Edukira joan

Rikardo Arregi Aranburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rikardo Arregi (kazetaria)» orritik birbideratua)
Artikulu hau Gipuzkoako kazetariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rikardo Arregi».
Rikardo Arregi Aranburu

Bizitza
JaiotzaAndoain1942ko irailaren 22a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaEibar eta Mendaro1969ko uztailaren 10a (26 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta kazetaria

Inguma: rikardo-arregi-aranburu-1942-1969 Literaturaren Zubitegia: 349

Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1942ko irailaren 22a - Eibar, Gipuzkoa, 1969ko uztailaren 10a) euskal kazetaria, saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen. Joseba Arregi politikariaren anaia zen. Filosofia ikasketak bukatu ondoren Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen. Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzea proposatu zion. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala Sasiolan auto istripu batean hil zen, Mendaro eta Mutriku artean; Ramon Saizarbitoria harekin zegoen momentu hartan.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andoaingo Zabala-enea etxean jaio zen. Manuel Pedro Arregi eta Benita Aranburu zituen gurasoak. Umetako eskolak Sasierrota eskolan eta La Salle ikastetxean egin zituen, eta azken tarte horretan familia Bazkardo auzoko Eguzki-alde etxera aldatu zen. 11 urterekin apaiztegira zuzendu zen ikasketekin jarraitzeko, eta Saturrarango eta Donostiako seminarioetan egon zen. Artean apaiztegian zela publikatu zuen, 1961ean, lehen lanetako bat Jakin aldizkarian: Balmes eta Kant, jakinduriaren hasieran.[2][3]

Apaiztegiak 1962an utzi, eta unibertsitate ikasketetara jo zuen Bilbora, Ekonomia Zientziak ikasi zuen Sarrikon (Bilboko Unibertsitate Autonomoko fakultatea zen garai hartan, gero UPV-EHUren parte bilakatu zen)[4][5].

AEKren sorreraren aurrekariak sustatzen ere ibili zen 1965 inguruan. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai gaztearekin herriz herri alfabetatze hitzaldiak eta ikastaroak eman zituen, gero AEK izango zenaren ernamuina.[6]

Bere garaiko Europako mugimendu politiko eta filosofiko nagusiak sakon ezagutzen zituen. Zeruko Argia-ren berpiztearen muinean egon zen, eta hau adinez eta pentsamoldez osorik ados ez zetozen beste batzuekin; Martin Ugaldek berak Caracas-en irakurtzen zizkion "Nazio arteko unea" sailean idazten zituen lan borrokalariak. 1965an Europa izeneko antologia batean azaldu zen Arregiren "Politika estrukturak europar alkartasunean", eta urte horretan bertan irabazi zuen lehenengo aldiz eman zen "Lauaxeta" saria. Martin Ugalderentzat gogoangarria izan zen Zeruko Argian, hil zen urte hartan bertan, Arregik plazaratu zuen "Borrokalari ahaztuak" artikulua. Hor aitatzen zituen erailak izan ziren bi gizon: Martin Luther King, iparamerikarra, beltza; eta beste beltz bat, baina hau Tanzania-ko afrikar bat: Eduardo Mondlane.[7] Bi sail berri sortu zituen aldizkarian: lehen aipatu den "Nazio arteko unea" eta "Erriak eta Gizonak". Rikardo Arregi kulturaz eta politikaz ari zen beti, nazioartekoari arreta berezia emanik.[1]

Euskal errealitateari tinko eutsi zion, zentsura garai latz hartan eskain zitezkeen azterketa sozio-ideologiko argienetakoak eskainiz. 1964. urtean euskaltzain urgazle izendatua,[5] 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion, euskaldun helduak bere hizkuntzan ezinbesteko duen prestakuntzaz hornitzeko asmoz. Euskaltzaindiak onartu eta hauxe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera. Proposatu ez ezik, zuzenean hartu zuen parte Rikardo Arregik antolatze lanetan. Euskara batuaren bultzatzailea, Lur argitaletxearen sortzailea ere izan zen.

Zoritxarreko auto istripu batek eten zuen haren bizitza, 27 urteak bete aitzin, Euskaltzaindiak Bilbon egin behar zuen bilera batera zihoala.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arregiren zenbait idazlan dira hauek:[5]

  • Politikaren atarian (1969).
  • Rikardo Arregi : Jakin sorta 3 [hilondoko antologia] (1971).
  • Herriaren lekuko (1972).

Aitortzak eta aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rikardo Arregi sariko irabazle batzuk[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Elustondo, Miel A.. (2023-11-25). «Euskararen mutil gerrilleroa» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  2. «Rikardo Arregi - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  3. «Balmes eta Kant jakinduriaren hasieran - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  4. Baztarrika, Patxi, 1958-. (2019). Rikardo Arregi (1942-1969). Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 978-84-457-3473-5. PMC 1161980525. (Noiz kontsultatua: 2020-12-17).
  5. a b c «Arregi Aranburu, Rikardo» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
  6. «Torrealdai, Joan Mari» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
  7. Ugalde, Martin. (1977-07-13). «Rikardo Arregi» Deia (Deia).
  8. «Rikardo Arregi sariko irabazle batzuk» query.wikidata.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]