Roberto Lopez Ufarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Roberto Lopez Ufarte

Bizitza
JaiotzaFez1958ko apirilaren 19a (65 urte)
Herrialdea Gipuzkoa
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria eta futbol entrenatzailea
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Real Unión1973 / 1975
Real Sociedad B1975 / 1976
Espainiako 18 urtetik beherako futbol selekzioa1975 / 1976104
Real Sociedad1975 / 1987363101
Espainiako 21 urtetik beherako futbol selekzioa1976 / 197730
Espainiako futbol selekzio nazionala1977 / 1982155
Club Atlético de Madrid1987 / 1988278
Real Betis Balompié1988 / 1989283
 
Posizio edo espezialitateaaurrelaria

FIFA: 168801 Edit the value on Wikidata

Roberto Lopez Ufarte (Fez, Espainiar Maroko, 1958ko apirilaren 19a - ) Realeko jokalari izan zen 1975ean hasi eta 1987a bitarte. Realaren titulu guztietan hartu zuen parte, bi Liga, Kopa eta Superkopa garaipenetan hain zuzen ere.[1]

Aurrelari postuan jokatzen zuen, ezkerreko bandan. "11" zenbakia eraman zuen beti bizkarrean. 474 partidu jokatu zituen taldearekin, 129 gol lortuz, inoizko goleatzaile nagusien artean dagoelarik. "Realeko deabru txikia" ezizena jarri zioten. Espainiako selekzioarekin 15 partida jokatu zituen eta bost gol sartu zituen.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Roberto Lopez Ufarte Marokoko Fez herrian jaio zen. Aita katalana eta ama andaluziarra ditu eta lan kontuengatik joan ziren bertara. Zortzi urte zituela Casablanca hirira joan zen familia eta hiru urte beranduago Irunera joatea erabaki zuten.[2]

Hiriko Real Unión taldeko gazte mailatan aritu ondoren, 15 urte zituela talde nagusiarekin egin zuen debuta Hirugarren mailan. 16 urte zituela Sanseren aurkako partida batean jokatzen ikusi eta Realak fitxatu egin zuen baina aurreneko urtea Real Uniónen egin zuen talde donostiarrak utzita.[2]

Realeko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Realarekin euskal derbi batean egin zuen debuta, 1975eko azaroaren 30ean. Athletic izan zen irabazlea 2-0 emaitzaz. Bitxikeria bezala partida 10 minutuz geldi egon zen kazkabar zaparrada baten erruz. Partida berriz jokazten hasterakoan Javier Iruretarekin parekatu zuen entrenatzaileak, hura ere irundarra.[1] Aurreneko urte hartan ligako 8 partida eta Kopako 2 jokatu zituen. Gazte mailan Espainiako selekzioarekin jokatu zuen Monakoko txapelketa batean. Finalean Frantzia 2-1 garaitu zuten. Txapelketako jokalari onena izendatzear izan ziren, azkenean italiar batek jaso zuen saria, baina ezkerreko bandan erakutsi zuen mugikortasunarengatik palkoan zegoen Rainier printzeak "qui est ce petit diable?" (zein da deabru txiki hori?) esan omen zuen. Ordutik aurrera "Realeko deabru txikia" ezizena jaso zuen.[3]

Hurrengo denboralditik aurrera ordea ezkerreko banda bereganatu zuen eta Realarekin ia partida guztiak jokatu zituen. Ligan 363 partida jokatu eta 101 gol sartu zituen, eta txapelketa guztiak aintzat hartuta 474 partida eta 129 gol Realean.

1976an Ikurrina atera zen euskal derbian izan zen.[4] 1979-80 denboraldian Realaren Europa mailako errekorraren parte ere izan zen, 38 partida galdu gabe. Denboraldi horretan ordea azken aurreko partida galdu zen Sevillan eta puntu bakarraren aldeaz Real Madril izan zen Ligako txapelduna.[5]

Hurrengo denboraldia makal hasi zuen taldeak. Hamar partidaren faltan Bartzelonan 2-0 galduta Atlético Madril liderrarengandik sei puntutara zegoen (garaipenak 2 puntu balio zituen garaian). Azken partidara ordea titulua irabazteko moduan iritsi zen. Berdinketa nahikoa zuen Gijónen. Reala aurreratu zen baina Sportingek buelta eman zion markagailuari eta azken unean Zamorak gola sartzerakoan Reala txapeldun bihurtu zen, Real Madrilekin puntutan berdinduta.[6] Hurrengo denboraldian ere azken partidan erabaki zen Liga txapelduna. Atotxan euskal derbia jokatu zen eta Realak 2-1 garaitu zuen Athletic.

Roberto Lopez Ufarte jokaldia egiten.

1982-83 denboraldia apala izan zen Ligan, zazpigarren postua baino ez zuen lortu Realak. Denboraldi horretan abiatu zen Espainiako Superkopa irabazi zuen Realak Real Madrilen aurka, Madrilen 1-0 galdu ondoren itzulerakoan 4-0 emaitza lortuz.[7] Europako Kopan ere finalaurrekoetara iritsi zen eta Hamburger SV taldeak zalantzazko gol baten bidez utzi zuen Reala final handirik gabe.[8] Lopez Ufartek denboraldi hartan 53 partida jokatu zituen, Ligako guztiak, Europako Kopako guztiak, Superkopako biak eta Kopa eta Ligako Kopa txapelketa berrikoak ere bai.[9]

1983an César Luis Menotti entrenatzaile argentinarra fitxatu zuen Bartzelonak. Maradona zen taldeko izarra eta argentinar biek Lopez Ufarte fitxatu nahi izan zuten baina Realean gelditu zen.[2] Liga hartan lortu zuen inoizko gol kopuru handiena, 13 gol hain zuzen ere.[9] Taldeak ordea maila apalean jarraitu zuen. Liga hasiera oso txarra izan zuen, hamargarren jardunaldian 17. postuan zegoen. Gero hobera egin zuen baina azkenean seigarren postuan amaitu zuen liga, Europako postuetatik kanpora.

1985ean John Benjamin Toshack iritsi zen Realera.[10] Hark teknika berritzaileak ekarri zituen taldera eta 1987ko Errege Kopa irabazi zuen Realak, penalti jaurtiketatan Atlético Madril gaindituta. Partidako aurreneko gola Lopez Ufartek sartu zuen, 9. minutuan.[11]

Realaz haratago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987an Kopa irabazi berritan Reala utzi eta Atlético Madrilerako joango zela iragarri zuen. Batzuek zioten Toshack eta Lopez Ufarteren artean giro onik ez zegoela, eta entrenatzaile galestarrak gazteen aldeko apustua egin nahi zuela.[12] Lopez Ufartek berak ordea madrildarren entrenatzaile berria zen Menottik bigarren aldiz bereganako interesa azaldu ondoren ezin ziola uko egin adierazi zuen.[12] Atlético Madrilek hirugarren postua eskuratu zuen, bigarren izan zen Realaren atzetik. Roberto Lopez Ufartek 27 partida jokatu zituen eta 8 gol sartu zituen.

Hurrengo denboraldian Real Betisek fitxatu zuen. Bi denboralditarako fitxa bazuen ere,[13] bakarra osatu zuen. 28 partidatan 3 gol sartu zituen.

Selekzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15 partida jokatu zituen Espainiako selekzioarekin. Debuta Bernan egin zuen 1977ko irailaren 21ean eta Espainiaren garaipeneko gola sartu zuen. Azkenengo partida 1982ko Munduko txapelketan jokatu zuen Alemaniaren aurka. Bere ibilbidean 5 gol sartu zituen guztira.

Euskadiko selekzioarekin ere jokatu zuen 1979an Bulgariaren aurka.[14]

Entrenatzaile lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat taldetan bigarren entrenatzaile gisa ibili izan da, baita Realean ere. 12 urte egin zituen Realaren tekniko gisa (1991-2002) eta Toshack (3 alditan), Iriarte, Clemente, Irureta eta Krauss entrenatzaileen bigarrena izan zen.[3] Real Unióneko kirol zuzendaria ere izan zen hiru urtez eta Bigarren mailara igotzea lortu zuen, bai eta Real Madril Errege Kopan kanporatzea ere.[15]

2013an Vanuatun (Ozeania) izan zen, hango selekzio nazionalaren ardura hartu baitzuen.[16] Entrenatzaileen entrenatzaile izan zela dio Lopez Ufartek, eta zazpi lurrikara bizi izan zituela ere bai.[3] Marokoko Casablanca hiriko Wydad Casablanca taldean berriz ere Toshack-ekin batera lan egin zuela hiru urtez. 2015ean Marokoko Liga irabazi zuen taldeak.[17]

Taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldea Herrialdea Urteak
Real Unión Club de Irún Euskal Herria 1973-1975
Real Sociedad Euskal Herria 1975-1987
Atlético de Madrid Espainia 1987-1988
Real Betis Espainia 1988-1989

Irabazitako txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txapelketa Taldea Herrialdea Urtea
Liga Real Sociedad Euskal Herria 1981
Liga Real Sociedad Euskal Herria 1982
Superkopa Real Sociedad Euskal Herria 1982
Errege Kopa Real Sociedad Euskal Herria 1987

Lopez Ufarte txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irungo Dunboa-Eguzki Kirol Elkarteak urtero "Lopez Ufarte gazteen futbol txapelketa" antolatzen du apirilean. Nazioarte mailako txapelketa izaten da. 1982an hasi zen jokatzen eta Stadium Gal eta Hondartza zelaietan izaten dira partidak.[18]

2017an Almeriako Vícar herrian ere Trofeo Roberto López-Ufarte jokatzen hasi zen. Almeriako Down Sindromearen Elkartea sostengatzeko jokatzen da.[19]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «López Ufarte, el pequeño diablo de la Real Sociedad» www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Ramiro, Emmanuel. (2020-12-08). «López Ufarte: «Maradona y Menotti me quisieron fichar para su Barça»» A La Contra (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «López Ufarte: "Lo mejor de esta Real Sociedad es que todos los jugadores se sienten titulares"» AS.com 2020-12-18 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  4. Millán, Juan Rodríguez. (martes, diciembre 05, 2006). «Corazón Txuri Urdin: PARTIDOS INOLVIDABLES Real Sociedad 5 – Athletic 0 (1976-1977)» Corazón Txuri Urdin (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  5. (Gaztelaniaz) «Un récord increíble pero real» Las Provincias 2018-04-05 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  6. 2013/07/19. «Lehen Liga» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  7. (Gaztelaniaz) «4-0: Supercampeón en una noche mágica» Mundo Deportivo 2020-12-28 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  8. (Gaztelaniaz) 19/07/2013. «Semifinalista de Copa de Europa» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  9. a b (Gaztelaniaz) «Real Sociedad» www.realsociedad.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  10. «John Benjamin Toshack (Real Sociedad)» atotxa.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  11. eldesmarque.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  12. a b (Gaztelaniaz) «López Ufarte: 'Fui al Atlético de Madrid por Menotti'» Mundo Deportivo 2013-03-10 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  13. (Gaztelaniaz) Méndez, Juan. (1988-07-02). «López Ufarte firmó con el Betis por dos temporadas» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  14. «EUSKADI - BULGARIA (23/12/1979) - EUSKAL SELEKZIOA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  15. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2008-11-11). «El Real Unión de Irún elimina al Real Madrid de la Copa del Rey pese a Raúl (4-3)» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  16. (Gaztelaniaz) Pérez, Gorka Rodrigálvarez. (2013-11-17). «Fútbol con tiza y pizarra en Vanuatu» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  17. (Gaztelaniaz) Sebastián, Álvaro Vicente | San. (20150614064445). [http://real-sociedad.diariovasco.com/noticias/201506/14/ganar-liga-marruecos-sido-201506140749.html «Toshack y L�pez Ufarte: �Ganar la Liga en Marruecos ha sido una de las mayores alegr�as de mi carrera�»] diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  18. (Gaztelaniaz) «El López Ufarte ofrece la emoción del fútbol cadete desde esta tarde» El Diario Vasco 2009-04-10 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  19. (Gaztelaniaz) «La Fundación del Almería colabora con el Trofeo Roberto López Ufarte de fútbol 7 | Almería - Web Oficial» La Fundación del Almería colabora con el Trofeo Roberto López Ufarte de fútbol 7 | Almería - Web Oficial (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]