartzean geratutakoak) kentzeko eta herdoilaren kontrako tratamendua emateko. Denbora batez, 2010etik 2013ra bitartean, Calabriako Gobernu Erregionalaren egoitzan egon ziren, Campanella jauregian, arkeologia museoa lan batzuk egiteko itxita egon baitzen.

Estatuen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen arabera, bi estatuak K.a. V. mendekoak dira eta haien barruko buztin-hondarren azterketaren bidez frogatu ahal izan da Argosen egin zirela, Peloponeson, baina arte-lan hauen egilea ezezaguna da; are gehiago, adituak ez dira ados jartzen erabakitzeko artista bakar baten lanak diren ez eta garai berean egindakoak diren ere. Hipotesi baten arabera, eskultura-multzo bateko parte izango ziren eta litekeena da Tebasen aurkako zazpien istorioarekin zerikusia izatea.

Beste hipotesi batzuen arabera, eskultore desberdinen lana eta garai desberdinekoak dira; gaztea, "Severo" deitutako estilokoa, K.a. 480-450 bitartean egina, eta zaharrena, estilo klasikokoa eta 30 urte geroagokoa. Aditu batzuen arabera, gaztearen egilea Argoko Ageladas izan zen, Peloponesoko Eskolako brontzegilea, eta zaharrena Ageladasen ikaslerik ospetsuena izandako Polikletosek egindakoa da, edertasunaren proportzio geometrikoak kanon batean zehaztu zituen maisuak egindakoa, alegia. Beste teoria bati jarraituta, gaztearen estatua Fidiasek egin zuen, eta beste estatua Fidiasen ikasle izandako Alkamenes Lemnoskoak egin zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Italieraz) «Riaceko brontzeak, Reggio Calabriako Arkeologia Museoaren weborria» Museo Archeologico Reggio Calabria.
  2. (Italieraz) I bronzi di Riace. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]